Lluis Bonet-i egindako elkarrizketa
Lluís Bonet da estatu espainiarreko kultura- ekonomialaririk garrantzitsuenetako bat. Bartzelonako Unibertsitateko irakasle da, eta bera izan da aitzindari egin diren ekimen garrantzitsuenetako askotan, bai ikerketari, bai kultur kudeaketa eta politiken alorreko prestakuntzari dagokienez. Bartzelonako Unibertsitateko Kultura Kudeaketako Graduondokoan ematen diren ikastaroen zuzendaria da. Kultura-sektoreari buruzko hainbat ikerketa burutu ditu, eta gai horri buruzko liburu eta artikuluak ere idatzi ditu. Elkarrizketa izan genuen berarekin, titulartasun publikoko Red Española de Teatros, Auditorios, Circuitos y Festivales elkarteak eskatuta zuzendu duen azken ikerketa aurkeztu duela aprobetxatuz. Ikerketa hori, “El mercado de las Artes Escénicas en el Estado Español”, Scenium 2008an aurkeztu zuen pasa den otsailean, "Euskalduna Jauregian".
Zein ziren ikerketaren hasierako helburuak?
Espainian ekoizpen eta –erakusketa eszenikoak nola funtzionatzen duen ulertu eta azaltzea, dauden negozio-ereduak eta sektore honetako logika ekonomikoak identifikatuz.
Nola planteatu zen ikerketa hori, metodologiaren ikuspuntutik?
Esparru honetan ikerketan lan egiten dugunok ondo dakigunez, arazorik garrantzitsuenetakoa, agian garrantzitsuena, datu-gabezia estrukturala da. Estatu guztirako datu-iturri bakarra SGAE da, eta haren informazioaren logika ez da, prezeski, ikerketarena. Testuinguru horretan, gure planteamendua landa-lan bat egitea izan zen, laginen bidezkoa, hiru inkestaren bidez: ekoizpen-unitateei, eszena-aretoei eta jaialdiei buruzkoak. Kasu bakoitzean, irizpide argi batzuk zehazten saiatu ginen; izan ere, hasieran argi ikusten bada ere horiek kategoriak direla, haien barruan errealitate oso desberdinak aurki daitezke. Irizpide horiek gutxieneko jarduera eta profesionaltasuna ezartzen zuten.
Sektore honen eta antzekoen profesionaltasuna baloratzeko zailtasunak izan ohi dira...
Halaxe da, bai. Arte eszenikoen ikerketa eta estatistiketan, gai hori behin eta berriro agertzen da. Profesionaltasuna eta kalitatea nahasteko arriskua dago, eta hori gai labainkorra da: iritzi subjektiboak izatea dakar, eta ezin dugu horrelakorik onartu honelako ikerketetan. Hori horrela izanik ere, ezin da ikertu sektore hau etengabeko ekoizpena duen sektore egituratu batek dituen kategorien arabera. Horregatik, arau bat ezarri genuen (eta arau hori ere eztabaidagarria da, guztiak bezala), sektorearen konplexutasuna eta objektibotasun-beharra uztartzeko: Red Española de Teatros, Auditorios, Circuitos y Festivales elkartearekin batera, honakoa ezarri genuen: ekoizpen-egitura profesionalak zirela urteko aurrekontua 25.000 € baino handiagoa zutenak eta azken hiru urteetan ikuskizun bat ekoitzi zutenak.
Espazio eszeniko eta jaialdietarako ere ezarri zen horrelako irizpiderik?
Bai. Espazio eszenikoei dagokienez, urtean zortzi emankizun profesional ematea, gutxienez; jaialdiei dagokienez, berriz, bi egun baino gehiago irautea, ez bat etortzea bertako jaiekin, eta gutxienez zortzi ikuskizun profesional aurkeztea.
Zer ekarpen egiten dio ikerketa honek sektorearen gaineko ezagutzari?
Sektorearen ezaugarriak azaldu aurretik, bi alderdi azpimarratu nahi ditut. Hasteko, ikerketa egiteak berak badu baliorik.Balio horrek izango du zentzurik, aldian behin egiten bada (nolabaiteko erregulartasun batekin), eta joerak aztertzea ahalbidetzen badu. Bigarrenik, ekarpen honekin oso gustura gaude (apaltasun osoz diot): tipologiak ezartzea datuetatik abiatuta. Ekonomialarioi modelizatzea gustatzen zaigu, eta, noski, hori ahalik eta oinarri sendoenekin egitea. Askotan, gainera, kultura-sektorean, modelizazioak a priori izaniko intuizioetatik sortzen dira, ez hainbeste datu objektiboak erabili eta aztertzetik.
Zein aldagaik zehaztu dute modelizazio hori?
Aretoei dagokienez, hauek dira aldagaiak: titulartasuna, biztanle-kopurua, aurrekontua, eta sarrerak saltzetik datorren diruaren proportzioa sarrera osoarekiko. Aldagai horien konbinazioek bost tipologia sortzen dituzte, eta horiek dira analisien oinarri (analisi ekonomikoak, jarduerarenak, pertsonalarenak etab.). Ekoizpen-unitateei dagokienez, sei negozio-eredu ezarri ditugu, titulartasunaren eta aurrekontu-bolumenaren arabera.
Edukiak kontuan izanik, zer osagai azpimarratuko zenituzke?
Hasteko, sektoreak izan duen gorakada nabarmena. Eraldaketa horren arrazoia da, neurri handi batean, administrazio publikoek gero eta aurrekontu handiagoak ematen dituztela arte eszenikoen alorrean. Aitzitik, esan behar da sektore hau sektore publikoaren mende dagoela neurri handi batean (agian, neurri handiegian). Eta, kontrakoa pentsa baliteke ere, mendekotasun horren arrazoia ez da diru-laguntzen garrantzia: kontratazioak dira horren arrazoi, batez ere, titulartasun publikoko antzoki eta jaialdiak baitira bezerorik garrantzitsuena. Horrenbestez, kontuan izan behar dugu egungo testuinguru ekonomikoak zer eragin izango duen: zerga bidezko diru-sarrera gutxiago dago, eta, beraz, aurrekontu publikoak murriztu egingo direla aurreikusten da.
Beste alderdiren bat aipatuko zenuke?
Oso labur, bi gehiago azpimarratuko nituzte: sektoreak Bartzelonan eta Madrilen jokabide desberdina duela estatu espainiarreko gainerako lekuekin alderatuz; eta, horrez gain, ekoizpen-etxe txikiek duten garrantzia. Ez da nire asmoa, inondik ere, ekoizpen-unitate handiek duten garrantzia gutxiestea, garrantzi handia baitute, zalantzarik gabe. Hala ere, eta, horrez gain, garrantzitsua da, zalantzarik gabe, askotariko eskaintza, aniztuna, edukitzea.
Jasotako datuetatik abiatuta, Euskadiko arte eszenikoen egoerari buruzko ezagupenik edo daturik eduki dezakegu?
Lagin batean oinarritu zen ikerketa. Lagin hori adierazgarria da estatu osorako, baina ez autonomia-erkidegoetarako, banaka hartuta. Beraz, erreferentzia-elementu gisa erabil daiteke, baina ezin da erabili zuen egoera aztertzeko.
Jakingo duzunez, Kulturaren Euskal Behatokia estatistika- eta ikerketa- lanak egiten hasi da. Ikerketa honetan eta beste batzuetan duzun esperientzia kontuan izanik, aholkuren bat emango zeniguke?
Aholkuak ematea ez da izaten hain erraza. Aholku bat, oso erraza, emango dut, eta ikerketa-proposamen bat. Aholkua zera da, kontuan izan ditzazuela kanpoko esperientziak estatistika berriak garatu aurretik. Irizpideak, metodologiak, informazio-mota, etab. Ahal den neurrian, beste lurraldeetako egerekin konpara daitekeen informazioa izaten laguntzen duen guzti hori. Bigarrenik, eta arte eszenikoei buruz pentsatuz, uste dut beharrezkoa izango litzatekeela lan-egoeren ikerketan sakontzea. Hori da gure ikerketan gehien hobetu daitekeen alderdia. Osagai konplexua da, eta hurbilketa konplexuak, era askotakoak eta espezifikoak eskatzen ditu.
http://www.inscripcionweb.net/Gesconet/Uploads/PDF/22/Bonet.PDF