Eusko Jaurlaritzaren Herritarrei Arreta emateko Zuzendari Alberto Ortíz de Zarate Jaunarekin elkarrizketa
Digitalizazioaren/kultura digitalaren gainean jardunbide egokiko zer kasu nabarmentzen dira?
Galdera horri erantzuteko, lehenik eta behin “kulturaren digitalizazioa” eta “kultura digitala” zeri deritzogun adostu beharko genuke. Nire ustez, bi kontzeptu desberdin dira, biak anbiguoak.
“Kulturaren digitalizazioari” buruz hitz egitean, kultura-fenomenoak euskarri eta baliabide digitaletan txertatzeko prozesuez ari gara, eta batez ere, horiek Interneten duten presentziaz. Kultura-fenomeno horiek hainbat motatakoak izan daitezke: kultura-sorkuntza, kultura-industria, kultura-produktuak, kulturaren hedapena, kultura-kontsumoa, eta abar.
“Kultura digitalari” buruz hitz egitean, berriz, Interneten gainean sortu diren balioez eta jardunbideez ari gara normalean. Nire aburuz, elkarrizketa honen esparruan beste zerbaiti buruz hitz egin nahi dugu, aurreko paragrafoan adierazitako fenomenoekin zerikusia duen zerbaiti buruz, hain zuzen ere.
Hori argi utzi ondoren, galdera horrek erantzun luzea behar duela esan daiteke. Jardunbide egokiak hain dira ugariak, eta hain maiztasun handiz sortzen dira, ezen testu hau idazten dudanetik argitaratzen den arte igarotako denbora-tartean zaharkituak geratuko baitira.
Horrelakorik gerta ez dadin, urrats bat egingo dut aurrera ikuspegi orokorragoa izateko. Gaiari sakonkiegi heltzeko asmorik gabe, kulturaren arloan honako hauek nabarmendu nahi nituzke:
- Sorkuntzaren demokratizazioa. Joseph Beuys jaunak gizaki bakoitzaren sormenaren indarrean konfiantza zuen, eta unibertsal bihurtutako artea unibertsal bihurtzeak aldaketa iraultzailea ekarriko zigula zeritzon. Bada, utopia hori benetako bihurtzen ari da.
- Sorkuntzak industriarekin duen independentzia. Gero eta neurri handiagoan, sorkuntza ez dago industria indartsuaren mende. Esate baterako, zinematografiak, salbuespena bazirudien ere, jadanik ez du horrelako mendetasunik. Dezente merkea den ekipamendu digitalarekin, edozein artista taldek egin ditzake Hitchcock-en "Leiho Begia" (Rear Window) filmarekin aldera daitezkeen lanak, nahiz eta oraindik denbora asko falta den superprodukzioen parekoa sortzeko.
- Adierazpide berriak. Teknologia digitala ere adierazpidea dugu. Adibide bat jartzearren, bideojokoak adierazpen artistiko berriak izan daitezke, eta ezaugarri interesgarri bat dute, literalki interaktiboak direla, hain zuzen ere.
- Kultura-industria klasikoen krisia dela-eta, horietako zenbaitzuk desagertu egingo dira, beste batzuk, berriz, eraldatu, eta azkenik, berriak sortuko dira.
- Hedabide berriak. Egungo kultura-heroietako batzuek webgune pertsonal batean lortu dute ospea, webgune horretan entzuleak erakarriz, batez ere musikaren kasuan.
- Merkaturatzeko modu berriak. Egile batentzat ez da zaila berezko merkaturatze-plataforma bat edukitzea.
- Kultura-kontsumorako modu berriak, denborarekiko eta espazioarekiko independenteak direnak, eta konektatzeko ordenagailua eta banda zabala izanez lor daitezkeenak.
- Egile askok prokomunera –erabilgarritasun publikora– egindako ekarpena, irekiagoak diren, hain mugatuak ez dauden eta lanen birbanaketa faboratzen duten egile-eskubideak ahalbidetzen dituen lizentzia sorta berri batekin.
Bereziki berritzaileak diren zer elementu txertatzen dituzte horrelako proiektuek?
Tira, aurreko puntuan galdera horri ia erantzun diodala uste dut.
Laburpen bat egingo dut: guztiok dugu sortzaile izateko aukera, sorkuntza-, hedapen- eta kontsumo-prozesuen sinplifikazio eta merkatzeari esker. Jokoaren arau globalak erabat aldatzen dira. Kontsumoari dagokionez, kultura-ekoizpenerako sarbideak aske eta oso merke bilakatzeko joera du, eta horrek, era berean, kultura-fenomenoak berrelikatzeaz gain, kulturaren urrezko arorantz bultzatzen gaitu.
Zeintzuk dira kultura digitalaren gaian abangoardian dauden kultura-sektore eta -arloak?
Lehen adierazi dudanez, eraldatzeko premia dutela ulertu du zenbait kultura-industriak.
Esate baterako, musikaren alorrean, Spotify deritzonaren ahalegina aipagarria iruditzen zait; plataforma horrek musika (musika asko) legalki eskaintzen du, erabiltzaileak dohainik entzun dezan –eta eros dezan– abestiz abesti. Premium harpidetzaren prezioa jaisten dutenean ordainketa bidezko bezero kopuru masiboa lortuko dute, eta diskoetxeek galdutako konfiantza lehengoratuko du horrek.
Liburuen argitalpenaren alorrean, bestalde, dagoeneko baditugu edozeini bere liburua argitaratzeko eta hedatzeko aukera ematen dioten plataforma ugari. Beharbada, ezagunena “bubok.com” dugu.
Ondarearen esparruan lortutako aurrerabide handia prokomunaren alorrean gertatu da. Azkenean, betitik esan den bezala, kultura “Gizateriaren Ondare” izan dadin lortzen hasi gara.
Gero eta egile gehiagok beren lanak lizentzia librepean ipintzea nahiago dute, sinetsita baitaude euren buruari egin ahal dioten mesederik handiena edonork beren lanak hedatzeko aukera izatea dela. Baina “libre” izateak ez du esan nahi halabeharrez “doan” izatea. Hala, musika-talde batzuek beren lanak edonork deskargatzeko libre uzten dituzte baina trukean, hori egiten duenak zerbait, nahi duena, ordain dezala eskatzen dute. Eta batzuetan irabazi handiak eskuratzen dituzte.
Gaur egun hedapena esatea Internet esatea da. Kultura-adierazpen bakoitzak bere adierazpidea du sarean.
Honako hauetan gertatzen ari dena oso interesgarria dela deritzot:
- kultura-aldizkarietan: edozeinek izan dezake horrelako bat blog formatuan, eta beraz, izen handiko artikulu-idazleak etengabe ari dira azaleratzen, aldizkariak erosteko zirkuitu tradizional ospetsutik kanpo
- argazkilaritzan: zenbait plataformatan, hala nola, Flickr deritzonean ari dira gure garaiko argazkilariak beren lanak erakusten, bertan hobetzen ikasteko aukera baitute eta beren berdinen kritikak jasotzen baitituzte
- musikan: MySpace eta antzeko beste hainbat plataformari esker, artista bakoitzak bere tokia izateaz gain, oihartzun globala lor dezake
Sorkuntzari dagokionez, esan beharrekoak argi eta garbi esan ditudala uste dut: guztiok dugu sortzaile izateko aukera. Punk kultura sortu da, eta “do it yourself” deritzona da haren bereizgarria.
Berdinen artean gertatzen den ikaskuntzaren intentsitatea nabarmendu behar dugu, Internetek antzeko interesak dituzten pertsonen arteko gizarte-harremanak faboratzen dituen testuinguru batean.
Birnahastearen eta lan eratorriaren balioa ere nabarmendu behar dugu, hots, lehendik zegoen lana zerbait berria sortzeko erabiltzearen balioa.
Zeintzuk dira proiektu berri horien gainean sortzen ari diren premia berriak (lanbide-profilei, etengabeko prestakuntzari, ekoizpen-errutinei, lanaren antolamenduari eta abarri dagokienez)?
Oso galdera interesgarria da hori, eta monografiko bat beharko nuke erantzuna emateko.
Oro har erantzun dezaket, bizitza digitala ulertzen eta partekatzen duten pertsonak behar direla esanez. Ez naiz teknologiari buruz dakiten pertsonez ari, gizartea/sarea eta haren ahalmenak ulertzeaz gain, berrikuntzara bideratuta dauden pertsonez baizik.
Abilezia digital berriak lortzeko baliabideak ezarri behar ditugu; honako ordena honetan igotzen den eskala batean batera ditzakegu abilezia horiek:
- Bilatzea: emaitza garrantzitsuetara bizkor iristeko modua jakitea
- Irakurtzea: interneten irakurtzeko/bistaratzeko/entzuteko iturri pertsonalizatuak izatea
- Gordetzea: edukiak berreskuratzea eta partekatzea ahalbidetzen duen gizarte-etiketatzea
- Entzutea: sarea eskaneatzen eta elkarrizketa garrantzitsuetan bertakotzen ikastea
- Harremanak izatea: zure interes berberak dituzten pertsonekin harremanak ezartzea sarean
- Solas egitea: elkarrizketa global handian berezko ekarpenekin parte hartzea
- Koproduzitzea: sorkuntza-prozesu kolektiboetan sartzea
- Ingurune berriak sortzea: aurrekoa gerta dadin lortzeko, plataformak eskaintzea
Horrelako abileziak dituzten pertsonen artean biltzen dira oraingo profesionalak.
Digitalizazioak zer abantaila eskaintzen dizkie erabiltzaileei?
Lehenik eta behin, erabiltzailea izateari uztea. Kontsumotik prosumora aldatzen gara, eta horrela, erabiltzaileak kontsumitutako lanean modu aktiboan parte hartzen du –barkatu erredundantziagatik–. Erabiltzaileak edukiak birnahas ditzake, eta baita kate amaiezinean kultura-balioa sortzen jarraitu ere.
Izugarri aberatsa, askotarikoa eta merkea den kultura-ekoizpen globalerako sarbidearekin zerikusia duen beste abantaila bat ere badu. Ni askoz ere musikari hobea izango nintzateke bere garaian gaur egun abestietara, partituretara, bideoko minieskoletara, musikari buruzko foroetara, etxean musika grabatzeko aplikazioetara eta abarretara dudan sarbidea izan banu.
eadminblog.net