Zamakola Ikastetxe Publikoa: Bizi gaitezen elkarrekin
Bizikidetzarako Heziketako eskola proiektua
2009ko otsaila
Entzungo dizut, entzun eidazu Adostokian gabiltza. Bion artean zaila denean dugu bitartekaritza. Elkar adosten dakigunean atsegina da bizitza. Gure gatazkak bideratzeko armarik onena da HITZA.
“Hitza da armarik onena”. Esaldi horrek laburbiltzen du zertan datzan Zamakola Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoaren heziketako eskola-proiektua: Bizi gaitezen elkarrekin. Ikastetxea La Peña auzoan dago, Bilbo hirigunearen kanpoaldean. Egun 2 eta 12 urte arteko 600 ikasle daude bertan, eta ikasturte bakoitzean hiru hezkuntza-ildo daude.
Asun Olanok 30 urte daramatza ikastetxean lanean eta berak eman digu zentroaren berri. Asunen hitz guztiek jarrera positiboa islatzen dute. Egia esan, badu pozik egoteko arrazoirik, heziketan ari diren gainerako lankideekin batera, “gizarte txiki bat” jarri berri baitu martxan. “Gure komunitatean ikasleek eskubideak dituzte, baina baita erantzukizunak ere. Ikasleek bizikidetza ona izateko eskubidea dute, baina aldi berean, bizikidetza onaren alde lan egin behar dute. Indarkeria baztertzea ez da aski, bakearen alde lan egin behar dute”, dio Asunek.
Hitz polit horiek eguneroko lanean islatzen dira. “Haurrek alde kognitiboa ikasten dute lehenengo, gatazkak nola konpontzen diren jakin behar dute, gatazkak ezinbestekoak baitira prozesu orotan. Jolastoki, familia eta lagun talde guztietan sortzen dira gatazkak”. Gatazkak konpontzeko modua da ezberdintasun bakarra: indarkeria erabiliz, hitz eginez...
Programaren oinarria bizikidetza egokia da, eskola lana gauzatzeko baldintzaz gain, oinarrizko ikaskuntzatzat hartuta. Eskolako heziketak bizikidetza bultzatu behar du, etengabeko lanaren ondorioz, ez noizean behin erreparatuz.
Ikasleek ezberdinekiko bakearen, berdintasunaren eta errespetuaren kulturan oinarrituriko jarrera izatea da gure helburua, ahulenekiko laguntza eta elkartasuna erakutsiz eta gatazkak elkarrizketaren eta akordioen bidez konponduz. Ikasleek kultura demokratikoa jasotzea, hiritarra, askatasunean hazteko, eskubideak eta betebeharrak arduraz bere gain hartuz eta inguruko gizarte taldeetan jarrera aktibo eta kritikoa izanez. Printzipio etikoak gidari izatea nahi dugu, ikasleen morala garatzeko.
Galdera asko sortzen zaizkigu eta lehenengoek dirudite sinpleenak, baina oso konplexuak dira ondoren garatzerakoan. Nola eta zergatik jarri da martxan halako ezaugarriak dituen ekimen bat? Hauxe esan digu Mariasunek: “Testuinguru jakin bateko proiektua da. La Peñako neska-mutilek hala behar zutelako. Beharren arabera aldatzen dugu proiektua, guk esperientzia hartu ahala, familien nahien arabera… Prebentzio-proiektua da, ez da sortu bizikidetza-arazo larriak daudelako”.
Proiektuak lau helburu nagusi ditu, “gizartean eta modu aktiboan eraikitzen dela kontuan hartuz. Parte hartu ezean, ezin da lortu”:
-Orainari begira, ikasleek seguru, babestuta eta partaide sentitzea nahi dugu. Ziur gaude testuinguru positibo eta pizgarria ezinbestekoa dela bizikidetzarako eta ikasteko.
-Etorkizunari begira, ikasleek beren buruekin eta gainerakoekin harreman osasuntsu eta eraikitzaileak finkatzeko behar dituzten ezagutzak lortzea da gure helburua, balio demokratikoekin koherenteak izanez, eta giza eskubideak errespetatuz, herritarren heziketan oinarrizkoak baitira horiek.
-Eskolaren lanari begira, proiektu honekin ikasle guztien prestakuntzan lagundu nahi dugu, pertsona izateko nahiz taldean bizitzeko, curriculumeko ikaskuntzak hobetzeko egoera onena dela sinetsita.
-Eskolaren inguruari begira, familiak eta auzo osoa dira hezitzaile, eta era berean, eskola bera auzoa hobetzeko eragilea izan da beti.
15 urtez, proiektuak hainbat programa sortu ditu. Bitartekaritzakoa izan da azkena eta geroago, sakonago garatuko dugu. Azken buruan eta Zamakola zuzendariak dioenez, “guztiok ongi gaudenean, iritziak emateko eta sentimenduak adierazteko gai gara. Hobeto gaude eta hobeto egiten dugu lan”.
Bizi gaitezen elkarrekin eskola-proiektuak bederatzi programa ditu, eta horien bitartez eskolan funtsezkoak diren gaiak lantzen dira, hiru arlotan: Ingurua zaindu, Pertsonak zaindu eta Harremanak zaindu.
Ingurua zaindu
Bizikidetza inguruaren menpe dago neurri handi batean. Bizikidetzaren ikaskuntzan ezinbestekoa da nork bere erantzukizuna hartzea, ingurua bizikidetzarako egokia izan dadin. Bi programa daude atal horretan:
*“Inguru fisiko zaindua eta atsegina” programak arlo hauetan hezi nahi ditu ikasleak:
-Guztiok dugu eskola-ingurua zaintzeko ardura.
-Ikastetxeko inguru berdeak eta lorategiak zaintzeko ardura.
-Inguru ekologiko iraunkorra lortzeko heziketa.
*“Auzoarentzako ikastetxea” programaren helburua da La Peña auzo hezitzailea izatea, eta kaleak, parkeak, saltokiak... heziketa-eremu bihurtzea.
Pertsonak zaindu
Atal honetan hiru programa daude:
*“Eskola-giro atsegina eta segurua” programaren helburua da neska-mutil guztiak babestuta, partaide eta seguru sentitzea:
-Beren sentimenduen, beldurraren, depresioen, familia-arazoen berri emateko bideak...
-Banakako tutoretzan ikasle guztiei ematen zaie arreta, eskolan duten jarrerari, ikaskideekin dituzten harremanei eta ikaskuntzan duten portaerari bereziki.
-Lehen hezkuntzako 2., 4. eta 6. ikasturteetako ikasleek astebeteko egonaldiak egingo dituzte landetxeetan, naturarekin harreman zuzenean, begiraleek zainduta ikaskideekin harreman estuagoa izan dezaten.
*“Gizarte-eskumenak garatu” proiektuak bi alderdi ditu:
-Gainerakoekin harremanetan jartzeko trebeziak eskuratzea.
-Gaitasun pertsonalak (autoestimua bereziki) eta gizarte-gaitasunak (baieztapenak egiteko, modu aktiboan entzuteko, enpatia) lortzea, nork bere burua neurtzeko eta pertsonen arteko harremanak konpontzeko pentsamendua garatzeko bidea ematen dutenak.
*“Talde-kohesioa eta taldean barneratzea” programan talde-egoera eta -garapena lantzen dira, baita ikasleek taldean duten lekua ere. Ikasleek inguruan onartuak direla sentitu behar dute, eta diren moduan errespetatzen dituztela. “Giza Eskubideen Zuzendaritzak 2002an Euskadiko institutuetan eginiko ikerketaren arabera, ikasleen arteko bazterketa ez da arraza kontuengatik gertatzen batez ere, ez eta antzeko beste hainbat konturengatik ere. Alderdi pertsonaletan dituzten ezberdintasun fisikoen ondorioz sortzen da bazterketa. Ikasle asko baztertu egiten dituzte ikaskideek, eta ondoren jazarri ere bai. Horregatik ezinbestean prebenitu behar da bazterketa”.
-Soziograma eta behaketa sistematikoen bitartez, taldean sortzen diren harremanak aztertzen saiatzen gara.
-Arreta berezia emango diegu bakartuta, baztertuta eta kanpoan daudenei: egoera aztertu ostean, arazoari egokituta esku hartzeko programa jarriko dugu martxan.
-Ikastetxeko eta taldeko kide direla sentiarazteko ere lan egingo dugu.
Harremanak zaindu
Gainerakoekin harreman onak eta positiboak finkatzen eta garatzen jakitea ezinbestekoa da bizikidetzen jakiteko. Atal honetan lau programa daude:
*“Arauak errespetatu eta bete” programak bizikidetzaren ikaskuntzako oinarrizko gai bat jasotzen du eta garapen moralaren oinarria da: tutoretzetan, ikasturte hasieran, ikastetxeko eta jolastokiko arauei buruzko proposamenak azaltzen, aztertzen eta jasotzen dira, guztiek onar eta bete ditzaten. Ondoren, talde bakoitzak gelako arauak eta lege-hausteen zigorrak adosten ditu. Bost irizpideren arabera finkatzen dira arau guztiak: arau gutxi behar dira, argiak, neurgarriak, modu positiboan eraikiak eta lehenengo pertsonaren pluralean idatziak (norberak parte hartzen duela adierazteko). Funtsezkoa da familiekin elkarlanean aritzea (guraso-eskola), irizpide berberekin arauak betearazteko bideak ezar ditzaten.
*“Pertsona eta kultura anitzak” programan ezagutza hau helarazi nahi da: “guztiok ezberdinak gara, baina neurri berean gara garrantzitsuak. Ez da soilik kultura-ezberdintasuna, guztiok baikara ezberdinak”. Gizarte-kohesioa ezinbestekoa da, eta eskolek horren alde egin behar dute. “Beste kultura batzuk ezagutuz, beldurra atzean utzi behar dugu. Ez dira gauza bera ezagutzea eta generoaren, kulturaren, ikuspuntu ezberdinen, hizkuntzen eta bestelakoen aurrean jarrera baztertzailea ez izatea. Jarrera egunero lantzen dugu, hori baita aldatzen dena”.
-Ezberdintasunen berdintasuna eta aniztasunaren aberastasuna lehen ikasturteetatik lantzen dira tutoretza-orduetan.
-Hizkuntza-irakasle laguntzaileak arduratzen dira ikasle atzerritarren harreraz eta haien familiekin hitz egiteaz, eta laguntza zehatza ematen diete ikastetxean eta eskola-lanean barnera daitezen.
-Internetez, 6. mailako ikasleak harremanetan daude Mexikoko eskola bateko ikasleekin; ‘Munduak ezagutzen” (Interpón Oxfam elkartearekin lankidetzan) programan ere parte hartzen dugu, eta programa horren bitartez, munduko beste hainbat herrialdetako eskolekin sarean aritzen gara lanean, ingurumenari lotutako gaien inguruan.
-Ikasle guztiek dute munduko hainbat lekutako jokoetan parte hartzeko aukera, munduko txoko guztietako kultur adierazpenen berri izateko.
-Eskola-jaietan ere gure ikasleen kultur ezaugarriak islatzen saiatzen gara: tailerretan, jolasetan, janarian, etab
*“Ikastetxeko jolastokia, heziketa-eremu” programa orain dela zazpi urte jarri genuen martxan. Ikastetxeko kide guztiei galdeketa bat egin zitzaien eta agerian geratu zen eskolako bizikidetza-arazoak, larriak ez izan arren, etengabeak zirela. Ondorioz, ikasleek jolas ezberdinak ezagutzea eta horietan parte hartzea hartu genuen helburu. Horretarako, hiru eremu bereiztu ditugu jolastokian, eta Lehen Hezkuntzako taldeak txandaka igarotzen dira gune guztietatik, jolasetan parte hartzeko. “Oso ekimen garrantzitsua da, ikastetxean sartzen direnetik jolastokian igarotzen baitute denbora osoaren % 37. Heziketa-eremu bihurtu ezean, gainerako guztiak ez du ezertarako balio”.
Ardatz honen laugarren programa “Gatazkak konpontzea eta bitartekaritza” da, eta gatazkak modu hezitzailean konpontzen ikastea du helburu. Ikastetxeko kide guztiek, baita irakasleek ere, onartu behar izan zuten pertsonen eta taldeen arteko harremanetan ohikoa dela gatazkak sortzea, eta horiek konpontzeko eta aurre egiteko moduaren arabera, gatazkak aurrerapauso edo atzerapauso bihur daitezkeela harremanetan, hau da, positiboak edo negatiboak izan daitezkeela bizikidetzarako. Ildo horretan, irakasleek prestakuntza zehatza jaso zuten, gatazkak zer diren eta zergatik sortzen diren ikasteko, gatazken aurrean hartzen diren jarrerak bereizteko eta egoera bakoitzerako jarrerarik egokiena zein den jakiteko irizpideak hartzeko. Esperientzia horri arreta handiagoa eman diogu, oso esanguratsua eta hezitzailea iruditu baitzaigu.
-Tutoretza-orduetan, ikasleek irizpide horietan oinarritutako prestakuntza jasotzen dute. Pertsonen arteko gatazkak konpon ditzaten, “adostokiak” (topalekuak) prestatu ditugu ikastetxeko hainbat lekutan. Bi aulki daude horietan: bat hitz egiteko (ahoaren marrazkia du) eta bestea entzuteko (belarriaren marrazkia du). Ikasleen artean gatazkaren bat sortzen denean, adostokietara joaten dira. Lehenengo batek hitz egiten du eta besteak entzun. Ondoren, aulkiz aldatu eta zereginak aldatzen dituzte. Kasu gehienetan, bien arrazoiak eta sentimenduak entzun ostean, akordio batera iristen dira eta bakean konpontzen dute arazoa.
-Ikasleak gatazkak konpontzeko gai ez direnean, bitartekariek hartzen dute parte, hau da, zeregin horretarako bereziki prestatutako ikaskideek: ‘bitartekariek’. 5. eta 6. mailako 12 ikaslek dute zeregin hori (6 neskak eta 6 mutilek ikasturte bakoitzean), eta gelako ikaskideek bi ikasturterako aukeratzen dituzte (mutil eta neska bana gela bakoitzean). Horrenbestez, ikasturte bakoitzean bitartekarien erdiak aldatzen dira. Bitartekariek protokolo bati jarraitzen diote: bi aldeei entzun eta akordioa lortzen laguntzen diete. Bitartekariak aukeratu ostean, hautatuek beren zereginei heldu aurretik, prestakuntza zehatza jasotzen dute eta ikasturte osoan bilerak izaten dituzte hamabostean behin, lanaren jarraipena egiteko, sortu diren egoerak aztertzeko eta prestakuntza hobetzeko. Bitartekariek zapi berde bat eramaten dute bereizgarri, eta ikastetxeko kide guztiek dute beren zereginaren berri. “Ikastetxeko kide guztiek oso ondo hartzen dituzte bitartekariak, egiten duten lanarengatik, ikaskideek eskatzen dietenean lagundu egiten baitiete”.
Programa honen oinarrizko proposamen teorikoek gogoeta egitera eta prestakuntza hartzera behartzen dituzte irakasle eta ikasleak. Halaber, beharrezkoa da erakutsitako printzipioak barneratzea, jarrerak aldatzeko; eta horrez gain, ezinbestekoa da ikasleek parte hartzea eta konpromisoak hartzea. “Errealitatean gauzatzen ez bada, gainerakoak ez du ezertarako balio. Ikasleek sinetsi egin behar dute, parte hartu behar dute”, aitortu du Mª Asunek.
Azken gogoetak ondorioak aztertzera behartzen ditu, eta bizikidetzarako ikaskuntzan aurrerapausoak eman direla ondorioztatu dute. Nola, ordea?
-Eskolako giroa atseginagoa da, eta harremanak positiboagoak dira irakasleen artean, ikasleekin, ikasleen artean eta familiekin.
-Familiek konfiantza handiagoa izatea lortu dugu.
-Eskolako giroa atseginagoa da, jokabideak hobetu egin direlako, arauak errespetatzen direlako eta eremu komunak zaintzen direlako.
-Neska-mutilen arteko harremanetan, gazteengan eta helduengan errespetu eta berdintasun handiagoa dago orain.
-Zaila da zehazki neurtzea, baina ikasleen arteko harremanetan gaitasun pertsonalak garatu egin dira, ikasleak arduratsuagoak eta beregainagoak baitira.
-Ikaskideen arteko gatazkak nabarmen gutxitu dira, eta ikasleek gaitasun handiagoa dute arazoak hitz eginez konpontzeko, beren iritziak eta sentimenduak adierazteko eta gainerakoenak entzuteko eta ulertzeko.
-Irakasleek gehiago hartzen dute parte ikastetxearen proiektuan, eta etengabeko hobekuntzan duten konpromisoa ere handiagoa da.
Baina orain arte lortutakoa ez da aski, eta bizikidetza-prozesu honek ikastetxetik kanpo ere jarraipena izan behar duela ohartu ziren Zamakolako hezitzaileak: “Beste inguru bat behar genuen, eremu zabalagoa”, dio Mª Asun Olanok. “Beti izan gara eskola irekia. Auzoaren zerbitzura egon gara beti, eskola inguruarentzat garrantzitsua baldin bada, pertsonen arteko harremanak hurbilagoak direla uste baitugu”.
Horregatik, ikastetxean egunero irakasten diren balioak ingurura zabaltzea dute helburu. “Auzo solidarioa, atsegina, konprometitua lortzea…”. Hortik sortu zen arestian aipaturiko “Gure ingurua zaindu” programa.
“Abusu Sarean” sarean eginiko lan bat da, eta La Peña auzoko kultur eta kirol-elkarteek, gizarte-bitartekaritzakoek eta ikastetxeek hartzen dute parte. “La Peña, auzo hezitzailea” lelopean, auzokide guztiek parte hartzea da helburua, auzoa demokratikoagoa, solidarioagoa, konprometituagoa, parte-hartzaileagoa, zainduagoa, atseginagoa eta zoriontsuagoa izan dadin. Auzoak hezitzaileak izan daitezen, herritarren artean gizabidezko balioetan oinarritutako kultura sustatu beharko da. Horretarako, familiaz gain, ikastetxearen inguruak ere gure seme-alaben heziketan parte hartzea da gure asmoa, ingurukoak eredu izatea baita balioak irakasteko modurik eraginkorrena.
Lau ardatz ditu (programak, ekimenak): ‘Bide lagunak, ‘Auzo irakurlea, ‘Kultur astea” eta ‘Gure auzoa”. Guk lehenengoari emango diogu arreta, ez garrantzitsuagoa delako, dituen ezaugarriengatik eta azaroan hasi zelako baizik.
Neska-mutilen bizitzan funtsezkoak diren bi alderdi sustatu nahi ditu proiektuak: autonomia eta parte-hartzea. Sei eta hamaika urte bitarteko neska-mutilei autonomia emateko lehen pausoa etxetik eskolara eta eskolatik etxera helduen laguntzarik gabe joateko eskatzea da. Horretarako, Bide Lagunak sortzen dituzte, auzoko txoko guztietatik eskolara iristeko ibilbide seguruak. Lan horretan familiek, eskolak, tokiko administrazioek, elkarteek eta merkatariek hartzen dute parte. “Guztiok lagundu eta zainduko ditugu neska-mutilak. Italian, Argentinak eta Katalunian, esaterako, jadanik gauzatu dute ekimen hori”.
Haurrek eta familiek zehazten dute adina. “Ikerketa bat egin dugu, eta ondorioen arabera egiaztatu dugunez, familiek ezezagunei eta trafikoari diete beldurra”. Mª Asun Olanok hainbat pauso proposatzen ditu ekimena gauzatzeko.
1. Bide Lagunak diseinatu eta baliabideak antolatu:
-Tokiko Administrazioekin lankidetzan ari gara, neska-mutilak seguru ibil daitezen behar diren neurriak hartzeko: seinaleak jarri, kontainerrak lekuz aldatu, zebra-bideak seinalatu...
-Topalekuak antolatu, neska-mutilak elkartu eta eskolara elkarrekin joan. Zazpi topaleku daude guztira. Institutuko gazteek lurrean puntu urdin handi bat marraztuz adierazi dituzte eta Udalak txartelak ere jarri ditu.
-Ekimenean parte hartzen duten merkatariek sinbolo jakin bat izango dute atarian (zapatilak) eta erreferentzia-gune izango dira, eskolarako bidean eta eguneko edozein ordutan neska-mutilek tarteka izaten dituzten beharrei erantzuteko.
2. Ikasle, familia, merkatari eta elkarteen egoitza guztietan bide lagunen berri ematea. Horiekin guztiekin bilerak egin ditugu, antolatutako ibilbideen, hartutako neurrien eta lortutako lankidetzen berri emateko. “Institutuko ikasleek marraztutako oin urdinen irudiak identifikatuko dituzte”.
3. Isun moralak diseinatu eta gauzatu (“ez dugu poliziarik nahi, gazteak kontzientziatzea nahi dugu”), neska-mutilek oinezkoen pasabideak errespetatzen ez dituzten ibilgailuei edo oinezkoen ikus-eremua oztopatzen duten ibilgailuei jartzeko.
4. Sentsibilizazioa, diseinua eta informazioa gauzatu ostean, festa bat antolatu zuten ekimena zabaldu eta bultzatzeko.
Esaldi batekin hasi dugu erreportaje hau, eta beste esaldi batekin amaitzea izango da onena. Hain zuzen ere, Maria Asunekin izandako hizketaldi luze, probetxuzko eta hezitzaileak eskaini zigun aipatutako esaldia: “Justizia eta elkartasuna ez dira definizio hutsak; gauzatu egin behar dira”.