Gaurko gaietan Antonino Guachetá eta Adolfo Conejo-ri elkarrizketa egiten diegu
Antonino Guachetá eta Adolfo Conejo Kolonbiatik etorri ziren Euskadira, aldi baterako babeserako programa aitzindarian parte hartzeko. Programa hori Kolektiba Colombiak betearazi zuen arren, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideetako Zuzendaritzak jarri zuen abian.
CEAR-Euskadi Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordeak ekimen horretan parte hartu du, eta, aurreikusitakoaren arabera, urtero sei laguni emango zaie harrera Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herrilan eta Garraio Sailak Bilbon lagatako etxebizitzan.
Antonino Hondurasko Babeslekuko (Cauca) lider indigena da, eta, 25 urtez, bere erkidegoaren lurralde-eskubide etnikoak eta giza eskubideak defendatu ditu. Era berean, Hondurasko Indigenen Babeslekuko Adineko Gobernadore Ohien Kontseiluko kidea da, eta, horren bidez, erkidegoko zenbait jardueratan parte hartzen du, antolamendua indartzeko. Bestetik, Jakintzen Kultur Arteko Eskolako sortzailea eta koordinatzailea ere bada, eta “Berezko zuzenbidea, legeria indigena eta lurraldea” ikasgaia ematen du.
Gainera, enpresa multinazionalen jarduketa eta talde armatuek lurralde indigenan garatutako ekintzak ere salatzen ditu.
“Ziurgabetasuna da nagusi, jazarpenak, salaketak eta sarraski kulturala daudelako. Aspalditik gaude menderatuta. Jazarpen sistematiko horri aurre egiten ahalegintzen gara. Izan ere, egoera horri aurre egiteko zenbait alternatiba bilatu ditugunez, behinolako ohitura eta azturei eutsi ahal izan diegu. Erresistentzia aurrera doa, eta egoera oso gogorra da. Dena dela, lan egiteko eta bizirauteko aukerak bilatzen ditugu. Gerra bera askoz gehiago areagotuko da, AEBekin, Europarekin eta Kanadarekin merkataritza askerako egindako itunak sinatzen direnean. Jakin badakigu horren ondorioz gerra eta jazarpena handiagotuko direla, ezeren gainetik lurraren edukitza delako arazo nagusia. Herrialdea, Kolonbia, oso-oso aberatsa denez, kapital atzerritarren helburua da, lurraldean sartu nahi dute. Hori dela eta, gobernuak emakida-kontratuak eman ditu gure lurraldeetan, indigenoi ezer galdetu gabe”.
Adolfo Conejo kazetaria eta Caucako Indigenen Eskualde Kontseiluko (CRIC) ordezkaria da. Hamar irrati-kateko aholkularia da (Kolonbiako Indigenen Komunikabideen Elkartea), eta, euren bidez, gatazketako eragile armatuek giza eskubideak urratzen dituztela salatzen dute. Era berean, salatu ere egiten dute adingabeak erakartzen dituztela eta enpresa multinazionalak euren lurraldeetako meategiak ustiatzen hasi direla. Paramilitarrek mehatxatu egin dute, komunikatzaile indigenen prestakuntzan zein kontzientziazioan lan egiteagatik. Hori dela eta, agerikoa da prentsa-askatasunik ez dagoela, hau da, legez kanpoko talde armatuek eta gobernu nazionalak eskubide hori urratzen dutela.
“Kazetaria naizenez, jakin badakit leku guztietan interesak daudela. Interes kapital, transnazional eta neoliberalek ez dute batere gustuko jendearen prozesuak nolakoak diren eta herriak zer nahi duen agerian jartzea. Beti-beti, interes kapitalaren alde egongo dira, eta, batzuetan, beste alternatiba batzuk bilatu behar ditugu, borroka eta erresistentzia aurrera eraman ahal izateko.
Caucako Departamentuan, 2.000tik gora emakida daude. Hain zuzen ere, enpresa transnazionalei 7.072 hektarea esleitu dizkiete, baliabide naturalak, basoak, egurra eta mineralak ustiatzeko. Enpresa horiek ur-iturriaz jabetu nahi dute, eta gure leku sakratuak, mendiak zein urmaelak daude bertan. Izan ere, ura bera homogeneizatu beharreko interes kapitala da, baina ez gure herrien onurari begira. Guretzat, oso zaila da, gure herrialdean bertan ere ez dituztelako prozesuak sentsibilizatzen. Kolonbian edonori indigenoi buruz galdetuz gero, indigenak daudela ere ez dakite! Nazioartean are txarragoa da egoera. Nahiz eta erakunde askoren laguntza jaso, oso informazio gutxi heltzen da hona, eta iritsitakoa Kolonbiako gobernuaren kanpaina mediatikoak baino ez dira… Horren arabera, giza eskubideak bermatzeko politika garatzen ari da, eta gezurra da, errealitatea beste bat delako, gure herrialdean lau milioitik gora lekualdatu daudelako eta gatazka armatua are larriagoa delako gure lurraldeetan”.
Bestetik, Kolektiba Colombiaren lehentasunezko helburuetakoa da giza eskubideen defendatzaileentzako aldi baterako babeserako programen ezarpena sustatzea. Programa horien bitartez, harrera ematen die, eta prestakuntza zein politika arloko agenda antolatzen die.
“Gure ustez, oso lan garrantzitsua zen, baina Kolonbian bizi duten egoeragatik, batez ere”, adierazi du Kolektiba Colombiako Leire Lasak.
Antoninok eta Adolfok Kolonbiako herri indigenen errealitatearen lekukotasuna dakarte, euren sorterrien mesederako antolaeran trebatzeko asmoa dute eta argi eta garbi adierazi nahi dute jazarritako herriak direla. Horrez gain, euskal gizartea bera ere kontzientziatu nahi dute.
Hain zuzen ere, euren herrialdeko antolamendu-prozesuak egituratzen eta Kontzertazio Mahai Iraunkorrean Kolonbiako gobernuarekin batzartzen jarraitu behar dute, euren herrientzako politika publiko bereizgarriak eskatzen jarraitzeko.
Indartzen jarraitu beharko dute, euren kontinenteko herri indigenen eskubideak defendatzeko, euren mugetatik haratago mugitzeko eta Txile, Ekuador, Mexiko, Venezuelako... herri indigenekin bat egiteko.
Era berean, goi-bilera kontinentaletan ere parte hartzen dute, eta lehenengoa Caucan bertan egin zen 2010. urtean. Hurrengoa, ordea, Mexikon bertan egingo da datorren urtean.
Antonino Guachetari eta Adolfo Conejori egindako elkarrizketa
Agintari indigena tradizionala da, eta, 25 urtez, bere erkidegoaren lurralde-eskubide etnikoak eta giza eskubideak defendatu ditu. Era berean, Hondurasko Indigenen Babeslekuko Adineko Gobernadore Ohien Kontseiluko kidea da (Caucako Departamentuko Moraleseko udalerria), eta, horren bidez, erkidegoko zenbait jardueratan parte hartzen du, antolamendua indartzeko. Bestetik, Jakintzen Kultur Arteko Eskolako sortzailea eta koordinatzailea ere bada, eta “Berezko zuzenbidea, legeria indigena eta lurraldea” ikasgaia ematen du.
Gainera, enpresa multinazionalen jarduketa eta talde armatuek lurralde indigenan garatutako ekintzak ere salatu ditu Antoninok. Hori dela eta, zenbait mehatxu jaso ditu.
EM.- Nolakoa da Kolonbiako herri indigenen egoera?
AG.- Ziurgabetasuna da nagusi, jazarpenak, salaketak eta sarraski kulturala daudelako. Aspalditik gaude menderatuta. Jazarpen sistematiko horri aurre egiten ahalegintzen gara, herri indigena moduan. Izan ere, egoera horri aurre egiteko zenbait alternatiba bilatu ditugunez, behinolako ohitura eta azturei eutsi ahal izan diegu. Erresistentzia aurrera doa, eta egoera oso gogorra da guretzat. Dena dela, lan egiteko eta bizirauteko aukerak bilatzen ditugu.
EM.- Epe ertain edo laburrerako irtenbiderik ikusten duzu?
AG.- Ez dago berehalako irtenbiderik, baina, apurka-apurka, antolatzen eta herri indigenen euren legeetan oinarritutako jakintza handiagoa bereganatzen ari gara. Hala ere, herri indigenen babeserako emandako nazioarteko itunek beste esparru eta bide batzuk irekitzen dizkigute erresistentziari begira. Edonola ere, gure gazteak heztea da bide egokiena, gure erakundearen eta herrialdearen etorkizuna dira-eta.
EM.- Nola ikusten duzu Euskadiko programan bizi duzun esperientzia?
AG.- Oso ona da, nire herrialdean isolatuta nengoelako, gure herri gehienei gertatzen zaien bezala. Hemen, ordea, geure ikuspegia aztertu dezakegu, baita geure bizimodua eta gure erkidegoekin dauden aldeak ere. Zenbait harreman ezarri dira erakundeekin, eta prestatzeko modu asko ere badaude. Hemen, askoz hobeto onartzen dira norberaren moduak, jendea prestatuago dago, gehiago irakurtzen du eta guretzat ezezagunak diren beste alderdi batzuen berri dauka. Nire ustez, hori oso ona da, neure lurraldera itzultzen naizenerako eta neure agintariekin hitz egiten dudanerako.
EM.- Nolakoa da zure egunez egunekoa bertoko programan?
AG.- Aldundiekin genituen konpromiso zein bileren agenda bete dugu, eta, aldi berean, zenbait ikastaro ere egin ditugu. Egunez egunekoa oso ona izan da, lankidetza handia delako. Hemen, gustura gaude, hitz egin egiten dugulako eta entzun egiten digutelako. Bileretan, oso harrera eman diete gure gauzei, gure herrialdean gertatzen den guztiari, bertako egoera gero eta larriagoa delako. Hori guztiori oso ondo dago.
EM.- Zer eramango duzu hemendik eta zer mezu adierazi nahi diozu Euskadiri, Kolonbiako errealitatea eta esperientzia honetan ikasitako guztia kontuan hartuta?
AG.- Lehenengo eta behin, eskerrak eman nahi ditut, hemen hitz egin egin ahal izan dugulako, ekitaldietan Kolonbian gertatzen dena entzun nahi izan dutelako eta jendeak gure salaketak zein diren jakin nahi izan duelako. Herriko jendeak eta ekimen hau bultzatzen duten erakundeek adierazi digute gure gaien inguruko interesa dutela.
Proiektu hau epe luzerako denez, beste batzuk etorri ahal izango dira, eta nire moduan, ez bakarrik Kolonbiakoak. Beste herrialde batzuetan ere urratzen dituzte giza eskubideak, eta, beste askotan ere jasaten dituzte.
EM.- Familiarekin egon zara harremanetan, hemen zaudenetik?
AG.- Apur bat hitz egin ahal izan dugu, komunikazioa oso erraza izan ez den arren. Euren bizilekuan, ez dago komunikaziorik.
EM.- Zeure herrialdera itzultzen zarenean, zer plan dituzu?
AG.- Lanean jarraituko dut Adinekoen Kontseiluan zein Prestakuntza Politikorako Eskolan, eta berton ikasitako guztia azalduko diet. Era berean, nire lanaren bidez eskatu nahi diet gazteei borrokari eta prestakuntza intelektualari eusteko. Izan ere, prestakuntza intelektuala sustatzen badugu, hain ahulak izango ez garela uste dut.
EM.- Nola hartu zenuen programa honetan parte hartzeko albistea? Zer esan zizuten etxean?
AG.- Giza eskubideen arloan garatzen nuen jardueraren ondorioz egin zidaten proposamena. Gurekin etengabe egon den GKEk etengabeko laguntza eman digu babeslekuan eta giza eskubideen urraketaren arloan. Sorterrian, oso presa handia eraiki zuten, eta, horren ondorioz, hainbat arazo sortu ziren erkidegoan. 26 urte daramatzagu borrokan, gobernu berriak bete ez dituen konpromisoengatik. Salaketa horiek egitean eta prozesu horietan parte hartzean, ondorioak eta mehatxuak jaso genituen, eta ordezko gobernadorea ere hil zuten. Gero, anaia ere hil zuten. Hori dela eta, ezegonkortasuna sortu zen, eta bertan zeuden kideek gobernadore ohiei egin zieten proposamena, eta... baietz esan zuten... Nik, ordea, ez nuen uste hona etorriko nintzenik.
Ezustean harrapatu ninduen, hona etortzeko deitu zidatenean. Familiarekin batzartu nintzen, eta… Europa zer den, jendea nola bizi den jakiteko eta esperientzia hau bizitzeko ikusnahiaz nentorrela esan nien… Gure herrialdeko egoera aztertu nahi nuen hemendik, beste aldetik.
EM.- Komunikabideetara iritsitakoa ez dator bat herri indigenen errealitatearekin. Zehatz-mehatz, zein da Kolonbiako gaur egungo egoera?
AG.- Hemen, Kolonbiako egoera ikusezina da, eta, benetan, lantzean behin zerbait ikusi arren, herrialdeko egoera ez da inondik inora islatzen. Ez. Errepublikako gaur egungo presidenteak gatazka amaitu egin dela eta gerraostean gaudela dio… Era berean, bere esanetan, giza eskubideak babesteko berme gehiago daude, eta, egia esan, ez da horrela gertatzen. Izan ere, gero eta gehiago areagotu da gerra, eragile armatuak agertu dira berriro, eta, ezeren gainetik, eskuin muturreko taldeak, paramilitarrak dira kezka handiena sortzen dutenak. Zoritxarrez, Álvaro Uriberen gobernuak murriztu egin zirela esan arren, gero eta gehiago daude gaur egun. Ez nik esaten dudalako, salaketarako komunikabideetan ere esaten dute gauza bera. Gerrillarien taldeak ere egoera berean daude. Jendea oso txarto bizi da bertan. Beharbada, gerra bera askoz gehiago areagotuko da, AEBekin, Europarekin eta Kanadarekin merkataritza askerako egindako itunak sinatzen direnean. Jakin badakigu horren ondorioz gerra eta jazarpena handiagotuko direla, ezeren gainetik lurraren edukitza delako arazo nagusia. Herrialdea oso-oso aberatsa denez, kapital atzerritarrek lurraldean sartu nahi dute nola edo hala. Hori dela eta, gobernuak emakida-kontratuak eman ditu gure lurraldeetan, nahiz eta oso antzinakoak izan eta tituluak eurak pribatuak izan. Nolanahi ere, gobernu-sistemak ez du halakorik kontuan hartu, eta gure legeen gainetik esleitu ditu kontratuak, erkidegooi aldez aurretik galdetu gabe. Hori guztiori nazioarteko itunetan dago adierazita, eta herri indigenoi galdetu behar digute aurretiaz. Ados bagaude, egin egingo da; eta, ados ez bagaude, ez da egingo. Agerikoa denez, ez gaude ados, gure lurraren kalterako delako, eta gure bizimodua da. Goiko aldeko mendietan araketak eta ustiapenak egiten badituzte, bizibide ditugun urak kutsatuko dituzte.
Erabateko krimena da, beraz. Ura pozoitu egiten da, eta ekosistemen zein landareen kalterako ere bada. Gainera, gure leku sakratuak ere badaude inguru horietan, eta gure adinekoek euren erritualak egiten dituzte bertan...
Horrela, bada, herri indigena moduan daukagun pentsamoldea urratzen dute. Egoera hori oso kaltegarria izango denez, kontzientzia suspertu nahi izan dugu munduko alde honetan. Ni ez nago horren kontra-kontra, baina era kontrolatuan egin beharra dago, inolako kalterik ez eragiteko...
EM.- Nolako alternatibak eskaintzen dituzue?
AG.- Hona hemen gure alternatibak: arauetan are gehiago babestea eta erkidegoa bera antolatzea. Esate baterako, geure lurraldeak eta pertsonen osotasuna babesteko orduan, guardia indigena sortu dugu, eta geure lurraldeak, erkidegoak defendatzeko beste modu bat da. Horretarako, gainera, ez dugu armarik erabiltzen, gurea bezalako aginte-makila baizik, kanbua, alegia... Bestetik, armak erabiltzen dituztenei esan nahi diegu inolako erabilgarritasunik ez dutela eta, azken batean, merkataritza baino ez direla: saltzaileak, erosleak… Adibidez, Espainiako estatuak arma asko saldu dizkio Kolonbiari, baina, zertarako? Bakea lortzeko diote... horrela, ordea, indarkeria areagotzea baino ez da lortzen. Herrialdea bera armaz beteta dago! noren mesederako da hori? Argi dago ez dela ez Kolonbiako herriaren ez erkidegoen mesederako, Kapital handien onerako baizik, hegazkinak, bonbak, munizioak... saltzen dituztelako. Horren ondorioz, bonbardaketak egiten dira, eta hildakoak daude. Merkataritza hutsa da. Nire ustez, Mundu-mailako mafia da. Hori guztiori ez da gure onerako... inondik inora...
Adolfo Conejo kazetari indigena da, eta Giza Eskubideen Defendatzaileentzako aldi Baterako Babeserako Euskal Programan ere parte hartzen du. Caucako Indigenen Eskualde Kontseiluko (CRIC) kidea da. Hamar irrati-kateko aholkularia da (AMCIC Kolonbiako Indigenen Komunikabideen Elkarteko kideak dira), eta, euren bidez, gatazkako eragile armatuek giza eskubideak urratzen dituztela salatzen dute. Era berean, salatu ere egiten dute adingabeak erakartzen dituztela eta enpresa multinazionalak euren lurraldeetako meategiak ustiatzen hasi direla.
CRICen iritziz, kazetari indigenen jazarpenak ageri-agerian uzten du legez kanpoko talde armatuek eta gobernu nazionalak berak ere prentsa-askatasunaren erabilera urratzen dutela. Izan ere, argi dago antolamendu-prozesua ezegonkortu nahi dutela, erabateko sarraskia lortzeko. Hain zuzen ere, herri indigenen hitza, pentsamenduak eta ametsak demokratizatzeko benetako lana inpartzialtasunez egiten dutenei egiten diete eraso.
Elkarrizketaren hasieran, Adolfori esan diot beharbada erosoago egongo dela soinean gurutzatuta daraman poltsa uzten badu. Hala ere, azaldu egin dit poltsa edo bizkar-zorro hutsa baino askoz gehiago dela, Bere historia guztia daramalako bertan. Beraz, bere historia guztia darama soinean, eta gaur Kolonbiarantz begirarazi egiten diguten herri indigenetatik ehuntzen den historia da, hain zuzen ere...
Adolfo Conejo.- Bizkar-zorro hau herri indigena moduan daukagun nortasunaren adierazgarri da.
Espazioaren, hiru munduen prozesua da... Erdiko, goiko eta beheko espazioa. gure izpirituak daude bertan: goiko munduan, esaterako, tximista, haizea eta trumoia daude; erdikoan, ama lurra; eta, lurpean, sugea eta beste izpiritu batzuk… Gure izaeraren eta jatorriaren milaka urteko kontu historikoa da guztia. Emakumeek bizkar-zorroak ehuntzen dituzte, milaka urteko historiaren adierazgarri. Milaka urteko historia da. Esate baterako, hau (poltsa bera adierazten du) gure lurraldeak zeharkatzen dituzten ibaiak izan daiteke, eta gauza guztiek zentzu izpirituala dute guretzat. Emakumeak ehuntzen hasten diren arren, gizonek ere ehuntzen dituzte, euren artean egon beharreko berdintasun eta osagarritasun horren erakusgarri. Izpirituekin, mundu kosmogonikoarekin eta ama lurrarekin dauka zerikusia. Bizitzaren ehundura da: nondik gatozen eta norantz goazen...
EM.- Nolakoa da Kolonbiako herri indigenen antolaera?
AC.- Lehenengo eta behin, eskerrak eman nahi ditut jatorrizko herrien partetik. Eskerrik asko espazio hau emateagatik. Geure kultura eta nortasuna indartzeko prozesuan gaude, eta, aldi berean, nire lurraldeetan garatutako antolaera ere nabarmendu beharra dago. Herri indigena moduan, Caucako Herri Indigenen Eskualde Kontseiluko kideak gara, eta, beste zazpi herri indigena ere badira bertako kideak. Gaur egun, beraz, zenbait departamentutan banatutako 264.000 indigena gara.
EM.- Noiz eratu zen Kontseilua? Zenbat herri indigena zaudete Kolonbian?
AC.- Kontseilua orain dela berrogei urte eratu zen, 1971. urtean, hain zuzen ere. Hasiera batean, bost kabildo baino ez zituen kide; eta, gau egun, 117 kabildo. 40 urteko erresistentzia-borrokaren ostean, 102 herri indigena gaude Kolonbian; eta 86, Caucako Departamentuan. Oraindik ere, indartzeko prozesuan gaude.
EM.- Gatazka konpondu daitekeela uste duzu? Epe laburrean lortu liteke edo luzaroan itxaron beharko duzue?
AC.- Herri indigena moduan, milaka urteko prozesu historiko horretan bat egiten duten gatazken erdian gaude Kolonbian. Gure egoera dramatikoa da, gure giza eskubideak urratu egiten dituztelako. Oraindik ere, gure herrietan genozidioa, hilketak eta sarraski kultura dira nagusi. Gaur egun, are gehiago, gure herrialdean duela berrogeita hamarretik gora urte hasi zen gatazka armatuaren ondorioz. Era berean, gatazka armatu horrek ere badu bere historia. Izan ere, talde armatuak daude, politika neoliberalen ondorioz batzuetan gure jendeak armak hartzea beste aukerarik ez duelako, herrien eskubideak defendatu ahal izateko. Sistemak jipoitu egiten gaitu, eta gure artean sorrarazten ditu gatazkak. Gatazka armatuaren onuradunak, ostera, sistema neoliberala, kapitalista eta transnazionala izango dira beti, desjabetzarako legeak ezartzen direlako merkataritza askerako itunak sinatzen direlako eta politika neoliberalak sustatzen jarraitzen dutelako.
EM.- Uriberen gobernutik Santosen gobernura ez da ezer aldatu?
AC.- Álvaro Uriberen zortzi urteko gobernutik Santosen gobernura... ez da ezertxo ere aldatu. Izan ere, eskubideak defendatzeko beste diskurtso bati ekin diote, baina, funtsean, politika neoliberal berbera da… Izan ere, honako hauexek dira Santosen gobernuaren lokomotorak: meatzaritzaren, energiaren, hidrokarburoen... inguruan dauden interes transnazionala eta interes kapitala.
Caucako Departamentuan, 2.000tik gora emakida daude. Hain zuzen ere, enpresa transnazionalei 7.000 hektarea baino gehiago esleitu dizkiete, baliabide naturalak, basoak, egurra eta mineralak ustiatzeko, hau da, urrea... kobrea, zilarra, mineral asko. Enpresa horiek, gainera, ur-iturriaz jabetu nahi dute, eta gure leku sakratuak, mendiak zein urmaelak daude bertan. Izan ere, ura bera homogeneizatu beharreko interes kapitala da, baina ez gure herrien onurari begira. Hori dela eta, dilema horretan, gatazka horien erdian bizi gara, eta ibilbidearen, bidearen bila gabiltza batasuna, sendotasuna eta bakea lortzeko prozesuetan.
EM.- Nolakoa da zure esperientzia programa honetan?
AC.- Oso aberasgarria eta emankorra izan da. Izan ere, honako hauexen lana nabarmendu beharra dago: Kolektiba Colombia, Cear Euskadi, La posada de los abrazos, Paz con dignidad eta Mugarik Gabe. Eurei esker, gure erkidegoak eta herriak jazartzeko, mehatxatzeko eta sarraskitzeko politiken dilema bizi dugunok ageri-agerian jarri ditzakegu geure borrokak. Era berean, eurei esker, Euskadiko biztanleak eta Espainiako estatuko gobernuko instituzioak apur bat sentsibilizatzeko aukera ere badugu.
EM.- Kazetaria zarenez, seguruenik konturatuko zinen oso desberdina dela berton eta Kolonbian lan egitea, ezta?
AC.- Bai, kazetaria naizenez, jakin badakit leku guztietan interesak daudela. Interes kapital, transnazional eta neoliberalek ez dute batere gustuko jendearen, gizartearen prozesuak nolakoak diren eta herriak zer nahi duen agerian jartzea. Beti-beti, interes kapitalaren alde egongo dira, eta, batzuetan, beste alternatiba batzuk bilatu behar ditugu, borroka eta erresistentzia aurrera eraman ahal izateko. Eredu horiek aldatu ahal izateko beste modu batzuk ditugu.
EM.- Orain gauza guztiak zure herrialdetik kanpo ikusten dituzula kontuan hartuta, hemen zuon Kolonbiaren benetako irudiaren, errealitatearen berri ez dugula uste duzu? Hemen, Kolonbiako kartelekin, narkotrafikoarekin... lotutako gaien berri dugu, batez ere. Badirudi zuok zaretela herri indigenen errealitatearen berri eman duzuenok...
AC.- Halaxe da, bai! Guretzat, oso zaila da, gure herrialdean bertan ere ez dituztelako gure prozesuak sentsibilizatzen. Kolonbian edonori indigenoi buruz galdetuz gero, indigenak daudela ere ez dakite! Nazioartean are txarragoa da egoera. Nahiz eta erakunde askoren laguntza jaso, hemen aipatu ditudan erakundeena, esaterako, oso informazio gutxi heltzen da hona, eta iritsitakoa Kolonbiako gobernuaren kanpaina mediatikoak baino ez dira… Horren arabera, giza eskubideak bermatzeko politika garatzen ari da, eta gezurra da, errealitatea beste bat delako, gure herrialdean lau milioitik gora lekualdatu daudelako eta gatazka armatua are larriagoa delako gure lurraldeetan. Gerra bera gure lurralde indigenetan garatzen da-eta! Beti-beti izango gara jipoituak. Gerra honen erdian daude, nahiz eta gure gerra izan ez! Eragile armatuei bidali nahi diegu mezua: armak ez dira bidea, mobilizazioa da irtenbidea, baita kontzientzia eta jakintza ere.
EM.- Seguruenik, han ezin izango duzu kazetaritza nahi besteko askatasunaz garatu, ezta?
AC.- Hainbateko konplexutasun honen erdian, lanean jarraitzen dugu, geure prozesuak indartzen jarraitzen dugu, geure herriak batzen jarraitzen dugu, baina ez bakarrik Kolonbiakoak. Batasun-prozesua herri guztien artean garatu behar da, elkartasuna herri guztien artean eman behar da, guk ez dugulako gobernuaren babesik sumatzen, ez dirudi defendatuko gaituenik ere. Askotan, gobernuko instituzioek herri indigenen giza eskubideen inguruko adierazpen asko kaleratzen dituzte, baita herrien aldeko epaiak ere, baina... Paper hutsa baino ez direnez, praktikan oso-oso zaila da hori betetzea! Hala ere, nazioarteko araudi horiek eta gure barne-araudiak gure mesederako direnez, bide horretatik ere ekiten dugu, mobilizazioen eta eskakizunen bidez hori guztiori benetan betetzen dela bermatu dezakegulako, nahiz eta oso zaila izan...
Batzuetan, Herri Indigenentzako Ekintza Batuetako Errelatore Bereziaren mezua entzuten da, baina mezua baino ez da. Bertan, hain zuzen ere, gobernuei esaten die herrien biziraupena bermatzeko. Dena dela, mesedea besterik ez da, praktikan eredu neoliberalaren eta eredu kapitalistaren ezarpena gero eta handiagoa delako eta lurraldeak multinazionalen esku uzten dituztelako. Lurraldeez jabetzeko interesa handi-handia da. Horixe bera nahi dute: lurraldeak aske uztea, ustiatu ahal izateko. Ez dute nahi gure herrietan jenderik egotea, eta, horren ondorioz, borrokan jarraituko dugu.
EM.- Zer proiektu dituzu etorkizunari begira? Kolonbiara itzultzen zarenean, herri indigenen giza eskubideak defendatzeko oinarrizko erakundeetan jarraituko duzu lanean?
AC.- Kolonbiako antolamendu-prozesuak egituratzen eta Kontzertazio Mahai Iraunkorrean Kolonbiako gobernuarekin batzartzen jarraitu behar dugu, herri indigenentzako politika publiko bereizgarriak eskatzen jarraitzeko. Osasuna, ingurumena, hezkuntza, ekonomia... ditugu hizpide. Gure eskakizunak Santosen gobernuan nola gauzatzen dituzten aztertzen dugu, bide horretatik egin behar dugulako aurrera, gure proposamenak ezerezean geratu ez daitezen. Alde horretatik, indartsuak izan behar gara, eta geure proposamenak gobernuaren sistemaren arabera ere egituratu ahal izango ditugu, Konstituzio Nazionalean bermatuta dugun moduan. Batzuetan, ordea, bide horretan geratu gara.
EM.- Zer eskakizun dituzu hizpide?
AC.- Herri indigenon politika publiko bereizgarri horiek sustatu behar ditugu. Bide horretatik jarraituko dugu lanean, politika publikoen eta komunikazio indigenaren arloan. Gai hori ere lantzen dugu, erkidegoetan behar beste baliabide teknologiko edukitzeko eta geure lurraldeetan bertan geure komunikazio-bideak indartzeko. Horixe bera da gure lana... Bestetik, borroka sozialak egituratzen jarraitu behar dugu geure kontinentean, eta Txile, Ekuador, Mexiko, Venezuelako... herri indigenen artean mugitzen jarraitu behar dugu. Kontinenteko goi-bileren bidetik goaz. Orain, esaterako, Komunikazio Indigenaren Bigarren Goi Bilera Kontinentala dugu helburu nagusi, Eta 2013. urtean egingo da Mexikon. Bertan batzartuko gara, baina, aldez aurretik, Caucan bertan bildu ginen 2010. urtean. Beraz, egituratzen eta indartzen jarraituko dugu, geure herriak defendatu ahal izateko.
EM.- Zorte on.
AC.- Eskerrik asko.
