Bilboko Arte Eder Museoaren ateak 1914. urtean ireki ziren, lan asko eta asko egin ondoren. Garai hartan Atxuriko Ospitalean zegoen kokatuta. Horrela Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak aspalditik zeukaten nahia eta asmoa burutu zen, artea maite zuten hainbat bilbotarrek proposatuta.
Zortzi urte beranduago, artean diputatu zen Lorenzo Hurtado Sarachok proposatuta Arte Modernoko Museoa sortu zen. Probintziko Liburutegian kokatu zen 1924. urtean.
Hainbat arazo eta leku aldaketaren ondoren, bi museo horiek elkartu egin ziren eta gaur egun dauden eraikinean jarri ziren. 1945. urtean inauguratu zen. Museoaren fondoak ugaritu egin ziren donazio, emaitza eta erosketen ondorioz, eta beraz arte lanak gordetzeko lekua handitu behar izan zen 1972. urtean: eraikin berri bat jaso zen arte lan garaikideentzako.
Gaur egun, beraz, korridore batek lotzen dituen bi eraikinek osatzen dute museoa: eraikin zaharraren beheko solairuan aintzinako arte lanak eta lehen solairuan euskal artea. Eraikin modernoan arte garaikidea dago erakusgai.
Bilboko Arte Eder Museoak lau sail nagusi ditu: aintzinako artea, arte garaikidea, euskal herriko artea eta arte aplikatuak. Arte plastikoen bilduman XII. mendetik gaur egun arteko lanak daude jasota.
Obra erromanikoekin hasten da bilduma, euren artean nabarienak Jaungoikoa Maiestate moduan eta Santa Maria de Pessonadako elizako (Pallars Jussá, Lleida) bi taula: "Noe-ren untzia" eta "Jesus gurutzetik jaistea". Ondoren gotiko espainiarraren garaiko pinturak daude, honako margolari hauenak: Pedro Sierra, Berthomeu Baró eta Bartolomé Bermejo. Horiekin batean Pere Nicolau-ren erretaula paregabe bat ere badago. XVI eta XVII. mendeko arte lanak ohialean egindako pinturak eta taulak dira, Luis Morales eta El Grecorenak, Antonio Morok Felipe II.ari egindako erretratua, Murilloren lanak, Zurbaranen lau koadro eta Riberaren lanik garrantzitsuenetariko bat: "San Sebastian Emakume sainduek zainduta". Aurrera joanez pintura espainiar gehiago daukagu, adibidez Goyaren bi erretratu: Martín Zapater eta Moratínenak. Badira Luis Melendez, Paret y Alcázar, Vicente López Carnicero eta beste batzuren koadroak ere. Azkenik hiru gela daude espainiako artea erakusteko. Bertan XIX. mendeko lanak daude erakusgai: Esquivel, Alenza, Madrazo, Sorolla, Cecilio Pla eta beste asko eta askorenak.
Aintzinako artearen atalean, Flandes eta Herbeheretako koadro bilduma bat dago. Bilduma horretan oso lan garrantzitsuak daude, horien artean: "Kristo hilaren ondoan aiheneka" Van Dyck-ena, "Pan Jainkoa txirula joka" Jacob Jordaens-ena, "Cambistak" Quentín Metsys-ena eta "Médicistar Maria" Frans Porbus-ena. Badago ere, pintura italiarraren bilduma bat. Honen obren artean aipatzekoa da Orazio Gentileschi-ren ohialean egindako pintura paregabea: "Lot eta bere alabak". Aipatu beharrekoa da ere Louis Michel Van Loo-k egindako emakume erretratua.
Arte garaikidearen adierazgarri diren lan asko dago eraikin modernoan. Hasteko abangoardista handienen lanak daude ikusgai, hala nola, Gaugin (Arleseko arropa garbitzaileak), Mary Cassatt, Picasso, Metzinger, eta abarren lanak. Horiekin batean espainiko XX. mendeko artista famatuenen lanak ere badaude, esate baterako Solana ("Mujeres de la vida"), Vázquez Díaz, Sunyer, Blanchard, Luis Fernández, Oteiza, Chillida, Tapies, etab.-en lanak. Atzerriko arte garaikidearen arte lanak ere badaude: Delaunay, Lèger, Vasarely, Bacon, Serra eta Paladinorenak besteak beste, eta azkenik badira Espainiako eta atzerriko belaunaldi gazteenen lanak ere.
Museoan euskal artisten bilduma zabala ere badugu erakusgarri, obrarik nabarienak Regoyos, Echeverría, Iturrino, Arteta, Ucelay eta Zuloagarenak direlarik. Zuloagak egindako "Mathieu de Noailles-eko Kontesaren erretratua" koadro famatua dago bertan.
Urtero hamabost edo hogei erakusketa egiten dira, aldi baterakoak, aintzinako arteaz, arte garaikideaz, argazkiaz, grabatuaz, arkitekturaz... Erakusketa horiez gain egunero hainbat zinemagile, artista edo eskolen filmeak ere ematen dira. Badaude gainera liburutegia, liburudenda, pedagogia kabinetea, estanpazio kabinetea, taberna (lanengatik itxita) eta abar.
Bilboko Arte Eder Museoak garai eta estilo anitzeko artea ezagutzeko bidea ematen digu, ezin aukera horri joaten utzi.
Edukiak
Museoan dauden lanak pintura, eskultura, paper gainean egindako lana, ekialdeko artea eta arte apaingarriak dira batipat. XII. mendetik gaur egun arteko arte lanak aurki ditzakegu bertan, hau da, erromanikoa, gotikoa, errenazimendua, barrokoa etab., bai espainiakoak eta baita atzerrikoak ere.