Bilboko Arte Eder Museoa
Aurkezpena  | Jarduerak | Informazioa

Joaquim Mir. Erakusketa Antologikoa 1873-1940 / maiatza 18 - uztaila 26, 2009
“Nahi dudan bakarra da nire lanek jendearen bihotzak alaitzea eta begiak zein arimak argiz betetzea”. Joaquim Mirrek, 1928an, horrela laburbildu zuen bere artista-manifestua. Bartzelonako margolariarentzat, kolorea eta argia den-dena zen, eta, horri jarraituz, hizkera pertsonala eraiki zuen, oso obra modernoa sortu zuelarik, egotzi nahi izan zaizkion mugimendu artistikoak (besteak beste, inpresionismoa edo sinbolismoa) baino urrunago joanez. Bere bilakaera artistikoa errealismoaren eta abstrakzioaren artean ibili zen, baina bere produkzio piktorikoan bi konstante agertzen dira: Naturaren ikuspegi berriaren ezarpena eta edertasunaren bilaketa irmo baina tentsio sortzailez betea.
Joaquim Mir XX. mende hasierako pintura katalaneko margolaririk ospetsu eta eraginkorrenetakoa da. 80 obra inguruko hautaketa batetik abiatuta —olioak, pastelak eta marrazkiak—, erakusketa honek margolariaren ibilbideari buruzko ikuspegi osoa ematen du, hasierako naturalismotik hasi eta inpresionismotik eta abstrakziotik hurbil dagoen estilo pertsonaleraino heldu arte. Erakusketak margolariaren bizitza ere errepasatzen du, modu kronologikoan; modu horretan, Bartzelonako (hantxe jaio zen) garaiak eta Mallorcan, Tarragonako Campen, Vallèsen eta Vilanovan egindako egonaldiak ikus daitezke. Francesc Miralles komisarioak egindako ikerketa eta interpretazio lan luzeari esker, erakusketa antologiko honek artistaren piezarik heldu eta zuhurrenetako batzuk erakutsiko ditu, bai eta publikoarentzat ezezagunak diren beste zenbait lan ere, denak ere zenbait bilduma pribatutatik ekarritakoak. Gainera, margolariak berak familian egindako filmazioen aukeraketa bat ere badago.

Gonbidatua / 31 martxoa - 28 ekaina, 2009
Obra Gonbidatua Programaren helburua da jendeari zenbait museo edo bildumatako obra bereziak helaraztea, beti ere, Museoaren bilduma iraunkorrean dauden egileen gaineko ikuspegia aberasteko edo ordezkatuta ez dauden egileak erakusteko asmoz. Oraingo honetan, XVI. mendeko margolari espainiarrik onenetako baten ohola aurkeztuko dugu: Luis de Morales da margolari hori. “Jainkotiarra” izenarekin ezagutzen zuten, ikonografia erlijiosoari hunkigarritasun handia eman ziolako, xehetasunekiko teknika zehatza eta arretatsua erabiliz. Bere gairik gogokoenak Ama Birjina Umearekin eta Pietatea dira, eta biak ikus daitezke orain Museoan, obra gonbidatu berri honi esker —Madrilgo Arango bildumako Ama Birjina Umearekin—. Lan horrekin batera, Bilboko Arte Eder Museoaren bildumako obra aipagarrienetako bat egongo da, Pietatea, 1560 inguruan datatutakoa.

Artearen Papera (VIII). XIX. mendeko azken hamarkadak-XX. mendeko lehenengo erdia. Cézannetik Légerrera. Bilboko Arte Eder Museoa bilduma/ 23 martxoa - 14 ekaina, 2009
Artearen Papera programaren zortzigarren erakusketak aurrera jarraitzen du Bilboko Arte Eder Museoko bildumakoak diren eta paperean eginda dauden obrak aztertzeko asmoarekin. Edizio honetan, euren produkzio artistikoa XIX. mendeko azken urteetako estetikaren eta XX. mendeko lehenengo hamarkaden artean kokatu zuten autoreetan oinarrituko da, eta, bertan, Cezánne, Guiard, Regoyos, Iturrino, La Fresnaye, Marcoussis, Baroja, Roualt edo Zuloagaren lanak ikusi ahal izango dira, besteak beste. XIX. mendeko tradizioa hautsi eta XX. mendeko abangoardia artistikoak planteatzen zituen formula berrietan sartu ziren artistak dira.

Errenazimentuaren gailurra Aragoin/ 15 ekaina - 20 iraila, 2009
Ehun bat obraren bitartez —margoak, eskulturak, marrazkiak eta urregintzako piezak—, XV eta XVI. mendeen bitartean arteak Aragoin izan zuen bilakaera ikus daiteke erakusketan. Pieza-sorta zabal horretako zati handi bat Zaragozako Museokoa da, eta, une honetan, museo horretako instalazioak berritzen ari direnez, aipatutako piezak erakusketa honetarako laga dituzte, modu ezohikoan. Erakusketa Bilbon inauguratuko da, eta, ondoren, Valentziara eta Zaragozara bidaiatuko du. Sorta nagusi horretaz gain, zenbait museo eta instituziotako mailegu ugari ere jaso dira, eta, horrela, Aragoiko Errenazimentuaren panorama zabal hau osatu ahal izan da.
XV. mendean zehar finkatutako ildoei jarraituz, arteak, eta, bereziki, eskulturak, loraldi handia bizi izan zuen hurrengo mendean, egiten ziren enkargu ugariengatik. Modu horretan, erakusketa XV. mendeko arte gotikoko obra bereziekin hasten da (tartean daude Pere Joan, Miguel Ximénez eta Martín Bernat eskultoreen eta Bartolomé Bermejo eta Blasco de Grañén margolarien lanak), eta XVI. mendeko gailur errenazentistan amaitzen da. Azken garai horren berri emateko, orduko artista ospetsuen lanak egongo dira ikusgai; besteak beste, Damián Formenten familiako eta bere inguruko eskultoreen edo Juan de Anchieta euskal eskultorearen lanak ikusi ahali zango dira, bai eta Juan de Juanes eta Jerónimo Cosida pintoreen lanak ere. Horiekin batera, nazioarteko zenbait adibide ere erakutsiko dira; izan ere, batez ere Flandesetik eta Italiatik ekarritako adibide horiek eragin handikoak izan ziren.

Murillo gaztea/ 19 urria, 2009 - 17 urtarrila, 2010
Alfonso E. Pérez Sánchez eta Benito Navarrete komisario direla, erakusketak Murilloren (Sevilla, 1617-82) gaztaroko berrogeita hamar obra inguru bilduko ditu. Garai hura funtsezkoa izan zen margolariaren karreran, eta Bilboko eta Sevillako Arte Eder Museoek Murilloren etapa horretako artelan esanguratsuak dituzte: San Pedro malkotan (c.1650-55) eta San Lesmes (c. 1655) Bilbon, eta San Frantzisko (c.1645-50) eta San Jeronimo (c. 1665-75) Sevillan.
1640 inguruan, Murillok bere lehenengo arrakasta artistikoa izan zuen, eta goranzko karrerari ekin zion. Hasierako garai hartan, tenebrismoan eta naturalismoan oinarritutako obrak egin zituen, aurreko belaunaldiko maisuen (Zurbarán eta Ribera, besteak beste) eragina erakutsiz, batez ere argien kontrasteetan eta materiaren behaketarako joeran.