Lan eta Justizia Saileko 2020 urterako diru-laguntzen plan estrategikoaren aldaketa

Helburuak

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluak honako hau ezartzen du: "Administrazio publikoetako organoek edo dirulaguntzak ezartzea proposatzen duen edozein erakundek, aldez aurretik, dirulaguntzen plan estrategiko batean zehaztu beharko dituzte hura aplikatzearen bidez lortu nahi diren helburuak eta ondorioak, horiek lortzeko behar den epea, aurreikus daitezkeen kostuak eta finantzaketa-iturriak, betiere aurrekontu-egonkortasuneko helburuak betetzearen mende". Agindu hori Estatuko oinarrizko legeria da.

Aurrekoa betetzeko, Lan eta Justiziako sailburuak, 2020ko otsailaren 11n, Lan eta Justizia Sailaren 2020rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen Agindua eman zuen.

COVID-19aren pandemiak euskal gizartean eragindako inpaktuak botere publikoen erantzun azkarra eskatzen du, ahal duten neurrian. Urteko lehen hiruhilekoan alarma-egoera ezarri izanak aukera ematen du urteko Plan Estrategikoa aldatzeko eta krisi sanitarioaren eragina minimizatzen saiatzeko dirulaguntza-ildo berriak ezartzeko.

Herrialdeko ekonomia orokorrean eta, bereziki, gizarte-ekonomiako enpresetan izandako galeren zenbatekoa ikusita, erantzun proportzional batek sakoneko aldaketak eskatzen ditu, eta aldaketa horiek 2020rako dirulaguntzen planaren idazketa funtsean desberdin batean adierazten dira.

Lehenik eta behin, egokitzat jo da milioi bat euro baino gehiago bideratzea COVID-19aren inpaktuari aurre egiteko programetarako pentsatuta dauden dirulaguntza-lerroetara, baliabide ekonomiko berririk erabili gabe. Horretarako, murriztu egin behar izan da zenbait lerrotara bideratutako zenbatekoa eta planteatutako lerro berrietara bideratu, eta horrek eskatzen du programak berregokitzea eta, ondorioz, aurreikusitako adierazleak murriztea.

Bigarrenik, milioi bat euroko zuzkidura ekonomikoa lortu da ezohiko moduan, Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatzen duten kooperatibetako eta lan- sozietateetako langileei laguntzeko. Dirulaguntzaren xedea da Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzen laguntzea eta lokalen errentamenduetatik eratorritako gastuen zati bat finantzatzea.

Azaldutakoaren ondorioz, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak emandako eskumenei jarraikiz, Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuarekin lotuta.

Legegintzaldia

XI. Legegintzaldia