Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Gabonetako jaiak direla eta, nabarmendu du elikagaiak alferrik galtzea nazioarteko erakundeen eta Europako gobernuen agendan jasotako erronketako bat dela, gizartean, ingurumenean eta ekonomian duten eraginagatik.
Europako Batzordeak FutureFoodS lankidetza onartu du aurten, 84 erakunderekin, elikadura-sistemen eraldaketa bizkortzeko helburuarekin. FutureFoodS partaidetzaren inaugurazio-bilera Dijonen (Frantzia) egin zen 2024ko ekainaren 19an, eta 120 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen. Elikadura Sistemei buruzko lankidetza horrek, Horizon Europe Ikerketa eta Berrikuntza programaren laguntzarekin, 29 herrialdetako 84 erakunde biltzen ditu, eta Frantziako Ikerketa Agentzia Nazionalak (ANR) koordinatzen du.
FutureFoodS-en misioa Europar Batasuneko elikadura-sistemen eraldaketa bizkortzea da, seguruak, iraunkorrak, osasungarriak, erresilienteak eta konfiantzazkoak direla ziurtatuz eta, aldi berean, planeten mugak errespetatuz. Ekimen hori bat dator Europako Itun Berdearen helburuarekin, hau da, bidezko elikadura-sistema osasungarriak eta ingurumena errespetatzen dutenak sortzeko helburuarekin, ekoizpen primariotik kontsumora arte.
Hauek dira lankidetzan egingo diren ekintzetako batzuk: Ikerketa eta Berrikuntzarako deialdi irekiak, horietako lehena 2024aren amaierarako aurreikusita, Europako Elikadura Sistemen behatoki berria, Ezagutza trukatzeko ekitaldiak eta Living lab-ak.
Bi inplikazio-modalitate daude: finantzatzaile gisa parte hartzen duten erakundeak eta ikerketa garatzen dutenak. ELIKAk finantzatzaile gisa parte hartzen du beste 42 erakunderekin batera. Ikerketa egiten dutenak 41 dira guztira, eta horien artean dago AZTI. Lankidetzak 525 milioi euro inguruko finantzaketa izango du hurrengo 7-10 urteetan; horietatik 175 milioi euro Europako Batzordeak finantzatzen ditu, eta 350 milioi euro erakunde finantzatzaileek. Eusko Jaurlaritzak, ELIKAren bidez, I+G erakunde publiko-pribatuak finantzatuko ditu, baldin eta estatu arteko partzuergoak osatuz proiektuak aurkezten badituzte edo horietan parte hartzen badute.
Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)
EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea