Azken berrikuntzen berri emateko, Eusko Jaurlaritzak eta European Forest Institutek (EFI), Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den NEIKER zentro teknologikoaren laguntzarekin, 2023ko Bioekonomiaren Berrikuntza Jardunaldia egin dute gaur goizean Bilbon.
Jardunaldian izan dira, besteak beste, Ananya Manna, Bioekonomia Zirkularraren Europako Funtseko (ECBF) Inbertsioen zuzendaria, Leire Barañano, NEIKEReko zuzendari nagusia eta EFIko (Europako erreferentziazko erakundea baso-ikerketan) zuzendaritza-batzordeko presidenteordea, eta Inazio Martínez de Arano, Bioregions Facilityko koordinatzailea. Bioreskualdetarako Funts hori EFIren mende dago, eta eskualdez gaindiko lankidetza sustatzen du, basoetan oinarritutako bioekonomia zirkular iraunkor eta integratzaile baterako.
Ekitaldiari hasiera emateko hitzaldian, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak, Bittor Oroz-ek, honako hau adierazi nahi izan du: "jardunaldi honek aukera eman du Euskadin egiten ari diren eta lurraldea Europako gune bioekonomikoetako bat bezala azalarazten ari diren proiektu garrantzitsuenetako batzuk Europako lankideekin partekatzeko".
Europako ezagutza-sare bat
Ekitaldian bioekonomiaren berrikuntzaren arloko Europako eragile nagusietako batzuek parte hartu dute, ikerketa, baso-kudeaketa, industria, enpresak, finantzak, gobernua edo gizarte zibila bezalako esparruetatik etorritakoak.
Jardunaldian zehar, Alemania, Belgika edo Irlanda bezalako herrialdeetako europar eskualdeetan bioekonomia eta baso-kudeaketa jasangarria bizkortzen eta babesten arrakasta izan duten kasuetako batzuk partekatu dira.
2022ko urrian, Eusko Jaurlaritzak Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Plana onartu zuen, Europako Itun Berdearekin lerrokatutako ekimena, lehengaien kontsumoaren eraginkortasuna sustatzea, hondakinak murriztea eta ekoizpen garbia optimizatzea helburu duena. Besteak beste, plan honek aurreikusten du produktibitate materiala % 30 handitzea, hondakinen sorrera-tasa % 10 murriztea eta Euskadi Europako ekonomia zirkularreko liderren artean kokatzea.