- Euskadin 250.000 pertsona bizi dira uholdeekiko kalteberak diren 500 urteko errepikatze-denborako eremuetan
- Tapia: “Uholdeei aurre egiteko inbertitzen den euro bakoitzeko 1,9 euroko gastua saihesten da kalteak konpontzeko”
URAk % 18 murriztu du uholde-arriskuaren eraginpean dagoen populazioa, eta lotutako kalte ekonomiko potentzialen % 16a, Euskadin, 2015-2021 aldian. Hala, uraren euskal agentziak 2022-2027 aldirako ezarri duen erronka uholdeek eragindako biztanleria % 40 murriztea da. Gaur goizean Uraren Euskal Agentzian uholdeen kudeaketa zaintzen duen talde teknikoarekin izandako lan-saioan emandako konpromisoa da, Uraren Euskal Agentziak Gasteizen duen egoitza nagusi berrian. Bertan parte hartu dute Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak; Amaia Barredok, Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuordeak; eta Antonio Aizek, URAko zuzendari nagusiak.
Eusko Jaurlaritzak, URAren bidez, 92,6 M € inbertitu ditu 2015 eta 2021 artean uholdeei aurre egiteko lanetan. Horri dagokionez, nabarmentzekoa da uholde-arriskua nabarmen murriztu dela Zallako Mimetiz auzoan; Ibaizabal ibaian, Galdakaon eta Basaurin; Gobela ibaian, Getxon; Oria ibaian, Villabona parean; Urumean, Donostiako Martuteneko auzoan eta Hernaniko Karabel auzoan; edota Zadorran, Gasteizko iparraldetik igarotzen den zatian.
Uholde-arriskuari buruzko azterketak 10, 50, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborekin egiten dira. Horrela, analisian denbora-esparru handiagoa kontuan hartuta, uholde bat gertatzeko probabilitatea txikiagoa da, baina horri lotutako kalte potentzialak nabarmen handiagoak. Euskadin 250.000 pertsona bizi dira uholde-arriskua duten eremu bulneragarrietan (500 urteko errepikatze-denborako uholdeak).
Datozen urteetarako erronka uholde-arriskuaren eraginpean dagoen biztanleria % 40 murriztea da. Ildo horretan, URAk aurreikusi du 2027ra bitartean 101 milioi euro inguru inbestitzea uholdeen aurkako defentsa-obretarako, hogeitik gora defentsa-lan berri abiaraziz. Gainera, obra hauen exekuzioa azeleratzeko eta bultzada emateko Next Generation programarako funtsak eskatu ditu. Lan horiek egikaritzeak uholde horiei lotutako kalte ekonomiko potentzialak % 35 eta % 38 artean murrizteko aukera emango dute.
