Azpiazuk PERTE autonomikoak proposatu ditu, berreskurapen eta erresilientzia mekanismoaren izaera eraldatzailea indartzeko eta proiektuak hainbat ministerioren artean zatitzea saihesteko

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari proposatuko dio figura berri bat sortzea: PERTE autonomikoak. Horien helburua izango da kudeaketa erraztea eta Espainiako Berreraikuntza, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean jasotako berreskurapen eta erresilientzia mekanismoko (MRR) funtsak eskuratzean ministerioek proiektuak zatitzea saihestea. Planteamendu horren bidez, autonomia-erkidegoen indarguneetan finkatu nahi da beharrezko eraldaketa, eta, horregatik, aurreikusitako ekintzek espezializazio adimenduneko estrategiak baliatu behar dituzte; estrategia horiek Europak bermatzen ditu, gainera, bere eskualde-politikaren esparruan.

 

Euskadi, bere RIS3 estrategiari esker, osasun pertsonalizatuan, energia garbiagoetan eta industria adimendunean espezializatu da: "Globalki lehiatzeko aukera emango diguten esparruak dira", adierazi du Azpiazuk.

 

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, sailburuak aurreratu du figura berri hori maiatzean aurkeztuko den Euskadi Next programaren bigarren bertsioan sartuko dela. "Autonomia-erkidegoen indarguneak aprobetxatzea proposatzen dugu, eraldaketa sostengatzeko eta bultzatzeko akuilu gisa", azaldu du. Era berean, Europako funtsen erabileran osagarritasuna eta koherentzia indartzen ditu figura horrek.

 

2014-2020 aldirako Europako Batzordearen urte anitzeko finantza-esparrutik abiatuta, autonomia-erkidegoek espezializazio adimenduneko estrategiak dituzte, eta Batzordeak berak bultzatu zituen estrategia horiek kohesio-politikaren eta egitura-funtsen erabileraren esparruan. Euskadik berehala hartu zuen estrategia hori, batez ere 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren bidez (ZTBP), eta duela gutxi berritu du ZTBP 2030ekin. Gainera, Euskadiko RIS3 espezializazio adimendunaren estrategia guztiz bat dator Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoarekin, funts horiekin eraldaketa bikoitza sustatu nahi baitu: energetiko-ekologikoa eta digitala.

INFORMAZIO GEHIAGO