Eusko Jaurlaritzak eta Munduko Itunaren Sareak Euskadi 2030 Agendari buruzko prestakuntza-saio bat antolatu dute enpresentzat

Argitalpen-data: 

Asmoa da Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) inguruko prestakuntza- eta kudeaketa-tresnak eskaintzea klusterretako bazkide diren enpresei

Eusko Jaurlaritzak eta UN Global Compact–Munduko Itunaren Espainiako Sareak klusterretan integratutako euskal enpresei zuzendutako prestakuntza-saio telematiko bat antolatu dute datorren irailaren 24rako. Sai horretan mintzagai hartuko da Agenda 2030, hots, ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetan garapen jasangarria sustatzeko nazioarteko proiektua.


Eusko Jaurlaritzak Lehendakaritzaren eta Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren (SPRI taldearen bidez) bitartez antolatzen du ekitaldi hori, helburutzat harturik Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) inguruko prestakuntza- eta kudeaketa-tresnak eskaintzea klusterretako bazkide diren euskal enpresei.


Jardunaldi horretan Agenda 2030 aurkeztuko da eta orobat azalduko da nola inplementatzen den enpresa sektorean. GJHetarako prestakuntza- eta kudeaketa-plataformak ere aurkeztuko dira. Tresna horiei esker errazago identifikatzen dira lehentasunak eta xedeak eta adierazle eta metrika garrantzitsuak, errazago definitzen da GJHak inplementatzeko barne-estrategia eta idazki bat prestatzen da Jasangarritasun-memoriaren edo Aurrerapen Txostenen bidez.


Saioan izena emateko, jo web orri honetara: https://register.gotowebinar.com/register/1446530000733575180


Eusko Jaurlaritzak hainbat ekimen bultzatu ditu Agenda 2030 abiarazteko. Iaz, Gasteizen, gai honi buruzko udako ikastaro batean parte hartu zuen Nazioartekotzeko Agentziako (SPRI Taldean integratutako erakunde publikoa) zuzendariaren bitartez, zeinak aipatu zuen Agenda 2030 “gelditzeko iritsi dela”.


Kluster politiken arlo espezifikoari dagokionez, azken bi urteetan hainbat ekimen garatu dira GJHen inguruko gaikuntza sustatzeko eta GJHak bultzatzeko, adibidez, lantalde bat jarri da martxan “balio partekatua, GJHak eta erronka sozialak” lantzeko, non parte hartzen duten Euskadiko Kluster Dinamizatzaileek, SPRI Taldeak eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak. Jasangarritasunaren Euskal Legeari buruzko eztabaidak eta bestelako jarduerak ere egin dira.


Klusterrek eurek ere lan handia egin dute alor honetan: zabalkunde-ekintzak eta lantaldeak antolatu dituzte, GJHen inguruko auto-diagnostikoa egiteko proiektuak eta tresnak egin dituzte ETEentzat eta gidaliburuak prestatu dituzte enpresan GJHak lehenesteko. Gainera, kluster batzuek euren plan estrategikoak eguneratu dituzte GJHak sartzeko euren kudeaketa-sistemetan eta estrategietan.

 

Informazio gehiago