Euskadi Next 21-26 programak 8 eremu estrategikoetako 200 inbertsio inguru biltzen ditu eta Europatik 5.700m/" jasotzea aurreikusten du

Argitalpen-data: 

Euskadi Next 21-26 hiru Foru Aldundiekin eta hiru euskal hiriburuetako udalekin koordinatuta egin da, eta Euskadiko Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko 16 Proiektu Estrategiko (EEBEPE-PERTE) identifikatzen ditu.

Europako finantzaketak eta EAEko administrazioen aurrekontuek eta inbertsio pribatuak emandakoak, guztira 13.135M/€ aktibatuko lituzkeke Euskadin datozen 5 urteetan.

Euskadi Next barruan energia eta ekologia trantsiziora bideratutako neurriak % 63 dira, eta trantsizio digitalera bideratutakoak, berriz, % 21.

Eusko Jaurlaritzak aste honetan helaraziko dio Espainiako Gobernuari, Europara bidaliko duen plan nazionalean sar dezan.

Gobernu Kontseiluak Euskadi Next 21-26 programa onartu du. Euskadiren berreskurapenerako, eraldaketarako eta erresilientziarako inbertsio programa da, eta Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiekin eta hiru hiriburuetako udalekin koordinatuta, Espainiako Gobernuari helaraziko dio, Next Generation EU funtsak, Berreskurapenerako eta Erresilientziarako Mekanismotik –BEM- datozenak, zehatzago esanez, eskuratzeko Europara bidaliko duen Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia planan sar dezan. Hala, euskal programaren lehen bertsioak 188 inbertsio jasotzen ditu 8 eremu estrategikotan (osagaiak) –horien artean Euskadiko Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko 16 Proiektu Estrategikoak nabarmendu behar dira–, eta BEM-MRR funtsen 5.702,6 M/€ jasotzea aurreikusten da. Kopuru horrek eta euskal administrazioen aurrekontuek eta inbertsio pribatuak emandakoak, 13.135M/€ aktibatuko lituzkete Euskadin datozen 5 urteetan.

Programa honen erronka nagusia Euskadi berdea, digitala eta inklusiboa eraikitzen jarraitzea da. Dokumentu bizia da, eta apirilaren 30era arte dago osatzen jarraitzeko epea. Helburua, egiturazko aldaketa dakarten eta erresilientzia ekonomikoan eta sozialean, jasangarritasunean, epe luzeko lehiakortasunean eta enpleguan eragin iraunkorra duten proiektuak babestea da. Energia eta ekologia trantsiziora bideratutako Euskadi Next neurriek BEM-MRR izenekoen % 63 hartzen dute –Europak markatutako % 37 gainditzen dute–, eta trantsizio digitalera bideratutakoek, berriz, % 21 –Europar Batasunak ezarritako atalasea baino puntu bat gehiago–.

“Euskadik plan propioa eta estrategikoa du gaur egun, eta Espainiako Gobernuari helaraziko dio, lankidetzarako bokazioarekin, Euskadin ilusioz, uste sendoz eta irmotasunez aurre egingo diogun datozen urteetako erronkari arrakastaz erantzuteko”, adierazi du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak.

Euskadi Next osatzen duten 8 alderdiak koherenteak dira Europako Batzordeak adierazitako zazpi esparru enblematikoekin, eta Espainiako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean identifikatutako hamar palanka-politikarekin eta 30 osagaiarekin. Hauek dira:

Pertsonen osasuna eta zaintza.
Bizialdi osoko ikaskuntza.
Energia berriztagarrien sorkuntza.
Mugikortasun jasangarria
Administrazioen, enpresen eta balio-kateen digitalizazioa eta berrikuntza.
Hiri-habitata.
Habitat naturala eta hondamendi naturalen prebentzioa
Ekonomia zirkularra

Informazio gehiago