Euskadi Next 21-26 programak 8 eremu estrategikoetako 200 inbertsio inguru biltzen ditu eta Europatik 5.700m/" jasotzea aurreikusten du

EUSKADINEXT-img-pantalla-1280x720.jpg

2020.eko abenduak 29

  • Euskadi Next 21-26 hiru Foru Aldundiekin eta hiru euskal hiriburuetako udalekin koordinatuta egin da, eta Euskadiko Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko 16 Proiektu Estrategiko (EEBEPE-PERTE) identifikatzen ditu.
  • Europako finantzaketak eta EAEko administrazioen aurrekontuek eta inbertsio pribatuak emandakoak, guztira 13.135M/€ aktibatuko lituzkeke Euskadin datozen 5 urteetan.
  • Euskadi Next barruan energia eta ekologia trantsiziora bideratutako neurriak % 63 dira, eta trantsizio digitalera bideratutakoak, berriz, % 21.
  • Eusko Jaurlaritzak aste honetan helaraziko dio Espainiako Gobernuari, Europara bidaliko duen plan nazionalean sar dezan.

Gobernu Kontseiluak Euskadi Next 21-26 programa onartu du gaur. Euskadiren berreskurapenerako, eraldaketarako eta erresilientziarako inbertsio programa da, eta Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiekin eta hiru hiriburuetako udalekin koordinatuta, Espainiako Gobernuari helaraziko dio, Next Generation EU funtsak, Berreskurapenerako eta Erresilientziarako Mekanismotik –BEM- datozenak, zehatzago esanez, eskuratzeko Europara bidaliko duen Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia planan sar dezan. Hala, euskal programaren lehen bertsioak 188 inbertsio jasotzen ditu 8 eremu estrategikotan (osagaiak) –horien artean Euskadiko Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko 16 Proiektu Estrategikoak nabarmendu behar dira–, eta BEM-MRR funtsen 5.702,6 M/€ jasotzea aurreikusten da. Kopuru horrek eta euskal administrazioen aurrekontuek eta inbertsio pribatuak emandakoak, 13.135M/€ aktibatuko lituzkete Euskadin datozen 5 urteetan.

Programa honen erronka nagusia Euskadi berdea, digitala eta inklusiboa eraikitzen jarraitzea da. Dokumentu bizia da, eta apirilaren 30era arte dago osatzen jarraitzeko epea. Helburua, egiturazko aldaketa dakarten eta erresilientzia ekonomikoan eta sozialean, jasangarritasunean, epe luzeko lehiakortasunean eta enpleguan eragin iraunkorra duten proiektuak babestea da. Energia eta ekologia trantsiziora bideratutako Euskadi Next neurriek BEM-MRR izenekoen % 63 hartzen dute –Europak markatutako % 37 gainditzen dute–, eta trantsizio digitalera bideratutakoek, berriz, % 21 –Europar Batasunak ezarritako atalasea baino puntu bat gehiago–.

“Euskadik plan propioa eta estrategikoa du gaur egun, eta Espainiako Gobernuari helaraziko dio, lankidetzarako bokazioarekin, Euskadin ilusioz, uste sendoz eta irmotasunez aurre egingo diogun datozen urteetako erronkari arrakastaz erantzuteko”, adierazi du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak.

Euskadi Next osatzen duten 8 alderdiak koherenteak dira Europako Batzordeak adierazitako zazpi esparru enblematikoekin, eta Espainiako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean identifikatutako hamar palanka-politikarekin eta 30 osagaiarekin. Hauek dira:

  1. Pertsonen osasuna eta zaintza.
  2. Bizialdi osoko ikaskuntza.
  3. Energia berriztagarrien sorkuntza.
  4. Mugikortasun jasangarria
  5. Administrazioen, enpresen eta balio-kateen digitalizazioa eta berrikuntza.
  6. Hiri-habitata.
  7. Habitat naturala eta hondamendi naturalen prebentzioa
  8. Ekonomia zirkularra

Pertsonen osasuna eta zaintza (27 inbertsio)

Gizarte eta osasun arloko zerbitzuek eta zerbitzu sozio-sanitarioek bultzada behar dute COVID-19aren ondorioz osasun, ekonomia eta gizarte arloko krisiaren ondorioz sortu edo/eta nabarmendu diren erronkei banan-banan eta batera erantzuteko gaitasuna hobetzeko. Osasun- eta gizarte-trantsizioari lotutako erronkak dira, eta horietan arreta berezia eskaintzen zaie, alde batetik, adinekoei, bereziki kaltetutako kolektibo gisa, eta, bestetik, garapen teknologiko-digitalari, ezinbestekoa baita sortutako egoerari erantzun egokia emateko. Gainera, laguntzaren kalitatea bermatu nahi da, eta adinekoen etxeko eta gertuko inguruneko arreta indartu. Horretarako, adibidez, arretarako, zaintzarako eta laguntzarako tokiko ekosistemak sortu gura dira, eta pertsona ardatz duen arreta-eredu berri bat sustatu, adinekoak beren etxean bizitzea erraztuz eta zerbitzu eraginkorragoa eta efizienteagoa emateko profil profesional eta jarduera berriak definituz.

Eremu estrategiko horretan hiru EEBEPE-PERTE daude: Gipuzkoa Advanced New Therapies Territory (GANTT); OSASUNBERRI proiektua: COVID-19aren eta etorkizuneko pandemien kudeaketarako diagnostikoen eta terapien soluzio integrala; eta Zaintzen Ekonomia izeneko proiektua.

Bizialdi osoko ikaskuntza (8 inbertsio)

Aski ezaguna da gizarte oparoagoa, zuzenagoa, orekatuagoa eta kohesionatuagoa lortzeko hezkuntzak funtsezko eragile gisa duen eginkizun nagusia, herritar guztiek aurrerapen materialerako eta espiritualerako aukera berberak izan ditzaten. Are gehiago, aurrerapen tekniko eta digital azkar batek ekarritako disrupzioek markatutako egungo testuinguruak hezkuntzari gero eta arreta handiagoa ematera behartzen du, pertsonen bizitzako lehen urteetara mugatu ezin daitekeen eta haien bizi-ziklo osoan etengabeko arreta behar duen prozesu gisa.

Horrela, etengabeko ikaskuntza, pertsona batek bizitzan zehar, maila profesionalean zein pertsonalean, herritar aktibo, motibatu eta integratua izateko behar izan ditzakeen trebetasunak eta ezagutzak etengabe garatzeko aukera ematen duen tresna eraginkorra da.

Energia berriztagarrien sorkuntza (17 inbertsio)

Euskadi garapen iraunkorrarekin eta klimaren inguruan nazioartean adostutako helburuekin konprometitutako erkidegoa da. Eusko Jaurlaritzaren 2019ko uztaileko Klima-Larrialdiaren Adierazpenak indartu egin du konpromiso hori, eta Euskadi erreferentziazko erkidego gisa jarri du klima-aldaketaren aurkako borrokan. Energiaren arloan, agerian geratu da energia berriztagarrien aldeko apustu handiagoa egin behar dela, eta petrolioaren eratorrien zero kontsumoa lortzeko egin behar dela lan, sektore kontsumitzaileen artean energia alternatiboak sustatuz.

Euskadik energiaren arloan dituen beharrei dagokienez, kanpoko energia-mendekotasun handia du (% 90etik gorakoa, Europar Batasuneko herrialde gehienek baino askoz handiagoa); gas naturala eta petrolioaren eratorriak energia-eskari osoaren % 80 inguru dira; energia berriztagarrien kuota, berriz, % 7 ingurukoa izan da azken urteotan. Energiari buruzko Euskadiko politikaren oinarrizko zutabeak horniduraren segurtasuna, lehiakortasuna eta ingurumen-jasangarritasuna dira, eta karbono-emisio gutxiko ekonomia lortzera dago bideratuta.

Energia berriztagarria sortzeari dagokionez, hidrogenoaren ekonomia berriaren eta offshore energia eolikoaren aldeko apustua egiten da hiru proiektu estrategikoren bidez: hidrogenoaren Euskal Korridorea-BH2C, Eoliko Flotagarriaren Hub Industriala eta Teknologikoa, eta Hidrogenoaren balio-katea garatzeko proiektua: IBERLIZER.

Mugikortasun jasangarria (20 inbertsio)

Euskadik, Europako herrialde guztiek bezala, garapen jasangarria sustatzen duten politikak ezartzeko beharrari egin behar dio aurre, bai ekonomiaren aldetik, bai gizartearen eta ingurumenaren aldetik. Erronka horren aurrean, garraioa sektore estrategikoa da egungo eta etorkizuneko ingurumen-jasangarritasunean, eta, aldi berean, funtsezko elementua da garapen ekonomikoan. Euskadi, eredu ekonomiko eta energetiko berri baterantz aurrera egiten ari da. Eredu horrek erregai fosilak alde batera uztearen eta berotegi-efektuko gasen isurketen neutraltasunaren alde egingo du, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegietatik kostu txikiagoa duten garraiobideei lehentasuna emanez. Mugikortasun jasangarria eta adimenduna, “garraio berdea” izenekoa, etorkizuneko ekonomiaren parte da. Bost EEBEPE-PERTEk osatzen dute osagai hori: Basquevolt Gigafactory, Battery Pack Multimobility, Basque CCAM LAB, Mubil poloa: Mugikortasun Adimendunaren eta Jasangarriaren arloko erreferentziazko poloa, eta etorkizuneko mugikortasun jasangarrirako Smart Factory proiektua.

Digitalizazioa eta berrikuntza (68 inbertsio)

Ezaguna da Euskal Autonomia Erkidegoak mundura irekita egongo den industria- eta ekoizpen-sare indartsua garatzearen alde egin duen apustua. Sare horrek berrikuntzaren, bere giza baliabideen kualifikazioaren eta laguntzarako azpiegituren garapen egokiaren bidez produktibitatea hobetzearen alde egingo du, azken batean Euskadin oso errotuta dauden enpresak eta taldeak egotea bermatuz.

Horrela, ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza herrialde baten garapen ekonomikoaren funtsezko adierazleak dira, eta herrialde horren produktibitatea eta lehiakortasuna baldintzatzen dute. Hazkunde jasangarria eta iraunkorra lortzeko faktore erabakigarria ere badira. Azken hamarkadetan, Euskadik ahalegin publiko-pribatu handia egin du, Euskadiko espezializazio adimendunean oinarrituta, Euskadi Europako berrikuntza-polo bihurtzeko eta bere ekoizpen-sarearen trantsizio teknologikoa eta digitala errazteko lehentasunezko helburuarekin, gai hauetan aurrera egiteko, besteak beste: adimen artifizialean, big datan, gauzen Internet-ean, 5G teknologietan, sistema ziberfisikoetan eta zibersegurtasunean.

Osagai honetan hiru proiektu sartzen dira EEBEPE-PERTE kategorian: Basordako akuikultura-ekoizpenerako lurreko parkea, Basque Research & Technology Alliance proiektua (BRTA), eta Gipuzkoa Quantum proiektua.

Hiri-habitata (18 inbertsio)

Hiri-habitataren ikuspegitik, Euskadik aurrean dituen eta hiru eraldaketa energetiko-ekologiko, teknologiko-digital eta demografiko-sozial handien barruan dauden erronkek, inor eta ezein leku atzean utziko ez duten hiri eta herri erresilienteak, jasangarriak, adimentsuak, inklusiboak eta seguruak sustatu behar dituzte.

Europako erreferente bilakatuko den lurralde jasangarri, inklusibo, bizi, adimendun, orekatu, erlazionatu eta parte-hartzailea sustatzera bideratutako eredua garatu gura da. Hiri-sistemek karbono gutxiko energia-eredua sustatu behar dute, energia berriztagarriak eta mugikortasun jasangarria bultzatuz. Era berean, auzoetako hiri-espazioaren eta ekipamenduen baldintzak hobetu behar dira, energia-kontsumoa murriztuz eta energia berriztagarrietan oinarritutako azpiegiturak txertatuz. Era berean, sare digitalerako sarbidea orokortzeko eskuragarri dauden azpiegiturak zabaltzeko beharra planteatzen da. Hala ere, erronka, etengabe aldatzen ari den zenbait aldagai kudeatzeko gai izango den garapen jasangarria, inklusiboa eta adimentsua bermatu eta ahalbidetuko duten hirien eredu baterantz eboluzionatzea da.

Euskadi Next-ek egoera zaurgarrian dauden auzoetan esku hartzeko beharrari ematen dio balioa batez ere, baina Euskadiko lurralde osoari begiratzen dio, eremu hauetan: irisgarritasuna eta bizigarritasuna hobetzea, jasangarritasuna eta energia-balantze hutsa sustatzea, hurbileko ekipamenduak garatzea, ekosistema digitalak sortzea edo herritarren segurtasuna eta zibersegurtasuna bultzatzea.

Gainera, lehendik dagoen etxebizitza-parkea birgaitzea sustatu nahi da, etxebizitza hutsaren aurrean interes berezia jarriz. Lehentasunezko ekintza-eremu gisa, hiri-berroneratzea (arreta berezia jarriz pobrezia energetikorako arriskuan eta bizigarritasun-baldintzen hobekuntzan) eta etxebizitzako berrikuntza agertzen dira, eraikuntza adimenduna eta zero emisioko eraikuntza barne, irisgarritasuna, energia-eraginkortasuna eta eraikuntza jasangarria indartzeko, testuinguru demografiko-sozial eta energetiko-ekologiko berriaren aurrean funtsezkoak izango diren lanerako ildo gisa.

Osagai horrek egoera zaurgarrian dauden EAEko eremuetako hiri-berroneratze integralaren proiektu estrategikoa jasotzen du. Proiektu horren helburua susperraldi ekonomiko jasangarri, uniforme eta inklusiborako prozesua bultzatzea da, behar gehien dituzten eremuetan esku hartuz.

Habitat naturala eta hondamendi naturalen prebentzioa (18 inbertsio)

Euskadik ahalegin handia egin du 1980ko hamarkadaz geroztik ingurumenaren egoera orokorra eta, batez ere, bere habitat naturala berreskuratzeko. Gaur onartutako programak ingurumena babesteko hainbat politika biltzen ditu, Europako politiken eta jarraibideen ildotik, ingurumen-adierazleen kalitatea eta biodibertsitatearen defentsan eta errespetuan gauzatutako jarduerak nabarmen hobetzea ahalbidetzen duten politikak, hain zuzen ere. Uraren gaiari dagokionez, hainbat ekimen aurreikusten dira, hala nola edateko uraren eta baliabide hidrikoen sareen kudeaketa eraginkorra optimizatzea, ureztatze-sistemetan teknologia berriak aplikatzea edo hondakin-uren tratamenduan, saneamenduan eta arazketan hainbat jarduketa gauzatzea, uraren erabilgarritasuna eta kalitatea, uraren kudeaketa jasangarria eta saneamendu- eta arazketa-zerbitzuen hobekuntza bermatzera zuzendutako beste jarduketa batzuen artean.

Atal honetan sartzen da Hondamendi Naturalen aurreko Erresilientzia proiektu estrategikoa (RESINA). Proiektu horren bitartez, klima-aldaketaren ondoriozko meteorologia larriaren ondorioei aurre hartzeko teknologiak garatu nahi dira, hondamendi naturalen aurrean lurraldeko azpiegituren erresilientzia handitzeko.

 

Ekonomia zirkularra (12 inbertsio)

Euskadi Next programak paradigma-aldaketa bat bilatzen du ekoizteko eta kontsumitzeko moduan, eta ekonomia zirkularra bultzatzeko konpromiso sendoa erakusten du, materialen kontsumo arduragabea saihestuko duen eta produktuen eta materialen bizi-zikloari ahalik eta denbora luzeenean eutsiko dion garapen industriala eta teknologikoa babestuz. Gainera, ekonomia zirkularraren eredu berri hori diru-sarrera, enplegu eta berrikuntza iturri garrantzitsua ere badela, eta horrek Euskadiren lehiakortasuna eta hazkunde jasangarria hobetzea dakarrela uste dugu.

Aurreikuspenen arabera mobilizatuko den baliabide-bolumenaren garrantzia dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Industria-Lurzoruaren Balioztatzea izeneko proiektua azpimarratu behar da. Proiektu horren helburu nagusia EAE osoan industria-lurzorua berreskuratzea da, lurzoru kutsatuak, urpean gera daitezkeenak eta eraikin zaharkituak edo erdi abandonatuak birgaituz.

Maila anitzeko gobernantza

Euskadi Next programak Europako baliabideak optimizatzea du helburu. Horrela dago planteatuta, jakinda BEM-MRR ez dela kohesio-funts bat eta ez dagoela Europako eskualde-politikaren barruan. Dena den, Estatuak eta Autonomia Erkidegoek eskumen partekatuak dituztenez, autonomien estatuaren ereduak maila anitzeko gobernantza behar du, eskumen partekatuak edo propioak finantzatzen dituzten baliabideak diseinatzeko eta gauzatzeko.

Euskadi Next, laster hasiko den urte anitzeko 2021-2027 finantza-esparruari begiratzen dion ekarpena ere bada, eta Europako jatorriko baliabideen multzoa norabide berean lerrokatzeko dago pentsatuta, EBtik datozen funts guztien orientazioa bermatuz, trantsizio energetiko-ekologikoari, trantsizio digitalari eta gizarte-kohesioari lotutako erronkei aurre egiteko. BEM-MRR eta kohesio-funtsak (FEDER eta FSE) lerrokatzea helburu argia izan da euskal programa gauzatzeko orduan.

Euskadik hau proposatzen du:

  1. Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiak (FEDER funtsen egungo kudeaketa-agintaritza), BEM-MRR izenekoaren kudeaketa-agintaritza gisa jarduten duen bezala, Euskadin FEDERren bitarteko diren lau erakundeek (Eusko Jaurlaritza eta hiru Foru Aldundiak), BEM-MRRaren bitarteko erakunde gisa jardutea.
  2. FEDER funtsetarako lehendik dauden eta kontrastatu diren sistemak erabiltzea/egokitzea, Euskadi Next programa behar bezala ezartzen dela bermatzeko.
  3. Ogasun Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean hitzarmen bakarra sinatzea, eskualdeetako baliabideak Euskadira transferitzeko. Formula hori kontrastatuta dago jada FEDER funtsen

Maila anitzeko gobernantza-formula hori egingarria da Estatuko Autonomia Erkidego guztientzat, FEDERrean gertatzen den bezala.

 

Euskadiko udalen parte-hartzea

EAEko udalek hainbat bidetatik eskuratu ahal izango dituzte BEM-MRRtik datozen baliabideak, Europako baliabideek duten kapilaritate-ikuspegi argiarekin.

Lehenengoa Eusko Jaurlaritzak eta elkartutako erakundeek eta Foru Aldundiek zuzenean kudeatutako laguntza-deialdien bidez egingo da, eta udalak izango dira onuradunak. Laguntza horiek Euskadiko udalek jada ezagutzen eta erabiltzen dituzten deialdien bitartez bideratuko dira, eta BEM-MRRtik datozen baliabide gehigarriak izango dituzte, lurzoru kutsatuekin, klima-aldaketarekin, natura-ondarearekin, ekonomia zirkularrarekin edo jasangarritasunerako hezkuntzarekin erlazionatutako ekimenak gauzatzeko, besteak beste. Hori da, halaber, Ihobek kudeatutako laguntzen kasua. Laguntza horiek, ohikoa denez, klima-aldaketa arintzera eta horretara egokitzera, natura-ondarea kontserbatzera eta hobetzera, ekonomia zirkularra bultzatzera eta baliabideak eraginkortasunez erabiltzera egongo dira zuzenduta, besteak beste. Foru Aldundiek, bestalde, udalei zuzendutako deialdiak antolatu ahal izango dituzte, kirol-azpiegiturak hobetzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak egin gura duen bezala.

Bigarrenik, badago Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek aurreikusitako inbertsioen onura zuzena euskal udalek jasotzeko bide bat. Horrela, Euskadi Next programak udal-izaera nabarmena duten jarduketa-ildoak jasotzen ditu, hiri-habitataren osagaian behar bezala jasota dauden URA-Uraren Euskal Agentziaren azpiegitura-obrak, besteak beste.

EEBEPE-PERTE izenekoen mailan ere bermatzen da udalen presentzia, eta hiru lurralde historikoetako 22 euskal udalerrik zuzenean hartzen dute parte EAEn egoera zaurgarrian dauden eremuetako Hiri Berroneratze Integraleko Proiektuan. Azkenik, hirugarren bidea Estatuarekin zuzenean dagoen bide izango da; izan ere, 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruz dagoen informazioaren arabera, Toki Erakundeek zuzeneko transferentziak izango dituzte.

Udalek Euskadi Next gobernantza-ereduan duten parte-hartzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren, Foru Aldundien eta Eudelen arteko etengabeko koordinazio-organo bat sortzea aurreikusten da, Europatik datozen baliabideen artean, euren berreskuratze eta erresilientzia proiektuetarako erabil ditzaketenak eskuratzeko udalek dituzten bideak zein diren uneoro jakin ahal izateko behar den informazio-fluxua bermatzeko.

Informazio gehiago