LAPen genero-ikuspegia sartzea

 

 

Laneko arriskuen prebentzioan (LAP) genero-ikuspegia sartzea “Genero-ikuspegia kontuan hartzen duen laneko osasuna eta soldata-tartea” jardunaldiaren leitmotiva izan da. Jardunaldia joan den azaroaren 28an egin zen Bilboko Euskalduna Jauregian, Osalanen, Lan eta Justizia Sailaren eta Emakunderen antolakuntzapean.

Emakundek bultzatzen duen Berdintasunerako Foroaren barruan kokatutako jardunaldiaren hasierako ekitaldian, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Jon Azkuek, Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, eta Osalaneko zuzendari nagusiak, Alberto Alonsok, parte hartu zuten. Hasteko, Alberto Alonsok esan zuen ”onartezina” dela balio bereko lanetan soldata desberdinak jasotzea generoaren arabera.

Agerraldietan, nabarmendu egin zen honako honexen aurka borrokatu beharra dagoela: lan-merkatuaren segregazio horizontala, lanaren banaketa sexualaren ondorioz emakumeak eta gizonak sektore eta jarduera desberdinetan kokatzen direlako; lanaren segregazio bertikala, horren ondorioz gizonentzako eta emakumeentzako lan-baldintzak desberdinak direlako, emakumeek sarriagotan lan egitean behe-prestakuntzako eta erantzukizun txikiagoko enpleguetan; eta lan-ezegonkortasuna, lanaldi partzialeko eta ordainsari txikiagoko lanetan gizonak baino emakume gehiago daudelako.

Baldintza desberdinak

Halaber, nabarmendu egin zen gizonek eta emakumeek baldintza eta jarrera sozial zein ekonomiko desberdinak dituztela lanari dagokionez, ekoizpenaren dimentsioan (enpleguan) nahiz ugalketaren dimentsioan (etxeko eta zainketetako lanean). Hori dela eta, laneko osasunaren arloan arrisku eta arazo desberdinak ere badituztenez, oso-oso kontuan hartu behar dira arriskuak ebaluatzen direnean.

Horrez gain, enpresetako eta erakundeetako prebentzio-jarduera ez da modu berean iristen gizon eta emakumeengana. Emakume langileek enpresan laneko segurtasun eta osasunarekin lotuta garatutako jardueretan duten partaidetza gizon langileena baino askoz txikiagoa da, azterketa medikoetako eta prestakuntzako jardueretan izan ezik.

Modu berean, genero-ikuspegia istripuen azterketan kontuan hartu beharra zegoela ere azaldu zen. Gizonen eta emakumeen istripuen artean dauden ageriko aldeak azaltzeko, jarduerakako banaketan dauden aldeak hartu behar dira kontuan, baita sexu bakoitzak gehienbat bere gain hartzen dituen okupazioak ere. Alde horretatik, istripuak aztertzeko orduan, hobe da faktore horiek kontuan hartzea, baita, besteak beste, txirotasunaren feminizazioari buruzko datuak ere.

Jardunaldi horretan, beste gai batzuk ere jorratu ziren; esate baterako, genero-ikuspegia kontuan hartzen duen lanpostu-balioespena eta enpresetako jazarpen sexualaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurkako protokoloak. Horrez gain, Lan Ikuskaritzak 2019an genero-ikuspegia kontuan hartuta garatutako jarduketak aurkeztu ziren, baita laneko arriskuen prebentzioan genero-ikuspegia sartzeko jarraibideen ezarpenerako proiektu eredugarriaren emaitzak ere.