Hizkuntza gutxituen aktibazio esperientzien erdigune bihurtu da Donostia, NPLD-Coppieters Campusa hartuta

Argitalpen-data: 

  • Gaur eta bihar bitartean, hainbat hizkuntza-komunitateko ordezkarien bilgune da Miramar Jauregia: katalana, friulera, frisiera, galesera, galegoa, ladinoa, bretoiera, suediera, irlandera eta euskara.
  • Aktibazio esperientzien artean Euskaraldia da Campusaren protagonistetako bat, Kataluniako negozioen arloko eta Galeseko familia barneko transmisio proiektu banarekin batera.

 Aurkezpen guztiak zuzenean jarraitu daitezke streaming bitartez https://npldtv.nirestream.com/

2019ko NPLD-Coppieters Campusak gaur ekin dio Donostian, NPLD Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarrak, Coppieters Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatuta, eta Kataluniako Generalitatearen, Galesko Gobernuaren eta Frisiako probintziaren babesarekin. “Activating the social use of minority languages” (Hizkuntza gutxituen erabilera soziala aktibatuz) izenburupean, gaur eta bihar bitartean hainbat hizkuntza-komunitateko ordezkarien bilgune izango da Miramar Jauregia: katalana, friulera, frisiera, galesera, galegoa, ladinoa, bretoiera, suediera, irlandera eta euskara.

Campus-aren irekiera ekitaldia gaur goizean izan da eta bertan parte hartu dute Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bethan Webb Network to Promote Linguistic Diversity-ko lehendakariordeak eta Iñaki Irazabalbeitia Coppieters Fundazioko kideak.

Campusean, hizkuntza-politiken plangintzan ardura duten ordezkariak bilduko dira, baita hizkuntza gutxituen arloan lan egiten duten askotariko erakundeetako kideak ere (elkarteak, unibertsitateak, ikerketa-zentroak etab.). Bere helburua da, leku ezberdinetan hizkuntza gutxituen erabilera soziala aktibatzeko egiten ari diren esperientziak aurkeztea eta eztabaidatzea. Era berean, parte-hartzaileentzat elkargune bat izateaz gain, Campusa, hizkuntza-politiken planifikazioaren eta ebaluazioaren inguruan praktika onak partekatzeko espazioa ere izango da.

Bi egunetako saio monografikoa izango da Campusa, esperientzia euskaldun, katalan eta galestar ezberdinekin. Campusaren hasierako zatian, parte hartzaileek Euskaraldia aurkeztu eta aztertuko dute ikuspuntu ezberdinetatik: proiektuaren oinarri teorikoa, diseinua eta metodologia, komunikazioa, koordinazioa, etab. Bigarren zatian, katalana izango da aztergaia, batez ere, negozioen munduan duen erabilera. Amaitzeko, hirugarren zatian, galesa izango da hizkuntza protagonista, izan ere, familia barnean ematen diren aktibazio esperientziak aurkeztuko dituzte, belaunaldi ezberdinen artean hizkuntza transmititzeko orduan.

Eguerdian prentsaurreko bat egin dute Miramar Jauregian bertan, programa osoaren berri emateko. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Europa mailan hizkuntza ez-hegemonikoen arteko elkarlana bultzatzearen garrantzia nabarmendu nahi izan du: "Euskararen inguruko elkarlana funtsezkoa izan da euskararen biziberritze prozesuan. Azken urteotan, lankidetza hori bereziki bizia eta sakona izaten ari da, eta erakusten ari zaigu beste erakunde batzuekin eta euskalgintzarekin lan eginez indartsuagoak garela. Dena den, gaur egungoa bezalako testuinguru globalizatu batean, uste dugu beharrezkoa dela elkarlan hori gure mugetatik haratago eramatea, eta uste dugu Europak lehentasuna izan behar duela estrategia horren barruan. Beste hizkuntza eta kultura askorekin partekatzen ditugu kezkak eta asmoak. Azken hamarkadetan euskararen inguruan bultzatu dugun lana beste hizkuntzentzat erreferentzia izan daitekeen modu berean, beste esperientzia batzuetatik asko ikas dezakegula uste dugu. Horregatik, hain zuzen ere, oso garrantzitsuak dira egunotan Donostian dugun foroaren modukoak".

Bethan Webb NPLDko lehendakari ordeak ere, Campus honen gisako hitzordu partekatuek duten garrantzia izan du hizpide: “Donostian ospatu den bezalako Campusek balioa handia dute guretzat. Batak-bestearengandik asko dugu ikasteko”. Testuinguru horretan euskararen eredugarritasuna ere aipatu du Webb-ek. Azkenik, Iñaki Irazabalbetia Coppierters Fundazioko kideak elkarlanaren balioa azpimarratu du: “Elkarlanetik fruitu oparoak atera daitezke, horrela izan zen, iaz, lehenengoz egin genuen Campusean eta horrelakoa izatea espero dugu aurtengoa ere”.

Honakoa, Campusaren bigarren edizioa da, lehenengoa, Udinen, Friulin (Italia iparraldea), egin zen iaz, eta hizkuntza-politiken planifikazioa eta ebaluazioa izan zituen gai nagusi moduan. Bertan 17 hizkuntza-komunitateko 54 ordezkari bildu ziren (irlandera, galesera, friulera, mochenoa, zinbriera, ladinoa, sardiniera, euskara, katalana, suediera, finlandiera, frisiera, korsikera, okzitaniera, galiziera, breotiera, italiera). ARLeF (Friulerarako Eskualde Agentziak) , NPLD sareak eta Coppieters Fundazioak antolatu zuten lehengo edizio hura, Udineko Unibertsitatearen babesarekin.

 

  Informazio gehiago