Etxebizitza publikoaren arloan Europako aditu gailenek debate batean jardungo dute Bilbon arrazoizko alokairuaren politikei buruz

Argitalpen-data: 

  • “Soluzioak arrazoizko alokairuaren erronkari” Jardunaldia azaroaren 28an egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian.
  • García Montalvo katedradunak, Parisko Alkatetzako Etxebizitzako arduradunak, Housing Europa-ko idazkariak eta Europako beste aditu gailen batzuek parte hartuko dute elkarraldian.

Zer egin dezakete administrazio publikoek alokairuaren burbuila geldiarazteko? Bideragarria eta eraginkorra da errentamenduei gehienezko prezioak inposatzea? Zer politika publiko behar da etxebizitzaren arloan? Horiek dira galderetako batzuk, hilabete honetako datorren 28rako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren menpeko Etxebizitzako Euskal Behatokiak antolatu duen analisi-jardunaldian erantzuten saiatuko direnak, Bilbon.

“Soluzioak arrazoizko alokairuaren erronkari” da elkarraldiaren lema. Hala, Euskalduna Jauregian egingo den elkarraldi honetan Europa mailan etxebizitzaren arloko izen handiko adituak bilduko dira eta bertan errepasatuko dira alokairuko etxebizitza-parke publikoen sorkuntzan izandako esperientzia arrakastatsuak, Vienan, Berlinen edo Parisen, besteak beste. Jardunaldi honetan parte hartuko dute: Ian Brossat, Parisko Alkatetzako arduraduna Premiazko Etxebizitzaren eta Alojamenduaren arloan; Alexis Mundt, etxebizitza konparatuko politiketan aditua,Vienako Eraikuntza eta Etxebizitza Institutuan; Reiner Wild, Berlingo Maizterren Elkarteko zuzendari nagusia, eta Sorcha Edwards, Housing Europa-ko idazkari nagusia.

Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak inauguratuko du jardunaldia eta hasiera emango diotenak dira Gonzalo Bernardos, Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea, eta José García Montalvo, Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea. Gure herrialdeko alokairuaren merkatuaren oraingo egoerari helduko diete, eta egokientzat dituzten neurriak garatuko dituzte populazioaren gehiengoarentzat arrazoizko prezioan alokairuak sustatzeko. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik eta Plangintzaren eta Prozesu Operatiboetako zuzendari Mario Yoldik alokairu soziala bultzatzeko Etxebizitza Saila Euskadin martxan jartzen ari den jarduerak azalduko dituzte.

Arratsaldean mahai-inguru bat egingo da alokairuaren merkatuko interbentzio-bide posibleei buruz eta bertan parte hartuko dute: Jaime Palomera, Bartzelonako maizterren Sindicat de Llogaters-eko ordezkaria; Francisco Javier Martín, Espainiako Gobernuko Arkitektura, Etxebizitza eta Lurzoruko zuzendari nagusia; Iker San Romá, Casa Alternativa taldeko sortzailea; Alejandra Mora, Locare higiezinen agentziako zuzendaria, eta Mario Yoldi.

Jardunaldirako sarbidea librea eta doakoa da, aldez aurretik izena emanda Etxebizitzako Euskal Behatokiaren web-orrian: https://etxebizitza.blog,eus/ (leiho berri batean irekitzen da)