'Ikuspen handiko txaleko islatzaileak' ikuskapen-kanpainaren emaitzak

Xedea

Egiaztatzea merkatuko txaleko islatzaile guztiek betetzen dituztela etiketa- eta segurtasun-eskakizunak, aipatutako arauetan jasotakoak; zehazkiago esanda, honako hauek:

  • Denek edukitzea CE marka.
  • Derrigorrezko informazioa hizkuntza ofizialean ematea.
  • Ikuspen handiko ekipoak diren aitorpena zuzena izatea.
  • Jasotako laginek betetzea ezarritako etiketa- eta segurtasun-eskakizunak.

Noiz egin den

2011ko irailaren 15etik 27ra bitartean, biak barne. Kanpaina hori beste autonomia erkidego batzuekin eta INCrekin (Nazioko kontsumo-institutua) koordinatuta antolatzen diren programen esparruan dago.

Egindako jarduerak

Kontrolatu beharreko produktua II motako norbera babesteko ekipamendua (NBE) da eta, funtsezko eskakizunekin bat datorrela irizten da, baldin eta CE markadun txalekoa baldin bada, eta fabrikatzaileak marka hori kreditatu baldin badezake kontrol-organismoaren adostasun-aitorpen eta ziurtagiri bidez, horiekin azaltzen baita ereduzko CE-azterketan adostutako arauekiko onespena.

  • Arauzko 5 laginketa, ikuspen handiko eta II motako txaleko islatzaileen beste bost produkturi dagozkienak.
  • Establezimenduak: Azalera handiak, automobilentzako pieza aldagarrien dendak, denda berezituak, Dena ehunean dendak, handizkako establezimenduak, babeserako eta lanerako eta eraikuntzako eta herri-lanetako materiala saltzen duten establezimenduak.
  • Aurreikusitako ikuskapen-protokoloak: 15 protokolo.

Emaitzak

1.- 15 ikuskapen-protokoloak egin dira, eta programatutako arauzko 5 laginak ere hartu dira, eta, beraz, programatutako helburuaren % 100 bete da.

  • Azalera handiko establezimenduetan, autoetarako ordezko piezak saltzen dituzten dendetan, eta prezio txikiko dendetan egin dira jarduerak.

2.- Ikuskatutako txaleko guztiek zuten EE marka.

3.- Etiketan nahitaezko informazioa. Ikuskatutako txalekoen % 94,57tan azaltzen dira etiketan fabrikatzailearen datuak, marka, txalekoaren neurria, aplikagarri zaion UNE araua, garbitzeko jarraibideak, mantentze- eta garbiketa-lanak nola egin.

4.- Ikuskatutako produktuen % 60k ez du azaltzen informazioan fabrikatzailearen helbidea.

5.- Enbalatuta zetozen txaleko guztiek (% 33,33k) zuten enbalajean EE marka.

6.- Fabrikatzailearen informazio-liburuxka.

  • Txalekoen % 83,33k ematen ditu fabrikatzailearen identifikazio- eta helbide-datuak.
  • Erabilera-, mantentze-lanetako, biltegiratzeko eta garbitzeko argibideak behar bezala ageri dira txalekoen % 93,33tan.
  • Fabrikatzaileak, informazio-liburuxkan, identifikazio-datuen, helbidearen eta txalekoak aplikagarri zaizkion UNE arauak betetzen duela egiaztatu duen jakinarazitako kontrol-erakundearen identifikazio zenbakiaren berri eman behar du. Datu horiek zuzen ageri dira ikuskatutako produktuen % 44,44tan.
  • Liburuxka hizkuntza ofizialean dator kasuen % 100ean, eta informazioa argi eta zehatz ageri da produktu guztietan.
  • Liburuxken % 80k UNE arauaren zenbakiari eta urteari buruzko informazioa ere sartu du, bai eta txalekoaren ehun-osaeraren berri ere.

7.- Txalekoaren diseinu-betekizunak.

  • Ikuskatutako txaleko guztietan inguratzen du hondoko materialak soina, banda guztiak dira 50 mm baino zabalagoak, eta arauak emandako konfigurazioaren arabera daude jarrita.
  • Ikuskatutako txalekoen % 26,67k jartzen du bandetan fabrikatzailearen izena, ikusteko, irakurtzeko eta ezabaezinezko moduan.

8.- Publikoarentzako salmenta-prezioa

  • Txaleko guztietan ageri da produktuan bertan publikoarentzako salmenta-prezioa.

9.- Erreklamazio-orriak

  • Ikuskatutako establezimenduen % 93,33k zituzten erreklamazio-orriak, eta orri horiek badituztela adierazten zuen kartela.

Ondorioak

Hartutako bost laginetatik bik segurtasun-falta agertu dute; erretiratu egin dira merkatutik eta alerta-sarearen sisteman sartu. Gainerako hiru laginek etiketa-akatsa zuten, eta beste autonomia erkidego batzuetako kontsumoko zuzendaritzei eman zaie horren berri.

Ikuskatutako establezimendu batek uko egin dio behin eta berriz ikuskapen-zerbitzuarekin kolaboratzeari, eta ez dio eman eskatutako informazio eta dokumentaziorik; horrenbestez, balioetsi egin behar da zehapen-espedienteari hasiera eman behar zaion.

Ikuskatutako zenbait establezimendutan adierazi digute produktu hori dagoeneko ez dutela saltzen. Dena den, ibilgailuan nahitaez eraman behar den produktu bat denez eta banakoa babesteko ekipotzat hartzen denez, aplikagarri zaizkion UNE arauetan eskatutako betekizun guztiak bete behar ditu.

Horrenbestez, atzemandako irregulartasun guztien berri eman zaie produktuen arduradunak dauden autonomia erkidegoetako kontsumo-zuzendaritzei. Orain arte, 8 komunikazio egin dira.