Arautegia

Inprimatu

46/2022 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara dadila Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen arteko hitzarmena, lanean amiantoa erabili izanagatik patologiak dauzkaten langileen aurrean elkarrekin jardutekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 81
  • Hurrenkera-zk.: 1803
  • Xedapen-zk.: 46
  • Xedapen-data: 2022/04/20
  • Argitaratze-data: 2022/04/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau

Alde batetik, M.ª del Carmen Armesto Gonzalez-Rosón andrea, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) zuzendari nagusia, urtarrilaren 21eko 131/2020 Errege Dekretuaren bidez izendatua, institutu horren izenean eta ordezkaritzan esku hartzen duena, abenduaren 13ko 2583/1996 Errege Dekretuak (Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren egitura organikoari eta eginkizunei buruzkoak eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia partzialki aldatzen duenak) 5. artikuluan ematen dizkion eskumenez baliatuz.

Bestetik, José Luis Quintas Díez jauna, Osasuneko sailburuordea, urtarrilaren 12ko 4/2021 Dekretuaren bidez izendatua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta ordezkaritzan esku hartzen duena, Gobernu Kontseiluak akordio hau sinatzeko 2022ko otsailaren 15eko bilkuran emandako berariazko baimena erabiliz.

Bestetik, María Rosa Pérez Esquerdo andrea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren zuzendari nagusia, Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren 2021eko otsailaren 4ko erabakiaren bidez izendatua, Osakidetzaren izenean eta ordezkaritzan esku hartzen duena, azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak (Osakidetza Ente Publikoaren Estatutuak onesten dituenak) 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bestetik, María Lourdes Iscar Reina andrea, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen zuzendari nagusia, otsailaren 25eko 26/2020 Dekretuaren bidez izendatua, Osalanen izenean eta ordezkaritzan esku hartzen duena, uztailaren 30eko 191/2002 Dekretuak (Osalanen Egitura eta Jarduerarako Araudia onartzeko denak) 17.1.g) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hitzarmen hau sinatzean ordezkatzen dituzten erakundeen eta eremuen izenean hitzartu eta behartu ahal izateko eman zaizkien ahalmenak eta eskuduntzak erabiliz, honako hau

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa. 2006ko martxoaren 21ean, Diputatuen Kongresuko osoko bilkuran mozio bat onartu zela, neurri globalen plan bat ezar dadin eskatzen diona (batez ere lan-, gizarte- eta administrazio-mailako neurriena), asbestosiaren eragina pairatzen duten langileen eta beren senideen egoera arintze aldera.

Bigarrena. Gizarte Segurantzako Sistemak daukan babes-ekintzaren barruan, kotizaziopeko modalitatean, langileen lan-jarduerarako aldi baterako ezintasunen eta ezintasun iraunkorren prestazioak daudela. Ezintasun horren kontingentzia eragileen artean dago lanbide-gaixotasuna.

Hirugarrena. Uztailaren 21eko 1300/1995 Errege Dekretuak (zeinak garatzen baitu, Gizarte Segurantzako sistemako lan-ezintasunei dagokienez, zerga-, administrazio- eta gizarte-neurriei buruzko abenduaren 30eko 42/1994 Legea), 1.1.a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala (Inklusioa, Gizarte Segurantza eta Migrazioen Ministerioari atxikitako erakunde kudeatzailea) dela aipatutako prestazioak jasotzeko eskubidea eta horiek zehazten dituzten kontingentziak ezartzeko eskumena duena.

Azaroaren 10eko 1299/2006 Errege Dekretuak, Gizarte Segurantzako sistemaren lanbide-gaixotasunen zerrenda eta haiek jakinarazteko eta erregistratzeko irizpideak onartzen dituenak, 3. artikuluan GSINri esleitzen dio gaixotasun bat lanbide-gaixotasuna dela adierazteko eskumena, langilea Gizarte Segurantzako Sistemako ezein araubidetan altan ez dagoenean.

Era berean, azaroaren 10eko 1299/2006 Errege Dekretuaren 5. artikuluaren arabera, Osasun Sistema Nazionaleko eta, hala badagokio, prebentzio-zerbitzuko fakultatiboek, lanean ari diren bitartean, lanbide-gaixotasun izan daitekeen edo lanbidean sortu ahal izan den gaixotasunen bat dagoela jakiten badute, erakunde kudeatzaileari jakinaraziko diote, 3. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz kalifikatu dadin.

Laugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartutako Autonomia Estatutuaren 18.1 artikuluak ezartzen duen moduan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkiola lurralde horretako osasungintzaren eta osasun publikoaren eta asistentzia sanitarioaren arloko eskumenak.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 12.1 artikuluak Eusko Jaurlaritzari ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoko sistema sanitarioa zuzendu, planifikatu eta programatzeko eskumena, bai eta sistema betearaztekoa ere, EAEko Administrazio Orokorreko organo eskudunen bidez.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoak, 12. artikuluaren bidez, Osasun Sailari esleitzen dizkio osasungintzaren gaineko eskumenak.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, 20. artikuluan, Osakidetza zuzenbide pribatuko ente publikoa sortu zuen, eta hari nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa esleitu zizkion, bere helburua bete dezan; hots, mendeko zerbitzu-erakunde publikoen bidez zerbitzu sanitarioak ematen jardutea.

Osalan sortzeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legearen 1. artikuluak administrazioko erakunde autonomo hori sortu zuen, eta hari nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa eman, Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek segurtasun, higiene, ingurumen eta laneko osasunean ezarritako politikak kudeatzeko, lan-munduari darizkion arrisku-kausak sorreratik bertatik ezabatzeko, eta, hori ezin denean, kausok gutxitu ahal izateko.

Erakunde autonomo hori arduratzen da «Amiantoaren eraginpean egon ahal izan diren langileen erregistroa» izeneko tratamenduaz.

Bosgarrena. Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.2.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, GSINk, EAEko Administrazio Orokorrak, Osakidetzak eta Osalanek hitzarmen bat sinatzea erabaki dute, eta hitzarmen horrek lege horretan jasotzen diren xedapenak beteko ditu.

ERABAKITZEN DUTE:

Hitzarmen hau egitea, koordinazio-jarduerak sustatzeko eta, horrela, beren lan-jardueran amianto-zuntzekin kontaktuan egondako pertsonek pairatutako eragin funtzional eta etiologikoaren jarraipena eta balorazioa egin ahal izatea, amianto-zuntzekiko kontaktu edo esposizio horrekin lotutako patologiak dauden susmoa dagoenean.

Horregatik, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren, Osasun Sailaren, Osakidetzaren eta Osalanen arteko konpromisoak zehazte aldera, honako klausula hauek ezarri dira:

KLAUSULAK

Lehenengoa. Xedea.

Hitzarmen honen helburua da jarduketa bateratuak ezartzea GSINren, EAEko Administrazio Orokorraren, Osakidetzaren eta Osalanen artean, irizpide fakultatibo homogeneoen bidez ebaluatu ahal izateko zer-nolako kalte funtzional edo etiologikoa edo zein kontingentzia profesional duten amiantoa manipulatzearen edo amiantoarekiko giro-esposizioaren ondoriozko patologiak dituzten langileek; hala, balizko aldi baterako ezintasun-egoeraren edo ezintasun iraunkorraren balorazioa, eta, ondorioz, dagokion ezintasun-mailarena, baita hori lan-jatorrikoa izatearen zehaztapena ere, aurrekari eta behar diren datu guztiekin egin ahal izango dira.

Beren lan-jardueran amiantoaren eraginpean egotearen ondoriozko patologiak pairatzen dituzten langileen balorazio homogeneoa egiteko, hitzarmen honek protokolo bat hartzen du barne. Protokolo horrek langile horien laneko kaltea zehazteko beharrezkoa den gutxieneko informazioa jasotzen du, baita langile horien lanerako ezintasuna behar bezala baloratzeko eta kalifikatzeko informazioa ere.

Bigarrena. Aplikazio-eremua.

Erantsitako protokoloa aplikatuko zaie aldi baterako ezintasuna nahiz ezintasun iraunkorra ebaluatzeko eta kalifikatzeko prozedurei, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eremu geografikoan abiarazten diren Gizarte Segurantzaren prestazioen ondorioetarako, eta, beren lan-jardueran amiantoaren eraginpean dauden langileei dagokienez, amiantoaren eraginpean egotearekin lotutako patologiak dituztelako susmoa dagoenean.

Hirugarrena. Lantaldea.

Hitzarmen hau sinatu duten alderdiek lantalde bat eratzeko konpromisoa hartzen dute, Osasun Saileko, Osakidetzako, Osalaneko eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko adituek era parekidean osatua, EAEn bizi diren eta amiantoaren eraginpean egondako langileen jarraipena koordinatzeko, informazioa trukatu eta kasuan kasuko datu-baseak eguneratuta edukitzeko, behar diren proba diagnostikoen tipologia eta adituen txostenak berrikusteko, bai eta kalte funtzionala zehazten lagun dezakeen edozein informazio mota biltzeko ere. Era berean, esposizio-arriskukoak izan daitezkeen lanpostuak baloratzeko behar den informazioa zehaztuko da.

Lantalde horrek bi erakundeetako adituen laguntza eskatu ahal izango du gai zehatz eta jakinetan, eta, hala badagokio, Estatuko edo autonomia-erkidegoetako beste organismo batzuen lankidetza izango du.

Laugarrena. Prozedura.

Amiantoa duten produktuak erabiltzen dituzten edo iraganean erabili dituzten langileen (aktibo egon ala ez) aldi baterako ezintasuna, ezintasun iraunkorra edo kontingentzia zehazteko egoera bat ebaluatu eta kalifikatzeko hasten den prozedura orotan, dagokion espedientean sartu beharko dira erantsitako protokoloan agertzen diren txostenak, eta txosten horiek euskarri gisa hartuko dituzte Pneumologia Zerbitzuek edo Osasun Sailak erreferentziako zerbitzu gisa izendatutako beste espezialitate batzuek egindako eta zaindutako proba diagnostikoen emaitzak.

Osasun Sailak, Osakidetzak eta Osalanek xede horrekin jasotako informazio guztia Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari bidaliko zaio, hala dagokionean, azken horrek ezintasun-egoera ebaluatzeko eta/edo kontingentzia zehazteko dagokion prozedura abian jar dezan.

Organo eskudunari lanbide-gaixotasun baten susmoaren berri ematearen ondorioz hasten diren prozeduretan (EAEko Administrazio Orokorraren kasuan, organo eskuduna Osalaneko Laneko Osasun Unitatea eta Osasun Saileko Osasun Zerbitzuen Ikuskaritza dira), eta ofizioz Osasun Zerbitzuen Ikuskaritzak hasten dituen beste prozedura batzuetan, Osasun Sailak, Osasun Zerbitzuen Ikuskaritzaren bidez, GSINri bidali beharko dizkio, dagokion txostenaz gain, Osasun Sailean, Osakidetzan eta Osalanen lanean amiantoaren eraginpean egoteari buruz dagoen informazioa, bai eta erantsitako protokoloaren gaineko informazioa ere.

Prozedura Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ofizioz edo interesdunak hala eskatuta hasi bada, aipatu institutuak aurreko puntuan adierazi diren erakunde edo organismoei eskatuko die lanean amiantoaren eraginpean egoteari buruz dagoen informazioa, bai eta erantsitako protokoloaren gaineko informazioa ere.

Bi kasu horietako edozeinetan, interesdunak aurkeztuko ditu amiantoaren eraginpean egotearen ondoriozko lanbide-gaixotasun gisa aitortu behar den gaixotasunaren diagnostikoa egiaztatzen duten txosten medikoak.

Bosgarrena. Datu-baseak eguneratzea.

Alderdiek elkarren artean informazioa trukatzea hitzematen dute: Osasun Sailak amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten langileen erregistroan gertatu diren altak jakinaraziko ditu, eta GSINk, berriz, gertatzen diren kontingentzia zehazteko ebazpenen berri emango dio Osasun Sailari, baita erregistroan sartuta ez dauden eta amiantoaren eraginpean egon zirela frogatzen duten pertsonen zehaztapenen berri ere, horiek erregistroan sartu daitezen.

Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek elkarri aitortzen diote hitzarmen honen esparruan sortutako informazioa mantendu, kudeatu eta ustiatzeko eskubidea. Informazio-truke hori sistematikoa izango da, eta erantzukidetasunez egingo da EAEko Administrazio Orokorraren eta GSINren artean.

Seigarrena. Datu pertsonalen babesa.

Hitzarmena sinatzen dutenek behar bezala bermatu beharko dute honako hauetan jasotakoa betetzen dela: 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; eta pertsona fisikoen datuen babes-arloko gainerako arau aplikagarriak.

Osasun Sailak, abenduaren 5eko aipatutako 3/2018 Lege Organikoaren hamazazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz, hitzarmen honetan aipatzen diren datuak tratatzeko babesa izango du, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 9.2.h) eta i) artikuluen bidez; hain zuzen ere, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Legeak lan-osasuna sartzen du, 32. eta 33. artikuluetan, osasun publikoko prestazioen artean.

Era berean, Osasun Sailak, urriaren 4ko 33/2011 Legearen 41. artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz (oinarrizko izaera duen Estatuko araua), ez du eragindako pertsonen baimena behar osasunarekin lotutako datuak tratatzeko, hori behar-beharrezkoa bada herritarren osasuna babesteko; ondorio horietarako, pertsona publiko zein pribatuek agintaritza sanitariori lagako dizkiote, hala dagokionean, osasun publikoaren esparruan erabakiak hartzeko ezinbestekotzat jotzen diren datu pertsonalak («pertsona publiko» gisa ulertuko da GSIN, eta «agintari sanitario» gisa Osasun Saila). Aurrekoa kontuan hartuta, hitzarmen hau sinatu duten administrazioen artean trukatu edo laga beharreko datuak ezinbestekotzat jotzen dira lanarekin lotutako osasun-arriskuen zaintzarako jarduketa sanitarioak gauzatzeko. Jarduketa horiek behar bezala arautzen dira urriaren 4ko 33/2011 Legearen 33. artikuluaren 2. apartatuan.

GSINren aldetik datuak tratatu ahal izateko Osasun Sailarekin egin beharreko trukea jasota dago klausula honetan, GSINk legezko betebehar bat izango du, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 8.1 artikuluari jarraikiz; izan ere, GSINren eskumena da Gizarte Segurantzaren sistemako prestazio ekonomikoak kudeatzea eta administratzea, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren (GSLOTB) 66. eta 71.3 artikuluei jarraikiz (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartua).

GSLOTBren datuen erreserbari buruzko 77. artikuluak 1.d) apartatuan ezartzen duenez, Gizarte Segurantzaren Administrazioak bere funtzioak betetzean lortutako datuak laga edo jakinarazi ahal izango dizkie hirugarrenei beste administrazio publiko batzuekin lankidetzan diharduenean, oro har, horiei legez edo erregelamenduz agindutako funtzioak bete ditzaten, Gizarte Segurantzaren Administrazioak lortutako datuak adierazgarriak izan daitezen.

Zentzu horretan, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak arautzen du Gizarte Segurantzaren Administrazioak zaindutako datuak lortzearekin edo erabiltzearekin zer helburu lortu nahi den, eta datu horiek agintaritza sanitarioari lagatzeko baimena ematen du, arestian aipatu den moduan, lege horren 41. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Horrenbestez, GSIN legitimatuta dago Osasun Sailari datuak lagatzeko, GSLOTBren 77.1.d) apartatuak eta urriaren 4ko 33/2011 Legearen 41. artikuluak araututakoari jarraikiz, Sail horri, agintaritza sanitarioa den aldetik, esleitutako helburuetako bat betetzeko diren datu pertsonalen tratamenduetarako, osasun publikoaren esparruan eta, zehazki, lanarekin zerikusia duten osasun-arriskuen zaintzari dagokionez.

GSINk datuak lagatzeko nahikoa legitimazio du lege-mailako arau batengatik, hau da, GSLOTBrengatik eta urriaren 4ko 33/2011 Legearengatik; izan ere, arau horrek berariaz arautzen du lan-osasunaren arloko datuen lagapena, eta, beraz, datuak lagatzeko ez litzateke beharrezkoa izango interesdunen baimena.

Beraz, hitzarmena sinatzen duten erakundeek tratamendurako trukatzen edo lagatzen dituztenez datuak (horren helburuak jasota daude GSINri eta Osasun Sailari esleitutako eskumenen artean), eta datu pertsonalak babesteari buruz aplikagarria den araudiak ezarritako moduaren eta funtsaren baldintzak betetzen direnez, bi erakundeen artean datuak laga ahal izango dira, interesdunek baimena eman beharrik izan gabe.

Hitzarmen honen xede diren jardueretan parte hartzen duten alderdietako edozeinetako langileek ezingo dute datu pertsonalik jendaurrean jakinarazi, ez eta besterendu ere, eta hitzarmen hau betetzean edo betetzearen ondorioz eskuratzen dituzten informazio, agiri eta gai guztiak isilpean izango dituzte, lan-harremanak amaitzen direnean ere.

Zazpigarrena. Finantzaketa.

Hitzarmen honek ez die aparteko konpromiso ekonomikorik sortuko hitzarmena sinatu duten administrazioei, ezta horien arteko ordainketa-konpromisorik ere. Dena den, gastu arruntak sortuko dizkie alderdiei, eta erakunde sinatzaile bakoitzak bere gain hartu beharko ditu hitzarmenean interes publikoko helburu baterako ezarritako betebeharretatik sortutako gastuak, betiere indarrean den aurrekontu-araudia beteta.

Zortzigarrena. Jarraipen, Zaintza eta Kontrol Batzordea.

Hirugarren eta laugarren klausuletan aurreikusitako jardueren jarraipena egite aldera, jarraipen-batzorde bat eratuko da. Bertan, Osasun Sailak, Osakidetzak eta Osalanek izendatutako hiru ordezkari eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak izendatutako hiru ordezkari egongo dira, eta honako funtzio hauek beteko dituzte:

Jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismo gisa jardutea, hitzarmena eta sinatzaileek beren gain hartutako konpromisoak betetzeari dagokionez. Mekanismo horrek ebatziko ditu hitzarmena dela-eta ager daitezkeen interpretazio- eta betetze-arazoak.

Agiri honen hirugarren klausulan aipatzen den lantaldeak garatu beharreko lanak koordinatu, sustatu eta gainbegiratzea.

Hirugarren klausulan aurreikusitakoa betetzen dela egiaztatzea.

Ekitaldiaren amaieran, agiri bat egitea, eta, bertan, jardueren balantzea jasotzeaz gain, amiantoaren ondoriozko patologiek EAEko ezintasun guztien eta aitortutako kontingentzia profesionaleko zehaztapenen gainean duten eraginari buruzko azterketa edo analisia sartzea.

Jarraipen Batzordearen funtzionamendua Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean ezarritakoaren araberakoa izango da.

Bederatzigarrena. Hitzarmenaren indarraldia eta berrikuspena.

Hitzarmen hau alderdien adostasunarekin gauzatuko da, eta indarrean jarriko da Estatuko Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu ondoren. Era berean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta autonomia-erkidego sinatzailearen aldizkari ofizialean ere argitaratu ahal izango da, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du eta, epe hori amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.

Hala ere, hitzarmenaren edukia aldatu egin ahal izango da sinatzaileek aho batez hala erabakitzen badute. Hitzarmenaren aldaketa oro eranskin bidez egin beharko da, legez ezarritako baldintzak kontuan hartuta eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 50. artikuluan aurreikusitako baimena lortu ondoren.

Hamargarrena. Hitzarmena suntsitzea. Suntsiarazteko arrazoiak.

Hitzarmen hau bere xede diren jarduerak betetzeagatik edo suntsiarazteko arrazoiak gertatzeagatik azkenduko da. Zentzu horretan, eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluari jarraikiz, suntsiarazteko arrazoiak izango dira:

  1. Hitzarmenaren indarraldia amaitzea, eta hura luzatzeko erabakirik ez hartzea.

  2. Sinatzaile guztiek idatziz eta aho batez hala erabakitzea, biek xedatutako baldintzetan.

  3. Sinatzaileetako bat hitzarmenaren xedea betetzeko gai ez izatea (inguruabar hori justifikatuta); kasu horretan, beste alderdiari jakinarazi beharko zaio, hori gertatu bezain laster.

  4. Sinatzaileetako batek, hitzarmenaren barne, bere gain hartutako betebeharrak edo konpromisoak ez betetzea.

    Kasu horretan, alderdietako edozeinek gainerakoei jakinarazi beharko die, ez-betetze horren berri izan eta hurrengo 10 egun baliodunetan. Bere betebeharrak edo konpromisoak bete ez dituen alderdiak 30 egun balioduneko epea izango du salatutako ez-betetzea zuzentzeko edo ez-betetzea behar bezala justifikatzeko.

    Eskakizun hori zortzigarren klausulan aurreikusten den Jarraipen, Zaintza eta Kontrol Batzordeari jakinaraziko zaio.

    Errekerimenduan azaldutako epea igarotakoan bete gabekoa betetzeko badago oraindik ere, hura egin zuen alderdiak hitzarmena suntsitzeko arrazoia dagoela jakinaraziko die beste alderdi sinatzaileei, eta hitzarmena suntsituta dagoela ulertuko da.

    Ez da kalte-ordainik aurreikusten, hitzarmena alderdi bakoitzak bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzeagatik suntsiarazten bada.

  5. Alderdietako batek uko egitea. Hori idatziz egin beharko da, arrazoiak azalduta, eta beste alderdiei gutxienez hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko zaie; horrela, behar bezala amaitu ahal izango dira jakinarazpena egin den unean indarrean dauden berariazko akordio guztiak. Hiru hilabeteko epe hori ezin izango da luzatu hitzarmena likidatu baino lehen gauzatzen ari ziren jarduketak amaitzeko.

  6. Hitzarmena deusez deklaratzen duen erabaki judiziala ematea.

  7. Legeetan aurreikusi den eta aurretik jaso ez den beste edozein arrazoi.

    Hitzarmena suntsitzeko arrazoiren bat baldin badago gauzatzen ari diren jarduketak abian direla, Jarraipen Batzordeak proposatuta, alderdiek egokitzat jotzen dituzten jarduketekin amaitu arte jarraitzea erabaki ahal izango dute, eta luzatu ezingo den hiru hilabeteko epean amaitu beharko dituzte abian diren jarduketak. Epe hori igaro ostean, jarduketen likidazioa egin beharko da.

    Hamaikagarrena. Araubide juridikoa.

    Hitzarmen honek administrazio-izaera du; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren seigarren kapituluan xedatutakoaren babesean egina dago, eta administrazio-zuzenbidearen arau orokorren, administrazio onaren printzipioen eta ordenamendu juridiko orokorraren mende dago.

    Administrazioarekiko auzien jurisdikzio-organoei dagokie Jarraipen, Zaintza eta Kontrol Batzordean ebatzi ezin diren gatazken ardura.

    Horrekiko guztiarekiko adostasuna agertuz, dokumentu hau sinatzen dute.

    Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren zuzendaria,

    M.ª DEL CARMEN ARMESTO GONZÁLEZ-ROSÓN.

    Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua,

    José Luis Quintas Díez.

    Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen zuzendari nagusia,

    MARÍA LOURDES ISCAR REINA.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

    MARÍA Rosa Pérez Esquerdo.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)