Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2010eko urriaren 7koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Errezilen (Gipuzkoa) dagoen Artzalluzonuzkoa baserria, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 216
  • Hurrenkera-zk.: 5293
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/10/07
  • Argitaratze-data: 2010/11/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Errezilen dagoen Artzalluzonuzkoa baserriak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

Lehenengoa. Artzalluzonuzkoa baserria, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin eta II. eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Bigarrena. Artzalluzonuzkoa baserria Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedientea jendaurrean jartzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84 eta 86 artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Hirugarrena. Ebazpen hau interesdunei, Errezilgo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko urriaren 7a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

ANTONIO RIVERA BLANCO.

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Mugaketak eraikina bera eta ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu:

    Mendebaldean, lerro bat, baserriaren ipar-mendebaldeko muturretik 41 metrora, eta hego-mendebaldeko muturretik 39 metrora, eta partzelen mugekin bat egiten duena.

    Hegoaldean, baserriaren fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 35 metrora trazatua.

    Ekialdean, baserriaren ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 45 metrora.

    Azkenik, iparraldean, inguruko baserrira iristeko bidearen ertz urrutiena.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Mugaketa hau proposatu da, hain zuzen, Artzalluzonuzkoa baserriaren ingurumariko ingurumen- eta ikuste-balioak babestu behar direlako; baserria Aizarnazabal udalerriko Errezil auzoan dago, muino baten gainean. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko, eta berarekin batera dakar baserriaren inguruko lurrak eta eraikinerako sarbidea babestea, baserriaren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak baserriaren eraikina bera ez ezik haren ingurunea ere hartzen du.

Familia bakarreko baserria da, planta angeluzuzenekoa (21 m zabal eta 16 m sakon). Bi solairu eta ganbara ditu, baita soto txiki bat ere, lurzoruaren desnibela aprobetxatzen duena. Bi isurkiko estalkia, artisauzko teilaz estalia, ekialdeko fatxada nagusiaren planoari elkarzut dagoen goihabearekin. Murru perimetralak landu gabeko harriz eginak ditu, morteroz zarpiatuta eta kareztatzearen hondarrak dituzte.

Fatxada nagusiak sartzeko bi bao ditu, bat erdian, orri zatituarekin, etxebizitzara sartzeko, eta beste bat eskuinean, ukuilura sartzeko. Fatxadaren ezker aldean, baxuago, beste bao bat dago, erdisotora sartzeko. Eskuinaldera, berriz, lurrezko arrapala bat dago, landu gabeko harrizko zenbait murruk eutsitakoa. Arrapalatik, orri biko atetzar bat igarota, zuzenean sartzen da lehenengo solairura. Fatxadan zortzi leiho, sarbideko baoak eta egurrezko karga-habeak ditu. Goiko aldea irekita dago.

Hegoaldeko fatxadan, murruari atxikitako terraza bat dago, beheko solairuan. Albo bakoitzean lurrez eta landu gabeko harri sekoz eginiko arrapala bana dago, eta horietatik sartzen da terrazara. Etxebizitzarako sarbidea egurrezko karga-bao batetik egiten da; bi orriko ate batek ixten du baoa. Fatxadan tamaina desberdinetako zazpi leiho ikus daitezke, dimentsio desberdinetakoak, egurrezko leihoburuekin. Horrez gain, badago egurrezko armazoia, landu gabeko harriz betea, lehenengo solairutik estalkiperaino heltzen dena.

Atzeko ekialdeko fatxadan, beheko solairuan, leiho-bao bat dauka, egurrezko leihoburua duena, eta beste bi, harlanduz hesituta; horietako bat itsututa dago. Bi eranskinek estaltzen dute fatxadaren zati bat. Ezkerreko eranskinean ogi-labe bat dago. Landu gabeko harriz egina da, eta teilazko estalkiak babestua. Ezkerreko eranskinak, fatxadaren erdian kokatuta, bi solairu eta sarbideko bi bao ditu, egurrezko ateburuak eta horma-atal bakarreko estalkia dutenak. Eranskin horrek, lehenengo solairuan, sagardo-dolare bat dauka, burdinazko torlojua duena. Lehenengo solairura lurrez eta landu gabeko harriz egindako arrapala batetik ere sartzen da, bi orriko atetzar batetik. Goiko aldea (hastiala) irekita dauka. Iparraldeko fatxadak ez du hutsarterik.

Baserriko barruko egitura pieza bakarreko zutabeetan bermatzen da, estalkiraino heltzen diren harrizko eserlekuetan. Zutabe bi garai gotikoko dolare bateko berniak dira. Orobat, zenbait sobigain eta azpileko oholtzen zati bat dauka. Zutabeek aho-ziriz eta enara-buztanez mihiztatuta eta habe eta besoekin solairuen arteko forjatua jasaten dute eta estalkiari eusten diote. Petralek, gapirioek eta enlatatuek osatzen dute estalkia. Beheko solairuko zolataren zati handi bat harlauza handiz eginda dago. Barruan su zentraleko sutondo bat dauka, tximiniarik gabe; haren ondoan gaur egungo sukaldea egin zen, baita zenbait itxitura beheko solairuan, oholtza mihiztatuz, eta hurrondoz gurutzatua, lastategi-ganbaran.

  1. mendearen hasieran eraiki zen Artzalluzonuzkoa. Jatorrizko egitura perimetrala egurrezkoa zen. XVIII. mendean eraberritu zenean, gaur egungo landu gabeko harrizko murruak ezarri zizkioten. Jatorrizko barruko armadura, berriz, ez zuten aldatu.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik