Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2010eko uztailaren 26koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Idiazabalgo (Gipuzkoa) Urbizugerriko edo Urbizu baserria, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 210
  • Hurrenkera-zk.: 5082
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/07/26
  • Argitaratze-data: 2010/11/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Idiazabalgo Urbizugerriko edo Urbizu baserriak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

Lehenengoa. Idiazabalgo (Gipuzkoa) Urbizugerriko edo Urbizu baserria, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin eta II. eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Bigarrena. Idiazabalgo Urbizugerriko edo Urbizu baserria Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendeaurrean jartzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legearen 84. eta 86. artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Hirugarrena. Ebazpen hau interesdunei, Idiazabalgo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 26a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

ANTONIO RIVERA BLANCO.

Mugaketa

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Mugaketak eraikina bera eta ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu:

    Ekialdean, baserriaren ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 18 metrora trazatua. Espazio horretan sartu dira, halaber, baserriko etxe-aurreak eta bozadera edo putzu osagarria baina exentua.

    Iparraldean, baserriaren iparraldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 30 metrora trazatua.

    Mendebaldean, baserriaren mendebaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 30 metrora trazatua.

    Azkenik, hegoaldean, hegoaldeko fatxadarekiko paraleloa den lerro bat, baserritik 35 metrora trazatua. Azken 35 metro horietan dago, hain zuzen, Urbizuko auzoa Idiazabal eta Ormaiztegirekin lotzen dituen gurdibide publikoa.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Proposatutako mugaketaren arrazoia da Urbizugerriko baserriaren inguruak duen balioa babestu behar dela, bai ingurumenaren ikuspegitik eta baita ikusteko duen balioa dela-eta. Baserria Urbizuko landa-auzo txikian kokatuta dago, muino zabal batean. Ingurunearen mugaketak, katalogatutako ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko beharrezkoa, baserriaren inguruko lurrak eta eraikinerako sarbidea babestea du helburu, baserriaren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak baserriaren eraikina bera ez ezik haren ingurunea ere hartzen du.

    PLANOA

Deskribapena

Familia bakarreko baserria da, oinplano angeluzuzena duena. Bi isuriko zurezko estalkia dauka, naba-teila mekanikoekin egina. Teilatu-gailurra, berriz, ekialdera begira dagoen fatxada nagusiarekiko perpendikularra da. Bi solairu eta ganbara txikia ditu.

Bost ardatz-zutabek eusten diote fatxada nagusiari. Haien baoak harlangaitzez estalita daude beheko solairuan eta lehenengo solairuko alboetako zati batean. Lehenengo solairuko erdiko aurpegian egurrezko egitura eta harlangaitzezko betegarria dauzka, eta gainaldea apur bat kareztatua. Horma pikoa, bai eta bi alboetako estalkipea ere, irekiak dira. Sarrera nagusia bi orriko zurezko atea da; orri horietako bat zatituta dago. Leiho-bao irregular batzuek osatzen dute fatxada. Halaber, mahats-parra batek fatxada nagusi ia osoa estaltzen du. Hegoaldeko fatxadak harlangaitz-lanak ditu beheko solairuan eta harri-hormak, bilbadurekin, bigarrenean. Egurrez inguratutako leiho-bao txiki bat, estalkipean, eta beste bao bat beheko solairuaren parean: horra hor ikus daitezkeen hutsune bakarrak. Iparraldeko fatxada ere harlangaitzez eraikia dago, eta haren itxura arestian deskribatutakoaren oso antzekoa da. Mendebaldeko fatxada harlangaitz biluzizkoa da; bi orriko sarrera-atea eta leiho txikiren bat ditu beheko solairuan. Bigarren solairuan harriz inguratutako hiru leihotxo simetriko daude.

Zurezko 15 zutoinek osatzen dute eraikinaren zurajea. Horietako batzuek sekzio handia dute, eta oso ongi gorde dira (zutoineko bat dolare gotiko baten bernia berrerabilia da). 15 horiei, fatxada nagusiko bostak gehituta, baserriak, guztira, 20 zutoin ditu. Baserriko zuraje bikainaren muina dira. Hain zuzen, zutoin, habe eta zenbait gapirio-lan eta jabaloik (miruen buztanak irudikatzen dituzte) osatzen dute zurajea.

Baserriko ataria, egun, itxita dago; ekialdeko fatxadan dagoen sarrera nagusitik sartzen da hara. Atariko zorua harrizkoa da, eta zati bat porlanez estalita du. Beheko solairuan, gainerako zorua lur naturalezkoa da. Atariko sektore batek ez du lehenengo solairua gainean, eta, hortaz, estalkipetik lurreraino irekita dago. Beste zati batean (hego-ekialdeko sektorea) gapirio onak eta harri-hormazko barne-murruak ikus daitezke. Zati horrek, hain zuzen, habe bati eusten dio, zurezko friso mihiztatu ederra duela. Ataritik iristen da beheko solairuko hego-ekialdeko aldean dagoen sukaldera. Sukaldeak bi atal ditu. Gaur egun, su txikia du, baina antzina ganbara zuen. Ganbara horrek bi zati ditu, eta hormak ohol mihiztatukoak dira, forjazko iltzez josiak. Bi zati horiek, hain zuzen, oholerian egindako puntu erdiko arku-itxurako baoaren bidez lotzen dira.

Eraikinak Erdi Aroan du jatorria, eta XVI. mendearen lehen laurdenekoa da; habedun dolarea zuen. Geroago aldaketak izan zituen egituran. Dolarearen zati bat galdu zen, eta egun dituen itxura eta banaketa eman zitzaizkion.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik