Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2019ko uztailaren 30ekoa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez garatzen baitira Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordearen osaera eta funtzionamendu-araubidea.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 174
  • Hurrenkera-zk.: 4185
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/07/30
  • Argitaratze-data: 2019/09/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Begira dezagun Lan-arloko Enplegurako Lanbide-heziketaren Sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen VI. kapituluan han jorratzen baita enplegurako lanbide-heziketaren sistemaren gobernantza, eta ikusiko dugu parte hartzen duten eragile eta organoek aurrerantzean beste paper bat izango dutela, eta sindikatu eta enpresaburu-elkarte esanguratsuenek lidergo eta zeresan handiagoa izango dutela enplegurako lanbide-heziketaren diseinu estrategikoan, planifikazioan, programazioan, zabalkundean, kontrolean, jarraipenean eta ebaluazioan, batez ere lanean diharduten beharginei zuzenduta badago.

Begira dezagun orobat Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, eta ikusiko dugu beste kudeaketa-eredu bat sortzen duela, eta sistema bakar batera biltzen dituela gure lurraldean Lanbide Heziketaren arloan enplegurako egiten diren gauza guztiak. Hala, dekretu hori lagungarria izango da giza kapitalaren prestakuntzan, lehiakortasunaren giltzarri den aldetik, bai eta ekonomia iraunkor eta enplegu-sortzailea garatzen ere, betiere kalitate-, eraginkortasun- eta efizientzia-irizpideetan oinarritutako Enplegurako Lanbide Heziketaren antolamenduaren bidez, gizarte-eragileek sistemaren gobernantzan parte hartuz eta prestakuntza-erakundeekin lankidetzan.

Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretu horren II. kapituluan sistemaren gobernantza dago landuta, hain zuzen ere enplegurako lanbide-heziketaren plangintza-, kudeaketa- eta partaidetza-organoak. Eta, 10. artikuluan, Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordea sortzen da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aholkularitza-organo gisa, eta erakunde autonomo horri atxikia.

Aipatutako 10. artikulu horren bigarren apartatuaren arabera, enplegu-arloko eskumena duen sailaren titularrak agindu bidez garatuko du batzordearen osaera eta jardun- eta finantzaketa-araubidea.

Horrenbestez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuan emandako ahalmenak baliatuta, dekretu hori indarrean baitago, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriarekin eta lehenengo xedapen iragankorrarekin bat etorriz, honako hau

Agindu honen xedea da Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordearen osaera eta funtzionamendu- eta finantzaketa-araubidea arautzea.

Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordea hiru arlotako kideek osatzen dute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari aholkularitza emateko da, eta erakunde autonomo horri dago atxikita eta erakunde horren Vitoria-Gasteizko egoitzan dago kokatuta.

Hauek dira egin beharreko funtzioak:

  1. Prestakuntza-premiak aztertzea eta hautematea.

  2. Prestakuntza-programetarako orientazioa eta lehentasunak proposatzea, bereziki ETEei zuzendutakoak.

  3. Dagokion sektorean, enplegurako prestakuntzaren kudeaketa eta kalitatea hobetzeko proposamenak egitea.

  4. Prestakuntza-proposamenak egitea, sektoreen doikuntzarekin, berregituraketarekin eta garapenarekin lotuta, bereziki gainbehera datozen sektoreetako langileen birkualifikazio-premiekin lotuta.

  5. Enplegurako Lanbide Heziketaren prestakuntza-ekimenak zabaltzea, bereziki ETEen eta mikroETEen artean.

  6. Azterlanak egiteko proposamenak prestatzea.

  7. Lan-arloan, enplegurako lanbide-heziketari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea.

  8. Lanbide-kualifikazioak, profesionaltasun-ziurtagiriak eta prestakuntza-espezialitateak definitzen eta eguneratzen parte hartzea, kasuan kasuko organo eskudunei proposamenak eginez.

  9. Egiaztatze-premiei buruzko proposamenak egitea, lan-esperientzia eta ikaskuntza ez-formala aitortzeko prozeduraren bidez, bai eta prozedura horri amaiera ematen lagunduko duten prestakuntza-jarduerak diseinatzeko proposamenak egitea ere.

  10. Lanbide Heziketa duala sendotzea eta haren zabalkundea bultzatzea eta sustatzea, lan-arloko prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuaren bidez, nork bere jarduera-eremuan.

  1. Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordeko kide batzuk administrazioaren ordezkariak izango dira, eta beste batzuk enpresaburu-elkarte eta sindikatu esanguratsuenen ordezkariak, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan duten ordezkaritza-indarraren proportzioan.

    Batzordeak kide hauek izango ditu:

    1. Batzordeburua. Enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen saileko titularra izango da, edo haren ordezkoa.

    2. 10 kide, administrazioaren ordezko. Horietatik:

      4 lagun, enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailaren ordezkari gisa.

      4 lagun Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ordezkari gisa.

      Lagun 1, hezkuntza-sistemaren barruko lanbide-heziketaren eskumena duen sailaren ordezkari gisa.

      Lagun 1, industria-politikaren arloan eskumena duen Sailaren ordezkari gisa.

    3. 5 kide, enpresaburu-elkarte esanguratsuenen ordezkari gisa, bakoitzaren ordezkaritza-indarraren proportzioan.

    4. 5 kide, sindikatu esanguratsuenek proposaturik, bakoitzaren ordezkaritza-indarraren proportzioan. Esanguratsuenak diren sindikatu guztiak egongo dira ordezkaturik.

    5. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikari bat. Idazkari-lanak egingo ditu eta hizpidea izango du, baina botorik ez.

  2. Administrazioaren ordezkariak, karguari hala dagokiolako daudenak izan ezik, eskumena duten sailetako sailburu titularrek proposatuko dituzte, eta enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailburuak izendatu. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ordezkariak, aldiz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak proposatuko dituzte, eta enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailburuak izendatu.

  3. Sindikatu eta enpresaburu-elkarte esanguratsuenen ordezkariak, berriz, proposatu, antolakunde horiek berek proposatuko dituzte, eta, izendatu, enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen saileko buruak izendatuko ditu.

  4. Administrazioak eta sindikatu eta enpresaburu-elkarteek, euren ordezkariak proposatzeaz gain, horien ordezkoak ere izendatuko dituzte, ordezkari titularrek batzordera joan ezin dutenerako. Enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen saileko buruak izendatuko ditu.

  5. Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordea osatu behar duten pertsonak izendatzerakoan, gaitasun, ahalmen eta prestakuntza egokiak dituzten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 23. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

  1. Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordeko kideen agintaldiaren iraupena 4 urtekoa izango da, eta berriz aukeratu ahal izango dira agintaldia amaitutakoan. Adierazitako epea igaro ondoren, kideek beren eginkizunak betetzen jarraituko dute, beren ondorengoen izendapenak ondorioak izan arte. Izendatu zituenak berak ere ordeztu ditzake; hori ere aurreikusita dago.

  2. Kideak euren karguaren ondorioz badira kide, modu automatikoan utziko diote kide izateari, izendatzeko izandako baldintza galtzen duten unean bertan.

  3. Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordeko kideen agintaldia honako kasu hauetan amaitu ahal izango da iraunaldia amaitu aurretik:

    1. Izendapena egiteko eskumena duen organoak dena delako kidea errebokatzea edo kargutik kentzea erabakitzea, bai organoak berak erabakita bai izendapena proposatu zuen Administrazioak, enpresaburu-elkarteak edo sindikatuak egindako aurretiazko eskaera arrazoituaren ondorioz.

    2. Karguagatik izendatutako kideen kasuan, izendatzeko arrazoia izan zen kargua galtzea.

    3. Uko egitea.

    4. Hiltzea edo bere jarduera gauzatzea ezinezko egiten duen gaixotasunen bat izatea.

Agindu honen 4. artikuluan xedaturik dagoenez, enpresaburu-elkarte eta sindikatu esanguratsuenek izendatuko dituzte Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordeko kideak; sindikatu hauek, alegia: prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordea osatzeko unean esanguratsuenak direnek eta, Euskal Autonomia Erkidegoan betiere, enpresa-batzordeetan eta herri-administrazioetako organoetan langile-ordezkarien % 10 edo gehiago lortu duten sindikatu esanguratsuek. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbaketa eta homologazioa hartuko da kontuan, bakoitzaren ordezkaritza-indarraren proportzioan. Edonola ere, esanguratsuenak diren sindikatuek beti beharko dute eduki ordezkaritza Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordean.

Hilabeteko epea dago izendapena egiteko, Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordea arautzen duen agindua argitaratzen denetik.

Batzorderako ordezkariak izendatzeko eskubidea duen enpresaburu-elkarte edo sindikaturen batek ez badu eskubide hori baliatzen ezarritako epearen barruan, Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordean ordezkaritza duten gainerako sindikatu-erakundeek eskubidea izango dute hutsik geratutako leku horiek betetzeko, harik eta batzordea berritu arte, betiere bakoitzaren ordezkaritza-indarraren proportzioan, eta halaxe osatuko da agindu honek ezartzen duen Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordeko kideen guztizko kopurua.

Halaber, agintaldian zehar enpresaburu-elkarte edo sindikaturen batek edo batzuek erabakitzen badute ordezkaritzari uko egitea, edo Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordearen bileretara behin eta berriz huts egiten badute haren ohiko funtzionamenduari kalte eraginez, batzordeburuak kalte eragiten ari direla ohartaraziko die. Denborak aurrera egin eta hala ere bere horretan jarraitzen badute uko egiten edo huts egiten, Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku batzordeburuak, dena delako elkarteari edo sindikatuari hizpidea eman ondoren eta Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordeko gainerako kideei egoeraren berri eman ondoren, batzordeko kideak berritzeko prozedurari ekingo dio, ofizioz. Prozedura horren bitartez, gainerako enpresaburu-elkarte eta sindikatuetako kideek beteko dituzte hutsik geratutako lekuak, bakoitzaren ordezkaritza-indarraren proportzioan.

Zer da behin eta berriz Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordera huts egitea eta, horrela, batzordearen funtzionamendu normalari kalte egitea? Batzordeko kideren batek edo batzuek, arrazoirik gabe, jarraian bi bileratara kale egitea, edo urtebetean guztira hirutara, erakundeak berak izendatua duen ordezkoa joan gabe, non eta ez den egiaztatzen ordezkoari erabat ezinezkoa gertatu zaiola batzordera joatea.

Aurreko paragrafoetan zehaztutako kasuetan, antolakundeari ohartarazpena egingo zaio, eta 7 eguneko epea izango du arazoaz nahi duena adierazteko; baina, ohartarazpena gorabehera, ukoari eutsi egiten badio edo pertsona horrek berak edo haren ordezkoak hurrengo beste bileraren batean kale egiten badu, batzordeburuak, dena delako antolakundeari egoeraren berri eman ondoren, Batzordea partzialki berritzeko prozedurari ekingo dio ofizioz, ukoa edo asistentzia-falta dela-eta jazotako bakantea(k) betetzeko.

Kontua denean, lau urteko agintaldia amaitu dela-eta, Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordeko kideak ohiko moduan berritzea, kide guztiak batera berrituko dira. Aurreikusitako edozein motibo dela-eta kargua behar baino lehenago uzten duten kideen ordezko gisa sartzen direnak kargua utzi duen hark normalean egon behar lukeenera arte egongo dira batzordeko kide modura.

Kideak ohiko bidetik berritzeko prozedura.

  1. Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordeko kideen agintaldiak amaitu baino lehen, batzordeburuak berritze-prozedura hasiko du eta sindikatu-erakunde eta -konfederazioen ordezkaritzari buruzko egiaztapena eskatuko dio Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoari lan-agintaritza autonomikoaren menpeko denari. Eta bulego horretan dauden datuekin bat etorriz, prozedura irekitzen denean, egiaztapenean honako sindikatu hauei buruzkoak jasoko dira: ordezkaritza handiena dutenak, edo, EAEren eremuan, administrazio publikoen organo eta enpresa-batzordeetako kide eta langileen delegatuetarik % 10 edo hortik gora lortu dutenak.

  2. Egiaztapen hori jaso ondoren, eta agintaldiak amaitu aurreko hilean, nahikoa ordezkaritza duten sindikatu guztiei jakinaraziko zaie hasteko eskubidea baitute hurrengo kideak izendatzen. Bakoitzari zenbat kide dagozkion ere jakinaraziko zaie.

  3. Bi hilabeteko epearen barruan aurkeztu beharko da ordezkarien izendapena, agintaldia amaitzen denetik hara; eta izendapen hartan honako hauek jaso beharko dira: izenak, titularrak eta ordezkoak, hau da, kide legez antolakunde, konfederazio edo instituzio bakoitzari dagozkionak.

    Eskubidea duen antolakunde, konfederazio edo instituzioren batek ez baditu, ezarrita dagoen epean, bere ordezkariak izendatzen, agindu honen 6. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Agintaldiaren barruan, enpresaburu-elkarte edo sindikaturen batek edo batzuek uko egiten badiote Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordean parte hartzeari, uko egiteko erabakia formalki jakinarazi beharko zaio batzordeburuari.

Gainerako elkarteei eta Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordearen azken berriztapenerako egiaztatutako ordezkaritzen arabera kide berriak izendatzea dagokienei jakinarazpena egin ostean hasiko da berriztapen partzialerako prozedura, 6. artikuluan islatu diren baldintzen arabera. Izendapen berriak, bada, jakinarazpena bidali eta hurrengo 7 egunen barruan egingo dira.

  1. Batzordeburua.

    Batzordeburuari honako funtzio hauek dagozkio:

  1. Bileren deialdia egitea eta bileren buru izatea.

  2. Bileren gai-zerrenda zehaztea.

  3. Eztabaidak gidatzea eta bideratzea, eta bilerak egokiro egiten direla bermatzeko beste neurri guztiak hartzea.

  4. Batzordeko bileren aktei eta erabakien ziurtagiriei buruzko oniritzia ematea.

  5. Gerta daitezkeen berdinketak ebaztea haren kalitatezko botoaren bitartez.

  6. Batzordeburuari dagozkion beste funtzio guztiak betetzea.

Idazkariari honako funtzio hauek dagozkio:

  1. Batzordeburuak aginduta, bilkuren deialdia egitea.

  2. Bileretara joatea eta aktak idaztea, eta hartutako erabakiak izapidetzea.

  3. Batzordekideek zein hirugarren batzuek batzordeari aurkeztu nahi dizkioten gai, txosten, proposamen eta agiri guztiak bildu eta prestatzea, eta horiek guztiak bideratzea dagokien eran.

  4. Hartutako erabakien ziurtagiriak ematea, batzordeburuaren oniritzia dutenak.

  5. Batzordeburuak agintzen dizkion edo bere karguari dagozkion kudeaketako eta koordinazioko zeregin guztiak betetzea.

  1. Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordea hiru hilean behin, gutxienez, bilduko da.

    Batzordea balioz eratuko da, lehen deialdian, batzordeburuaz edo idazkariaz gainedo horien ordezkoez gain kideen erdia baino gehiago bertan dagoenean, eta bigarren deialdian, bildutakoen kopurua edozein dela ere.

  2. Batzordeburuak, oro har, 15 egun lehenago bidaliko die batzordekideei bileraren deialdia. Salbuespenetan, 7 egun lehenago bidali ahal izango die deialdia.

  3. Jorratuko diren auzien gai-zerrenda eta, ahal izanez gero, auzi horiek eztabaidatzeko beharrezkoa den dokumentazioa bidaliko die deialdiarekin batera.

  4. Erabakiak botoen gehiengo soil bidez hartuko dira. Batzordeburuak kalitatezko botoa du berdinketak desegiteko.

  5. Bilera guztien akta egingo da. Aktetan honakoak jasoko dira: nortzuk bertaratu diren, bilera non eta noiz egin den, aztertu diren gai nagusiak, bozketa egiteko moduak, bozketen emaitzak eta erabakien edukia. Aktak idazkariak sinatuko ditu, batzordeburuak ontzat emanik, eta bilera berean edo hurrengoan onetsiko dira.

  1. Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordeak erabaki dezake lan-batzordeak osatzea tratamendu espezifikoa eskatzen duten gai jakin batzuetarako.

  2. Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordea arduratuko da batzorde horien osaera, helburuak, funtzionamendu-arauak eta iraupena zehazteaz.

  1. Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordeko kideek eskubidea dute ordainsari bat jasotzeko batzordeko bileretan parte hartzeagatik. Ordainsari hori bateragarria izango da bileretara joan eta haietatik itzultzeak eragin ditzakeen gastuei dagozkien kalte-ordainekin.

  2. Bai parte hartzeagatiko ordainsariak bai joan-etorrietarako kalte-ordainak otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan zerbitzu-arrazoiengatik oro har aurreikusten diren baldintza, kopuru eta mugen arabera ordainduko dira.

  3. Edonola ere, Administrazioan betetzen duen kargua edo lanpostua dela-eta ari bada kide bat Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordean parte hartzen, kide horrek ez du ordainsaririk jasoko bileretan parte hartzeagatik.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere baliabide materialak eta pertsonalak jarriko ditu Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordearen eskura, batzordeak bere lana behar bezala egin dezan.

Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordean ordezkaritza izan eta modu eraginkorrean hura baliatzen duten sindikatu- eta enpresa-erakundeek, finantziazioa eskura dezakete Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoarengandik, ordezkaritza instituzionaleko egitekoak aurrera eraman ditzaten eta euren eginkizunetan partaidetza teknikoa izan dezaten. Horretarako, aipatutako egitekoekin lotutako gastuak ordaintzeko kredituak agertu beharko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren aurrekontuetan.

Finantzaketa hori egiteko baldintzak ezarri eta banaketa egiteko, agindua emango du, urtero, enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen saileko titularrak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Ordezko araubidea.

Agindu honetan xedatuta ez dagoenari eta Prestakuntza-premiak Aztertu eta Hautemateko Aholku Batzordeak onartzen dituen funtzionamendu-arauetan ageri ez diren kontuei dagokienez, zera aplikatuko da: kide anitzeko organoen inguruan Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 30a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.