Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2019ko otsailaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez bosgarrenez aldatzen baita agindu hau: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duen Agindua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 40
  • Hurrenkera-zk.: 1025
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/02/20
  • Argitaratze-data: 2019/02/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartu zen. Gerora, ordea, agindu hori aldatu egin zen, 2013ko apirilaren 18ko, 2014ko apirilaren 16ko, 2015eko ekainaren 8ko eta 2017ko apirilaren 11ko aginduen bidez. Helburua zen zerrendak modu eraginkor, bateratu eta operatiboago batean kudeatzea, irakasleek urtero bete behar dituzten lanpostuen espezifikotasunei erantzunez, eta kudeaketa hori beharrizan berrietara egokitzea.

Komeni da 2012ko abuztuaren 27ko Aginduari egin zaizkion aldaketa guztiak biltzen dituen testu berri bat onartzea eta aginduaren zenbait alderdi berraztertzea, baina une hauetan premiazkotzat jotzen da, 2019-2020 ikasturtean ordezko izateko hautagai-zerrenden hurrengo urteko birbarematze-prozesua hasi aurretik, aldaketa berri bat egitea irakasle-ordezkogaien zerrendaren egungo kudeaketarekin lotutako hurrengo alderdi garrantzitsu hauei dagokionez: espezialitate zehatz baten betekizuna kentzea Irakasleen Prestakuntzako Masterrean, prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa egiaztatzerakoan, Bigarren Hezkuntzako eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoaren zerrendei dagokienez; irekita dauden ordezkogaien zerrenden mantentze-arauketa; eta merezimenduen baremoan sartzea haur-hezitzaile gisa izandako esperientzia, bai eta hautaketa-prozeduretan oposizio-fasea gainditzea ere.

Bigarren Hezkuntzako eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoetako izangaien zerrendetan prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa eskatzeari dagokionez, ikusita zerrenda horien antolamenduan orain arte izandako esperientzia, berriz pentsatu behar da zer balio eman behar zaion masterreko espezialitateari zerrenda horiek ordenatzeari begira.

Izan ere, zerrendaren jakintzagaia zein den, harekin zuzeneko zerikusia duen Irakasleen Prestakuntzako Masterraren espezialitatea eta dagokion titulu akademikoa dutenei 1. kidetasun-maila esleitzen zaie oro har, eta horrek berekin dakar masterreko espezialitatea ez dutenei 2. kidetasun-maila esleitzea, nahiz eta batzuen eta besteen hasierako titulazio akademikoa berdina izan. Erabaki hori hartu zen, bere garaian, irakasgaiari dagokion zerrendarekin zuzeneko zerikusia zuten masterreko espezialitateko kredituak balioesteko eta, hala, pertsona horiek masterreko espezialitate jakin hori ez zuten izangaien aurretik egoteko. Alabaina, errealitatea da Espainiako unibertsitateek prestatu dituzten ikasketa-planetan asko gutxitu dela masterreko espezialitateko kredituen balioa. Horregatik, agindu honen bidez III. eranskina «Titulazioen eta espezialitateen taula» aldatzen da, zeina Bigarren Hezkuntzako eta hizkuntzen irakaskuntzako mailen zerrenda bakoitzera sartzeko bidea ematen duten titulazioei buruzkoa baita. Hartara, aurrerantzean, ez dute lehentasunik izango Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasle-lanbideetan aritzeko gaikuntza ematen duen masterraren titulu ofizialeko espezialitate jakin batzuek besteen aldean; hau da, indarrean dagoen araudiaren arabera, nahikoa izango da masterraren titulu ofiziala izatea, ikasitako espezialitatea gorabehera. Gainera, ezabatu egingo dira aginduaren artikuluetan Irakasleen Prestakuntzako Masterraren tituluko espezialitateari egiten zaizkion erreferentzia guztiak. Eskakizun hori ezabatzearen ondorioz, Bigarren Hezkuntzako eta hizkuntzen irakaskuntzako zerrendetan 2. kidetasun-maila duten hautagaiei 1. kidetasun-maila esleituko zaie, hala dagokion kasuetan; halere, agindu honen xedapen iragankor bakarrean xedatutakoaren arabera, kidetasun-mailaren aldaketa horrek 2019-2020 ikasturtetik aurrera izango ditu ondorioak.

Aldi berean, III. eranskinaren Titulazioen eta espezialitateen taulak eguneratzen dira, eta Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen hauen babesean egindako aldaketak sartzen dira: 2013ko martxoaren 25ekoa, 2014ko apirilaren 9koa, 2015eko apirilaren 20koa, 2017ko martxoaren 16koa, 2017ko apirilaren 11koa eta 2018ko martxoaren 13koa. Hain zuzen ere, ebazpen horietan espezialitate jakin batzuk irakasteko gaitasuna ematen duten titulazio berriak jaso ziren, eta lehendik zeuden batzuk aldatu; halaber, honako espezialitate hauetan sartzeko titulazioei dagokionez aldaketak egiten dira: Pedagogia Terapeutikoko, Gizartearentzako Zerbitzuak, Elikagaien Elaborazio Lanak eta Ekipoak, Laborategia eta Diagnostiko Kliniko eta Produktu Ortoprotesikoen Prozedurak.

2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren 8. artikuluan aurreikusitako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren eskakizunari dagokionez, prestakuntza horren zehaztapenak sartzen dira: irakaskuntza-ondorioetarako baliokide aitortu diren tituluak dituzten pertsonek Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko zerrendetan sartzeko beharrezkoak (dagoeneko indarrean dagoen araudian jasota daudenak). Gainera, artikulu horretan apartatu berri bat sartzen da, atzerrian lortutako titulazioei dagokionez.

Bestalde, ikastetxe publikoetako ordezkapenei aurre egin behar zaienez gero, zerrenden irekieren deialdiak mugarik gabe irekita mantendu behar izaten dira. Hori horrela, komeni da zerrenden funtzionamendua garatzea; batez ere, zenbait alderdi espezifiko zehaztu behar dira, kudeaketa seguruagoa eta gardenagoa dela bermatzeko.

Azkenik, I. eranskina «Merezimenduen baremoa» aldatzen da. Aurrerantzean, haur-hezitzaile gisa emandako zerbitzuak merezimendu gisa barematuko dira; gainera, zehaztapen batzuk egiten dira merezimendu jakin batzuen egiaztapenari buruz irakaskuntzako esperientzia eta langile autonomoen esperientzia egiaztatzeari buruz. Halaber, I. eranskinean sartzen da merezimendu gisa hartzea unibertsitatez kanpoko irakasle-funtzionarioen kidegoetan sartzeko hautaketa-prozesuetako oposizio-fasea gainditzea; horrela, bateratu egin nahi dira bitarteko irakasleek irakaskuntzan duten esperientziaren balorazioa horrek hobetu egiten baitu hezkuntza-sistemaren kalitatea eta hautaketa-prozesuetako oposizio-fasean lortutako emaitza.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko funtzionarioen lan-baldintzen akordio arautzailearen arabera uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuaren bidez onartua, alderdien artean era negoziatuan eguneratu behar dira instrukzioak, eta halaxe egin da negoziazio sektorialaren bidez.

Horren guztiaren ondorioz, honako hau

Lehenengoa. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren 8. artikuluaren «Hautagaien zerrendetan sartzeko eskakizun espezifikoak» hirugarren apartatua aldatzea.

Aldatzen da 8. artikuluaren «Hautagaien zerrendetan sartzeko eskakizun espezifikoak» hirugarren apartatua, eta honela geratzen da:

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan aipatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa izatea, irakaskuntza bakoitzerako dagokion araudiaren arabera, prestakuntza hori ziurtatzeko.

  1. Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakaskuntzetan prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren betekizuna betetzeko, nahitaez izan behar da hauetako titulazio, ziurtagiri edo lan-esperientziaren bat:

    1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasle-lanbide arautuetan aritzeko gaikuntza ematen duen unibertsitate-masterraren titulu ofiziala, edozein espezialitatekoa.

    2. Honako titulu edo ziurtagiri hauetako edozein, 2009ko urriaren 1a baino lehenago eskuratua:

      Espezializazio didaktikoko lanbide-titulua, irakaskuntzarako trebakuntza-agiria edo irakaskuntzarako gaitasun-agiria.

      Maisu-maistraren titulua, oinarrizko hezkuntza orokorreko irakaskuntzako diplomaduna, lehen hezkuntzako maisu-maistra, bai eta pedagogia edo psikopedagogiako lizentziadun-titulua eta prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa barnean hartzen duen lizentzia edo titulazio baliokidearena ere.

    3. 2008-2009 ikasturtea amaitu aurretik irakaskuntza arautuko ikastetxe publiko edo pribatu baimenduetan bi ikasturte osotan edo, bestela, 12 hilabetez, jarraian edo etenekin, irakasle gisa aritzea, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuak arautzen dituen mailetako eta irakaskuntzetako irakasle-espezialitateetan.

  2. Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko espezialitateetan, zeinen zerrendetan sartzeko aski baita irakaskuntza-ondorioetarako baliokide aitortu diren unibertsitatez kanpoko titulazioak izatea, hautagaiak halako titulazio baliokide bat badauka, prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren betekizuna betetzat joko da, lehen aipatutako kasuez gain, egoera hauek aldi berean gertatzen badira:

    Egiaztagiri ofiziala izatea, frogatzen duena Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 100.2 artikuluan eskatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baliokide den prestakuntza baduela irailaren 23ko EDU/2645/2011 Aginduak ezarria.

    2014ko irailaren 1a baino lehen irakaskuntza arautuko ikastetxe publiko edo pribatu baimenduetan bi ikasturte osotan edo, bestela, 12 hilabetez, jarraian edo etenekin, irakasle gisa aritzea, dagozkion maila eta irakaskuntzetan.

  3. Zerrenda berriak irekitzerakoan, eskakizun hori kendu ahal izango da, baldin eta espezialitate jakin batzuetan, aurreikuspenen arabera, ezin izango badira postuak eskakizun hori betetzen duten hautagaiekin bete.

Bigarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren 8. artikuluari «Hautagaien zerrendetan sartzeko eskakizun espezifikoak» laugarren apartatua gehitzea.

Gehitzen zaio 8. artikuluari «Hautagaien zerrendetan sartzeko eskakizun espezifikoak» laugarren apartatua, eta honela geratzen da:

  1. Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, zerrendan parte hartzeko eskatutako espainiar-titulu zehatzari atzerritar tituluaren homologazioa kreditatu behar da, edo aitorpena, Hezkuntza Ministerioak emandako kredentzialaren bidez, haren titulazioak ahalmena ematen diola parte hartu nahi duen zerrendan dagokion irakaskuntzetan eta gaietan lanbide arautua Espainian jardun ahal izateko.

Hirugarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren 10. artikuluaren «Espezialitatea emateko prestakuntza» bosgarren paragrafoa ezabatzea.

Ezabatzen da 10. artikuluaren «Espezialitatea emateko prestakuntza» bosgarren paragrafoa.

Laugarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren 11. artikuluaren «Baldintzak egiaztatzea» hirugarren paragrafoa aldatzea.

Aldatzen da 11. artikuluaren «Baldintzak egiaztatzea» hirugarren paragrafoa, eta honela geratzen da:

Kasu bakoitzean eskatutako espezialitatea edo curriculum-lerroa adierazi beharko dute aurkeztutako titulazioek; bestela, titulua eman duen zentroaren ziurtagiri osagarria aurkeztu beharko da, egindako espezialitate edo curriculum-lerroa adierazita, edo, halakorik ezean, ziurtagiri akademiko pertsonala, egindako ikasgaiak adierazita.

Bosgarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren 11. artikuluaren «Baldintzak egiaztatzea» bosgarren paragrafoa ezabatzea.

Ezabatzen da 11. artikuluaren «Baldintzak egiaztatzea» bosgarren paragrafoa.

Seigarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2012ko abuztuaren 27an emandako Aginduaren 13. artikuluari «Merezimenduak» hirugarren apartatua aldatzea.

Aldatzen da 13. artikuluaren «Merezimenduak» hirugarren apartatua, eta honela geratzen da:

  1. Puntuazioen guztirakoan berdinketarik sortzen bada, honako baremo-faktore hauek hartuko dira kontuan bata bestearen atzetik:

    Ikastetxe publikoetan zerbitzu-denbora gehiago (egunetan adierazita).

    Ikastetxe pribatuetan zerbitzu-denbora gehiago (egunetan adierazita).

    Ikasketa-espedientearen batez besteko nota.

    Beste titulazio batzuk (2.2, 2.3, 2.4 eta 2.5 apartatuen batuketaren ondoriozko puntuazioa).

    Hautaketa-prozesuetan oposizio-fasea gainditzea.

    Berdinketak jarraitzen badu, abizenen eta izenaren ordena alfabetikoa erabiliko da; zozketa bat egingo da urtero zer letratatik hasiko den zehazteko.

Zazpigarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren 14. artikuluaren «Zerrendak eratzeko eta zerrendak beste pertsona batzuetara zabaltzeko deialdi orokorrak» laugarren apartatua aldatzea.

Aldatzen da 14. artikuluaren «Zerrendak eratzeko eta zerrendak beste pertsona batzuetara zabaltzeko deialdi orokorrak» 4. apartatua, eta honela geratzen da:

  1. Zerrendak irekitzeko deialdiak bukatu ondoren, deitutako prozedurari amaiera emango dion Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren ebazpenak zerrendek mugarik gabe irekita jarraitzea xedatuko du.

    Zerrendak irekita jarraituko duela xedatzen duen ebazpenetik aurrera, interesdunek aurkeztu ahal izango dute zerrendara edo zerrendetara sartzeko eskabidea, formatu elektronikoan eta www.irakasle.eus helbidearen bidez.

Eskabidea osoki bete ondoren, «Eskabidea amaitu eta agiria sortu» apartatua markatuz itxi beharko da, behar bezala balidatuta eta erregistratuta gera dadin.

Zerrendara sartu ahal izateko exijitutako baldintzak egiaztatzeko dokumentazioa formatu elektronikoan edo paperezko formatuan entregatu ahal izango da; azken kasu honetan, hiru laneguneko epean entregatu beharko da, eskabidea itxi eta hurrengo egunetik hasita, fotokopia konpultsatuaren bidez, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren ebazpenean adierazten diren tokietan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16. artikuluan xedatutako tokietan.

Behar izanez gero, eskabidea edo dokumentazioa zuzentzeko eskaera egin ahal izango du Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68. artikuluan xedatutakoaren arabera. Eskabide horretan, zer falta den edo zer dokumentazio zuzendu behar den adieraziko da.

Eskabideak sarrera-ordenaren arabera onartuko dira eta aurkezten diren dataren eta orduaren arabera ordenatuko dira.

Eskatzaile bakoitzak «Kontsulta pertsonalizatuak» apartatuan kontsultatu ahal izango du eskaeraren egoera (baloratzearen zain, onartua edo ez onartua); apartatu horretara sartu ahal izateko, haren erabiltzailea eta pasa-hitza erabiliko ditu. Eskaera onartu gisa agertzeak ordezkogaiari ordezkapenak egiteko deitu ahal izatea ekarriko du, adierazitako ordenaren arabera, betiere libre dauden eta lehentasuna duten ordezkogaiak ez badaude, ondoren adierazten den ordenaren arabera eta ondorengo zerrendetan egoteagatik:

Urteko birbarematzeen ondoriozko zerrenda orokorra.

Espezialitatean aukeratze-prozesuetako probak gainditu dituzten pertsonen zerrenda.

Zerrenda orokorrean integratuta ez dauden eta aurreko ikasturteetan ireki diren zerrendak, betiere espezialitatearen, hizkuntz eskakizunaren eta prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baldintza guztiak betetzen badituzte.

Ordezkogaiari ordezkapen bat egiteko deitzen dioten lehen aldian, exijitutako baldintzak egiaztatzeko dokumentazioaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko du tokian-tokiko Hezkuntza Ordezkaritzan, dokumentazioa formatu elektronikoan entregatu badu, zerrendara sartzeko eskabidea egitean.

Gero, prozesu honetan onartu diren pertsonak dagokien urteko birbarematze-prozeduraren ondoriozko zerrenda orokorrean sartuko dira, eta ordenatuak izango dira aurkeztu diren merezimenduei esker lortutako puntuazioaren arabera dagokien lekuan. Birbarematze-prozedura bakoitzari hasiera emango dion Langileak Kudeatzeko zuzendariaren Ebazpenak zehaztuko du muga-eguna onartutako pertsonak aurkeztutako eskabideak kontutan hartzeko; hori aipatutako prozedura izapidetzeko beharrezko epearen arabera egongo da. Egun hori baino beranduago aurkezten diren eskabideak hurrengo ikasturteko birbarematze-prozesuan sartuko dira.»

Zortzigarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren 17. artikuluari «Zerrenda ohiz kanpo irekitzea» zazpigarren apartatua gehitzea.

Gehitzen zaio 17. artikuluari «Zerrenda ohiz kanpo irekitzea» zazpigarren apartatua, eta honela geratzen da:

Zerrendak irekitzeko deialdiak bukatu ondoren, deitutako prozedurari amaiera emango dion Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren ebazpenak zerrendek mugarik gabe irekita jarraitzea xedatuko du; 14. artikuluaren 4. apartatuan zerrendak ohiko moduan irekitzen diren kasuetarako ezarrita dauden baldintza berberak izango dituzte.

Bederatzigarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren azken xedapenetako bigarrena «Titulazio eta baliokidetza berriak sartzea» aldatzea.

Aldatzen da azken xedapenetako bigarrena «Titulazio eta baliokidetza berriak sartzea», eta honela geratzen da:

Agindu honen bidez, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari gaikuntza ematen zaio, premia badago eta dagokion ebazpenaren bidez, sindikatu-ordezkaritzarekin dagokion negoziazioa egin ondoren, ikasturtean zehar eta bereziki birbarematze-prozesu bakoitza hasi aurretik, titulazio berriak sar ditzan; hain zuzen ere, III. eranskinaren titulazioen eta espezialitateen taulan jasotako espezialitateren bat emateko gaitzen duten titulazio berriak. Era berean, lehendik daudenak aldatzeko eskumena ematen zaio, akatsak aurkitzen badira edo dagokion txostena egin bada.

Halaber, gaikuntza ematen zaio Zuzendaritza horri zehatz dezan hautagaiek aurkezten dituzten Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko unibertsitateetako gradu-titulazioek eta III. eranskinaren titulazioen eta espezialitateen taulan agertzen direnek zer baliokidetza izango duten, betiere kontuan hartuta aztergai diren titulazioen ikasketa-planak. Birbarematze-prozesu bakoitzari ekin baino lehen argitaratuko da finkatutako baliokidetzen zerrenda; argitaratu ere, www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ web-orrian eta irakaslegunea ingurunean. Baliokidetza horiek agindu honetan araututako ondorioetarako baino ez dira.

Batzorde bat eratuko da horretarako, kide hauek izango dituena: Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Langileriak Kudeatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Unibertsitate Zuzendaritzako teknikari bat, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikari bat eta Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari bat. Batzorde horrek aztertuko ditu sartze berriak, aldaketak eta baliokidetzak, eta dagozkion proposamenak egingo dizkio Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari. Kasu bakoitzean zer gai aztertu behar den, aholkulari espezialistak izenda daitezke.

Hamargarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren I. eranskina «Merezimenduen baremoa» aldatzea.

Aldatzen da I. eranskina «Merezimenduen baremoa», eta agindu honen eranskinean xedatzen den moduan geratzen da.

Hamaikagarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren III. eranskina «Titulazio eta espezialitateen taulak» aldatzea.

Aldatzen da III. eranskina «Titulazio eta espezialitateen taulak», eta agindu honen eranskinean xedatzen den moduan geratzen da.

Irakasle-ordezkapenak egiteko hautagai-zerrendan dauden pertsonak, agindu hau indarrean jartzean, zerrenda horretan geldituko dira, eta urteko birbarematze-prozesuen ondoren osatuko diren zerrendetan ere bai, agindu honek zerrendetan sartzeko baldintzetan egiten dituen aldaketak gorabehera.

2018-2019 ikasturtean lanpostuak betetzeko, mantendu egingo da prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa egiaztatzen duen masterreko espezialitate zehatz baten betekizuna.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Halere, I. eranskinaren 3. apartatuak aipatzen duen puntuazioa 2020-2021 ikasturtean ordezko izateko hautagaien zerrenden birbarematze-prozeduratik aurrera aplikatuko da, eta ikasturte horretatik aurrera izango ditu lanpostuak betetzeko ondorioak.

Haur-hezitzaile gisa emandako zerbitzuei dagokienez, 2019-2020 ikasturtean ordezko izateko hautagaien zerrenden birbarematze-prozeduratik aurrera barematuko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 20a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)