Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2018ko azaroaren 22koa, Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita nola jakinarazi behar zaizkion Ertzaintzari urruneko kontrolaren bidez gidatutako aireontzien (RPA) eragiketak, hiri, herri edo biztanleguneetako eraikin multzoen gainetik edo aire zabalean elkartutako pertsona taldeen gainetik ibiltzen direnean.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 232
  • Hurrenkera-zk.: 5924
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/11/22
  • Argitaratze-data: 2018/12/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Garraio eta herri lanak; Ekonomi Jarduerak; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Informazio etak komunikazioak; Herrizaingoa

Testu legala

Urruneko kontrolaren bidez gidatutako aireontzien (RPA) eragiketak abenduaren 15eko 1036/2017 Errege Dekretuak arautzen ditu, zeinak urrundik gidatutako aireontzien erabilera zibila arautzen baitu eta ekainaren 27ko 552/2014 Errege Dekretua aldatzen; ekainaren 27ko errege-dekretu horrek airearen eta xedapen operatibo orokorren Erregelamendua garatzen du aireko nabigazio-zerbitzuetarako eta -prozeduretarako, eta urtarrilaren 18ko 57/2002 Errege Dekretua Aireko Zirkulazioko Erregelamendua onartzen duena aldatzen du.

Goian aipatutako errege-dekretuaren 21.3 artikuluan azaltzen diren eragiketak egin ahal izateko, haren lehen xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezarritakoaren arabera, segurtasun-neurri batzuk hartu eta baimen batzuk eskuratzeaz gainera, jakinarazpena egin behar zaie segurtasun publikoaren arloko eskumena duten agintariei, Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoak (martxoaren 30eko 4/2015 Legea) 2.3, 3., 4.1, 17. eta 21. artikuluetan xedatutakoaren ondoreetarako.

Aurretiazko jakinarazpen hori egin behar da, beraz, urruneko kontrolaren bidez gidatzen diren aireontziekin (RPA) eragiketak egin ahal izateko hiri, herri edo biztanleguneetako eraikin multzoen gainetik edo aire zabalean elkartutako pertsona taldeen gainetik, kontrolatu gabeko aire-eremuan eta hegaldietarako informazio-zonetatik (FIZ) kanpo. Halako eragiketak egin ahal izateko baldintza hauek bete behar dira: aireontziaren gehieneko masa aireratzerakoan 10 kg-tik gorakoa ez izatea; eragiketa pilotuaren ikus-eremuaren (VLOS) barruan egitea, pilotuarengandik horizontalean 100 m-ra gehienez, eta lurretik edo aireontziaren inguruko 600 m erradioko eremuan dagoen oztoporik altuenetik 400 oin (120 m) gorago gehienez.

Aurretiazko jakinarazpen hori egin behar da eragiketa baino hamar egun lehenago gutxienez, eragiketa egingo den lurraldean segurtasun publikoaren gaineko eskumena duten agintariek hura debekatzeko edo mugatzeko beharra baloratu ahal dezaten, pertsonei edo ondasunei kalte egiteko arrisku larria sor litekeela iritziz gero.

Hori dela eta, Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoak (martxoaren 30eko 4/2015 Legea) 17.1 artikuluan xedatzen duenez, bide edo toki publikoetan ibiltzea edo egotea mugatu edo murriztu ahal izango da eta segurtasun-eremuak ezarri ahal izango dira herritarren segurtasunean edo bizikidetza baketsuan nahasmendua gertatzen denean, edo gerta daitekeen arrazoizko zantzuak daudenean, mantentzeko edo berrezartzeko ezinbesteko denboraz.

Eta lege beraren 21. artikuluak dioenez, agintari eskudunek, aparteko segurtasun-neurri gisa, herritarren segurtasuna bermatzeko ezinbesteko denboraz soilik, neurri hauek har ditzakete, besteak beste: pasatzea debekatzea edo espazio publikoak ebakuatzea, pertsonak edo ondasunak berehala arriskuan jartzen dituen gertaeraren batek sortutako arrisku-egoeretan. Hori bat dator arestian aipatutako errege-dekretuaren 1. xedapen gehigarriaren 3. apartatuan ezarritakoarekin; izan ere, xedapen horren arabera, segurtasun publikoaren arloko eskumena duen agintaritzak urruneko kontrolaren bidez gidatutako aireontzien (RPA) eragiketak mugatzea erabaki dezake, haien erabilera edozein dela ere.

Xedapen honetan jasotako aginduak eta murrizketak edo jakinarazteko betebeharrak betetzen ez badira, martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoaren V. kapituluan aurreikusitako zehapenak ezarri ahalko dira.

Estatuko araudi aplikagarriaren arabera, operadoreen betebeharra da kasuan kasuko lurraldean eskumena duten segurtasun-indarrei aurkeztea aipatutako errege-dekretuaren 16.2.a) artikuluan adierazten diren erregistroak, eta Aire Segurtasuneko Estatu Agentziak elkarlanean jardun behar du segurtasun-indar eta -kidego eskudunekin, eta eduki dezaketen informazioa laga behar diote elkarri, errege-dekretuan xedatutakoa aplikatuta.

Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen eta Ertzaintzaren artean informazio hori koordinatzeko lana araudi aplikagarriari eta berariaz ezarritako lankidetza-mekanismoei jarraituz egin behar da.

Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen arrunta du bere lurraldean pertsonak eta ondasunak babesteko eta ordena publikoa eta herritarren segurtasuna zaintzeko. Beraz, Ertzaintzari dagozkio herritarren segurtasunari eragiten dioten jarduerak kontrolatzeko ahalmenak, beste lurralde batzuetan Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoei dagozkienak.

Agindu honek mekanismo batzuk zehazten ditu modu azkar eta eraginkorrean egin ahal izan daitezen agindu honek aipagai dituen eragiketei buruzko aurretiazko jakinarazpenak, informazio hori bidaltzeko bitarteko elektronikoak erabiltzeko aukerari eta arloan erantzukizuna duten administrazioen arteko harremanei dagokienez.

Hori dela-eta, honako hau

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 22a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

(Ikus .PDF)