Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2013ko uztailaren 11koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Karrantza Haranan (Bizkaia) den Portillo Txaleta, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 141
  • Hurrenkera-zk.: 3402
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2013/07/11
  • Argitaratze-data: 2013/07/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2013ko apirilaren 22ko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen Ebazpenaren bidez Karrantza Haranan den Portillo Txaletak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2013ko maitzaren 9ko 88. zk.a duen EHAAn argitaratua izan zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehena. Karrantza Haranan (Bizkaia) den Portillo Txaleta Kultura Ondasun gisa, Monumentu izandapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako aipatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen I. Eranskineko mugaketarekin, II Eranskineko deskripzioarekin eta III.Eranskineko baimendutako esku-hartzeen erregimenarekin bat etorriz.

Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena. Karrantza Haraneko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Karrantza Haraneko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza eta Kultura Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko uztailaren 11n.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Eraikina eta eraikinari atxikitako partzela sartzen dira mugaketan, bai eta planoko mugaketaren barruan kokatutako arboladi autoktonoa ere, baldin eta 100 cm-ko eta hortik gorako enborra badute arbolek.

    Hortaz, mugaketaren eremuak honako muga hauek ditu: iparraldean, bertan dauden egoitza-erabileradun bi eraikinen partzelatik bereizteko horma; mendebaldean, finkako burdin hesiarekiko paraleloa den lerroa, finkaren lerrotik metro batera dagoena, eta finkaren jatorrizko espaloia barruan duena; hegoaldean, sartzeko plazatxoa; ekialdean, partzelaren lerroa, eraikinaren kanpoaldeko ertzetik hamabost metro metrora paraleloki trazatua, hego-ekialdeko ertzaren eraikuntza-multzoa kanpo utzita.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Proposatutako mugaketa honako honek justifikatzen du: Portillo Txaletaren eraikuntzako eta haren inguruko kultura- eta ingurumen-balioak gordetzeko beharrizanak.

    Mugaketak berekin dakar lorategiaren eremua definitzen duen atxikitako partzela-zatia eta sartzeko espazioa babestu beharra, zertarako-eta halako bizitegi-eraikuntza isolatuaren berezko eitea baliarazteko.

    Beraz, ezarritako mugaketak eraikuntza bera ez eze, aldameneko eremua ere hartzen du, zeinetan kokatzen baitira eraikuntza-multzoa, atxikitako partzela eta sartzeko plazatxoa, planoan mugatuta agertzen dena.

    (Ikus .PDF)

Eraikin hau Karrantza udalerrian dago, landa-ingurunean. Bizkaia BI-4642 toki-sareko (sare horia) errepidearen ondoan kokatuta dago, eraikitako partzela baten gainean. Partzela hori zelaigune batean dago, Karrantza ibaiak bere adarretako batekin bat egiten duen lekuan hain zuzen.

Errepidetik eraikinean sartzeko plazatxo bat dago, ate nagusiaren mailan.

Portillo Txaleta Jean Batiste Darroquy arkitektoak egin zuen, eta hantxe bertan dagoen turtzioztar baserri baten eraberritze-proiektuaren egilea ere bada; proiektu horrek gaur egungo morfologia sorrarazi zuen.

Eraberritze- eta betearazpen-proiektua 1904 ingurukoa da. Beharrizanen programak bihurtu zuen hasierako landa-etxea familia bakarreko etxebizitza burges, udak pasatzeko egoitza erabilera duena.

Gerora, 1918an, familiak sustatutako eraberritze-lan bat egin zen, nekazaritza-ustiapenerako erabilera sartzeko zena. Horrek zenbait aldaketa ekarri zituen, hasierako eraberritzearen proiektuarekin bateragarri zirenak.

Ondoriozko multzoa 20x20 metroko plantaduna da, eta beheko lehenengo solairua eta teilatupekoa ditu. Bertan, jatorrizko baserriaren multzoa dago, eta hortik oraindik mantentzen dira zama-murruen zati bat, hegoaldeko fatxadatik gaur egungo multzoan sartzeko bidea eta lehenengo eraberritzeak sorrarazitako morfologia berria, batez ere estalki berriak eta ekialdeko eta mendebaldeko fatxadek sorrarazitakoa. Fatxada horiekin eraikitzeko gorputz berriak gehitzen dira, aurrerago deskribatzen den beharrizan-programa konpontzen dutenak.

Mendebaldeko fatxada bat ere nabarmentzen da, eklektizismo klasizista bati atxikitako errepertorio edergarri baten bidez, egoitza-eraikinerako sarbide berria izan dadin.

Bestalde, ekialdeko fatxada frantses jatorriko estilo «neovasco» delako baten bidez eginda dago.

Sartutako beharrizan-programaren ondoriozko antolamendu funtzionalari dagokionez, lehenengo eraberritzearen egoitza-erabilera batez ere lehenengo solairuan dago, bi alde dituena: jabeena, mendebaldeko fatxada eta hegomendebaldeko alboko fatxada hartzen dituena: bost logela ditu nagusia mendebaldeko fatxadako gorputzik erdikoenean dago eta tximiniadun saloi bat; eta zerbitzarien aldea, honako hauek dituena: sukaldea, bainugela eta bi komun-ontzi. Zerbitzarien gelak ganbaran zeuden.

Bestalde, beheko solairuan etxeko zirkulazio-bide guztiak daude, eta hor eskailera nagusia dago, hasieran diseinu modernista duena eta atondotik sartzen dena, eta garai bateko apaingarrietako batzuk ditu oraindik.

Bigarren eraberriketarekin batera, erabilera aldatu zen. Orduan, sukaldea beheko solairura aldatu zuten, iparrekialdeko ertzera, eta gainera, sukalde ondoan jantoki argiztatu bat eraiki zuten, fatxada nagusitik sarbidea zuena. Gainera, hiru logela gehiago jarri zituzten. Hori guztia hasierako antolamenduarekin bateragarria zen antolamendu bat erabiliz eta material egokiak baliatuz, hala nola Gamboa fabrikako baldosa hidraulikoak, kromatismo nabarmeneko diseinu erakargarria duten baldosak.

Eraikinaren balio nagusiko elementuetako bat partzelaren hegoalde eta mendebaldeko itxitura da. Diseinu orijinala du, bai burdin hesian, bai burdin hesia zedarritu eta Karrantzako kare harrizko zutabeekin errematatzen duten harrizko elementu berezietan. Burdin hesiaren ondoan, espaloi bat proiektatu zen, errepidearen handitzeak aldatu duena.

Portillo Txaletaren eraikuntza-multzoak eta atxikita daukan partzelak balio handiak dituzte: morfologikoak konposiziozkoak eta formalak, tipologikoak eta eraikuntzazkoak.

Izan ere, eraikinaren arkitektura-moldea funtsezkoa da estiloen trantsizioa ulertzeko, jauregi neoklasikotik gaur egungo etxera egoitza-erabilerara gertatu zena, XIX. mendearen erdialdetik erabateko helduarora iritsi arte, XX. mendearen hogeiko eta hogeita hamarreko urteetan.

Gainera, eraikina aurretiaz eraikitako molde baten egokitzapenaren emaitza da, eta horrek halako apartekotasun-balio bat eransten dio berez aparta den arkitektura horri.

Bestalde, ondo kontserbaturik dago, etengabeko egoitza-erabileraren ondorioz, eta horrek eragin du jatorrizko balioak egokiro mantendu direla eta transmititu ahal direla, eta, behar izanez gero, berreskuratu ahal direla III. eranskinean zehazten diren obra-eskuhartzeen sistematikaren barruan.

  1. Eraikuntza-multzorako gomendutako esku-hartze mota, oro har, A motako zaharberritze kontserbatzailea izango da, honako honen barrukoa: Eusko Jaurlaritzaren ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko 317/2002 Dekretuan definitutako esku hartzeen lehenengo azpimultzokoa, alegia.

  2. Eraikuntzarako baimendutako esku-hartzeen helburua izango da, alde batetik, eraikina kontserbatzea, eta bestetik, erakinaren funtzionaltasuna ziurtatzea, hainbat obraren bitartez, betiere obra horiek eraikinaren elementu bereziak, tipologikoak, formalak, egiturazkoak eta eraikuntzakoak errespetatuta. Ildo horretatik, lehenengo atalean adierazitakoez gain, 317/2002 Dekretuak zehaztu edergailuak sendotu eta kontserbatzeko esku-hartzeak ere baimendu daitezke.

  3. Edozein berrerabilpen honako honekin izango da bateragarria: eraikinek eta I. eranskinean mugatutako partzelak osatutako eraikuntza-unitateen balioak guztiz eraberritzearekin.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.