Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko abenduaren 1ekoa, Kulturako sailburuarena, Izurtzako Arana jauregia (Bizkaia) Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian monumentu kategoriako kultura-ondasun deklaratzen duen Kulturako sailburuaren 2011ko maiatzaren 23ko Agindua partez aldatzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 246
  • Hurrenkera-zk.: 6312
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/12/01
  • Argitaratze-data: 2011/12/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

Izurtzako Arana jauregiak (Bizkaia) kultura aldetik duen interesa ikusita eta haren kultura-balioan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak jauregia Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedientearen hasiera eskatzea erabaki zuen 2010eko otsailaren 17ko Ebazpenaren bidez (martxoaren 16ko EHAA, 51. zk.).

Espediente horren administrazio-izapidean, lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzuteko epea ireki zen.

Horretarako legez ezarrita dauden izapideak bete ondoren, Luis Vidal Gutiérrez Ibarzabal jaunak eta Izurtzako udalak alegazio-idazki bana aurkeztu dute.

Alegazio horiek aztertu ondoren, ezetsi egiten ziren bai Luis Vidal Gutiérrez Ibarzabal jaunak aurkeztutako alegazioak, bai Izurtzako udalak aurkeztutakoak ere, eta, aldi berean, espedienteko dokumentazioaren arabera, espedienteari hasiera emateko ebazpeneko mugaketa egokitzea erabaki zen, halako moduan non babes-eremuak jatorrizko lursail-itxiturak hartuko zituen, horretarako kontuan hartuta 1953ko otsaileko Izurtza Elexalde 1/400 eskalako planoak jasotzen zuen trazadura.

Kulturako sailburuaren 2011ko maiatzaren 23ko Aginduaren bidez (ekainaren 15eko EHAA, 113. zk.), Izurtzako Arana jauregia (Bizkaia) monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa sartu zen Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian.

Horretarako emandako epean, Luis Vidal Gutiérrez Ibarzabal jaunak berraztertzeko errekurtso bat aurkeztu zuen. Baina errekurtso hori ezetsi egin zen Kulturako sailburuaren 2011ko abuztuaren 18ko Aginduaren bitartez, bertako zuzenbideko oinarrietan adierazitako arrazoiengatik.

Izurtzako udalak, aldi berean, berraztertzeko errekurtso bat aurkeztu zuen aipaturiko 2011ko maiatzaren 23ko Aginduaren aurka, alkatearen dekretu bidez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz. Alabaina, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak dioenez, administrazio publikoen arteko liskarretan ez dago errekurtsorik jartzerik administrazio bidean. Hala ere, administrazio batek beste baten kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen duenean, aurrez errekerimendua egin ahal izango dio xedapena derogatzeko, egintza deuseztatu edo errebokatzeko, jarduketa materiala bukarazi edo aldatzeko, edo egitera beharturik dagoen jarduera egiten hasteko. Bidalitako idazkiaren formazko akatsa adierazi eta gero, Kultura Sailak hura bideratzeko izapideei ekin zien, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44.1 artikuluan xedatutako eran, zeren eta, kalifikazio-akatsa gorabehera, garbi baitago behintzat zein den bere benetako izaera. Horregatik, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Auzibide Zuzendaritzara bidali zen errekurtsoa, bera baita organo eskuduna judizio aurreko txosten, ekimen, errekerimendu eta jarduera egokiak egiteko, bai eta Jaurlaritzaren interesak ordezkatzeko eta defenditzeko egitekoak zuzentzeko ere, konstituzio maila duen jurisdikzioaren aurrean eta Arbitraje Batzordearen aurrean.

Auzibide Zuzendaritzak, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoen txostena ikusi eta gero, udalak aurkeztutako alegazioak aztertu zituen. Lehenik eta behin, ondasunaren deskripzioan dauden zehaztugabetasun batzuk aditzera eman zituen, lursailaren itxiturari buruzkoak alegia. Baiki, txostenak berak aitortzen dituen zehaztugabetasunak dira, eta, ondorioz, zuzendu beharrekoak. Horrenbestez, egindako alegazioak aintzat harturik, idazkera berri bat eman behar zaio kultur ondasuna osatzen duen lursailaren itxituraren deskribapenari.

Bestalde, 2011ko maiatzaren 23ko Aginduko II. eranskinaren 2. paragrafoan, eraikinari loturiko lorategiaren deskribapenari buruzkoan, akats bat dagoela ikusi da, eta, beraz, zuzendu egingo da.

Ondasunaren deskribapena zuzentzeko eskatzen duen alegazioa baiestekoa bada ere, ez da berdin gertatzen udalak egindako gainerako alegazioekin, hau da, alde batetik, ondasunaren mugaketarekin eta, ondorioz, Aginduak ezartzen duen babes-erregimenarekin lotura duten alegazioak, eta, bestetik, agindu horren eraginpeko lursailerako uneon izapidetzen ari den udalaren Hiri Antolamendurako Planaren proposamenak atxikitzearekin lotura dutenak.

Izan ere, alkatetzaren iritziaz bestera, zuzentzeko onartu den ondasunaren deskribapenak dituen zehaztugabetasunetatik ez da segitzen inolako ondoriorik babes-erregimenaren gainean, edo, zehazkiago, aurkatutako aginduaren III. eranskinak ezartzen dituen baimendutako esku-hartzeen erregimenaren gainean, zeinak II. eranskinean deskribatzen den ondasun osoari eragiten baitio.

Lursailaren itxitura dela eta, erregimen horrek baimena ematen du, Kultura Sailaren txosten teknikoarekin bat eta betiere itxituraren jatorrizko ideia, forma eta funtzioak atxikiz, hirigintzako aurreikuspenekin bateragarria den erabilera berriak eskatzen dituen egokitzapenak txertatzeko, non deklaratutako multzoaren irudi-unitatea eta 2011ko maiatzaren 23ko Aginduko III. eranskineko balioztatze-irizpideak errespetatzen diren.

Esanak esan, udalak errekurtsoan adierazten dituen hirigintza-aurreikuspenak aipatzen ditu Auzibide Zuzendaritzak (une honetan ari da tramitatzen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra), horiek funtsatzen baitute, zalantzarik gabe, babes-erregimen berriak eragindako eremua murrizteko eskaria, aurreikuspenok erregimen berriarekin bateragarria izan behar duten heinean. Horrenbestez, azpimarratu beharra dago ezen, lehenengo garapen-fasean lursailaren barnetik harresiari itsatsita oinezkoentzako pasealekua sortzeari dagokionez, berriz ere araua behartuta baino ezin dela uztartu Kultura Ondarearen Zentroaren txosten teknikoarekin, eta, beraz, ez dela egokia eraikinak eta hari loturiko lursailak definitzen duten eraikuntza-unitatearen balioetarako, zeren eta konexio-ardatz zurrun bat ezartzen baita lursailean, multzoan eragin negatiboa izan dezakeena; are gehiago, kontuan hartuta oraingo errepidea oinezkoentzako hiri-kale bat bihurtuko dela, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren garatzeko bigarren fasean.

Adierazitako guztiagatik, Izurtzako udalaren alegazioak ezestea proposatu zuen Auzibide Zuzendaritzak, hau da, 2011ko maiatzaren 23ko Aginduan, II. eranskinean deskribatutako lursailaren itxitura Aginduaren I. eranskineko mugaketatik kentzea (onartu diren aldaketak errespetatuta) eta, ondorioz, III. eranskineko babes-erregimenetik ere bai helburu zuten alegazioak. Itxitura horrek, eraikuntza-unitateekin batera eta eraikinari loturiko lorategiarekin batera, babestu nahi den ondasuna osatzen du, zeina Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian inskribatuta dagoen. Eta haren babesa bermatzeko, baimendutako esku-hartzeen araudi jakin bat aplikatzen da, udal planeamenduak nahitaez bete behar duena.

Ondorioz, Jaurlaritzaren Kontseiluak, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren proposamenez, erabaki bat onartu zuen 2011ko urriaren 7an, Izurtzako udalaren errekerimendua partez baiesten duena, udalak aurrez jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren ondorioz. Errekurtso hori Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 29/1998 Legearen 44. artikuluaren babesean jarri zuen udalak, Kulturako sailburuaren 2011ko maiatzaren 23ko Aginduaren harira (Izurtzako Arana jauregia Bizkaia Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian monumentu kategoriako kultura-ondasun deklaratzen duen Agindua). Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki horretan, halaber, bertan xedatutakoa betetzeko eskaera egiten zitzaion Kulturako sailburuari.

Horregatik guztiagatik, Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2011ko urriaren 7ko Erabakian ezarritakoaren arabera, hauxe

Lehenengoa. Aldatzea Izurtzako Arana jauregia (Bizkaia) Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian monumentu kategoriako kultura-ondasun deklaratzen duen Kulturako sailburuaren 2011ko maiatzaren 23ko Aginduaren II. eranskineko 1. paragrafoa, alegia, lursailaren itxituraren deskribatzen duen lerroaldea. Hau esaten duen tokian:

Errepide nazionalarekiko lursail-muga legez, eraikinak itxitura eder bat du, errepidearen maldari doituta, kareharrizko harlanduz dotoreziaz landutako mugarri ilara batez, haien artean altuera txikiko harlangaitz-horma ilaratuzko itxitura batez eta landare-moldura duten puntez burututako burdinurtuzko sare batez konektatuta.

Hau esan behar du:

Lursail-muga legez, BI-623 errepidean, lursailaren itxiturak harlangaitzezko horma itsu bat du, garaiera osoan, harik eta beste horma batekin topo egiten duen arte harlangaitzezkoa hori ere, baina harlanduzko ertzak dituena, zeinak, aurreko hormarekiko eta eraikin nagusiarekiko perpendikularki, jauregiaren hegoaldeko arboladiaren eta iparraldeko berdegunearen arteko itxitura eratzen baitu. Jarraian, angelu zuzen batean garajearen gorputzaren bat egin arte, jatorrizko itxitura kareharrizko harlanduz dotoreziaz landutako mugarri ilara batez osatzen da, haien artean altuera txikiko harlangaitz-horma ilaratuzko itxitura batez eta burdinurtuzko sare batez konektatuta.

Bigarrena. Aldatzea 2011ko maiatzaren 23ko Aginduko II. eranskineko 2. idatz-zatiaren lehenengo lerroaldea, eraikinari loturiko lorategia deskribatzen duena. Hau esaten duen tokian:

Arana jauregiko lorategia zuhaitz bakan batzuen eta haien arteko espazioen multzoa da, nagusiki eraikinaren iparraldeko fatxadan egon arren (...)

Hau esan behar du:

Arana jauregiko lorategia zuhaitz bakan batzuen eta haien arteko espazioen multzoa da, nagusiki eraikinaren hegoaldeko fatxadan egon arren (...)

Hirugarrena. Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena. Agindu honen berri ematea interesdunei, Izurtzako udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari eta Garraio eta Hirigintza Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere.

Bosgarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lehenengoa. Aldatzeko agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 1a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

Mugaketa

  1. Mugaketaren eremua.

    Mugaketak eraikin nagusia eta honako beste eraikinak eta ingurumaria hartzen ditu: Ekialdeko fatxadako biltegi-kotxetokia; «usotokia» deituriko antepararen ondoko beste eraikin baten hondakinak, eta barruko eta kanpoko lorategien arteko lorategi-gunea, barne sartuta urbanizazio-elementuak, esaterako lursailaren itxitura eta II. eranskinean deskribatzen diren zuhaitzak.

    Horrenbestez, eremuak muga hauek ditu: ekialdean, kotxetokiaren eraikinaren kanpo-ertza, plazatxo pribatuaren kanpo-ertzarekin batera, eta «usotokia» eraikin txikiaren kanpo-ertza eta antepararen horma; hegoaldean, 35 metrora, Arana jauregiaren fatxadarekiko lerro paralelo bat; mendebaldean, BI-623 foru-errepidetik bereizteko jatorrizko harrizko horma, jatorrizko burdin-sareareki batera, jatorriz zegoen moduan jarrita alegia, espedienteko 1953ko planoaren arabera; eta iparraldean, eraikinaren ipar-fatxadarekiko lerro paraleloa, lursailaren jatorrizko itxiturak definitutakoa.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Proposatzen den mugaketa justifikatzen da Izurtzako herriguneko Arana jauregiaren eta haren inguruko lorategi-espazioaren kultura eta ingurumen-balioak babestu behar direlako.

    Mota honetako egoitza-eraikin bakartuen berezko balioa zaintzeko eta balioztatzeko, lorategiaren mugaketak eta inbentariatutako kultura-ondasunaren balioztatzeak zera dakar: lorategiaren gunea definitzen duen lurzatiaren puska babestea.

    Hori dela eta, mugaketak ez du soilik eraikina bera hartzen, ezpada ere haren ingurumaria, alegia, erakin-multzoa eta lorategi-gunea osatzen duen zuhaiztia.

Deskribapena

  1. Arana jauregia.

    Multzoak, alde batetik, eraikin exentu angeluzuzen bat du, 24 x 15 metrokoa, behe-solairua eta bi goi-solairu eta estalkipeko solairua dituena; bestetik, kotxetoki moduan erabilitako beste eraikin bat, 15 x 7 metrokoa, behe-solairuaren profila duena, eta, azkenik, lorategi-gune libre bat, Mañaria ibaiaren eta BI-623 errepidearen artean kokatua. Eraikin nagusiak jauregi neoklasiko frantsestu eta erromantikoaren tipologia du.

    Iparraldeko eta hegoaldeko fatxadak hareharrizko harlanduz eginak daude, eta bost bao-ardatz bertikal dituzte, erlaitz nabarmenen artean kokatuak eta eraikineko solairuetan bana ezarrita; estalkipeko solairuko banaketa-tartea gailentzen da, molduradun erlaitz handi baten gainean agerian, eta kiribilduren gaineko leiho-lerro bat du, lehen aipaturiko ardatz bertikalak errematatuz. Harresiko hareharrizko harlanduen burua, harrizko bost hostoko palmondo-hostoez apainduta dago, estalkipeko hegalpean hain justu ere.

    Hegoaldeko fatxadak estilo inperialeko eskailera bat du, simetrikoa, lehenengo solairu edo solairu nagusi den horretatik eraketa erromantiko batez atzealdeko barne-lorategira jaisten dena.

    Iparraldeko fatxadan, bestalde, eraikinerako sarbide nagusia dago, kanpoko burdin-sareko atetik iparraldeko fatxadako erdiko ardatzeraino fatxadarekiko perpendikularra doana; gero, alboetan bi koloma toskanar dituen atea zeharkatu behar da, non erdiko balkoi moduan erabiltzen den 50 cm zabalerako erlaitz horizontal bat bermatzen den. Balkoi horren gainean, molduradun ur-isurkin horizontal bat, eta haren gainean, 20 bat cm-ra, Ibargüen-Basozabal-Echaburutarren armarria.

    Alboetako fatxadak ere hareharrizko harlanduzkoak dira, eta hiru bao-ardatz bertikal dituzte, erlaitz, ur-isurkin eta estalkipeko erremate segida berarekin. Ekialdeko albo-fatxadan lehen aipaturiko eraikinaren beste sarbidea dago, sukalde zabal batera zuzenean jotzen duena.

    Jauregiaren bolumena teila arabiarrez egindako lau isuriko estalki batez bururatzen da, zeinaren eskuarialde ertaineko zurezko egitura ondo kontserbatzen den.

    Funtzionaltasun aldetik, eraikina erdiko korridoreen bitartez antolatzen da: bana solairuetan eta kanoi-ganga formako beste bat solairu nagusian. Erdiko korridore nagusi hauetara iristeko, erdiko eskailera erabili beharra dago eta, solairuetako korridore horietatik logela eta egongeletara jo daiteke, eta aldi berean gela horiek haien artean komunikatuta daude.

    Behe-solairua biltegirako eta sukalderako erabiltzen da.

    Lehenengo solairua edo solairu nagusia altueragatik eta logelen kalitateagatik nabarmentzen da, bai eta sabaietako apaindurengatik ere, tximinien egoera onagatik eta apaindura geometrikoak eta bi zur-mota dituzten zoruengatik.

    Barne aldetik, hormak ongi kontserbaturiko iztukuzko estalki batez hornituta daude, eskailera nagusian bezalaxe.

    Hutsarteetako burdineria burdinurtuzkoa da, eta arotzeriak, bestalde, sekzio oneko zurajea du.

    Eskailera nagusiko baranda burdinurtuzko barraz osatua dago, zurezko eskudelekin. Lorategiko eskailera inperalak eraketa bera du, antzeko apainduraz hornitua, nahiz eta burdinurtuzko jantaz buruturik egon.

    Lursail-muga legez, BI-623 errepidean, lursailaren itxiturak harlangaitzezko horma itsu bat du, gainera osoan, harik eta beste horma batekin topo egiten duen arte harlaingaitzezkoa hori ere, baina harlanduzko ertzak dituena, zeinak, aurreko hormarekiko eta eraikin nagusiarekiko perpendikularki, jauregiaren hegoaldeko arboladiaren eta iparraldeko berdegunearen arteko itxitura eratzen baitu. Jarraian, angelu zuzen batean garajearen gorputzaren bat egin arte, jatorrizko itxitura kareharrizko harlanduz dotoreziaz landutako mugarri ilara batez osatzen da, haien artean altuera txikiko harlangaitz-horma ilaratuzko itxitura batez eta burdinurtuzko sare batez konektatuta.

    Emaitza eraikin noble bat da, alde batetik eklektikotzat jo daitekeena hainbat joera biltzen dituelako, baina joerok eraketa neoklasiko batez, XIX. mendeko erromantizismoaren eraginarekin, ordenatzen dituena.

    1. eranskinean definitutako mugaketak bi eraikin-gorputz hartzen ditu, eraikinaren alboan. Bata ekialdeko fatxadarekin aurrez aurre, harengandik aparte eta ondoko jabetzatik bereizteko hormari atxikita, Mañaria ibaiak hornitzen duen antepararen gainean, «usotokia» deitzen duten halako begiratoki txiki bat, alegia. Bigarren eraikin-gorputza kotxetokiarena da, harlangaitzezkoa, eskantzuetan hareharri gorrizko harlandu ederrez hornitua, bai sarrerako atetzarrean bai eraketa neoklasikoa duten fatxadako hutsarte guztietan. Eraikin nagusiarekin batera, sarbide nagusiaren kanpo-eremua osatzen du, eta biltegirako edo/eta kotxetokirako erabiltzen da.

  2. Eraikinari loturiko lorategia.

    Arana jauregiko lorategia zuhaitz bakan batzuen eta haien arteko espazioen multzoa da, nagusiki eraikinaren hegoaldeko fatxadan egon arren eraikin osoaren ingurumaria eratzen dutenak eta erakinari loturiko lorategi-gune itxi bat definitzen dutenak. Lorategira jotzeko bi sarbide daude, jauregiko bi solairutatik abiatuta: sarbide nagusia lehen solairuko erdiko espazioa malda leun batez barne-lorategiko solairuarekin lotzen duen eskailera da; bigarren sarbidea, garrantzi gutxiagokoa, behe-solairuko erdiko espaziotik zuzenean komunikatzen da lorategiarekin.

    Jada ez da gelditzen lorategiko elementu berezigarririk, hala nola altzari, iturri edo antzeko eraikuntza edo apaindurako elementurik. Edonola ere, erantsitako planoan definitzen den babes-inguruaren barruan lorategi erromantikoa dago, tamaina, edertasuna, adina eta kokapena dela-eta nabarmentzekoak diren hainbat zuhaitzez osatua. Honako genero eta espezietakoak, hain zuzen ere: Magnolia grandiflora; Laurus nobilis; Aesculus hippocastanum; Fraxinus excelsior.

Baimendutako esku-hartzeen erregimena

  1. Multzoan eraikinak eta lorategia onartutako esku-hartze mota, oro har, A motako zaharberritze kontserbatzailea izango da, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan definitutako esku hartzeen lehenengo azpimultzoaren barruan.

  2. Arana jauregiak duen babes-mailak eraikina osorik edo zati batean eraistea edo desmuntatzea debekatzen du.

  3. Baimendutako eraikuntzako esku-hartzeen helburua izango da, alde batetik, eraikina kontserbatzea, eta bestetik, erabilera bateragarriaren funtzionaltasuna hainbat obraren bitartez, bermatzea, betiere obra horiek eraikinaren elementu tipologikoak, formalak, egiturazkoak, eraikuntzakoak eta esanguratsuak errespetatuta.

    Multzoaren balioekin bateragarria izango den berrerabilpenak honako hauek bete beharko ditu:

    Eraikin nagusia sendotu beharko du: bolumena, estalkiaren tipologia, itxiturak, leihozuloak eta beren moldurak, eta barne-egitura, jatorrizko material eta topologiarekin.

    Eraikina zaharberritu beharko da, jatorrizko tipologiaren eta probetxamenduaren arabera, jatorrizko bolumenaren barruan eta haren antolaera errespetatuta; izango duen erabilerari begira bete beharreko segurtasun, osasun eta segurtasun eta irisgarritasun baldintzak betetzeko egokitzapen teknikoak sartu beharko dira, betiere kultura-ondasunarekin era bateragarrian, eta haren kontserbazioa bermatuko da; luzetarako hormak eta zeharkakoak finkatuko dira; partzelaren jatorrizko itxitura berreskuratuko da; ahal den neurrian, barne-apaindura guztia eta aurreko materialak finkatuko dira, baita balkoiak, burdinurtuzko karelak eta arotzeria eta leiho-ateak ere; lorategira joateko eskailera ere berreskuratuko da.

    Partzelaren gaineko esku-hartzeak gutxienez 1,50 m-ko enbor-perimetroa duten zuhaitz guztiak errespetatuko ditu.

    Bigarren mailako eraikinetan onartuko diren esku-hartzeak aipaturiko 317/2002 Dekretuko sendotzekoak eta/edo zaintzeko eta apaintzekoak izango dira, eta zutik dirauten jatorrizko egituraren zati osoak berreskuratuko dira.

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.