Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko urriaren 6koa, Kulturako sailburuarena, Santurtziko (Bizkaia) Sabino Arana kaleko 5. zenbakian dagoen Dorretxe Jauregia, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 209
  • Hurrenkera-zk.: 5332
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/10/06
  • Argitaratze-data: 2011/11/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2011ko uztailaren 6ko Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen Ebazpenaren bidez Santurtziko (Bizkaia) Sabino Arana kaleko 5. zenbakian dagoen Dorretxe Jauregiak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2011ko abuztuaren 12ko EHAAn argitaratu zen (153. zenbakia).

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Santurtziko (Bizkaia) Sabino Arana kaleko 5. zenbakian dagoen Dorretxe Jauregia Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako aipatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena. Santurtziko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Santurtziko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Lehendakaritza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean Agindu hau argitaratzea.

Lehenengoa. Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak.

Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 6a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LáZARO.

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Mugaketa-eremua erantsitako planoan dago zehaztuta eta eraikinaz gainera, ingurumari urbanizatua ere hartzen du. Mugaketa-eremuak honako muga hauek ditu: ipar-mendebaldean, Eskolamaisu kalea; ipar-ekialdean, oinezkoentzako kale bat; hego-ekialdean, enparantza bat eta Gurutzeko Alaben Santa Maria ikastetxearen eta eraikinaren arteko horma; eta hego-ekialdean, Gernika parkea, Mahastiak kaleraino hedatzen dena. Parke horrek bi zati ditu: bata, Jauregiari lotuta dago; eta bestea, plaza publikoa da. Jauregiari loturiko zatia dago babestuta, hain zuzen ere.

  2. Mugaketaren arrazoiak.

    Santurtziko Dorretxe Jauregiaren ingurumen-, estetika- eta ikuste-balioak babestu egin behar dira; horregatik proposatu dugu, hain zuzen ere, mugaketa hori. Hiriguneko eraikin garrantzitsuetako bat da.

    Ondasuna behar bezala babesteko eta balioztatzeko, beharrezkoa da eraikinaren inguruak ere babestea, bestela ez baita ulertzen hiri-bilbearen barnean egotea.

    Hori dela eta, mugaketak ez du Jauregia soilik hartzen, ezpada ere haren ingurumaria.

    (Ikus .PDF)

Santurtzi erdigunean dago Dorretxe Jauregia, Sabino Arana kaleko 5. zenbakian, Gorka Deuna elizaren, udaletxearen eta parkearen ondoan.

  1. mendean eraikitako etxebizitza-eraikin barrokoa da. Ez dakigu nork egin zuen; bai, ordea, Jose Maria Lizana eta Hormazak, VI. Casa Torre markesak, agindu zuela eraikitzea, udako egoitza izan zedin.

    Clotilde, Carmen eta Maria Salazar Txabarrik hartu zuten oinordetzan, eta 1933an Maitasun Errukitsua Erlijio Ordenari saldu zioten eraikina. Mojek ikastetxe bilakatu zuten; behar bereziak zituzten neskentzako ikastetxe, hain zuzen ere. Gero, 80ko urteetan, Udalak eraikina erosi zuen eta, horren ondorioz, Udal ondarearen parte bilakatu zen; udal-bulegoak jarri zituen bertan. Udalak du oraindik jabetza.

    Eraikin exentua da; oinplano karratua du eta bolumen kubikoa, oinean 400 metro koadroko azalera eta lau isurkiko estalkia. Inguruan, espazio publiko urbanizatuak daude. Lurra aldapan dago pixka bat. Lorategi pribatua berez handiagoa zen; gero, ordea, parke publiko bilakatu zuten.

    Harlanduzko blokeekin egindako fatxada barrokoak ditu; hori da, hain zuzen ere, Jauregiaren ezaugarri nagusia. Lau solairu ditu: behekoa, lehenengoa, bigarrena eta teilatupekoa. Plaka leuneko inposten bidez bereizten dira solairuak kanpotik.

    Aurrealdea hego-ekialdera dago begira. Etxaurre horrek bost bao ditu; baoak harlanduz inguratuta daude. Beheko solairuan hiru sarrera daude eta bi bao alboetan. Lehenengo solairuan, bost balkoi daude; balkoi-ateak dituzte balkoiek. Goiko solairuko baoak izan ezik, gainerako baoak handiak dira. Aurrealdeak ardatz simetrikoa du. Elementu hauek osatzen dute ardatz hori: beheko solairuko sarrera nagusiak, lehenengo solairuko balkoiak eta bigarren solairuko balkoiak. Lehenenengo solairuko balkoia baino txikiagoa da bigarren solairuko balkoia eta balkoi-atea. Hiru sarreren inguruan harrizko bozelak daude. Gainerako baoak, berriz, harriz daude inguratuta. Beste balkoiek ez bezala, lehenengo solairuko erdiko balkoiak moldura lerro-nahasia du. Moldura hori hiru sarrera nagusien molduraren antzekoa da. Goialdea, teilatu-hegal azpia, erlaitza konkabo batez eta konbexu batez apainduta dago.

    Aurrealdean, ekialdeko izkinan, Hormaza familiaren armarria dago, XVIII. mendekoa; fatxadaren planotik kanpora ateratzen da. Armarria tinbratua da; aurrealdean kasket bat du, luma ugariz apaindua, bularraldean maskor bat, inguruan lanbrekinak, oinarrian maskaroia eta alboetan lehoi bana. Lehoiek armarriari eusten diote. Armarria laurdendua da eta honela dago antolatuta: lehenengo laurdenean, almenadun gaztelu bat ageri da; bigarren eta hirugarren laurdenetan, otso ibiltari bat; eta laugarrenean, bost lerro.

    Teilatu erdian dagoen linterna ez da Jauregia eraiki zuten garaikoa, geroago egin zuten; gaur egun behatoki bilakatu dute. Mendebaldeko fatxadan, beheko eta lehenengo solairuei eranskin bat gehitu zieten, lorategiari begira dagoena. Fatxada nagusiaren aurrean, kareharriz eginiko eskultura bat dago, «Itsasgizonek itsasoan pairatzen dituzten arriskuen alegoria» deritzona. 25 metrora, Jauregira sartzeko harmailadia dago eta, albo banatan, kareharriz eginiko lehoi baten eskultura.

    Hasieran, bizilekutzat erabili zuten Jauregia. Gero, bertan bulegoak jarri zituen Udalak. Orain, berriz, herriko kultur etxe bilakatu dute. Aurki irekiko dute.

    Eskailera nagusiaren inguruan dago antolatuta eraikinaren barnealdea. Garai batean, argizuloak argiztatzen zuen eskailera hori. Beheko solairuan ukuiluak zeuden. Lehenengo solairuan, berriz, bizilekua; hau da, logelak, egongelak, jantokia, sukaldea, komunak eta jakitokiak. Teilatupean, zerbitzu-gelak zeuden. Arotzeria zurezkoa da eta kanpoko kontraleihoen bidez babestuta dago. Beheko solairuko baoek eta gainerako balkoiek burdin-lana dute. Jatorrizko altzariei dagokienez, egur landuz eginiko bi kutxatzar ditugu: batak eserlekuaren itxura du, eta besteak zurezko oinarria. Diseinuak esaten digu ziur asko Jauregia baino berriagoak direla.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik