Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko martxoaren 28koa, Kulturako sailburuarena, Sukarrietako Begoñako Andra Mari Haur Kolonia (Bizkaia) monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun deklaratzen duena, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 78
  • Hurrenkera-zk.: 2302
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/03/28
  • Argitaratze-data: 2011/04/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

2010eko maiatzaren 17an, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak ebazpen bat eman zuen, Sukarrietako Begoñako Andra Mari Haur Kolonia (Bizkaia) Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera emateko, haren balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik. Ebazpena 2010eko abuztuaren 13an argitaratu zen EHAAn (155. zk).

Espediente horren administrazio-izapidean, lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri zen espedientea eta interesdunei entzuteko epea ireki zen.

Horretarako legez ezarrita dauden izapideak bete ondoren, hainbat alegazio-idazki aurkeztu dira: Ingurumen, Landa eta Itsas Ingurunearen Ministerioarena (Euskal Herriko Itsasertz-Mugartearen izenean), Bizkaiko Foru Aldundiarena, BBKrena, Sukarrietako Udalarena, Iñaki Uriarte Palacios jaunarena eta, epez kanpo, Busturiako Udaleko lau zinegotzirena. Alegazioak luzeak direnez, beraien laburpena egingo dugu, eta alegazio-egile bati baino gehiagori emandako erantzunak ez ditugu errepikatuko.

Landa eta Itsas Ingurunearen Ministerioaren ustez (Euskal Herriko Itsasertz-Mugartea), monumentu-multzoaren mugaketa-eremuan jabari publikoa okupatzeko emakida duen lurzatia sartzea ez da beharrezkoa, zeren eta, haren iritziz, Kostaldeei buruzko Legeak berak eta ingurumarian aplikatzekoa den araudiak jadanik bermatzen baitute ingurumen-balioen babesa. Hori dela eta, esan beharra dago lurzatia mugaketaren barruan sartzea justifikatuta dagoela inguruneko instalazioak eta ingurumen-balioak zaintzeko beharrarengatik, alegia, ondarearen babesaren ikuspegi global eta bateragarri batetik begiratuta, ingurumenaren eremua kontserbatze soiletik harago.

Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren zor-eremuko eragina dela eta, Ministerioak dio ezen, nola eta Kostaldeei buruzko Legea indarrean sartu aurreko obra eta instalazioak diren, zilegi izango direla bolumen-handitzerik ez dakarten konponketa eta hobekuntza lanak, bai eta orain indarrean dauden legezko erabilerak ere. Horri dagokionez, gogoan hartu behar da ondasun bat babesteak ez duela esan nahi, berez, nahitaezkoa denik obrak egitea, baizik eta jabeak obligazioa duela ondasuna kontserbatzeko, zaintzeko eta babesteko, haren osotasuna ziurtatzeari begira eta ondasuna galtzea ekiditeari begira.

Igarobide-zortasunari eta itsasora heltzeko zortasunari dagokienez, zeinak agintzen baitu oinezkoentzako pasabide publiko librea utzi behar dela itsasertzetik gutxienez sei metroko zabalerako zerrendan, esan behar da Kolonia babesteak ez duela zertan eragotzi mugaketaren barruko gainerako lurren erabilerak eta zortasunak, betiere bermatzen bada aipaturiko ondasuna kontserbatzeko, zaintzeko eta babesteko obligazioa.

Bestalde, Ministerioak dio kasu honetan ezin dela aplikatu Kostaldeei buruzko Legearen hirugarren xedapen iragankorra, xedapen horrek legea indarrean sartu aurreko gune eta egoerei baitagokie, eta ez 1988az geroztik egin diren babes-adierazpenei. Gure aburuz, ordea, arrazoibide hori onartuz gero, praktikan ezinezkoa izango litzateke legea indarrean sartuz geroztiko ondasunak babestea, eta batere zentzurik ez luke izango botere publikoek eraginkortasunez jokatzeko duten betebeharra, etorkizuneko belaunaldiek kultur ondarea ezagutu, ulertu eta goza dezaten.

Bizkaiko Foru Aldundiak dio espedienteko txostenetan ez dela egiaztatzen zeintzuk diren monumentu-multzoa babesteko dauden kultur balioak, eta eskatzen du Kolonia kulturgune izendatu dadila. Alabaina, txostenotan, Aldundiak dioenez bestera, argi dago eraikina berezia dela, hain zuzen ere ez duelako parerik diseinuaren bitartez erabilerak eskatzen duen funtzionaltasuna, alde batetik, eta bereizgarritasun eta kalitate estetiko handia, bestetik, konbinatzen. Kulturgune izendatzea dela eta, esan behar dugu monumentu-multzoaren kategoria hobeto egokitzen zaiola legeak aurreikusten duenari, Koloniak kultur batasun bat osatzen duten hainbat higiezinez osaturik baitago.

Aldundiak eskatzen du, halaber, babes-eremuaren mugaketa murriztu dadila, kanpoan utzita Busturiari dagokion lurzatiaren atzealdea eta eraikinari atxikitako lorategietatik hegoaldera dagoen lursaila, Sukarrietako udalerrian. Eskabide horri erantzun behar diogu babes-eremuaren mugaketa arrazoituta dagoela ingurumariko ingurumen-balioak, estetikoak eta bisualak babestu behar direlako, eta horren bitartez bertako erakinak berak eta aisialdirako eremuak balioztatu ahal izateko.

Horretaz gainera, Aldundiak dio aintzat hartu behar dela Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren bereizgarritasuna eta, beste ezeren gainetik, Erreserba babesteko eta antolatzeko lanabesak lehenetsi behar direla; izan ere, bertan erregulazio espezifiko bat aurreikusten da erreserbaren sisteman, interes historiko-artistiko eta kulturala duten ondasunentzat, ondasun horien artean kokatzen baita Haur Kolonia. Egia da, bai, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba Erabiltzeko eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaileak, III. eranskinean, Interes Kulturala eta Historiko-artistikoa duten Ondasunen behin-behineko zerrenda jasotzen dela. Planak dio behin-behineko zerrenda hori indarrean egongo dela haren ordezko katalogoa onartu arte. Plana onartu ez denez gero, Aldundiak ondorioztatzen du ezin dela ondasuna babestu ez dagoelako indarreko erregulazio espezifikoaren barruan. Alabaina, Planaren hainbat puntutan argi gelditzen da eranskineko ondasunen zerrenda ez dela zerrenda itxi bat, aldaezina, eta hura handitzeko edo txikitzeko aukera aurreikusten da, bai eta Kultura Sailaren eskumena ere Erreserbaren barruan dauden eta interesa kulturala duten ondasunak sailkatzeko edo inbentariatzeko.

Sukarrietako udalak alegatzen du Kultura Sailak ez zuela higiezinaren babesa proposatu edo planteatu, indarrean dauden arau subsidiarioak onartzeko izapideetan. Kultur ondarearen babesa, ordea, ez da eginkizun estatiko bat, eta orduan babesik ez emateak ez du esan nahi orain eman ezin zaionik.

Udalak dio, era berean, igarobidean lanak egiteko edo udal lizentziak emateko hainbat erakunderen baimenak behar direla. Horri erantzun behar zaio ondasun bat babesteak ez dakarrela, berez, nahitaez esku hartu behar denik bertan, baizik eta hura kontserbatzeko, zaintzeko eta babesteko obligazioa dagoela, eta horrek ez duela eraginik, printzipioz, udalak dituen beste legezko betebeharren alorrean.

Bilbao Bizkaia Kutxarekiko hirigintza-hitzarmenari dagokionez, zeinak aukera ematen baitio udalari, kontraprestaziorik gabe, lursailaren zati bat okupatzeko espaloiak eta bideak egiteko, esan beharra dago ezen Kolonia Zerrenda Nagusian sartzeak sortzen duen obligazio bakarra dela Aldundia jakitun ipini behar dela, gutxienez hilabete aurretik, ondasunari eragin diezaioketen esku-hartze guztiez.

Iñaki Uriarte Palacios jaunak eskatzen du Koloniaren jarduera pedagogikoa kultura-ondasun izenda dadila, ondare materiagabearen modalitatean. Koloniaren jarduera pedagogikoa Bilbao Bizkaiko Kutxaren Gizarte Ekintzaren berezko tradiziotzat jo behar da, baina inola ere ezin da hartu Euskal Herriko kultura historiko eta kolektiboaren elementu ordezkagarri gisa, eta hori da kategoria horretan sartzeko ezinbesteko baldintza.

Horregatik, alegazioak ez onartzea erabaki da, eta espedienteen izapideekin jarraitzea.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Sukarrietako Begoñako Andra Mari Haur Kolonia (Bizkaia) monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun deklaratzea, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian.

Bigarrena. Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskinean adierazitako eran, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Hirugarrena. Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena. Higiezin-multzo hori babesteko eskaria egitea Busturiako eta Sukarrietako Udalei, euren udal hirigintza-planeamenduan sartuz.

Bosgarrena. Agindu honen berri ematea interesdunei, Busturiako eta Sukarrietako Udalei, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari eta Garraio eta Hirigintza Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere.

Seigarrena. Ondasuna Zerrenda Nagusian sartzeari buruzko agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lehenengoa. Inskribatzeko agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 28a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

  1. Mugaketaren eremua.

    Mugaketak, alde batetik, Kolonia bera (eraikin nagusia eta kapera) eta haren eraikin osagarriak (jagolearen etxea eta zuzendariaren etxebizitza) hartzen ditu, eta beste aldetik, Kolonia inguratzen duen eta osatzen duen lorategia, zeinean sartzen baitira pergola eta hondartzarako eskailerak, bai eta lorategiko altzari guztiak ere. Horietaz gainera, kirolgunea eta atzealdeko baratzeak ere sartzen dira.

    Beraz, hona zeintzuk diren monumentu-multzoaren mugak: iparraldetik, gaur egun baratzeek okupatzen duten zonaldearen kanpoaldea, nekazaritza eta abeltzaintzarako eraikina kenduta; mendebaldetik, Zornotza-Bermeo trenbidea eta hondartzarako bidea; hegoaldetik, ingurunearen harresia eta hondartzarako bidea; eta ekialdetik, Gernikako itsasadarrarekin paraleloki doan hesia eta San Antonio ermitaren ondotik doan paseabidea.

    Busturiako udalerria hartzen du, bertan baitaude multzoaren sarbidea, jagolearen etxea eta atzealdeko lorategien zati bat, eta Sukarrietako udalerria ere bai, eraikin nagusia, kapera, zuzendariaren etxebizitza eta lorategiaren gunearen gainerako zatia, aurrealdeko lorategiak eta pergola barne hartuta.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Mugaketaren helburua ez da bakarrik elementuaren kontserbazioa bermatzea, baizik eta instalazioen ezaugarri bereziak eta inguruneko ingurumen-balioak zaintzea.

Begoñako Andra Mari Haur Kolonia Sukarrietako kanpoaldean dago, Abiñako San Antonio auzoan. Zornotza-Bermeo errepidearen ondoan dago, Gernikako itsasadarraren bokalean, San Antonio hondartzaren alboan. 78.000 m²-ko lurzati bat okupatzen du, Busturia eta Sukarrieta artean, ekialdetik Gernikako itsasadarra bera muga duena, eta mendebaldetik Zornotza-Bermeo trenbidea eta bi herri horiek lotzen dituen errepidea. Koloniara iristeko hiru bide daude: errepide nagusitik, hondartza eta pasealekutik, edo trenbidetik, Sukarrietako tren-geralekua Koloniarekin lotzen duen bidetik.

Kolonia osatzen duten eraikinak zelai eta lorategiz osaturiko berdegune zabalek inguratuta daude. Bukaera aldean pergola bat duen mailadi batek lotzen du Kolonia pasealekuarekin eta hondartzarekin. Pergolaren alboan 38 m-tik gora duen eukaliptu handia dago, Sukarrietako Koloniaren ikur bilakatu dena.

Gune fundatzaileko eraikin guztiak (jagolearen etxea, zuzendariaren etxebizitza eta eraikin nagusia) hegoaldera begira daude, horrela bi helburu betetzen baitituzte: ahalik eta argi-ordu gehien aprobetxatzea eta ingurune osasungarri, ongi aireztatua eta argitsua bermatzea, xede sanitario horretan oinarrituta altxatu baitzen.

Ricardo Bastidak proiektatu zuen Koloniaren eraikin nagusia, kaperarekin, Ramón de la Sotarentzat, 1925ean. Helburua arrantzaleen seme-alabei arreta ematea izan zen. Baina helburu hori alde batera utzi, eta Bilboko Udal Aurrezki Kutxari saldu zitzaion eraikina, zuzendariaren etxebizitzarekin eta jagolearen etxearekin batera, bai eta Busturiaren eta Sukarrietaren arteko inguruko lur-sail handia ere. 1925ean, Begoñako Andra Mari Haur Kolonia jarri zen bertan. Oinplano laukizuzena du, luzetara dagoena, eta fatxada nagusia alde handietako batean du, zehazki hegoaldera begira dagoenean. Oinplanoa hiru pabiloik osatzen dute, elkarren artean galeria terrazadunen bitartez lotuak. Laukizuzen honetan kaperaren atala nabarmentzean da, multzoarekiko perpendikularra, iparraldeko fatxadan irteten dena. Erdiko gorputzari atxikia, jatorriz museoa gordetzen zuen tokian, dorrea altxatzen da, zeinak jatorrizko bi pabiloiak eta 1928ko zabalkuntzatik bereizten baititu.

Eraikin osoa hormigoi armatuzko forjatuz egina dago, salbu eta kapera, zurezko egitura baitu. Itxitura-hormak kanpoaldetik paramentu leunez eta bistan dagoen harlangaitzez eginak daude, eta haien eitea bat dator Koloniako gainerako eraikinekin. Pabiloiak lau uretako estaldura batez eta hegalkin komun batez errematatuta daude, hormigoizko armazoi baten gainean eta zenbait teilatutxo perpendikularrez hornituta, zeinek estalkipeko solairuaren aireztapen eta agiztapenerako baoetarako tokia bermatzen baitute. Kaperak bi isuriko teilatua du, oktogonala absidean, barrualdetik igeltsuak estalia, ganga trenkatuaren tankeran. Dorrea, bestalde, estalki piramidal batez amaitzen da.

Eraikinaren kanpoko itxura, bere ezaugarri plastiko eta apaindurazkoei dagokienez, estilo neobaskokoa da, 1920ko hamarkadan eta Ricardo Bastidaren lanean ohikoak ziren parametroen bitartez bikain definitua. Oro har lau bao-erregistro ditu, solairuen banaketarekin bat datozenak. Fatxada nagusian oreka dago zuloaren eta hormaren artean, eta atzeko fatxadan eta alboetakoetan horma nagusitzen da. Baoen eraketa oso aldakorra da: arku eskartzanoak eta puntu erdikoak, batez ere sarbide eta eguteretan; bao karratuak pabiloiak elkartzen dituzten galerietan; ardatz bertikaleko bao laukizuzenak alboko pabiloietan, eta abar.

Kapera eraikin nagusian integratuta dago, eta perpendikularki kokatzen da mendebaldeko hegalaren eta erdiko pabiloiaren artean. Kanpoaldetik, kaperaren oinaldeak eraikinaren atzealdean duen proiekzioa nabaritzen da, absidea eta gela osagarriak begibistan daudelarik, eta burdina forjatuzko kanpai-horma bat ere ikus daiteke higiezinaren fatxada nagusian.

Barrualdean korua du, nabe nagusiaren oinaldean altxatzen dena, eta bertara iristeko lehenengo solairuan du sarbidea. Argiztapena hormetakoa da, alegia, gangako lunetoen artean (lau luneto, nabearen alde bakoitzean) ireki diren puntu erdiko bao zabaletatik sartzen da, beirate beruneztatuez ixten direnak. Eskuinaldeko alboko nabean arku eskartzanodun leiho zabal bat zabaltzen da, beirate beruneztatuarekin baita ere.

Kaperaren aurrean, mendebaldeko hegala eta erdiko pabiloia elkartzen dituen galerian, erdiko atala mendebaldeko hegalarekin lotzen dituen korredorea dago, elizkizunetarako gunearen atari gisa. Haren baoetan hiru beirate beruneztatu txertatu ziren 1960ko hamarkadan, eraikina eraberritu zenean: erdikoa, kaperaren sarrerari aurrez aurre, gai erlijiosoak dituena, eta albokoak, umeen gaiak dituena. Bilboko Vidrieras de Arte SA enpresak diseinatu eta fabrikatu zituen, 1964an.

Atezain edo jagolearen etxeak jatorrizko funtzioari eusten dio; Zornotza-Bermeo errepidetik Kolonian sartzeko bide nagusiaren ondoan dago, zehazki bidearen ezkerreko ertzean, Busturiako udalerriko lurretan.

Oinplano laukizuzena duen eraikina da, 75 m²-ko azalera duena, lurreko maldari egokituta altxatua. Malda hori dela eta, erdisotoa du fatxada nagusitik ikusten ez dena behe-solairua, lehen solairua eta ganbara. Zurezko egitura du, harlangaitzezko karga-hormak, eta zurezko armazoian bermatzen den lau isurialdeko estalkia. Estalkia teilatuko hegalean ikus daiteke, fatxaden gaineko hegalkin komun batean.

Gela guztiak bi orriko zurezko leiho atalburudunez hornituta daude eta, horri esker, ez dago aireztapenik gabeko logelarik.

Sarbidea fatxada nagusiaren erdialdean dago. Fatxada horretan bertan hiru mailako eskailera txiki bat dago, eguterara jotzen duena, eta bertatik etxebizitzaren barrualdera sartzen da. Egutera edo arkupe honetan, hormak azulejo txuri eta urdinez xaflaztaturik zeuden garaiera erdiraino, baina gaur egun behealdekoak baino ez dira geratzen.

Zuzendariaren etxebizitza oinalde apur bat laukizuzena duen eraikin exentu batean dago, gutxi gorabehera 110 m² dituena, lursailaren kanpoaldetik Kolonia inguratuz jagolearen etxetik hondartzaraino doan alboko bidetik gertu. Lorategiz inguratuta dago, bereziki garatuak fatxada nagusiaren aurrealdean.

Higiezinaren altxadurak lau solairu ditu: erdisotoa, behe-solairua, lehenengo solairua eta estalkipeko solairua. Solairuen arteko komunikazioa oinalde karratua duen zurezko eskailera baten bitartez egiten da, erdian zuloa duen eta solairuen atzealdean dagoena.

Zurezko egitura du, harlangaitzezko karga-hormak, eta zurezko armazoian bermatzen den lau isurialdeko estalkia, zeina hegalean ikus daitekeen, hegalkin komunean. Estalkian hiru teilatutxo daude, ardatzarekiko perpendikularrak, alegia, bat datozenak fatxada nagusiarekin, alboko eskuinaldekoarekin eta atzealdekoarekin.

Baoak ditu fatxada guztietan, nahiz eta hormak zuloek baino tarte handiagoa hartzen duen, salbu eta fatxada nagusian, zeina alde horretatik orekatuagoa den. Bi sarbide ditu: nagusia hegoaldeko fatxadan, eta alboko sarbide bat ekialdetik, erdisotora zuzenean jotzen duena.

Aurrealdeko lorategiak konposizio simetrikoa du, ardatza gaur egun igerilekura eta jolasgunera jotzen duen pasealekua duela. Malda arin bat duen lur-zerrenda estu bat dago, ekialdetik mendebalderako norantzan, zuzendariaren etxebizitzatik hondartzaren sarbideraino. Lorategi honek balio ordezkagarri berezia du, are eszenografikoa, halako lotura bat egiten duelako Bastidak eraikin nagusiarentzat diseinatu zuen arkitektura-moldearen eta zuzendariaren etxebizitzaren artean. Lorategiko altzariek indartu egiten dute lotura hori, batez ere hura eta hondartzarako eskailerak tokirik hurbilenean mugatzen dituzten hormigoizko hormatxoek.

Lorategia pergola txukun batean amaitzen da ekialdetik, hondartzarako sarbidearen buru gisa. Oinalde makotua duen eraikina da, hormigoi armatuzkoa, bistako adreiluz estalita dauden sekzio koadroko kolometan egituratua. Kolomak 3 m zabal den korredore baten alboetan daude. Kolomen gainean hormigoizko habexka-sare bat dago, zurezko parralen tankera imitatuz.

Atzealdeko lorategia, aldiz, oso bestelakoa da, parterrik gabe. Haren taxuketa bidezidor batean ardazten da, kaperaburutik sigi-saga doana lursailaren iparraldeko mugaraino, alboan apaindurazko floroiak dituzten eskailerak mantentzen direlarik. Bidezidorraren buruan begiratoki bat dago, alde batetik lotuta hondartzarako beheranzko bidearekin, eta, bestetik, multzoko eraikin modernoagoen aldearekin. Atzealdeko lorategi honetan bi ur-biltegi daude, Kolonia urez hornitzeko.

Lorategiok eraikinaren luzakin modukoak dira, hura osatzen duten elementuak, eta, horrenbestez, programa arkitektonikotik ezin bereiztuzkoak.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.