Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko martxoaren 15ekoa, Kulturako sailburuarena, Laudioko (Araba) Goikoplazako 16. zenbakian den Etxebarri baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 68
  • Hurrenkera-zk.: 2009
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/03/15
  • Argitaratze-data: 2011/04/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2010eko uztailaren 26ko Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen Ebazpenaren bidez Laudion den Etxebarri baserriak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2010eko urriaren 15eko 199. zk.a duen EHAAn argitaratua izan zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen dituen izapideak bete ondoren, Laudioko Udalak eta Z.V.34 Goikoplazako Egikaritze Unitatearen Hitzarmen Batzarrak alegazioak aurkeztu zituzten.

Alegazioak baserriaren mugaketaren deskribapenari buruzkoak dira. Laudioko Udalak baserriaren NWko mugaketaren eremua 14 metrora murriztea eta SOko eta NEko mugaketaren eremuak zabaltzea eskatzen du. Onartzen da mugaketaren eremua 15 metrora NWn murriztea, hasierako 20ak aldatuz, baina ez besteak zabaltzea baserriaren eremua ondo babestuta geratzen baita hasieran proposatutako mugaketarekin. Mugatutako eremua emandako lursailaren hegoaldeko jabetzaren mugara egokitzen da, errealagoa delako.

Hitzarmen Batzarrak ere baserriaren atzeko fatxadaren eremua 15 metrora mugatzea eskatzen du, hasierako 20 metroak murrizteko eskatuz. Murrizketa onartzen da ordenazio berrira egokitzeko asmoz, baserriaren babesean eraginik ez baitauka.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Laudioko (Araba) Goikoplazako 16. zenbakian den Etxebarri baserria Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako aipatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena. Laudioko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Laudioko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol eta Toki Administrazioren eta Lurralde Orekaren Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean Agindu hau argitaratzea.

Lehenengoa. Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 15a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Mugatutako eremuaren barne geratzen dira, bai eraikina bera, bai eraikin horren ingurua. Horrela, bada, mugaketa-eremuak honako muga hauek ditu: NEn, baserriaren lurrek ondoko errotarekin duten muga; NWn, fatxadarekiko lerro paraleloa, 15 m-ra; SWra, baserriaren lurrek ondoko etxebizitzarekin eta haren eraikin osagarriekin duten muga, eta SEn, Goikoplaza kalearen espaloia.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Mugaketa hori proposatzeko arrazoia izan da beharrezko ikusten dela Laudioko Etxebarri edo Goikoplaza 16 baserriaren ingurumena eta ikus-bista zaintzea. Ingurunearen mugaketak beharrezkoa baita ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko baserriaren inguruko lurren eta eraikinerako sarbidearen babesa dakar berekin, betiere, baserriaren bereizgarritasunak kontserbatzeko. Horregatik, mugaketa honek baserri-eraikina ez ezik inguruko lursailak ere bereganatzen ditu.

Baserri hau hari buruzko erreferentzia batzuk XVI. mendekoak dira Laudioko hegoaldean dago kokatuta, Nerbioi ibaiaren ondoan dagoen eremu lau batean, eta fatxada nagusia, hain zuzen, alde horretara du. Oinplano laukizuzena du, 26,5 m x 19,5 m-koa. Beheko solairua, lehenengo solairua eta ganbara dauzka. Beheko solairua eta lehenengo pisua harri-hormaz eraikiak daude; ganbaran, berriz, hegal batzuen gainean dauden hormak, adreiluz betetako zurezko bilbaduraz. Estalkia bi isurikoa da, eta gailurra, fatxadara nagusiarekiko perpendikularra.

Eraikina lau hormartek osatzen dute. Berezitasun hau du: erdiko hormarteen hegala alboko hormarteena baino garaiagoa da, eta horrela barruko beharretara egokitzen da, halako eran non, egongelak alboko logelek baino altuera handiagoa duen eta altuera handiagoa den estalkia jaisten den ganbarako aldeetan.

Fatxada nagusiak lau leiho ditu, bai lehenengo pisuan, bai ganbaran. Beheko solairuan, portale bat dago, eta handik etxebizitzetara sartzen da; hasiera batean bi etxebizitza zeuden, baina gero zatitu egin ziren, eta sei egin. Fatxada portalearen erdialdean sostengatzen da, harrizko zutabe baten gainean. Portalearen alboetan, bi leiho daude alde banatan.

Alboko eta atzeko fatxadetan, berriz, zur-arotzeriako bao batzuk daude.

Fatxada nagusiko goiko solairuetako leihoak inguratuta daude, eta lehenengo solairuko bi leihoen gainean frontoi bat irudikatzen da.

Barrualdeko egitura zurezkoa da, eta teilatu-hegalari eta beste hegalei beso batzuek eusten diete.

Aurrealdean, hegalaren gainean, armarri bat dago, eta beste armarri txiki bat solairu nagusian, leihoen parean.

Baserriaren ezaugarri nabarmenenetako bat fatxadan dituen polikromiak dira; ustez XVI. mendekoak, margolan horiek Juan de Armona maisuarenak direla dirudi; margolari arabar horrek Urduñan izan zuen tailerra, eta elizak margotzen izan zen aditua. Margoak igeltsuzko geruza biren gainean marraztutakoak dira, eta zenefa dekoratiboek osatzen dute, teilatu-hegalen eta irtenguneen azpian; horiekin batera, puntaleen gaineko beteguneetan era askotako figurak ere ageri dira. Zenefetan gehien ageri diren irudiak ondorengoak dira: kiribildurak eta lore-sorten itxurako marrazkiak, erronboen sareak, aingeruen buruak erakusten dituzten frisoak, sokak, arrosarioak eta bolak. Betegarrietan, berriz, ondorengoak ikusten dira: bustoak, fantasiazko izakiak, eta baita lore-sorta batzuk ere; azken horiek berriagoak direla uste da, seguru asko XIX. mendekoak. Gehien agertzen diren koloreak gorria, okrea eta beltza dira.

Eraikinaren eta margoen gaur egungo egoera txarra izan arren (etxean sutea izan zen joan zen urtean), margoak lehengoratu egingo balira eta baserria konpondu, eraikinaren balio historiko, arkitektoniko eta etnografikoaz gainera, XVI. mendeko marrazki horiek ere izango genituzke, eta guztiz bereziak direla esan behar da.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik