Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko urtarrilaren 26koa, Kulturako sailburuarena, Antzuolan (Gipuzkoa) den Amilleta baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 39
  • Hurrenkera-zk.: 1000
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/01/26
  • Argitaratze-data: 2011/02/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2010eko urriaren 7ko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen Ebazpenaren bidez Antzuolan den Amilleta baserriak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2010eko azaroaren 10eko 216. zk.a duen EHAAn argitaratua izan zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapidea bete ondoren, Antzuolako Udalak eta Garikoitz Lete Agirre jaunak alegazioak aurkeztu dituzte jakinarazteko baimendutako lan baten ondorioz, baserrian beste etxebizitza bat eraiki zela, eta ez dela familia bakarrekoa, ebazpenaren deskribapenean agertzen den bezala. Alegazioa onartu egiten da eta egokitzen da deskribapena familia bakarreko eraikinari egindako aipamena ezabatuz.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Antzuolan (Gipuzkoa) den Amilleta Kultura Ondasun gisa, Monumentu izandapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako aipatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena. Antzuolako Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Antzuolako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Agindu hau argitaratzea.

Lehenengoa. Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak.

Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011 urtarrilaren 26a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

Mugaketa

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Mugaketak eraikina bera eta ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu:

    Ipar-ekialdean, baserriaren iparraldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 35 metrora dagoena.

    Hego-ekialdean, lerro bat, baserriren ekialdetik 65 metrora eta hegoaldeko muturretik 50 metrora, eta nabarmen paraleloa Maltzaga-Zumarraga burdinbide zaharraren zabaldegiarekiko, trenbideko azpiegituraren kanpoaldeko lubeta jarraituta.

    Hego-mendebaldean, baserriaren mendebaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 50 metrora.

    Eta, azkenik, ipar-mendebaldean, baserriaren fatxadarekiko lerro paraleloa, fatxada horretatik 20 metrora.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Mugaketa hau proposatu da Amilleta baserriaren inguruak duen balioa babestu behar delako, ingurumenaren aldetik zein ikusteko duen balioaren aldetik. Baserria malda handia duen mendi-hegal batean kokatutako dago, Antzuolako Basalde auzoan. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko, eta berarekin batera dakar baserriaren inguruko lurrak eta eraikinerako sarbidea babestea, baserriaren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak baserriaren eraikina bera ez ezik haren ingurunea ere hartzen du.

Deskribapena

Oinplano angeluzuzeneko baserria, 33,5 x 23,5ekoa. Egurrezko estalkia, hodi-teilez egina, 3 isurkikoa, gailurra hego-ekialdera jotzen duen fatxada nagusiarekiko elkarzut duena. Bi solairu eta ganbara ditu. Horma perimetralak landu gabeko harriz eginak, eta eskantzuak harlanduzkoak. Fatxada nagusiak antolaketa simetrikoa du; beheko solairuan, erdian, erdi-puntuko bi arku daude; arku batetik atondora sartzen da eta bestetik kortara. Lehenengo solairuan sei leiho-hutsarte daude, silarriz hesituta. Hastialean (goiko aldean) oholtza labur bat ikus daiteke, alde hori ixten duena. Hego-mendebaldeko fatxadak zazpi leiho eta ezaugarri desberdinetako balkoiak ditu, beheko solairuan, eta beste zazpi leiho-bao lehenengo solairuan. Lurraren desnibela aprobetxatuz, soto-upategi bat dauka, non zenbait saietera irekitzen diren; azken horiek ere hego-mendebaldera jotzen dute. Ipar-ekialdeko fatxada oso baxu dago lurraren desnibelarengatik, eta handik sotora edo lastategira sartzen da zuzenean. Ipar-mendebaldeko fatxadak leiho-bao bat dauka.

Eraikin honen barneko egitura suhesi batean bermatzen da, hego-ekialdeko fatxada nagusiarekiko elkarzut; suhesiak bi zati simetrikotan banatzen du eraikina. Egurrezko egiturak fatxadetan eta erdiko suhesi horretan bermatzen dira. Bi erdien egiturak pieza bakarreko zortzi zutabe-ardatzetan bermatzen dira; horiek habe, beso eta gapirioekin ahokatuta, baserri honen teilatuari eusten diote. Beheko solairura argi naturala sartu dadin, argizulo bat dauka, forma tronkopiramidala duena. Ipar-mendebaldeko azken hormartea XIX. mendean eginiko zabalkuntzean egina da. Horma zaharraren gainean, gaur egun barruan dagoena, XVI. mendeko arku zorrotza irekitzen da.

Amilleta XVI. mendeko baserria da. Garai horretako ipar-mendebaldeko murrua eta upeltegia gorde ditu. Beranduago, erabat berregin zen, XVIII. mendean; eta garai hartakoak dira, hain zuzen, barruko murru eta egitura gehienak.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik