Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2011ko urtarrilaren 26koa, Kulturako sailburuarena, Antzuolan (Gipuzkoa) den Laskurainaundia baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 39
  • Hurrenkera-zk.: 999
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/01/26
  • Argitaratze-data: 2011/02/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2010eko urriaren 7ko Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen Ebazpenaren bidez Antzuolan den Laskurainaundia baserriak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2010eko azaroaren 10eko 216. zk.a duen EHAAn argitaratua izan zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapidea bete ondoren, Antzuolako Udalak alegazioak aurkeztu ditu jakinarazteko baimendutako lan baten ondorioz, baserrian beste bi etxebizitza gehiago eraiki zirela, eta ez dela familia bakarrekoa, ebazpenaren deskribapenean agertzen den bezala. Alegazioa onartu egiten da eta egokitzen da deskribapena familia bakarreko eraikinari egindako aipamena ezabatuz.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Antzuolan (Gipuzkoa) den Laskurainaundia Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako aipatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena. Antzuolako Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Antzuolako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Agindu hau argitaratzea.

Lehenengoa. Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urtarrilaren 26a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Mugaketak eraikina bera eta ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu:

    Ekialdean, baserriaren ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 40 metrora trazatua; espazio horretan ere garbitokia sartuko da.

    Hegoaldean, baserriaren hegoaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 40 metrora trazatua.

    Mendebaldean, baserriaren mendebaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 40 metrora trazatua.

    Azkenik, iparraldean, baserrira iristeko bide publikoan urrutien dagoen ertza.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Proposatutako mugaketaren arrazoia da Laskurainaundia baserriaren inguruak duen balioa babestu behar dela, bai ingurumenaren ikuspegitik eta baita ikusteko duen balioa dela-eta. Baserria malda leuna duen hegal batean kokatutako dago, Antzuolako Lizarraga auzoan. Ingurunearen mugaketak, katalogatutako ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko beharrezkoa, baserriaren inguruko lurrak eta eraikinerako sarbidea babestea du helburu, baserriaren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak baserriaren eraikina bera ez ezik haren ingurunea ere hartzen du.

Planta handiko baserria: 22 m zabal eta 27 m sakon. Bi solairu eta ganbara ditu, bai eta sotoa ere, lurzoruaren desnibela aprobetxatuz. Ekialdeko eta mendebaldeko fatxadetara modu simetrikoan atxikitako bi eranskin handi ditu. Luzapen horiei esker, baserriak honako dimentsio hauek lortzen ditu: 27 m zabal eta 33,5 m luze. Jatorrizko eraikinaren estalkia bi isurikoa da, naba-teilekin egina, eta teilatu-gailurra ekialdetik mendebalderako orientazioa du. Eranskinetako estalkia ere naba-teilekin egina da, baina hiru isuri ditu. Baserriaren kanpoko hormak bistako harlangaitzezkoak dira eta junturak berdinduta daude. Bestetik, eskantzu eta bao-inguru gehienak harlanduzkoak dira.

Hutsuneen banaketak, oro har, ez du ordena handiegirik, ekialdeko fatxadan izan ezik. Han, izan ere, bi sarrera-bao eta lau leiho-bao ageri dira. Hutsune horien ardatzen gainean beste sei leiho-bao daude lerrokatuta, goiko aldean egurrezko karga-habeak dituztela. Fatxadaren eskuinaldera lurrezko arrapala bat dago. Harlangaitzezko murru batek eusten dio arrapalari, eta handik, egurrezko atetzar bat igaro, eta zuzenean sartzen da lehenengo solairura. Eraikin nagusiaren horma pikoan aireztatzeko bi leiho-bao irekitzen dira, modu simetrikoan. Fatxada horretatik zazpi metrora, garbitokia dago. Harlangaitzezkoa da eta harrizko aska eta teilaz egindako estalkia, bi isurikoa, ditu.

Hegoaldeko fatxada dezente gorago dago, lurraren desnibela dela-eta. Sotoaren parean aireztatzeko bi hutsune eta saieteraren bat ditu. Halaber, fatxadan zehar modu irregularrean tartekatzen diren baoen ilara bat dago; bao horiek hainbat dimentsiotakoak dira. Goiko solairuan bost leiho-bao ageri dira, lerrokatuta, eta horietako batzuk irekita daude, balkoi kareldunen gisara. Azkenik, estalkiaren azpian, hiru leiho-bao daude, eta horietatik argia sartzen da baserriaren lehenengo solairura. Fatxadaren beheko aldean, zokalo bikoitza du, eraikinaren zimenduak indartzeko babestua. Mendebaldeko fatxadaren eskuinaldean sotora sartzeko atetzarra dago. Lehenengo solairuan, berriz, hiru leiho-bao ikus daitezke, eta horietako batek harrizko ingurua du. Fatxadaren ezkerraldean dagoen eranskinaren alde bati atxikita, ogi labe semizirkularra du. Gainerako fatxadaren oso antzekoa da, eta teilatu txiki batek babesten du. Eranskinaren ezkerretara, bi sarrera-bao eta hiru leiho-bao ikusten dira, eta beste atetzar bat dago han. Gainean, horma pikoan, aireztatze-bao pare bat daude. Azkenik, iparraldeko fatxadan bide publikoaren parean soilik daude leiho-baoak. Fatxada hori oso baxu dago, lurraren desnibela dela eta.

Eraikinaren barruan ekialdetik mendebaldera orientatuta dauden bi karga-horma daude. Iparraldeko aldekoa estalperaino iristen da, hegoaldekoa, berriz, lehenengo solairura iristen da soilik. Bigarren horma hori, hain zuzen, sotoan hasten da, eta hegoaldera dagoen etxebizitzaren zatia bereizten du gainerako zatietatik, kortatik eta lastategitik. Hirugarren karga-horma, bestalde, lehenengo solairuraino iristen da; zeharka kokatuta dago, baserriaren erdian gutxi gorabehera, eta baserriaren planta bi zatitan zatitzen du. Gainerakoan, harlanduzko habeen bidez eusten diren zutoin handiek eta harrizko jarlekuek (baten bat hormigoiaren bitartez indartuta dago) osatzen dute egitura. Horiek, hain zuzen, habeteriari eta gapirio-lanei eusten diete, euste-zapatetan bermatutako jabaloi luzeen bitartez. Zapatak, hain zuzen, irudi geometrikoak dituzte zizelkatuta. Uhalek, tiranteek eta gapirioek osatzen dute estalki-zurajea. Horien guztien gainean jarrita daude lata eta zeramikazko teilak.

Karga-hormetan hutsune batzuk ikus daitezke. Antzina, burdinazko ateen bidez estali ziren, suteetatik babesteko. Tranpola igaro eta eskailera estu batetik jaitsita, sotora iristen da.

Laskurainaundia baserria XVI. mendean eraiki zuten, eta XIX. mendean zenbait eranskin jarri zizkioten.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik