Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko azaroaren 8koa, Kulturako sailburuarena, Idiazabalen (Gipuzkoa) den Goardia baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 231
  • Hurrenkera-zk.: 5777
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/11/08
  • Argitaratze-data: 2010/12/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2010eko uztailaren 26ko Ebazpenaren bidez Idiazabalgo Goardia baserriak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2010eko urriaren 5eko EHAAn (192. zk.) argitaratu zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori guztia dela eta, aipaturiko legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Idiazabalgo (Gipuzkoa) Goardia baserria Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenez, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako Sailkatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari agindu honen berri ematea.

Laugarrena. Idiazabalgo Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Idiazabalgo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lehenengoa. Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak.

Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen edo jakinarazi eta biharamunetik.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko azaroaren 8a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Mugaketak eraikina bera eta ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu:

    Hegoaldean, fatxadatik 31 eta 35 metrora bitartean dagoen harrizko hormatxoarekin bat datorren lerroa, alde horretatik doan errepide edo bidearekin mugakide dena.

    Mendebaldean, baserriaren fatxadarekiko lerro paraleloa, fatxadatik 30 metrora trazatua, baserria hartzen duen plataformaren mugaraino.

    Iparraldean, baserriaren fatxadarekiko lerro paraleloa, fatxadatik 30 metrora trazatua, baserria hartzen duen plataformaren mugaraino.

    Eta, azkenik, ekialdean, baserriaren fatxadarekiko lerro paraleloa, fatxada horretatik hogeita bost metrora trazatua.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Proposatutako mugaketaren arrazoia da Goardia baserriaren inguruak duen balioa babestu behar dela, bai ingurumenaren ikuspegitik eta baita ikusteko duen balioa dela-eta. Baserria Seguraren mugetatik hurbil dago, muino zabal batean. Ingurunearen mugaketak, katalogatutako ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko beharrezkoa, baserriaren inguruko lurrak eta eraikinerako sarbidea babestea du helburu, baserriaren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak baserriaren eraikina bera ez ezik haren ingurunea ere hartzen du.

Segurako mugetatik hurbil dagoen muino txiki batean eraiki zen Goardia baserria; San Adriango garai bateko Errege-bidea ikusten da bertatik. Oinplano karratukoa da (18,6 x 18,6 metro). Malda txikiko egurrezko estalkia dauka, 4 isurkikoa, artisau erako hodi-teiladuna. Beheko solairua eta ganbara baino ez ditu. Fatxadak zarpiatuak ditu. Beheko solairuan sarrera nagusia dago, hegoaldeko fatxadan. Lau fatxadetan ditu leiho-zuloak, era desberdinetakoak. Batzuk, zaharrenak, harlanduz eginak dira. Iparraldeko fatxadan hainbat teilape ditu erantsita, eta, beraz, fatxada horren zatirik handiena ez da ikusten. Hegoaldeko fatxadaren ekialdean etxebizitza-eranskin bat dauka, 7,9 x 6,2 m-koa. Baserriaren ondoan, mendebaldean, bi eraikin lagungarri daude. Eranskin horiek ez dira monumentuaren zatitzat hartzen.

Baserri honek duen egurrezko egitura oso berezia da. Beheko solairuan bi habe luze ditu, pieza bakarrekoak (18,6 m-koa bakoitza). Habe horiek hiru horma-artetan banatzen dira. Beheko solairuaren erdian harrizko horma bat dago, aipatutako habeekiko perpendikularrean kokatuta. Horma horrek erdibitu egiten du eraikina; jatorrian, etxebizitza bat zegoen alde banatan. Baserriaren erdi-erdian pieza bakarreko zutoin itzel bat dago; zutoin hori zentratuta dago pieza bakarreko beste 8 zutoinekiko. Denak heltzen dira estalkira. Elkarren artean habe, gapirio eta besoz lotuta daude, egitura berezia osatuz; ohikoagoa da egitura mota hori jauregi batean, baserri batean baino. Zureria kalitatea handikoa da eta ondo kontserbatuta dago.

Duela gutxi zenbait lan egin dira bertan, bi etxebizitza kokatzeko. Bi etxebizitza horiek antzeko egitura dute. Bakoitzak beheko solairuaren erdia betetzen du, eta eskailera bana daukate goiko solairura igotzeko, goiko solairu horretan baitaude logelak. Estalkiaren egitura ez da aldatu, baina etxebizitzek ganbararen zati bat hartzen dute. Baoetan arotzeria metalikoa jarri da. Fatxada zarpiatu eta pintatu egin dute. Sarrerako atearen aurrean bi isurkiko teilatutxo bat jarri da, eta hegoaldeko fatxadaren eranskinaren goiko solairuan egutera bat egin da, egurrezko egitura batek eusten diola.

Goardia XVIII. mendearen erdialdean eraiki zuten. XIX. mendean hegoaldean kokatutako eranskina gehitu zitzaion, eta azken urteotan goian adierazitako lanak egin dira bertan.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik