Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko azaroaren 11koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskadiko Podologoen Elkargoaren estatutuen aldaketa onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 27
  • Hurrenkera-zk.: 673
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/11/11
  • Argitaratze-data: 2010/02/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Instituzional; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Tituludun Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa hautsi barik, betiere.

Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Arautegiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretua aipatu eskumenaren indarrez eman ziren. Legeko 33. artikuluan eta dekretuko 38. artikuluan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak eskumena duen Sailari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Azkenik, agindua, estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.

Artikulu horietan aurreikusitakoa betetzeko, Podologoen Kontseilu Nagusiak, Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuak eta Osasun Sailak den lanbidea izanik, eskumena baitu derrigorrezkoak diren txostenak egin dituzte.

Euskal Herriko Podologoen Elkargoaren estatutuak legearen araberakoak direla egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hau

Euskadiko Podologoen Elkargoaren estatutuen aldaketa onartzea.

Euskadiko Podologoen Elkargoaren estatutuetan egindako bigarren aldaketa agindu honen eranskin gisa argitara daitezen agintzea.

Euskadiko Podologoen Elkargoaren estatutuak Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba daitezen agintzea, elkargoa formalki osatzen den unean.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 11.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

ESTATUTUAK

EUSKADIKO PODOLOGOEN ELKARGO PROFESIONALA

Euskadiko Podologoen Elkargoa zuzenbide publikoko korporazio bat da, nortasun juridiko propioa duena eta bere helburuak eta egitekoak betetzeko erabateko gaitasuna duena.

Elkargoaren barne-egitura eta jardunbidearen funtsezko abiaburuak honakoak dira: kideen berdintasuna, gobernu organoen hautapen demokratikoa, akordioak gehiengoz hartzea eta jarduera askea legeak errespetatuz.

Elkargoaren lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da.

  1. Elkargoaren egoitza: Anorbin kantoia 2, Vitoria-Gasteiz (Araba). Gobernu Batzordeak erabakiko du egoitzaren aldaketa eta Biltzar nagusiak ez du aldaketa onartu beharrik izango.

  2. Gobernu Batzordeak onartutako egoitza aldaketa elkargokideei jakinaraziko zaie, gutxienez hamabost egun lehenago.

  3. Hiru lurralde historikoetan jarriko dira Batzorde Iraunkorrak, zeinek euren eremuan elkargoaren ordezkaritza izango baitute.

  4. Hizkuntza ofizialtasun bikoitza.

  1. Euskara eta gaztelania dira Elkargoko hizkuntza ofizialak.

  2. Bi hizkuntzen erabilera berdintasun baldintzetan normalizatzeko behar diren neurriak hartuko ditu Gobernu Batzordeak.

  1. Elkargoaren ikurra: eskuin oinaren soslaia, arrosa kolorekoa, alde zuzenak ez dituen koadro baten barruan goitik beherako lerro marroia ezker aldean, zeinaren ondoan letra larriz- «Euskadiko Podologoen Elkargoa » irakur baitaiteke, eta horren azpian, beste hau, letra mota beraz: «Colegio Oficial de Podólogos del País Vasco».

Elkargoa estatu hauen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean den legediaz eta Estatuaren oinarrizko legediaz arautuko da.

Korporazio eta erakundeekin loturiko kontu guztietan, elkargoak horretarako ezarritako organoaren bitartez izango ditu harremanak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin. Bere lanbideko edukiei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan sanitate alorrean eskumenak izendatuta dituen sailekin jarriko da harremanetan.

  1. Euskadiko Podologoen Elkargoa Estatuaren legedia orokorrak dioenaren arabera jarriko da harremanetan -Estatuan- Lanbideko Kontseilu Nagusiarekin, sortzen bada.

  2. Aurreko paragrafoak agintzen duena gorabehera, Euskadiko Podologoen Elkargoak Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko beste elkargo eta elkarteekin elkarrekikotasun eta lankidetza hitzarmenak izenpetu ahalko ditu.

  3. Euskadiko Podologoen Elkargoak atzerriko eta nazioarteko profesionalen erakundeekin, indarrean den legediaren barruan, egokitzat jotzen dituen harremanak izan ahalko ditu.

  1. Profesionalen Elkargoei buruzko 18/1997 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz, Euskadiko Podologoen Elkargoak Euskal Autonomia Erkidegorako kontseiluentzat Legeak zehazten dituen egitekoak hartzen ditu.

  2. Lurralde Historiko bateko elkargoko kideen erdiak eta bat gehiagok elkargo burujabe bat osatzea eskatzen badute, hori egiterik izango dute, eskaria dagokion ordezkaritzaren bitartez eginda. Memoria justifikagarria aurkeztu beharko da, zeina otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren -Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Arautegiari buruzkoaren- bigarren kapituluari -edo horren ordezko arauei- egokitu beharko zaien.

Euskadiko Podologoen Elkargoak helburu behineko hau du:

Podologoen lanbidea ordezkatzea eta defendatzea, bai eta elkargokideen interes profesionalak ordezkatu eta defendatzea ere, gizarteak dituen interes eta beharrekin bat etorrita.

Euskadiko Podologoen Elkargoari, bere lurralde-eremuaren barruan, egiteko hauek dagozkio:

  1. Lanbidearen jarduna antolatzea, legeek ezartzen duten esparruaren barruan, eta zaintzea.

  2. Lanbidearen jardunerako baldintzak arautzeko garaian, botere publikoei aholku ematea.

  3. Lanbidearen interes orokorrak ordezkatzea Euskal Autonomia Erkidegoan, edozein eremutako herri administrazioekiko harremanetan, bereziki.

  4. Elkargoko kideen lanbideko interesak defendatzea.

  5. Elkargoko kideen eta gainerako lanbideen arteko lanbide-harremanak sustatzea.

  6. Ahalegindu jarduera profesionala herritarren beharrei eta interesei egokitu dakien, batik bat pazienteen berme-arauak ezagutu et abetez.

  7. Lanbideko etika eta herritarren eskubideekiko errespetua zaintzea eta lanbide eta elkargoaren inguruko gaietan diziplina-jurisdikzioa erabiltzea. Arlo honetan kontu berezia izango dira genero berdintasuna eta herritar behartsuenak.

  8. Administrazioaren kontsulta-organoetan parte hartzea, hark hala eskatzen duenean, lanbidearen inguruko gaiei dagokienean.

  9. Lanbidea ordezkatu eta defendatzea administrazio publikoaren, erakundeen, epaitegien eta gainerako pertsona publiko eta pribatuen aurrean; gainera, lanbidearen interesekin loturiko auzietan parte hartzeko eskubidea izango du.

  10. Podologoei eta beren lanbideko jardunari eragiten dioten lanbide-intrusismoko kasu guztiak eragoztea eta, beharrezkoa bada, epaitegietara jotzea, lanbide hori erabiltzen denean edo erabili nahi denan.

  11. Elkargoan kidetutakoen intereseko diren lanbide- eta zerbitzu-jarduerak, kulturalak, laguntzakoak, aurreikustekoak eta halakoak antolatzea.

  12. Etengabeko prestakuntzarako ekintzak prestatzea, hitzaldi, mintegi eta jardunaldien bitartez; aldizkariak, liburuxkak eta zirkularrak argitaratzea; eta, oro har, lanbidea teknika, zientzia eta humanistikaren alorrean hobetzen lagunduko duten baliabideak martxan jartzea.

  1. Gobernuak behar den moduan jarduteko egokitzat jotzen diren barne-arauak idaztea; arauok inoiz ez dira estatutuetan agindutakoaren aurkakoak izango.

  2. Bitartekari-lana betetzea eta arbitraia-prozedura erabiltzea, kidetuen artean lanbide-kontuak direla-eta sortutako auzietan.

  1. Lanbideko ordainsariei loturiko gaiak eztabaidatzen direnean, prozedura judizialetan edo administrazio-prozeduretan txostenak eta irizpenak igortzea.

  2. Elkargoko kideek eskatuta, lanbideko zerbitzu-sari, ordainketa eta eskuratzeen kobraketez arduratzea.

  3. Lege orokor eta bereziak, barne-estatutuak eta araudiak, edo elkargoko organoek euren eskumeneko arloetan hartutako erabaki eta arauak betetzea eta kidetuei betearaztea.

  4. Lanbidearen inguruko arau deontologikoak jaso eta lantzea.

  5. Lanbidearen jardunerako baldintza orokorren gainean Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak prestatzen dituen arau guztien eta dagozkien eginkizun eta eremuen berri ematea.

  6. Lanbideko interesentzat onuragarriak diren eta elkargoaren helburuak lortzeko bideratzen diren gainerako egitekoak eta indarrean den legediarekin bat etorriz izendatzen zaizkionak.

  7. Lanbidea egikaritzeko gaitasuna egiaztatzea, hala eskatzen duten erakunde publiko eta pribatuen aurrean.

  8. Publizitateari buruzko arauen ezarketa sustatzea; arauok Deontologia Kodean garatuko dira.

  9. Elkargoko kideek aseguramendu-betebeharra betetzen dutela bermatzea.

1. KAPITULUA

ELKARGOKO KIDEAK ETA MOTAK. KIDE EGITEA, HORI UKATZEA ETA KIDE-IZAERA GALTZEA

  1. Elkargora sartzeko eskubidea Podologiako unibertsitate-titulua duen edonork dauka, 649/1998 Errege Dekretuaren eta hori garatzeko arauen arabera; bai eta, arau honen bidez egindako lanbide-eskubideen aintzatestepenaren indarrez, 727/1962 Dekretuaz araututako Podologo diploma dutenek ere.

  2. Atzerritarrak Estatutu espainiarrean lanbidean aritzeko baldintzak betetzen dituztenean sartu ahalko dira elkargoan.

  3. Europako Elkarteko edo Nazioarteko Hitzarmenetako arauak aplikatuz, eta urriaren 25eko 1665/1991 Errege Dekretuak (89/48/CEE zuzentarauaren araubidera pasatu ditu) agindutakoaz bat etorriz, Euskadiko Podologoen Elkargora aurkezten diren tituluak, kasua bada, homologatzeko proposamenak Podologia Klinika bat duten Unibertsitate Eskoletara bidali beharko ditu elkargoak, profesional eskatzaileak osatu behar duen prestakuntzaren ikasketa teoriko eta praktikoak zaintzeko.

Lanbidean elkargokide modura aritzeko, ezinbestekoa izango da Elkargoko kide izatea eta legeetan eta estatutuetan eskatzen diren baldintzak beteta izatea.

Estatuko Podologoen Elkargoren batean inskribatutako profesionalek Elkargo honen eremuan aritu ahal izango dira -elkargokide modura- euren lanbidean, aldez aurretik jakitera emanda.

Estatuko edozein podologoen elkargotako kide diren profesionalek, elkargo honen eremuan jardun nahi badute, dagozkien elkargoen bitartez, honako alderdi hauek adierazi beharko dituzte:

  1. Izena, abizenak eta kide deneko lurralde-eremuko lanbide-helbidea.

  2. Euskadiko Podologoen Elkargoaren lurralde-eremuan duten helbidea.

  3. Euskadiko Podologoen Elkargoaren lurralde-eremuan egin nahi dituzten egintzak; horrela, antolamendu, bisatu, deontologia kontrol eta diziplina-aginpiderako eskumenei loturik geratuko dira, kasuan kasu ezar daitezkeen ekonomia baldintzekin.

  4. Estatuko Podologoen Elkargoren batean kide dela, jardunean dabilen podologo legez, egiaztatzen duen agiria; lanbidean aritzeko, erabaki irmo batez gaitasun gabetua ez dela izan egiaztatzen duen agiria; eta autonomia erkidego honetan noizean behin egiten duen jardunaren nahiz bigarren kontsultategiaren helbidea.

  1. Podologoek Euskadiko Elkargoko podologoek bete beharreko deontologia eta diziplina arauak bete beharko dituzte.

  2. Gaikuntza jaso duten podologoek politika-eskubideak baino ez dituzte erabiltzerik izango jatorrizko elkargoan.

Jatorrizko elkargoan kide egin eta komunikazioko podologoei ez zaie sartze-kuotarik eskatuko. Elkargoko kargak, ordea, Elkargora jarduneko podologo gisa sartutako podologoek bezala, ordaindu egin beharko dituzte, gaikuntzaren eraginkortasun-aldiak irauten duen bitartean, Gobernu Batzordeak onartzen dituen arauekin bat etorriz eta elkargokide guztiak maila berean egonik.

Euskadiko Podologoen Elkargoa osatzen duten kideak jardunekoak, ez-jardunekoak eta ohorezkoak izan daitezke.

  1. Eskatzen diren baldintza guztiak beteta dituztela, Elkargoan sartu diren eta lanbidetzat podologia duten pertsona naturalak dira jardunekoak.

  2. Elkargoan sartu diren eta egun podologo lanetan ez dabiltzan pertsona naturalak dira ez-jardunekoak.

  3. Ohorezko kideak hauek izango dira: lanbidearen alde egindako zerbitzu nahiz merituengatik, kideen biltzar nagusiaren iritziz eta Gobernu Batzordeak proposatuta, izendapen hori jasotzea merezi duten pertsona naturalak nahiz juridikoak.

  1. Kide izateko baldintzak, lanbideko titulua izateaz gain, hauek izango dira:

    1. Eskaera egin beharko zaio, idatziz, Gobernu Batzordeari.

    2. Titulua egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.

    3. Ezgaitzeko epaitza judizial irmorik ez izatea.

  2. Gobernu Batzordeak hilabete biko epea izango du, eskabidea aurkezten denetik hasita, ebazpena emateko, eta eskatzaileari jakinarazi beharko dio -idatziz- hartutako erabakia. Erabakia aldekoa bada, interesdunak sartze-kuota ordaindu beharko du, adierazten zaion epearen barruan.

  1. Elkargokide egiteko eskabidea kasu hauetan ukatuko da:

    1. Sartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak nahikoak ez direnean edo horiek legitimoak diren zalantzak daudenean, edo eskatzaileak kide izateko beharrezko diren datu eta agiriak faltsutu egin dituenean.

    2. Eskatzaileak lanbidea egikaritzeko ezgaitze-epai irmoa badu.

    3. Eskatzailea lanbidean aritzeko gaitasungabetze-zigor bat betetzen ari denean.

  2. Elkargoratzeko ukatze-erabakia interesdunari jakinaraziko zaio, behar den bezala arrazoituta, eta interesdunak erabaki horren aurka egin ahal izango du, hilabeteko epean, Gobernu Batzordeari berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuta. Behin betiko ukatze-erabakiaren aurka, interesdunak administrazioarekiko auzietako jurisdikziora jo ahal izango du.

  1. Elkargoko kidearen izaera kasu hauetan galduko da:

    1. Heriotza.

    2. Legezko ezgaitasuna.

    3. Diziplina-zigor batek banatzea agintzen duenean.

    4. Borondatezko baja, idatziz jakinarazitakoa.

    5. Derrigorrezko bajen kasuan, ekonomia betebeharrak, sartze-kuota eta elkargoko kide izateko ezarritako gainerako kuotak ez betetzeagatik.

  2. Ekonomia betebeharrak ez betetzeagatiko derrigorreko baja eraginkorra izateko, espediente sumario bat instruitu beharko da. Espediente horretan idatzizko errekerimendu bat egingo zaio eraginpean dagoenari, hiru hilabeteko epean zorrak kitatu ditzan. Epe hori iragan eta agindutakoa bete gabe utzi badu, baja emateko erabakia hartuko da, zeina espresuki adieraziko zaion interesdunari.

  3. Elkargoko kidearen izaera galtzeak ez du jada sortutako betebeharretatik askatuko. Betebehar horiek interesdunei edo beren oinordekoei eskatu ahalko zaizkie.

    2. KAPITULUA

    KIDEEN ESKUBIDEAK ETA EGINKIZUNAK

Kide guztiek estatutu hauetatik datozen zerbitzu, gaitasun eta pribilegioak izateko eskubidea izango dute, eta, gainera:

  1. Ordezkaritza-postuetarako eta zuzendaritza karguetarako kideak hautatzeko eta hautatuak izatekoa.

  2. Erakundearen jardunen eta bizitzaren berri eta lanbidean aritzeari buruzko gaien berri izatekoa.

  3. Ordezkari izatekoa, hala agintzen zaien kasuetan.

  4. Elkargoaren ekonomia eta administrazio kudeaketan parte hartzea, lege edo estatutuetako arauen arabera, eta lanbiderako interesgarriak diren gaien gainean iritzia libreki ematekoa.

  5. Elkargoko kide gisa dituzten interesen defentsa egiteko beharrezkoak diren egintzak burutu eta baliabideak erabiltzekoa.

  6. Interes legitimoen defentsa egiteko lanbide-jardunean Elkargoaren babesa izatekoa.

  7. Elkargoak ordezkatuak izatekoa, Gobernu Batzordeak hala erabakitzen duenean, epaitegi, agintari, erakunde eta entitate publiko eta pribatuen aurrean, lanbideko jardunarekin erlazionatuta dauden egintzak, salbuespenak eta defentsak egin ahal izateko.

  8. Elkargoaren biltzar nagusietan parte hartzekoa, hitzaz eta botoaz.

  9. Edozein kideren lanbideko edo elkargoko jardueraren aurka, Gobernu Batzordeari kexak aurkeztekoa.

  10. Elkargoaren esku dauden datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak erabil ditzake. Datuak sorrera-helbururako erabiltzeko -eta hirugarrengo batzuen esku ez uzteko ere- exiji dezake elkargokideak.

  11. Estatutuetako 28.1) artikuluan ezartzen den prozedurari jarraituz, Gobernu Organorako titularrak zentsura-botoaren bidez kargutik kentzekoa.

Lanbidean legez aritzeko ezinbesteko baldintzak dira podologoentzat:

  1. Estatutu hauetan, horiek garatzen dituzten arauetan eta Elkargoak har ditzan erabakietan jasotako manuak betetzea.

  2. Elkargoak bere iraupenerako onartutako kuotak eta eskubideak, ohikoak nahiz ohiz kanpokoak, ezarritako epeetan ordaintzea.

  3. Elkargoarekin batera, kudeaketa organoei dagokienez, behar den diziplina zaintzea; eta, kideen artean, lanbideko armonia eginkizunak.

  4. Lanbideko kideren bati edo taldeari eragin diezaioketen egintzen berri ematea Elkargoari; egintza horiek duten garrantziaren arabera, korporazioak parte ahalko du ofizialki.

  5. Elkargoko kideak bere helbidea jakinarazi beharko dio Elkargoari, jakinarazpenak egiteko, elkargoko ondorio guztietarako. Helbidea aldatuz gero, ondorio horietarako, modu adieraziz jakinarazi beharko dio.

  6. Publizitatea onartzen da, baina murrizketa hauekin:

    Publizitate oro lanbidearen duintasuna errespetatuz egin beharko da.

    Publizitateak egiazkoa izan beharko du eta frogatutako ezagupen, esperientzia eta ospearen araberakoa.

1. KAPITULUA

BILTZAR NAGUSIA

  1. Biltzar nagusia da Elkargoko organo burujabea. Hori dela eta, hartzen dituen erabakiak elkargoko kide guztiek bete beharrekoak izango dira; hortaz, bertan ez daudenek, disidenteek eta abstenitzen direnek ere bete egin beharko dituzte.

  2. Eskubide guztiak dituzten elkargoko kide guztiek parte hartu ahal izango dute Biltzar Nagusian.

  1. Ohikoak eta ezohikoak izan daitezke batzarrak.

  2. Ohiko Biltzar Nagusia, urtean behin, behintzat, bilduko da, ekitaldia itxi eta hurrengo bi hilabeteen barruan. Kontuen balantzea eta hurrengo ekitaldiko aurrekontua onartuko dira. Amaitutako ekitaldiko memoriaren aurkezpena jaso beharko da Batzarrerako gai-zerrendan, eta, halaber, hurrengo ekitaldian gauzatu beharreko jarduera-planaren irakurketa.

  3. Ezohiko biltzar nagusia Gobernu Batzordeak erabakitzen duenean egingo da. Elkargoko kideen % 20k edo jarduneko kideen % 10ek eskatuta hartuko da deialdia egiteko erabakia, gai-zerrenda zehatz batekin. Gai-zerrendan azaltzen diren gaiei buruzko erabakiak baino ez dira hartuko.

Biltzar nagusiaren bilerak idatziz eta banan-banan jakinaraziko dira, 15 egun lehenago gutxienez; eguna, ordua, lekua eta gai-zerrenda adierazi beharko dira.

  1. Biltzar nagusietako lehendakari Elkargoko lehendakaria izango da eta idazkari elkargoko idazkaria. Lehendakariak zuzenduko ditu eztabaidak, hitza eman edo kendu ahal izango du eta elkargokideei ohartarazi azalpenetan denbora gehiegi pasatzen badute, eztabaidagaiari buruzko azalpenak ez badira, edo aginteari, kideren bati, Gobernu Batzordeari edo Biltzar Nagusiari errespeturik erakusten ez badie; bi bider ohartarazi ondoren kasurik egiten ez duena lokaletik bidali ahal izango du.

    Biltzarrak dirauen bitartean ezin izango dira erabili irudiak eta hitzak erreproduzitzen dituzten ikus-entzunezko bitartekoak; idazkariak erabili ahal izango ditu, ordea, akta egiteko lagungarri izan dakizkion.

    Elkargoko kideak beste kide batek soilik ordezkatu ahal izango ditu. Horretarako, idazki bat emango zaio Gobernu Batzordeari, ordezkotza zein kideri eta zein biltzar nagusitarako -eguna jarri beharko da- ematen zaion argi eta garbi azalduz. Agiria behar den moduan izenpetuko dute kide biek eta bertan adierazten den biltzar nagusirako baino ez du balioko.

    Kide bakoitzak ordezkotza bi eduki ahal izango ditu, gehienez.

    Biltzar Nagusiaren eraketa baliozkoa izango da lehenengo deialdian elkargokideen gehiengo osoak parte hartzen badu, bertaratuta edo ordezkapenez. Bigarren deialdian, ordu erdi geroago egingo baita, baliozkoa izango da kideen kopurua, present daudela nahiz ordezkatuta, edozein dela ere.

    Aztergaien zerrendan ageri diren gaiei buruzko erabakiak hartu ahal izango dituzte soilik.

    Bozketak hiru modukoak izan daitezke: ohikoak, izendunak edo isilpekoak. Lehendakariak ebazten duenean edo biltzarrera joandakoen % 20k eskatzen duenean egingo dira isilpean. Bozketa batean ahobatezkotasuna dagoela joko da, lehendakariak eztabaidagaia onartzen den ala ez galdetzen duenean, elkargokideetako inork ez badu aurkakoa adierazten. Nolanahi ere, lehendakariak proposatu ahal izango du bozketa egitea.

    Bozketa arrunta egiaztatzeko, lehenengo eztabaidagaia onartzen dutenak altxatuko dira, gero onartzen ez dutenak eta azkenik abstenitzen direnak. Horrela egingo da elkargokideren batek eskatzen duen aldioro. Bozketa arrunt gisa joko da, baita ere, besoa jasota egiten dena.

    Bozketa izenduna egiteko bertaratutako elkargokide bakoitzak izen-abizenak esango ditu eta segidan «Bai», «Ez» edo «Abstentzioa» hitza, eta gutxienez hogei elkargokidek eskatzen dutenean egingo da.

    Paper bidezko bozketa batzartutakoen % 20ak eskatzen duenean edo lehendakariak proposatzen duenean egingo da.

    Biltzarrera joandakoen eta ordezkatutakoen botuen gehiengo soilaz hartuko dira erabakiak, estatutuetan gai jakin batzuetarako besterik adierazten ez bada.

Biltzar nagusietan aktak idatziko dira. Aktak lehendakariak eta idazkariak sinatuko dituzte eta liburu batean erregistratuko dira. Aktek, onartu ondoren, agiri fidagarri eta fede-emaile izaera izango dute eztabaidei eta hartutako erabakiei dagokienez, eta bertan kontsignatutako egitateengan ez da inolako zuzenketarik ez aurka egiterik onartuko. Biltzarreko akta biltzarrak berak onartuko du eta betearazteko indarra izango du.

Biltzar Nagusiaren eginkizunak eta eskumenak hauek dira:

  1. Gobernu Batzordea aukeratzea.

  2. Gobernu Batzordeak aurkeztutako jardueren urteko memoria onartzea, kasua bada.

  3. Ekitaldiko balantzea eta emaitzen kontua onartzea, kasua bada.

  4. Aurrekontuak onartzea.

  5. Gobernu Batzordearen kudeaketa ezagutzea.

  6. Barne araubiderako Araudia onartzea.

  7. Deontologia Araudia onartzea.

  8. Estatutuetako aldaketak onartzea.

  9. Aldizkakoak ez diren kuotak eta derramak onartzea.

  10. Gobernu Batzordeak bere eskumenpean uzten dizkion gaiak ebaztea.

  11. Elkargoa bategiteko, zurgatzeko, banatzeko, haren izena aldatzeko eta elkargoa desegiteko proposamenak onartzea, beharrezkoa izango dela biltzarrera joandakoen «erdia eta bat gehiago» gehiengoa lortzea.

  12. Gobernu Batzordearen edo bere kideen kudeaketa zentsuratzea. Eraginkorra izateko, biltzarrera joandakoen «bi herenak» gehiengoa beharko da. Eragindako gobernu organo guztietako titularren edo orokorra izanez gero- guztien kargu uztea ekarriko luke zentsura onartzeak.

    2. KAPITULUA

    GOBERNU BATZORDEA

  1. Gobernu Batzordea honako hauek osatuko dute: lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria, diruzaina eta gutxienez bokal bat, eta gehienez bost bokal.

  2. Lurralde historiko ororen ordezkapen paritarioa bultzatuko da.

  3. Lurralde historiko bakoitzean batzorde iraunkor bat osatuko da, bi eta bostera arteko kidez osatuta; eta lurralde historiko bakoitzean bizi diren kideen bileran hautatua. Horien egitekoa elkargoaren gobernu batzordearen antolamendua sendotzea izango da. Batzorde horretako berezko kide Gobernu Batzordean dagokion lurralde historikoko kide diren bi kide hautatu izango dira.

Gobernu Batzordeari elkargoa zuzentzea eta administratzea dagozkio eta biltzar nagusiak hartutako erabakiak gauzatzea. Gobernu Batzordearen eskumenak ondokoak dira:

  1. Biltzar nagusiaren erabakiak, estatutuak eta elkargoari eragiten dion indarreko legedia betetzea eta betearaztea.

  2. Elkargoratzeko eskaeren gainean erabakiak hartzea.

  3. Aldizkako kuoten zenbatekoa finkatzea.

  4. Elkargoaren ondasunak administratzea, bai eta kideek ordaindu beharreko kuotak biltzea ere.

  5. Elkargoaren interesen defentsarako hartu beharreko neurriak hartzea.

  6. Diziplina-zehapenak jartzea, dagokion espedientea izapidetu ondoren.

  7. Elkargoaren egitekoak hobeto betetzeko beharrezko diren lan batzordeak eta taldeak sortzea edo berregituratzea eta desegitea, hori justifikatzen duten arrazoiak daudenean.

  8. Elkargoko kideen egitekoak eta eskumenak betetzen diren zaintzea.

  9. Ospe handiko pertsonen eta erakundeei sariak eta goraipamenak asanbladari proposatu eta, hala behar izanez gero, eman, betiere Estatutuetako 8. tituluak dioena betez.

  10. Ohiko eta ezohiko biltzarren egunak zehaztea.

  11. Eta hemen adierazita ez badago ere, estatutu hauetatik erator daitekeen beste edozein eginkizun.

  1. Karguen iraupena lau urtekoa izango da; eta berriz ere aukeratu ahalko dira.

  2. Gobernu Batzordeko kideren batek kargua uzten badu, arrazoia edozein dela ere, batzordeak ordezko bat izendatuko du bitarteko legez, arauzko lehen hautaketa egiten den arte.

  3. Zelan eta Elkargo Ofiziala legeak aitortutako zuzenbide publikoko korporazioa den, hautagaiei dagozkien obligazioak betetzeak -korporazioaren eta lanbidearen ondorioetarako- elkargoaren obligazioak betetzeari dagozkion kontsiderazioa eta izaera izango ditu.

  4. Elkargoko kargu bat hautapen bidez izendatzen denean, izendapen horrek ahalmena ematen dio agintaldian karguaz libreki baliatzeko; ahalmen hauek izango ditu:

    1. Elkargo-ordezkaritzari dagozkion gaiei buruz iritzia ematekoa, askatasunez.

    2. Elkargoaren eskubideak eta interesak, bere karguaren ardurapean utzitakoak, defendatzeko behar diren ekintzak sustatzeko ahalmena.

    3. Estatutuetako arauei jarraituz korporazioko gobernu-organoetako gainerako kideekin bilerak egiteko ahalmena, elkargoarentzat interesgarri diren gaien inguruan eztabaidatzeko, erabakiak hartzeko eta kudeatzeko.

    4. Bere egitekoak askatasunez bete behar dituenez, horren kontrako usurpazio, abusu eta esku-sartze ororen aurka babestua izatekoa.

    5. Kasu bakoitzean aplikagarriak diren neurrian, jarduera profesionala eteteko ahalmena izatea, elkargoaren ordezkaritza izateak horretara behartzen dutenean.

  5. Aurreko artikuluaren ondorioetarako, herri edo barrutirik hurbileneko elkargokideek -lanbideko deontologiak eta solidaritateak hala behartuta- ordezkaritza karguari dagozkion zerbitzuak betetzea hartuko du bere gain, baldin eta titularren arrazoi korporatiboak desplazatu behar badute, eta ordezkapen ofizialen baldintza berberetan egingo dute.

  6. Ordezkaritza-kargu hautetsiek, elkargo-erakundeek arauz deitutako batzarretan parte hartzeak, indarrean dauden xedapenek kasu bakoitzerako adierazitako ondorioak izango ditu.

  7. Ordezkaritza duen karguak lanpostutik joateko beharraren berri eman beharko dio kasuan kasuko agintariari: deialdiaren testuaz justifikatu beharko du lanpostuan ez egotearen arrazoia.

  8. Gobernu Batzordearen kideen erdiek baino gehiagok utziko balu bere kargua, hilabeteko epean hauteskundeetarako deia egingo da.

  1. Gobernu Batzordea bi hilabeterik behin bilduko da ohiko eran, deialdia lehendakariak egin eta gero. Ezohiko bilerak behar diren guztietan egingo dira, lehendakariak edo biltzarreko kide batek eskatuta.

    Zitazioak banan-banan egingo dira eta zortzi egun lehenago bidaliko dira. Presa egonez gero, ahoz egin ahal izango da deia, idatzizko jakinarazpen batekin sendetsiko dela. Erabakiak bertaratzen diren kideen gehiengoaz hartuko dira. Berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren botoak ebatziko du.

  2. Beharrezkoa da kide guztiak joatea. Arrazoirik eman barik jarraian hiru biltzarretara joateari huts egiten bazaio, edo jarraian izan gabe, urtebetean sei bileratara joateari huts egiten bazaio, kargua utzi egin dela esan nahiko du. Aldez aurretik lehendakariak agindeia egingo du, idazkariaren proposamenez. Huts egitea idatziz justifikatu beharko da zortzi eguneko epean, biltzarra egin denetik hasita.

  3. Erabakiak hartzeko ezinbestekoa izango da biltzarra osatzen duten kideen «erdia eta bat gehiago» quorum-a izatea. Batzordearen eztabaidak isilpekoak izango dira.

Lehendakariaren eskumenekoak dira:

  1. Elkargoaren ordezkari izatea elkargoak herri agintariekin, erakundeekin, edozein motako korporaziorekin eta pertsona fisiko nahiz juridikoekin dituen harremanetan.

  2. Elkargoaren zuzendaritza eta presako kasuetan bere eskumenekoak ez diren kasuak ebaztea. Holakoetan, hartutako erabakien berri eman beharko dio Gobernu Batzordeari, egiten den lehenengo bileran.

  3. Idazkariak egiten dituen egiaztapenak ikus-onestea.

  4. Artikulu honetako a) idatz-zatiarekin zerikusirik duten agiriak baimentzea sinaduraz.

  5. Judizio-gaietarako ahalduntzeak ematea, Gobernu Batzordeak horretarako baimena ematen dioenean.

  6. Gobernu Batzordearen bileretarako eta ohiko nahiz ezohiko biltzar nagusietarako deia egitea.

  7. Elkargoaren kontu korronteak irekitzea, bai banketxeetan zein aurrezki kutxetan, eta fondoak mugitzea, diruzainarekin batera.

  8. Diruzainak proposatutakoaren arabera, fondoak mugitzeko baimena ematea. Ezein motako gordailuak eta fidantzak eratzea eta deuseztatzea, diruzainarekin batera.

  9. Gobernu Batzordeko kide guztien lana koordinatzea.

Lehendakariordeak lehendakariak eskuordetzen dizkion egiteko guztiak beteko ditu eta lehendakaria ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo kargua hutsik dagoenean lehendakariaren egitekoak beteko ditu.

Idazkariaren eskumenak dira:

  1. Elkargoko zerbitzuen funtzionamendua ahalik eta ordenatuena izateko behar diren liburuez arduratzea. Beharrezkoak izango dira Biltzar nagusien eta Gobernu Batzordearen akten liburuak eta agirien sarrera eta irteerarena.

  2. Akten liburuak idaztea eta sinatzea, lehendakariaren oniritziaz, eta egiaztagiriak egitea.

  3. Urteko memoria idaztea.

  4. Elkargoko bulegoen funtzionamendua eta langileen jarduera zaintzea. Laneko arriskuei aurre hartzeko arauak ezagutu eta betetzen direnaz arduratuko da beren beregi.

  5. Elkargoko kideen espedienteen izapidetzea kontrolatzea eta elkargoko kideen zerrenda eguneratua izatea une oro. Zehatz, perituen zerrendak gertatu eta Justiziako Administrazioaren eskura jartzeaz arduratuko da.

  6. Elkargoaren egintza guztietarako zitazio-ofizioak idaztea eta bidaltzea. Elkargoaren egoitzan leku nabarmenean egongo den iragarki taularen erabilpen egokiaz eta eguneratzeaz ere arduratuko da.

  7. Elkargo profesional erregistratu, egoki iritzi bezainbeste, eta, denboraz eta eraz, inskribatutako erakundeei buruzko jakinarazpenak egin erakunde ofizialei.

  8. Gobernu Batzordeak hartutako erabakiak betetzea.

  9. Datu pertsonalak babesteaz arduratzea Elkargoaren harreman orotan eta, batik bat, elkargokideekin dituen harremanetan.

  10. Bere ardurapeko dokumentu guztiak jagotea eta, lapurtu, galdu edo suntsituz gero, behar diren neurri guztiak hartzea guztiz edo zati batez birjartzeko, betiere hartutako neurrien eragingarritasuna aldizka egiaztatuz; eta neurriok ezarriz, Gobernu Batzordeak hala irizten badio. Horri dagokionez, elkargoko dokumentuak modu ez zilegian erabiltzeari erreparatu beharko dio, eta dokumentuotan sartzeko kontrola zorroztu egin beharko du.

Diruzainaren eskumenak dira:

  1. Elkargoaren fondoak biltzea, zaintzea eta administratzea eta kontularitza-lanak egitea.

  2. Gobernu Batzordeak agindutako ordainketak egitea eta elkargoaren fondoak mugitzeko agiriak sinatzea, lehendakariarekin batera.

  3. Ekitaldiko emaitzen kontua eta balantzea egitea eta sarreren eta gastuen aurrekontua egitea, biltzar nagusiak onar ditzan.

  4. Behar diren kontularitza-liburuez arduratzea eta horiek gainbegiratzea.

  5. Egoeraren balantzea egitea, lehendakariak edo Gobernu Batzordeak eskatzen diotenean.

  6. Elkargoaren finantza-egoeraren berri ematea Gobernu Batzordeari.

  7. Bere ardurapeko dokumentu guztiak jagotea eta, lapurtu, galdu edo suntsituz gero, behar diren neurri guztiak hartzea guztiz edo zati batez birjartzeko, betiere hartutako neurrien eragingarritasuna aldizka egiaztatuz; eta neurriok ezarriz, Gobernu Batzordeak hala irizten badio. Horri dagokionez, elkargoko dokumentuak modu ez zilegian erabiltzeari erreparatu beharko dio, eta dokumentuotan sartzeko kontrola zorroztu egin beharko du.

    3. KAPITULUA

    GOBERNU BATZORDERAKO HAUTESKUNDEAK

  1. Elkargoko betebeharrak beteta dituzten kide guztiek, jardunean ari edo ez, izango dute hautatuak izateko eskubidea, baldin eta gutxienez lau hilabete igaro bada kide egin zirenetik. Hauek, ordea, ez dute eskubide hori izango: zigor baten ondorioz, oro har, elkargoko jarduerak etenda dituztenek edo eskubide horiek murriztuta dituztenek.

  2. Elkargoko eskubide guztiak dituzten kide guztiek dute botoa emateko eskubidea.

  3. Genero berdintasunaren arloko legeak eragiten dituzten printzipioen aplikazioa sustatuko du Elkargoak.

  1. Hautatu behar diren karguen kandidaturak baino ezingo dute parte hartu hauteskundeetan, eta hautagai-zerrenda bakoitzak berriztatu behar diren karguen kide guztiak jasoko ditu.

  2. Hautagai bakoitzak zein kargu hartuko duen adieraziz egin beharko dira hautagai-zerrendak.

    Elkargokideak ezingo dira aurkeztu zerrenda batera baino gehiagora.

  1. Hauteskundeetarako deia Gobernu Batzordeak egingo du, eguna baino hogeita hamar egun lehenago gutxienez. Deialdiarekin batera, botorako eskubidea duten kideen behin betiko zerrenda argitaratuko du Elkargoko Idazkaritzako iragarkien oholean.

    Kideek hautesleen zerrenden aurka erreklamaziorik aurkeztu nahi izanez gero, bost eguneko epea izango dute, agerian jarri zirenetik hasita.

    Erreklamazioak Gobernu Batzordeak ebatziko ditu, aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hiru egunen barruan. Erabakia errekurtso egile guztiei jakinaraziko zaie, hurrengo hamar egunen barruan.

  2. Hautagai-zerrendak Elkargoaren Idazkaritzan aurkeztu beharko dira, deialdia argitaratu eta hurrengo zortzi egun naturalen barruan. Zortzi egunok iragan ondoren, aurkeztutako hautagai-zerrendak argitaratuko ditu Gobernu Batzordeak, hurrengo hiru egun baliodunen barruan. Hautagai-zerrenda bakarra aurkezten bada hauteskundeetara, horixe aukeratuko da, eta botazioaren izapideak amaituko ditu. Hurrengo zazpi egunen barruan horren berri emango zaie elkargokideei.

  3. Hauteskundeetako Mahaiaren deialdiaren orduan eta lokaletan egingo dira hauteskundeak. Mahaiak lehendakari bat, bokal bi eta idazkari bat izango ditu. Podologorik nagusiena izango da lehendakari eta gazteena idazkari. Hautagai-zerrenda bakoitzak kideen artean kontu-hartzaile bat izendatu ahalko du, hauteskundeetako lanetan ordezka dezan.

  4. Hauteskunde-mahaian hautestontziak egongo dira, zeinek itxi egingo baitira, botoak sartzeko zirrikitua bakarrik utziz.

    Hauteskunde-mahaia eratuta, lehendakariak hasiera emango dio bozketari eta ixteko jarritako orduan aretoko ateak itxi egingo dira eta barruan dauden kideek baino ez dute bozkatzerik izango.

    Ondoren, dagokion egiaztapena eginda, une horretan ziurtatuko postaz, ezarritako baldintzekin, iritsi diren botoak sartuko dira postontzian. Gobernu Batzordeak hautaketaren ordutegia zehaztuko du; lau ordukoa izango da gutxienez.

  5. Kideek txartel batez soilik emango dute botoa. Kidea identifikatuta, txartela lehendakariari emango zaio, eta horrek sartuko du postontzian, hauteslea bertan dela. Mahaiko idazkariak botoa eman dutenak seinalatuko ditu kideen zerrendan.

    Botoa norberak eman ezean, ziurtatutako postaz eman ahalko da, txartela kartazal itxi batean lehendakariari igorriz. Kartazal hori beste kartazal batean sartuko da, NANaren fotokopiarekin batera. Bigarren kartazala ere itxita igorriko da, igorlea nor den argi eta garbi azalduta, sinaduraz. Ziurtatutako postaz emandako botoak Gobernu Batzordeko Idazkaritzara bidaliko dira, lehendakariarentzat. Hauteskundeak egin baino hiru egun lehenago bidali beharko dira; lehendakariak jasoko ditu bozketa amaitzeko jarritako ordua baino lehen.

  6. Bozketa amaitu ostean, jendaurreko zenbaketari ekingo zaio. Txartel hauek baliogabetzat joko dira: bozketaren edukiaz besteko adierazpenak dituztenak; hauteslearen nahia behar bezala ikustea eragozten duten orbainak dituztenak; hautagai-zerrenda bat baino gehiago edo hautagai-zerrenda osagabeak izendatzen dituztenak.

    Zenbaketa amaiturik, lehendakaritzak emaitza iragarriko du eta ondoren, botorik gehien lortu duen hautagai-zerrenda hautatutzat joko da.

  7. Bozketaren garapenari eta zenbaketaren emaitzari buruzko akta bat egingo da, mahaiko kide guztiek izenpetzekoa. Aktaren kopia bat elkargoaren iragarkien taulan jarriko da.

  8. Gobernu Batzorderako hautatuak izan direnek hauteskundearen egunetik hasi eta gehienezko 15 eguneko epea izango dute karguaz jabetzeko, eta zin egin edo hitza emango dute zintzotasunez bete dituztela.

  9. Izendapenak Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion Sailari jakinaraziko zaizkio, 10 eguneko epean, egiten direnetik hasita.

  1. Elkargoak, bere helburuak betetze aldera, ondare-ahalmen erabatekoa du ondasunak administratu eta kudeatzeko. Ekonomia-jarduera aurrekontuko prozedurari jarraituz egingo da.

  2. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren kontu-ikuskapeneko txostena egingo da urtero, Biltzar Nagusiak izendatutako bi elkargokideren edo Gobernu Batzordeak izendatutako kanpoko kontu-ikuskaritza baten bitartez.

  1. Elkargoaren fondoak baliabide arruntez eta apartekoez osaturik egongo dira.

  2. Baliabide arruntak hauek izango dira:

    1. Elkargoaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen errendimendua.

    2. Txostenak, irizpenak, azterlanak eta beste zerbitzu batzuk ordainduta egiteko jartzen diren eskubideak.

    3. Sartze-eskubideak eta ohiko eta ezohiko kuotak, derramak barne.

    4. Egiaztagiri fede-emaileak ematea.

    5. Lanbide-partaidetzagatiko eskubideak.

    6. Posible den beste edozein, antzeko ezaugarriak dituena.

  3. Aparteko baliabideak hauek izango dira:

    1. Jatorri publiko edo pribatua duten dirulaguntzak edo dohainak.

    2. Oinordetza dela-eta edo beste edozein kausagatik Elkargoaren ondarean sartzen diren ondasunak.

    3. Korporazio-kargak kentzeko kuota bereziak.

    4. Legez posible den beste edozein, baliabide arrunta ez dena.

Aurrekontua eta likidazioa urtero egingo dira eta elkargoaren gastu eta diru-sarrera guztiak jasoko dituzte.

Gobernu Batzordeak urtero Biltzar Nagusiari aurkeztu beharko dizkionak, horrek onar ditzan:

  1. Aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa.

  2. Hurrengo ekitaldirako aurrekontua.

  1. Elkargoa bere helburuak bertan behera uztearen ondorioz baino ez da desegiterik izango, Biltzar nagusiak erabakia hartu ondoren eta estatutu hauetan ezartzen diren arauzko prozeduraren arabera.

  2. Elkargoa desegiteko proposamena egiteko, kideen ehuneko berrogeita hamarrak eskatu beharko dio idatziz Gobernu Batzordeari. Eskaera jasota, Gobernu Batzordeak berehala egingo du kideen ezohiko biltzarrerako deia. Deialdia eta gai-zerrenda 30 egun lehenago argitaratu beharko da lurralde historiko bakoitzean gehien saltzen diren hiru egunkaritan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Kide guztiei jakinaraziko zaie zirkularren bitartez.

  3. Elkargoa deseginez gero, Gobernu Batzordeak batzorde likidatzaile gisa jardungo du. Biltzar nagusiari geratzen diren ondasunen norakoa proposatuko dio; ondasunok Podologiarekin zerikusirik duen eta gizarterako interesgarriak diren egitekoak betetzen dituen edozein erakunderi esleituko zaizkio. Erakunde horrek irabazte-xederik gabekoa izan beharko du.

  1. Elkargoak jurisdikzioa du profesionalek, kideek edo gaikuntzadunek beren lanbidean edo elkargoko jardueran egindako hutsegiteak zigortzeko.

  2. Elkargo Ofizialaren Erregistroan inskribatutako sozietate profesionalen diziplina erregimena Estatutu hauetan araututakoa izango da; batik bat, modu berean ezarritako falta eta zehapenei dagokienez, aplikagarriak zaizkien neurrian.

Hutsegite arinak, larriak eta oso larriak daude.

  1. Hutsegite arinak dira:

    1. Estatutuetako edo araudietako aginduak edo Gobernu Batzordearen erabakiak betetzerakoan arduragabe aritzea, maila apalean.

    2. Lankideak begirunez ez tratatzea, ondorio larririk gertatzen ez bada.

    3. Egiaztapen edo informazio eskaera bati ez erantzutea, eta horren ondorioz, gaixoa arriskuan jartzea.

    4. Artikulu honen 2. paragrafoan jarritako hutsegiteak, larritzat jo ezin direnak.

  2. Hutsegite larriak dira:

    1. Egiteko profesionalak ez betetzea, eta horrek jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenei kaltea eragitea.

    2. Lanbide bereko beste profesional batzuen edo horien gobernu organoen eta lanbideagatik harremanetan dauden pertsonen edo erakundeen duintasuna larriki iraintzea eta horiek fisikoki erasotzea.

    3. Lanbide-intrusismoa estaltzea.

    4. Sekretu profesionala, erru edo utzikeri larriz, larriki urratzea, eta hirugarrengo bat kaltetzea.

    5. Kontseiluen edo elkargo profesionalen -edo horien organoen- ohiko jarduera oztopatzen edo eragozten duten ekintzak.

    6. Egia esan gabe, txostenak eta egiaztagiriak egitea.

    7. Titulu profesionalen bat edo eskumenen bat adieraztea, dena delako hori eduki gabe.

    8. Gutxienez bost arau-hauste arin egitea bi urteko epean.

    9. Lanbide-sozietate batean bazkide profesional gisa aritzea bateraezintasun- edo ezgaitasun-kausaren bat izanda.

    10. Lanbide-sozietate bat sortzea, indarreko legeriak ezartzen dituen baldintzak bete gabe.

    11. Lanbide-sozietate bat sortzea, ordenamendu profesional eta deontologikoaren baldintzak bete gabe.

  3. Hutsegite oso larriak dira:

    1. Egiteko profesionalak ez betetzea, eta, ondorioz, jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenei kaltea egitea.

    2. Lanbidean jardutean doluzko delituak egitea; ez da kontuan hartuko zenbateraino parte hartu duen.

    3. Urte biko epean, gutxienez bi hutsegite larri egitea. 2. paragrafoko e) letran adierazitako hutsegitea salbuetsi egiten da lerroalde honetatik.

    4. Sekretu profesionala, erru edo utzikeri larriz, larriki urratzea, eta hirugarrengo bat kaltetzea.

    5. Gaixoei, maltzurki edo asmo txarrez, jaramonik ez egitea.

Edozein diziplina-zigor jartzeko, dagokion espedientea prestatu eta izapidetu beharko da lehenik.

  1. Eskumena: Diziplinako ahalmena hauek dute:

    1. Podologo Elkargoen Kontseilu Nagusiak, eraginpeko pertsona Gobernu Batzordeko kide denean.

    2. Gobernu Batzordeari, elkargokideen gainerako kasuetan,

  2. Espedientearen formak: zigor-espedienteak bete beharreko arauak:

    1. Gobernu Batzordearen erabaki batek emango dio hasiera prozedurari, bai bere ekimenez bai edozein kidek, pertsonak edo erakunde publiko nahiz pribatuk egindako salaketaren ondorioz.

      Gobernu Batzordeak salaketa bat jasotzen duenean edo hutsegiteren bat egin dela dakienean, isilpeko informazioa izapidetzea ebatzi ahalko du, espedienteari hasiera ematea edota egintzak, ondoko beste errekurtsorik gabe, artxibatzea ebatzi aurretik.

      Espedientea izapidetzeari buruzko egintza guztiak instruktoreak egingo ditu. Instruktorea Gobernu Batzordeak aukeratuko du kideen artean. Espedienteari hasiera eman zaiola eta instruktorea izendatu dela jakinaraziko zaio espedientea egin zaion kideari.

    2. Instruktoreari dagozkio egintzak argitzeko egintzak eta probak burutzea eta zigor daitezkeen erantzukizunak zehaztea. Burututako jarduerak ikusita, kargu-plegu bat egingo da; bertan, egotzitako egintzak azalduko dira edo, bestela, espedientea bertan behera utzi eta artxibatzeko proposamena adieraziko da.

    3. Karguen plegua interesdunari jakinaraziko zaio eta hamabost egun balioduneko epea emango zaio erantzuteko. Kargu-gabetzeko izapidean, interesdunak erabiliko dituen probak aurkeztu, eta, beharrezkoa bada, proposatu beharko ditu.

    4. Karguen plegua erantzunda, edo hori egiteko epea igarota, eta dagokion proba eginda, instruktoreak erabaki-proposamena egingo du. Erabaki-proposamen hori interesdunari jakinaraziko zaio, hamabost egun balioduneko epean bere defentsarako egokitzat jotzen duena alega dezan. Epe horretan, halaber, burututako egintzak jakinaraziko zaizkio.

    5. Erabaki-proposamena, egintza guztiekin, Gobernu Batzordeari igorriko zaio, dagokion erabakia har dezan.

    6. Erabaki zigortzaileek probatutako egintzen zerrenda, hutsegiteen zehaztapena eta larritasunaren kalifikazioa jasoko dituzte. Egintzen zerrendak espedientean egindako kargu-pleguaren araberakoa izan beharko du.

  1. Hutsegite oso larriek zehapen hauek izan ditzakete:

    1. Lanerako gaitasun-gabetzea, urtebete eta egun baterako gutxienez eta hogei urterako gehienez, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 17. artikuluak xedatutakoari jarraiki, eta epe berdineko baja-suspentsioa Lanbide Sozietateen Erregistroko Lanbide Sozietatean jardun ahal izateko.

      3.525,01 eta 35.250 euro arteko isuna.

  2. Arau-hauste larriei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:

    1. Lanerako gaitasun-gabetzea, urtebete eta egun baterako gutxienez eta hogei urterako gehienez, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 17. artikuluak xedatutakoari jarraiki, eta epe berdineko baja-suspentsioa Lanbide Sozietateen Erregistroko Lanbide Sozietatean jardun ahal izateko.

    2. 352,51 eta 3.525 euro arteko isuna.

  3. Arau-hauste arinei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:

    1. Ohartarazpena.

    2. Isuna: gehienez, 352,50 eurokoa.

      Elkargoak diziplina-ahalmena erabiliz jasotzen dituen isun-ordainketa guztiak etengabeko lan prestakuntzako jarduerak ordaintzeko erabiliko dira. Helburu horrekin, eta dagokion prozedura erabiliz, beharrezko neurriak hartuko dira kasu bakoitzerako ezarrita dagoen arautegiaren arabera.

  4. Arau-hauste bategatik egileak diru-etekina atera badu, isuna handiagoa izango da: etekin hori zenbatekoa izan den kalkulatu ondoren -aurreko gehienezko kopuruekin alderatuko da-, gutxienez etekina eta gehienez etekinaren bikoitza gehitu beharko zaio ordaindu beharreko isunari.

  5. Elkargoak jakinarazpenetarako dituen barruko eta kanpoko bideak erabiliz emango da hutsegite oso larriengatik ezarritako zehapenen berri, horien eragingarritasuna erabatekoa izan dadin.

  1. Arau-hauste oso larriak hiru urtera preskribatuko dira, larriak urte bira eta arinak urtebetera.

  2. Preskripzioa eten egingo da diziplina-espedientea hasten bada (interesdunari jakinarazi egin beharko zaio). Epea berriz ere iragango da, baldin eta sei hilabetez baino gehiago geldirik egon bada, hausleari egotz ez dakiokeen arrazoi bategatik.

Hona epeak: urtebete arinentzat, urte bi larrientzat eta hiru urte oso larrientzat.

  1. Elkargoaren biltzar nagusiaren eta Gobernu Batzordearen erabakiak, eta lehendakariaren eta Gobernu Batzordeko gainerako kideen erabakiak, edozein gairi buruzkoak -diziplinari buruzkoak ere bai-, kideei jakinarazi beharrekoak, elkargoari jakinarazitako lanbide-helbidean jakinaraz daitezke.

  2. Erabakiak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan jarritako moduan jakinarazterik ez bada, jakinarazpena egintzat joko da Elkargoaren iragarkien oholean hamabost egun agerian egon ondoren, betiere lege horren 61. artikuluan ezarritakoari eragin gabe.

  1. Lehendakariaren edo Gobernu Batzordeko gainerako kideen akordio nahiz erabakien aurka errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio batzorde horri, jakinarazten direnetik hasi eta hamabost eguneko epean; ofizioz berraztertzen ez bada, biltzarrak egiten duen lehenengo bilkuran ebatziko da errekurtsoa, beste izapiderik egin beharrik gabe.

  2. Gobernu Batzordean eta biltzar nagusian hartutako erabakien aurka, eta horien aurka jarritako korporazio-errekurtsoak ebazten dituztenen aurka, errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Podologoen Elkargoen Kontseilu Nagusiari. Aurkezteko epea hilabetekoa izango da, argitaratzen denetik hasita edo kideei edo eraginpeko pertsonei jakinarazten zaienetik hasita.

  3. Gobernu Batzordeak errekurtso arrunta, aurrekariekin eta dagokion txostenarekin batera, Podologoen Elkargoen Kontseilu Nagusiari igorriko dio, aurkezten den egunetik hasi eta hamar eguneko epean, baldin eta erabakia hartu zuen organoak epe horretan berrezartzen ez badu.

  4. Egoera pertsonalei eragiten dieten erabakiak interesdunei jakinarazi beharrekoak izango dira.

  5. Gobernu Batzordeak, arrazoiak emanda, errekurritutako egintzaren gauzatzea eten egin dezake, errekurtso egileak hala eskatzen badio.

  6. Podologoen Elkargoen Kontseilu Nagusiak, egoki irizten dion txostenak egin ondoren, erabaki adierazia eman beharko du errekurtsoa aurkeztu eta hurrengo hiru hilabeteren barruan. Erabaki horrek amaiera emango dio administrazio-bideari.

  1. Elkargoko organoen egintza eta erabakiak erabat deusezak izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 62. artikuluan aurreikusitako kasuren bat gertatzen denean.

  2. Aipatu legeko 63. artikuluan jasotako kasuetan, deusezgarriak izango dira elkargoko organoen egintzak eta erabakiak.

  3. Gobernu Batzordeak erabat deusezak diren egintzak eten egin beharko ditu eta errekurtsoa aurkeztuko du horien gainean.

Elkargoko organoek, Administrazioak eskuordetutako eskumenak edo ahalmenak erabiliz, agintzen dituen administrazio-egintzen aurka aurkezten diren errekurtsoak ezagutzeko eskumena du Autonomia Administrazioak, aurreko paragrafoetan agindutakoa gorabehera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Profesionalen Elkargoei buruzko Legeak ezartzen dituen erregistro-betebeharrak konplitu beharko ditu Podologoen Elkargoak.

Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordeak «ohorezko ikurra» duen «Ohorezko Elkargokidea» izendatzeko proposamena egin diezaioke Biltzar Nagusiari, hain zuzen ere korporazioaren edo lanbidearen zereginetan lortutako merituengatik ohore hori merezi izan dutenen alde. Estatu mailako Ohorezko Elkargokidea izendatzeko proposamena ere egin diezaioke Podologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari.

  1. Biltzar Nagusia izango da -Gobernu Batzordeak proposamen egin eta gero- Ohorezko Elkargokidearen -ohorezko ikurrarekin- izendapena egiteko eskumena duen organoa.

  2. Ohorezko Elkargokide -ohorezko ikurrarekin- izendatu ahal izango dira -podologoak izan edo ez- organo eskumendunaren iritziz nahiko meritu dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak.

  3. Izendapen horiek ematerakoan, bereizi gura diren lagunen lan azpimarragarria eta merituzkoa baloratuko da, medikuntzaren edo, oro har, podologiaren alde edo defentsan egindako jarduerak direnak direla.

    1. Lanbide ariketa eredugarria.

    2. Etika profesionalaren edo Korporazio podologikoaren interes gorenen defentsan burututako lana.

    3. Banakako egintzak, baldin eta zientziaren, lanbidearen, gizartearen edo gizatasunaren ikuspegitik apartekoak badira.

  1. Gobernu Batzordeak egingo du Ohorezko Elkargokidearen izendapena. Elkargo Ofizialeko kideek euren iradokizuna aurkez dezakete.

  2. Erabateko gehiengoz hartuko du erabakia -isilpeko botazioz- organo eskumendunak, eta dagokion deialdiko gai-zerrendan utziko da jasota proposamena.

  3. Ohorezko Elkargokide izendatu ostean, Elkargo Ofizialak argitaratu egingo du bere zabalkunde bideak erabiliz, eta alderdi interesdunari ohorezko ikurra erabiltzeko ahalmena emango dion izendapena emango dio modurik erakusgarrienean.

Ohorezko ikurrak intsignia bat izango du, non Euskadiko Podologoen Elkargoa izena jasoko baitu.

Ohorezko Elkargokideen erregistro berezi bat egongo da Elkargo Ofizialean, non ohorezko ikurra duten elkargokideak egongo baitira jasota, baita izendapen hurrenkeraren zenbakia eta bereizmena eman zaion pertsona fisiko edo juridikoaren izena ere.

Barne araubidea behar den moduan araututa, beste bereizmen eta sari batzuk sortu ahal izango dira, zertarako eta, podologian aritzeak dakartzan ohorea, ospea eta goi-balioak saritu eta suspertzeko.

  1. Lanbide-sozietateen Erregistroa sortu da Elkargoaren egoitzan; erregistro horretan sartuko dira martxoaren 15eko 2/2007 Legearen babesean sortutako sozietateak, Merkataritza Erregistratzaileak Elkargoari jakinarazten dizkionak, hain zuzen ere, lege horretan ezarritakoaren arabera.

  2. Erregistroan txertatu beharreko datuak, 2/2007 Lege horretako 8.2 artikuluan xedatzen denaren arabera, honako hauek dira:

    1. Sozietatearen izena eta helbidea.

    2. Sozietatearen eraketa-eskritura publikoaren eguna eta identikazio-oharra, baimena eman duen notarioa, eta sozietatearen iraupena, epealdi zehatz baterako eratuz gero.

    3. Sozietatearen helburu diren jarduera profesionalak.

    4. Elkargokide profesionalen eta ez profesionalen datuak; elkargokide-zenbakia eta zein elkargo profesionaletakoa den.

    5. Sozietatearen administrazio eta ordezkaritzaren ardura eman zaien pertsonen datuak, bazkide profesionalak diren ala ez adierazita.

  3. Elkargoak -arauetan xedatutako eran- Justizia Ministerioari eta Autonomia Erkidegoko organo eskudunari Lanbide-sozietateen Erregistroan egindako inskripzioen zerrenda, horretarako sortuko den interneteko atarian horren berri eman ahal izateko.

Profesionalen Elkargo eta Kontseiluen eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Arautegiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekreturen 38. artikuluan eta horrekin bateragarri direnetan xedatutakoari egokitu zaizkio, zehatz eta mehatz, Estatutu hauen eraberriketa. Honelakoak beharko dute izan eraberritze arauak:

  1. Elkargoaren Gobernu Batzordeari dagokio elkargo profesionalen estatutuak gertatzea. Elkargokideena eurena izango da ekimena. Azken kasu honetan, elkargokideen % 20ak egon beharko du aldaketa ekimenaren alde; % 10, jarduneko elkargokideak badira.

  2. Elkargoko Biltzar Nagusiari dagokio estatutuen aldaketa onartzea. Onartu aurretik, jendaurreko argibideetarako epea irekiko da, zertarako eta, elkargokideek eta dagokion Kontseiluak hilabeteko epean emendakinak aurkez ditzaten. Jendeari jakinarazteko aldia ere irekiko da, iragarkiak ipiniz Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta elkargoaren lurralde-eremuan gehien saltzen diren bi egunkarietan.

  3. Aldaketa onartu eta hilabeteko epean elkargo ofizialak honakoak igorriko dizkio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari: onartutako estatutuen testu osoa, Osoko bilkurak aldaketa onartu duen egiaztagiria eta jendaurrean jarri dela egiaztatzen duena aurreko paragrafoan esandako eran, lehendakariaren oniritziarekin.

Euskadiko Podologoen Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordeari ahalmena ematen zaio indarreko arauen araberako jarduera beharrezkoak gauzatu ditzan, estatutu hauek erregistratu, argitaratu eta legeztatze aldera.