Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko martxoaren 17koa, Kultura sailburuarena, Bergarako Irizar jauregiko lorategia (Gipuzkoa) monumentu kategoriako kultura-ondasun deklaratzen duena, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 78
  • Hurrenkera-zk.: 2231
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/03/17
  • Argitaratze-data: 2009/04/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

Bergarako Irizar jauregiko lorategiak kultura aldetik duen interesa ikusita eta haren kultura-balioan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak lorategia Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedientearen hasiera eskatzea erabaki zuen, 2007ko maiatzaren 30eko Ebazpenaren bidez (uztailaren 2ko EHAA, 126. zk.).

Espediente horren administrazio-izapidean, lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzuteko epea ireki zen.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, Bergarako Udalak alegazio-idazkia aurkeztu zuen. Hona zertan datzan idazki hori:

  1. Historia aldetik, Irizar jauregiaren itxitura beti izan da eremu publikoa eta pribatua bereizteko harrizko horma bat, kalea taxutzeko balio zuena. Oraingo itxitura, ordea, 1980. urtearen ingurukoa da. Hori dela eta, oraingo eiteak ez luke zertan aurrekoaren berdin-berdina izan.

  2. Etxean hilobiak daudela esatea nahasgarria da, zeren benetan esan nahi dena baita antzina eliza bera etxearen zati bat zela eta, ondorioz, elizako hilobiak etxearen baitako elementutzat jotzen zirela. Horrek ez du esan nahi jauregian edo lorategian hilobiak daudenik.

    Horrenbestez, deskribapenean argi eta garbi esan beharko litzateke ez Irizar jauregian ez eta haren ingurunean ere ez dagoela hilobirik.

    Alegazioak ikusita, esan beharra dago, Irizar jauregiko lorategiaren itxituraren balioari dagokionez, jauregia eta lorategia bereizteko elementutzat hartu behar dela soil-soilik, eta ez berezko balioa duen ondasun gisa. «Urbanismo y arquitectura civil en Bergara» liburuan, aurreko itxituraren argazki bat ikus daiteke, horma tankerakoa argiro. Oraingo itxitura, ordea, ez da zaharra, eta ez dago zertan kontserbatu dagoen-dagoenean.

    Deskribapenean dagoen hilobien aipamena, bestalde, akats bat da.

    Horregatik guztiagatik, bidezkoa da bi alegazioak baiestea; alegia, I. eranskinean, gaztelaniazko testuan, «actual» hitza kentzea, bai eta II. eranskinaren lehenengo lerroaldeko «eta hilobiak» kentzea ere, eta, horrekin batera, honako esaldi hau aldatzea «Lorategia harri-akaberako plataforman dago eta itxitura bat du: karela, burdina-hesia eta dekorazio-bolak dituzten zutabeak» eta horren ordez hauxe jarriko da «Lorategia harri-akaberako plataforman dago eta aurreko itxitura ordezten duen itxitura bat du: karela, burdina-hesia eta dekorazio-bolak dituzten zutabeak».

    Edonola ere den, baimen-araubidea Foru Aldundiaren mende egongo da, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 23., 31. eta 32. artikuluetan dioenaren arabera.

    Horregatik guztiagatik, aipaturiko Legearen 17. artikuluan ezarritakoari jarraiki, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena aztertu ondoren eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamenez, hauxe

Lehenengoa. Bergarako Irizar jauregiko lorategia (Gipuzkoa) Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean inskribatzea, monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa.

Bigarrena. Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskinean adierazitako eran.

Hirugarrena. Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena. Ondasuna babesteko eskaria egitea Bergarako Udalari, udal hirigintza-planeamenduan sartuz.

Bosgarrena. Agindu honen berri ematea interesdunei, bai eta Bergarako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuari eta Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Departamentuari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari ere.

Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeari buruzko agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lehenengoa. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Bigarrena. Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, aurretik bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo bestela zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 17a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

Mugaketa

  1. Mugaketa-eremua.

    Bi eremu mugatzen dira; alde batetik, lorategia bera, eta, bestetik, lorategi-ingurua, hots, jauregia eta bere antzinako baratzea. Gaur egun, jauregia eta baratzea oraindik lotuta daude.

    Horrela, mugaketa-eremua lorategiaren beraren itxiturak eta mendebaldeko antzinako baratzeak zehazten dute.

  2. Mugaketaren arrazoiak.

    Mugaketa hau egin da, beharrezkotzat jo baita lorategiaren eta hari lotutako jauregiaren beraren ingurumen-, ikuste- eta paisaia-balioak zaintzea. Lorategia hiri-ingurunean dago, eta baratzearen, lorategiaren eta jauregiaren arteko loturak hiri-bilbea aberastu egiten du. Horretaz gain, jauregiaren fatxada kaleko egiturarekin lotzen du. Ingurunea mugatzea beharrezkoa da ondasuna behar bezala babesteko eta hari balioa emateko, eta, mugaketa horren bidez, lorategi-esparruko inguruak babesten dira. Helburua inguruaz gozatzea eta inguruari balioa ematea da.

    Hori dela-eta, lorategia ez ezik, horren ondoko ingurua ere sartzen da mugaketa honetan.

Deskribapena

Irizar Jauregia XVII. mendearen bigarren erdialdean jaso zuten antzinagoko etxetzar bat zegoen lekuan. Aipatutako etxetzarrak baratzea eta hilobiak zituen eta baratzearen zati bat lorategi bihurtu zuten. Eraldaketa horretarako, eraikinari landa-izaera kendu eta hiri-ingurunera egokitu zuten. Kalera ematen duten fatxadak hormaz egin zituzten eta bista-zortasuna ere kontuan hartu zuten. Irizar Jauregia lorategiarekin lotuta dago oraindik eta lorategia jauregiaren ekialdeko aurreko bistan dago, sarrera-kotaren azpiko mailan eta hego-mendebalderantz orientatuta. Jauregitik lorategira joateko, ate bat zeharkatu eta eskailerak jaitsi behar dira. Behean lorategia eta ataria lotzen dituen beste ate bat dago. Lorategia leku egokian dago, tokia eguzkitsua eta zabala baita fatxadaren atzeraemangunea dela-eta. Lorategira ematen duen fatxadan eta sarbide-oinplanoaren kotaren azpian bi leiho daude sotoa aireztatzeko.

Lorategia harri-akaberako plataforman dago eta itxitura bat du: karela, burdina-hesia eta dekorazio-bolak dituzten zutabeak. Aipatzekoa da hiri-bilbean duen kokapena, bi ardatz ebakitzen baititu: Barrenkalea eta antzinako Etxetxueta bidea. Lorategiaren gaineko plataforma angeluzuzena da eta eraikinaren oinplanoa indartzen du. Lorategiak diseinu berdina du, baina txikiagoa da. Lorategiak ere diseinu soilak, apaingarririk gabekoak eta garbiak ditu, eta eraikinaren kalitatezko akaberak. Plataforma angeluzuzenaren gainean dago lorategiaren oinplanoa, eta hori ere angeluzuzena da. Harrizko ertz bat du, eta baita forma ugaritan zatitutako karratua ere, erdialdea inguratzen. Eraikinaren albo bateko lorategi karratu horiek XVI. mendeaz geroztik egin ohi ziren, eta XVII. mendetik aurrera, Serlio, Vredeman de Vries-en grabatuen irizpideak jarraitzen hasi ziren. Lorategia ez zen sarbide-aurrea, egonleku pribatua baizik, eta bista-zortasunak soilik egiten dute kalearen zati.

Gaur egungo landarediak, hots, erramu kimatuak, ezpelak, zuhaixkak eta denboraldiko loreko landareak, ez du baliorik, baina pizkunde-tipologiaren adierazle da. XVI. mendean, horrelako lorategietan santolina-heskaiak edo erromeroak landatzen ziren; XVII. mendetik aurrera, berriz, Europa osoan ezpela erabiltzen hasi ziren. Erdialdean eta leku garrantzitsuetan zuhaizka edo zuhaitz txikiak landatu eta apaingarri gisa erabiltzeko kimatzen zituzten. Barnealdean berriz, loreak landatzen zituzten. Karratuen eta mintegien ertzak egiteko egurra edo adreilua erabiltzen zuten; zoruak, berriz, hondarrezkoak edo adreiluzkoak ziren.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik