Arautegia

Inprimatu

67/2023 DEKRETUA, maiatzaren 9koa, Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroa sortzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 95
  • Hurrenkera-zk.: 2391
  • Xedapen-zk.: 67
  • Xedapen-data: 2023/05/09
  • Argitaratze-data: 2023/05/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Migrazio-mugimenduak etengabeak eta dimentsio anitzekoak dira, eta eraikuntza-prozesu sozialak modelatzen ari dira gure gizartean. Horien ondorioz, euskal gizartea eboluzionatzen eta aldatzen ari da. Hala, joan den mendearen amaieratik eta mende honen hasieratik, aparteko fenomeno bat dugu aurrean: atzerriko immigrante asko etortzen ari da. Migrazio-fluxu horiek eragina dute gure erkidegoaren identitatean, antolaketan eta garapenean.

Alde horretatik, kontuan hartu behar dira euskal gizartearen azken urteotako bilakaeran eragina izan duten inguruabar garrantzitsu batzuk. Batetik, iragaitzazko migrazioaren fenomenoa; mugitzeko beste modu bat ekarri du horrek gure lurraldera. Bestetik, nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonen kopuruaren igoera; munduko egoeraren arabera aldatzen da hori. Gainera, hor daude klima-aldaketaren ondorioak; uste izatekoa da horiek oraindik jende gehiago behartuko dutela migratzera. Azkenik, familia-laguntzarik gabeko adingabe eta gazte atzerritarren kopuruaren igoera; horiek, gainera, kalteberagoak dira beste batzuk baino. Azken batean, fenomeno horiek, izaera ekonomikoko immigrazio tradizionalarekin batera, euskal gizarteak lehendik zuen ezaugarri bat areagotu dute: haren aniztasuna. Egoera berri horrek, une oro, erronka bat jartzen digu, ezin saihestu daitekeena. Zehazki, geure buruari aniztasuna modu inklusiboan kudeatzeko printzipioak eta tresnak ematen jakitea, aniztasuna politika publikoen esparruan aintzat hartzearen eta egokitzearen alde eginez.

Horretarako, urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura eta eginkizunak ezartzen ditu. 18. artikuluan, Migrazio eta Asilo Zuzendaritzari ematen zaizkion eginkizunak zerrendatzen ditu. Hala, immigrazioaren eta asiloaren arloko eskumenen espezifikotasunak bere nortasun propioa duen zuzendaritza bat eratzera bultzatu du, etorkinak integratzeko politikak bultzatzeko eta koordinatzeko asmoz, bai eta iheslariak hartzeko eta integratzeko programak bateratzeko asmoz ere.

Horren haritik, agerian geratu da kontsulta-organo berri bat sortzeko beharra: ia hogei urte igaro dira Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroa sortu zela, eta gogoeta egin da, denbora luzean eta modu kontrastatuan, Herritartasunaren, Kulturartekotasunaren eta Immigrazioaren Esparruan Jarduteko V. Plana (2018-2020) ebaluatzeko eta Herritartasunaren, Immigrazioaren eta Asiloaren Kulturarteko VI. Plana (2022-2025) egiteko zereginen barruan. Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroa azkentzen da, eta, orain, Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroa sortzen da. Eragile berri horren abiapuntua eskubide eta betebeharretan pertsona guztien berdintasuna aitortzea izango da, espazio bizi eta dinamiko bat sortzeko asmoz, eta eragilea bera erreferentzia bat izan behar da hausnarketan, elkarrizketan eta kontsultan, egungo errealitate soziopolitikoari erantzungo diona inklusioaren eta integrazioaren bidez.

Horretarako, foro berri hori sortzen da. Jarri zaion izenak erreferentzialtasun argi eta zehatza ematen dio, eta bat dator foroak berezko dituen eskumen-gaiekin. Immigrazioarekin batera, beste lan-eremu bat sartu da: asiloa. Elkarteak foroan sartzeko bidea sinplifikatu da, dinamikoagoa eta moldagarriagoa izan dadin. Lan-batzordeen kopurua handitu da, gizarte-errealitate berriari erantzuteko: Asilo Batzordea eta Euskararen eta Hizkuntza Aniztasunaren Batzordea sortu dira. Koordinaziorako idazkaritza bat eratzen da, foroaren funtzionamendua arintzeko eta berritzeko, beharrak eta eskaerak hautemateko, identifikatzeko eta sistematizatzeko prozedurak bateratzeko, organo operatiboen arteko koordinazioa eta komunikazioa bultzatzeko eta horien sustapenean, hedapenean eta zabalkundean eragiteko.

Benetako berdintasunaren aldeko borrokan, azken batean, foroaren barruan lan egiten dutenek beren planteamenduetan eta lantaldeetan emakumeen baldintza, egoera eta premiak sistematikoki kontuan hartzea sustatuko da; horretarako, une oro ahalegina egingo da emakumeak erabaki-eremu guztietan izan daitezen eta sexu-diskriminazio oro ezabatu dadin, emakumeen kontrako indarkeria matxista barnean dela. Horren haritik, hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiliko da beti.

Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta 2023ko maiatzaren 9an eginiko bilkuran Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

Migrazioaren eta Asiloaren EAEko Foroa sortzen da (aurrerantzean, foroa), eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitzen zaio, edo, hala badagokio, immigrazioaren arloan eskumena duenari, baina haren egitura hierarkikoan integratu gabe.

Foroa kide anitzeko kontsulta-, informazio- eta aholkularitza-organo plural gisa eratzen da, xede honekin: atzerriko etorkinen gizarteratzean eta haien eskubideen erabileran oinarritutako immigrazio-politika oso eta aktibo bat garatzen laguntzea. Foroan, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateek, gobernuz kanpoko antolakundeek, elkarteek, sindikatuek eta enpresaburuek hartuko dute parte.

Foroari hauek dagozkio:

  1. Migrazio eta Asilo Zuzendaritzari edo, hala badagokio, immigrazioaren arloko eskumena duen zuzendaritzari aholkuak ematea atzerriko etorkinak Euskal Autonomia Erkidegoan gizarteratzeko neurriei buruz.

  2. Komunikazioa eta iritzi- eta informazio-trukea sustatzea atzerriko etorkinen eta harrerako gizartearen artean.

  3. Proposamenak egitea Eusko Jaurlaritzaren immigrazio-arloko ondoz ondoko planak egiteko eta berrikusteko prozesuetan. Genero-ikuspegia txertatuko da proposamen horiek egiteko.

  4. Administrazio publikoei proposamenak egitea, ekimenak adieraztea eta gomendioak ematea atzerriko etorkinen gizarteratzea bultzatzeko. Horretan guztian, genero-ikuspegia hartuko da kontuan.

  5. Informazioa biltzea EAEko administrazio publikoek gizarteratze-kontuetan gauzatzen dituzten programa eta jarduerei buruz.

  6. Gizarte-antolakundeen proposamenak bideratzea, haien jarduera immigrazioaren fenomenoarekin eta asiloarekin lotuta badago, atzerriko etorkinen eta harrerako gizartearen arteko bizikidetzaren eta gizarte-kohesioaren mesedetan eta integrazioa errazteko.

  7. Azterketak edo ekimenak ahalbidetzea atzerriko etorkinen gizarteratzearekin loturiko proiektu eta programei buruz, eta sentsibilizazio-ekimenak bultzatzea immigrazio- eta asilo-kontuetan.

  8. Immigrazioaren eta asiloaren esparruan EAEko administrazio publikoek landu beharreko edo gauzatutako arauak eta jarduketak ezagutzea eta proposamenak egitea administrazio publiko eskudunei.

  9. Koordinatuta aritzea eta, hala badagokio, lankidetzan aritzea immigrazioaren eta asiloaren arloko beste foro batzuekin eta giza eskubideen alde lan egiten duten beste erakunde batzuekin.

  10. Neurriak proposatzea atzerriko etorkinak gizarteratzearen arloan nazioz gaindiko organismoek emandako gomendioak behar bezala betetzeko.

  11. Urteko memoria bat onartuko dute egindako lan eta jarduerei buruz.

  12. Bi urtean behingo txosten bat onartzea foroaren jarduerek euskal gizartean duten eraginari eta atzerriko etorkinen gizarteratzearen egoerari buruz.

  13. Xedea kontuan hartuta ordenamendu juridikoak esleitzen dion beste zeinahi eginkizun.

  1. Foroak osoko bilkuran eta lan-batzordeen eta batzorde iraunkorraren bidez jardungo du.

    Foroaren osoko bilkura (aurrerantzean, osokoa), organo paritarioa eta formala den aldetik, 50 kidek osatuko dute: presidenteak, 48 bokalek eta idazkariak. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.

  2. Hasiera batean, lan-batzordeak hamar hauek izango dira, eta iraunkorrak izango dira:

    1. Gizarte-baliabideetakoa eta etxebizitzakoa.

    2. Lanekoa.

    3. Berme juridiko eta giza eskubideetakoa.

    4. Hezkuntzakoa.

    5. Osasunekoa.

    6. Partaidetzakoa, kulturakoa eta sentsibilizaziokoa.

    7. Harrerakoa eta bizikidetzakoa.

    8. Berdintasunekoa.

    9. Asilokoa.

    10. Euskarakoa eta hizkuntza-aniztasunekoa.

      Osokoak, gainera, batzorde iraunkorrak proposatuta, beste lan-batzorde batzuk sor ditzake, iraunkorrak zein aldi baterakoak.

  3. Batzorde iraunkorra organo delegatua da, eta Idazkaritza Teknikoarekin eta Koordinaziorako Idazkaritzarekin batera lan-batzordeen lana erraztea da haren eginkizun nagusia.

  4. Idazkaritza Teknikoa Migrazio eta Asilo Zuzendaritzaren edo, hala badagokio, immigrazioaren arloko eskudunaren baliabide propioen zuzendaritzapean eta babespean egongo da. Haren eginkizun nagusia foroaren osokoaren eta batzordeen zeregin administratiboak eta lanak erraztea da.

  5. Koordinaziorako Idazkaritzak Migrazio eta Asilo Zuzendaritzaren baliabideak izango ditu, eta haren eginkizuna batzordeen zereginak eta lanak koordinatzea da. Halaber, Batzorde Iraunkorrarekin eta Idazkaritza Teknikoarekin koordinatuta jardungo du. Idazkaritza horrek Migrazio eta Asilo Zuzendaritzaren baliabideak zein kanpokoak balia ditzake bere eginkizunak betetzeko.

  6. Osokoan eta batzordeetan, neurri egokiak hartuko dira emakumeen eta gizonen kopuruak paretsu izan daitezen, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.9 artikuluak xedatu bezala.

Osoko bilkurak eginkizun hauek ditu:

  1. Foroaren jardun-ildo nagusiak ezartzea.

  2. Lan-batzordeak eta lantalde teknikoak eratzea onartzea, eta haien iraupena, osaera eta eginkizunak zehaztea.

  3. Batzorde iraunkorrak eta lan-batzordeek osoko bilkurari helarazten dizkioten proposamenak aztertu eta onartzea.

  4. Atzerriko etorkinei eragiten dieten plan eta programen kudeaketari, jarraipenari eta ebaluazioari buruz Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak edo, hala badagokio, immigrazioaren arloko eskumena duen zuzendaritzak egindako txostenen berri izatea.

  5. Idazkaritza Teknikoak proposatuta, foroaren organoen funtzionamendu-araudia onartzea.

  6. Foroak egindako lanei eta jarduerei buruzko urteko memoria onartzea.

  7. Foroaren jarduerek euskal gizartean duten eraginari buruz eta atzerriko etorkinen gizarteratzearen egoerari buruz bi urtean behin egiten den txostena onartzea.

  8. Dekretu honek edo, hala badagokio, indarrean dagoen araudiak haren xedea kontuan hartuta esleitzen dion beste edozein eginkizun.

  1. Foroaren presidentetza Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari dagokio, edo, hala badagokio, immigrazioaren arloko eskumena duen sailburuari.

  2. Hauek dira foroaren presidentearen eskudantziak:

    1. Foroaren ordezkaritza izatea; bozeramaile-lanak beteko ditu.

    2. Ohiko eta ezohiko bilkuretarako deialdia egitea eta, bokalek egindako eskaerak kontuan hartuta, gai-zerrenda prestatzea; eskaera horiek behar besteko denboraz egin behar dituzte.

    3. Bilkuretan buru izatea eta bilkurak amaitutzat ematea, bai eta eztabaidetan moderatzaile-lanak egitea ere.

    4. Bozketa erabakitzea, berdinketarik badago.

    5. Foroaren aktak eta erabakien ziurtagiriak ikusi eta onestea.

    6. Dekretu honen xedapenak betetzen direla ziurtatzea.

    7. Foroaren erabakiak egokitzat jotzen diren antolakunde eta erakundeei jakinaraztea.

    8. Kide anitzeko organo bateko presidentetzari dagokion beste edozein eginkizun betetzea.

  1. Foroaren presidenteordea Migrazio eta Asiloko zuzendaria izango da, edo, hala badagokio, immigrazioaren arloko eskumena duen zuzendaria.

  2. Hauek dira foroaren presidenteordearen eskudantziak:

    1. Presidentea ordezkatzea hari dagozkion eskudantzia guztietan.

    2. Bokala izateari dagozkion eginkizunak betetzea immigrazioaren arloko eskumena duen sailaren ordezkari gisa, baldin eta foroaren presidentearen funtzioak ordezkapenez bere gain hartzen ez baditu.

  1. Hauek dira osoko bilkurako kideak:

    1. Hamalau kide (14), sailburuordeen edo zuzendarien mailetakoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, honela banatuta:

      Hamabi kide (12), arlo material hauetako eskumena duten sailen ordezkariak:

      1. Immigrazioa.

      2. Kanpo-ekintza.

      3. Giza eskubideak.

      4. Familia.

      5. Lana.

      6. Osasuna.

      7. Aniztasuna eta hezkuntza-inklusioa.

      8. Etxebizitza.

      9. Kultura.

      10. Hizkuntza-politika.

      11. Segurtasuna.

      12. Ekonomiaren garapena.

        Emakume eta gizonen berdintasunaren arloko eskumenak dituen organoaren edo organismoaren ordezkari bat (hots, Emakunderen ordezkari bat).

        Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ordezkari bat.

    2. Lurralde historikoetako foru-administrazio bakoitzaren ordezkari bat.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien lau ordezkari. Betiere, Vitoria-Gasteizko, Donostiako eta Bilboko udalen ordezkariak egongo dira.

    4. Euskadiko etorkinei laguntza emateko GKE-en «Harresiak Apurtuz» koordinakundearen ordezkari bat.

    5. EAEko etorkinen GKE-en koordinakundeen ordezkari bat.

    6. Lan-batzorde bakoitzaren koordinatzailea izateko hautatutako elkarte bakoitzeko pertsona bat.

    7. Autonomia-erkidegoaren esparruan ordezkaritza handiena duten sindikatuen lau ordezkari.

    8. Euskal Enpresarien Konfederakuntzaren (Confebask) lau ordezkari.

    9. Konfekoop-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren ordezkari bat.

    10. Ordezkaritza handiena duten nekazaritza-antolakunde profesionalen ordezkari bat.

    11. Gizatea-Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartearen ordezkari bat.

    12. Hirekin-Euskadiko Gizarte Ekimeneko eta Esku Hartzeko Entitateen Federazioaren ordezkari bat.

    1. Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkari bat.

    2. Deustuko Unibertsitatearen ordezkari bat.

    3. Mondragon Unibertsitatearen ordezkari bat.

    4. Idazkaritza Teknikoak eskatuta, presidenteak egokitzat jotzen badu, immigrazioaren eta asiloaren arloko adituek parte har dezakete, betiere kideei ahalik eta informazio onena emateko helburua izanik. Aditu horiek ezin izango dira egon egiten diren bozketetan.

  2. Osoko bilkurako bokalei hauek dagozkie:

    1. Bilkuretarako deialdia behar besteko denboraz jasotzea, gai-zerrendarekin eta bertan azaltzen diren gaiei buruzko informazioarekin batera.

    2. Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

    3. Botoa emateko eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren esanahia eta arrazoiak azaltzea ere.

    4. Galde-eskeak egitea.

    5. Ematen zaizkien eginkizunak betetzeko behar beste informazio eskuratzea.

    6. Bokal izateak berez dakartzan gainerako eginkizun guztiak betetzea.

  1. Bokalen izendapena idatziz jakinaraziko zaio Idazkaritza Teknikoari. Honela izendatuko dira:

    1. Jaurlaritzako sailak ordezkatzen dituzten bokalak beren sailburuek izendatuko dituzte.

    2. Hiru foru-aldundietako bakoitza ordezkatzen duen bokala bere erakundearen funtzionamendu-arauen arabera izendatuko dute.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien ordezkariak izango diren bokalak izendatzeko, Vitoria-Gasteizko Udalak, Donostiako Udalak, Bilboko Udalak eta Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) ordezkari bana izendatuko dute.

    4. Lan-batzorde bakoitzaren koordinatzailea izateko hautatutako elkarteak ordezkatuko dituzten bokalak 18. artikuluan adierazitakoaren arabera izendatuko dira.

    5. Emakunderen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta 8. artikuluko d), e), f), g), h) i), j) k), l), m), n) eta ñ) letretan aipatutako bokalak entitate bakoitzaren prozedura-arauen arabera izendatuko dira, eta, betiere, indarrean dagoen legediaren arabera.

  2. Bokalen kargua hiru urterako da, salbu eta izendapena egin duen pertsona, antolakunde edo erakundeak bokala berariaz kargugabetzen badu. Kargualdiaren amaieran, berriro hauta daiteke, edo ordeztu, kargualdia amaitu aurretik, izendatzeko prozedura bera erabilita.

    Elkarteetako bokalak bi urterako izendatuko dira.

  3. Osoko bilkurako kideak izendatzeko, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan behar bezainbesteko gaitasuna izatea.

Foroaren osoko bilkuran parte hartzen duten erakunde eta antolakundeen ordezkariekin batera, ordezkoak ere izendatuko dira, eta ordezkariak ez daudenean beteko dituzte haien eginkizunak.

Foroak urtean ohiko osoko bilkura bat egingo du gutxienez. Presidenteak egingo ditu ohiko bilkura horietarako deialdiak, eta ezohiko bilkuretara ere dei dezake, justifikatuta dagoela uste badu edo hala eskatzen badute foroaren osoko bilkurako kideen herenek.

  1. Lan-batzordeetako kideak izango dira Eusko Jaurlaritzako sailen, erakundeen, unibertsitateen, erakundeen eta elkarteen ordezkariak; dekretu honetan xedatutakoaren arabera hautatuko dira ordezkari horiek.

  2. Lan-batzorde bakoitzean, gehienez ere, hamabi kide izango dira. Salbuespen gisa, kide gehiago ere izan daitezke, foroko organoen funtzionamendu-araudian adierazitakoarekin bat etorriz.

  3. Erakundeek, antolakundeek eta elkarteek lan-batzorde batean baino gehiagotan parte har dezakete, batzordearen xedea haietariko bakoitzaren jarduerarekin lotuta badago.

  4. Lan-batzorde bakoitzak elkarte bat izendatuko du koordinatzaile izateko; lan-batzordea batzorde iraunkorrean eta osoko bilkuran ordezkatzea izango da koordinatzaile horren eginkizun nagusia. Koordinazio-eginkizuna bi urteko aldietan beteko da, txandaka. Elkarte berak ezin izango du aldi berean koordinatu lan-batzorde bat baino gehiago.

  1. Foroaren organoen funtzionamendu-araudiak edo dagozkien xedapenek esleitzen dizkieten eginkizun guztiak izango dituzte lan-batzordeek. Edonola ere, nor bere eremuaren barruan arduratuko da osoko bilkuran aurkeztu behar diren proposamenak prestatzeaz.

  2. Lan-batzordeetan, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua lortzeko neurri egokiak hartuko dira.

  3. Urteko memoria bat prestatuko dute egindako lan eta jarduerei buruz.

Hauek osatuko dute batzorde iraunkorra: ezarritako lan-batzordeak koordinatzen dituzten elkarteek, eta foroan Idazkaritza Teknikoari eta Koordinaziorako Idazkaritzari funtzionatzen laguntzen dieten langileek.

  1. Batzorde iraunkorra organo delegatua da, eta funtzionamendua foroaren organoen funtzionamendu-araudiak erregulatzen du.

  2. Besteak beste, eginkizun hauek ditu:

    1. Lantalde teknikoak eratzeko proposamenak egitea, gai espezifikoak aztertzeko.

    2. Osoko bilkurari lan-batzordeen eginkizunak proposatzea.

    3. Osoko bilkurari lan-batzorde gehiago sortzeko proposatzea.

    4. Osoko bilkurari lan-batzordeen lanen, proposamenen eta osaera berrituen berri ematea.

    5. Osoko bilkurak ematen dizkion eginkizun guztiak betetzea.

  1. Immigrazioaren eta asiloaren arloan lan egiten duten elkarteek lan-batzordeetan parte hartzeko prozesua antolatzeko, eta horretarako bakarrik, eskabideak aurkezteko epe bat jarriko da bi urterik behin eta EHAAn argitaratuko da.

  2. Elkarteek lan-batzordeetan parte hartzeko egiten dituzten eskaeretatik sortzen den informazioak datuak babesteko legeak bete beharko ditu.

  1. Elkarteek eskakizun hauek bete behar dituzte foroaren lan-batzordeetako kideak izateko:

    1. Legez eratuta egotea eta Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan inskribatuta egotea.

    2. Entitatearen xedea immigrazioa eta asiloa izatea, nahiz eta lan-eremua hori bakarrik ez izan.

    3. Tributuen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea.

    4. Lan-araudia betetzea, eta, halakorik badago, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboa ere bai.

    5. Administrazio publikoekiko lankidetzan aritzeko eskakizun guztiak betetzea, bai eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen betebehar guztiak ere, emakumeen eta gizonen berdintasunarekin zerikusia dutenak bereziki.

  2. Aurreko apartatuko b), d) eta e) letretan adierazitako eskakizunak justifikatzeko, eskaera-formularioan adierazitako baldintzen arabera emango den erantzukizunpeko adierazpena egingo da. a) eta c) letretan adierazitako eskakizunak justifikatzeari dagokionez, eranskinean dago adierazita baimendu ahal izango dela prozedura honen instrukzio-organoak ofizioz egiaztatzea eskakizun horiek betetzen direla. Horren aurka eginez gero, organismo eskudunek egindako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

  1. Elkarteek telematikoki aurkeztu behar dute eskabidea eta, horrekin batera, aurreko urtean egindako jardueren memoria ere bai, Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak edo, hala badagokio, immigrazioaren arloko eskumena duen zuzendaritzak jarritako epean eta eranskineko ereduaren arabera.

  2. Eskabidea aurkeztu ondoren eta Idazkaritza Teknikoak eskakizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, elkarteak bere jardueren eta lan-batzordean sartzeko dituen motibazioen berri emango dio Idazkaritza Teknikoari.

  3. Lan-batzordean sartzeko, Migrazio eta Asiloko zuzendariak eta lan-batzorde horretako kideen hiru laurdenek eman behar dute oniritzia.

  4. Lan-batzorde bakoitzak, bozketa bidez, koordinazio-funtzioa beteko duen elkartea hautatuko du. Boto gehien lortzen duen elkartea izango da hautatua. Berdinketa izanez gero, Idazkaritza Teknikoak erabakiko du zeinek beteko duen eginkizun hori.

  5. Elkarte berak ezin du aldi berean koordinatu lan-batzorde bat baino gehiago.

  1. Eusko Jaurlaritzan immigrazioaren arloko eskumena duen zuzendaritzako teknikariek Idazkaritza Teknikoaren funtzionamenduan lagunduko dute. Zuzendaritza eskudunaren zuzendariak bere zuzendaritzako pertsona bat izendatuko du foroko idazkariaren berezko eginkizunak bete ditzan.

  2. Idazkaritza Teknikoak eginkizun hauek izango ditu:

    1. Bokalen izendapenak eta ezeztatzeak, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak eta ezagutu behar duen beste edozein idazki jasotzea.

    2. Osoko bilkurako bokalak eta ordezkoak izendatzen direla ziurtatzea.

    3. Batzordeak eratzen direla ziurtatzea.

    4. Elkarteek foroaren lan-batzordeetan parte hartzeko aurkezten dituzten eskabideak jasotzeko eta erregistratzeko prozedura antolatzea.

    5. Foroaren organoen funtzionamendu-araudia eta aldaketak proposatzea osoko bilkurari.

    6. Osoko bilkuran onartzen diren foroaren proposamenak, erabakiak eta gomendioak administrazio publiko eskudunetara bideratzea.

    7. Presidenteari proposatzea immigrazioaren eta asiloaren arloko adituek parte har dezatela osoko bilkuran.

    8. Koordinazio-eginkizuna beteko duen elkartea hautatzeko orduan boto-berdinketarik izanez gero, Idazkaritza Teknikoak izendatuko du eginkizun hori beteko duen elkartea.

    9. Idazkaritza Teknikoaren funtzioari berez dagozkion beste eginkizun guztiak betetzea.

  3. Foroko idazkariak eginkizun hauek izango ditu:

    1. Bilkuretan parte hartzea; hitza izango du, baina botorik ez.

    2. Bilkuretarako aktak idaztea eta baimentzea.

    3. Hartutako kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak egitea.

    4. Presidentearen aginduz foroaren osoko bilkuretarako deialdia eta kideentzako zitazioak egitea.

    5. Foroko idazkari-karguari berez dagokion beste edozein betetzea.

  1. Eusko Jaurlaritzan immigrazioaren arloko eskumena duen zuzendaritzako teknikariek edo, hala badagokio, zuzendaritza eskudunak Koordinaziorako Idazkaritzaren funtzionamenduan lagunduko dute.

  2. Koordinaziorako Idazkaritzak eginkizun hauek izango ditu:

    1. Foroaren batzordeak egiazki eta eraginkortasunez koordinatzea eta dinamizatzea.

    2. Foroak efizientziaz eta eraginkortasunez diharduela bermatzea.

    3. Foroaren lana ezagutaraztea.

    4. Foroaren organoek egindako lanei eta jarduerei buruzko urteko memoria bateratua egitea.

    5. Bi urtean behingo txosten bat egitea foroaren jarduerek euskal gizartean duten eraginari eta atzerriko etorkinen gizarteratzearen egoerari buruz.

Osokoa xedapen hau indarrean jarri eta sei hilabete igaro baino lehen eratu behar da lehenengo aldiz.

Foroaren lehen osokoa eratu arte, hau izango da Idazkaritza Teknikoaren eginkizun nagusia: lehen osoko horretara joan behar duten bokal guztiak izendatzen direla ziurtatzea.

Indargabeturik geratzen dira dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki, hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroa sortzen duen abuztuaren 30eko 200/2002 Dekretua, eta 2003ko apirilaren 30eko Agindua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, zeinaren bidez agintzen baita Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetzarako Foroko organoen funtzionamendu-araudiaren argitalpena, eta lan-batzordeetan sartzeko epea zabaltzen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Ordezko zuzenbidea.

Dekretu honetan xedatuta ez dagoen guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak prozedurazko gaiei buruz xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Arauak emateko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio immigrazioaren arloko eskumena duen sailburuari dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar adina xedapen emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean sartzea.

Dekretu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko maiatzaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

(Ikus .PDF)