Arautegia

Inprimatu

146/2022 DEKRETUA, abenduaren 7koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren esparruan polizia-merezimenduagatiko dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak emateko araubideari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 4
  • Hurrenkera-zk.: 80
  • Xedapen-zk.: 146
  • Xedapen-data: 2022/12/07
  • Argitaratze-data: 2023/01/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional

Testu legala

Dekretu honen bidez, uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 135. artikuluan aurreikusten den erregelamendu bidezko garapena egiten da. Artikulu horren arabera, erregelamendu bidez ezarriko da polizia-merezimenduagatiko dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak emateko araubidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako funtzionarioak saritzeko, baldin eta euren eginkizunetan egiaztatzen badute gizartearen mesederako zenbait ezaugarri nabarmen dutela, hala nola eredugarritasun, sakrifizio, eraginkortasun eta ardura nabarmengarriak.

Horrez gain, bigarren xedapen iragankorrak ezartzen du ezen, zerbitzuaren ondoriozko heriotzagatiko edo nahitaezko erretiroagatiko prestazioei buruzko artikuluetan eta ohorezko aintzatespenen araubide berriari buruzko artikuluetan ezarritakoa erregelamendu bidez garatu arte, testu bategin horren aurka egiten ez duen guztian honako hauek izango direla aplikagarriak: 202/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko dena; eta 27/2010 Dekretua, urtarrilaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoko kidegoei aplika dakiekeen kondekorazio- eta sari-erregimenari buruzkoa.

Aurreko araudian Ertzaintzarentzat eta Udaltzaingoko kidegoentzat aurreikusitako kondekorazio- eta sari-araubideak bereiz arautzen ziren. Aitzitik, arau honetan, eraginkortasun, sinpletasun eta arau-sistematikako arrazoiak direla eta, xedapen bakar batean arautzen dira, betiere bermatuz zorrotz errespetatzen direla toki-autonomia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoko kidegoen berezitasunak.

Aurreko dekretuekin alderatuta, funtsezko desberdintasun bat dago: egungo araudian ez da jasotzen zerbitzu-egintza, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 79. artikuluan lehenengo aldiz arautu eta ondorengo aldaketetan ere jaso baitzen, harik eta ekainaren 27ko 7/2019 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen bosgarren aldaketarenak behin betiko kendu zuen arte.

Oro har kondekorazioen eta ohorezko sarien araubideari jarraitutasuna ematen bazaio ere, badira zenbait berritasun, eta jarraian aipatuko ditugu.

Lehenik eta behin, Ertzaintzan zorionak emateko prozedura argitzen da, haren praxian gertatu diren disfuntzio batzuk saihesteko.

Gainera, polizia-zerbitzuagatiko diploma ez da merezimendutzat hartuko lanpostuak betetzeko deialdietan eta barne-sustapenekoetan, benetako zerbitzu-urte kopuru jakin bat egitearen ondorioz ematen baita nagusiki diploma hori.

Bestalde, ezintasunagatiko nahitaezko erretiroaren edo heriotzaren kasuetan polizia-zeregina aintzatesteko neurriei buruzko artikuluetan, dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 134. artikuluko erregulazioa jasotzen eta osatzen du.

Era berean, modu bateratuan arautzen dira polizia-merezimenduagatiko bereizgarri gorridun domina jasotzearen ondorio ekonomikoak, baldin eta domina ematea eragin duten egitateen ondorioz funtzionarioak ez badu lesio, mutilazio edo deformazio iraunkorrik jasan, edo halakoren bat jasan arren ezintasunagatiko nahitaezko erretirorik hartu ez badu. Bi kasuetan, domina hori jasotzen duenak eskubidea izango du hilean-hilean prestazio ekonomiko bat eskuratzeko. Hau izango da prestazioaren zenbatekoa: domina ematea eragin duten gertakariak jazo ziren unean domina jaso duenak zuen lanbide-kategoriari dagokion hirurteko bat.

Dekretu hau indarrean jarri aurretik gertatutako kasuetan aplikatu beharreko araubide iragankorrari dagokionez, baloratu behar den ekintza edo kasua une batean edo beste batean gertatzearen ondorioz ez daitezen arau desberdinak aplika eta, azken batean, ekintzok edo kasuok modu homogeneoan araudi beraren arabera ebalua daitezen ahalbidetzeko, erabaki da dekretu hau kasu horietan guztietan aplikatzea, kontuan hartu gabe zer araudi zegoen indarrean haiek jazo zirenean, betiere domina emateko eskumena duen organoak ebazpenik eman edo komunikaziorik egin ez badu, edo Barne Arazoetarako Zerbitzuak zoriondu litekeen jarduketa ebaluatu ez badu.

Era berean, parekatu egiten dira polizia-merezimenduagatiko egungo dominak eta dekretu hau indarrean jarri aurretik emandako polizia-zeregina aintzatesteko bereizgarri gorridun, berdedun edo zuridun dominak, helburu bakarra izanik azken horiek ere merezimendutzat har daitezen dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera antolatuko diren lanpostuak betetzeko deialdietan eta barne-sustapenekoetan.

Azkenik, xedapen indargabetzailean ezartzen da indargabetuta geratzen direla urriaren 16ko 202/2012 Dekretua, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko dena, eta urtarrilaren 26ko 27/2010 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoko kidegoei aplika dakiekeen kondekorazio- eta sari-erregimenari buruzkoa.

Hori dela bide, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Ertzaintzaren Kontseiluak eta Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak txostena eman dutenez, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren 7an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Dekretu honen xedea da polizia-merezimenduagatiko dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak emateko araubidea ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako funtzionarioak saritzeko, baldin eta euren eginkizunetan egiaztatzen badute gizartearen mesederako zenbait ezaugarri nabarmen dutela, hala nola eredugarritasun, sakrifizio, eraginkortasun eta ardura nabarmengarriak.

  2. Dekretu honetan jasotako erregulazioa honako hauei aplikatuko zaie:

    1. Ertzaintzako karrerako funtzionarioei,

    2. Udaltzaingoko Kidegoetako eta Udaltzaingoko Zerbitzuetako karrerako edo bitarteko funtzionarioei,

    3. Udaltzaingoa osatzeko polizia-laguntzaile izendatutako bitarteko langileei,

    4. Funtzionario-izaera galdu dutenei, bai eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako prestakuntza-ikastaroa gainditu duten praktiketako funtzionarioei ere, baldin eta bi kasuetan jarduketak edo egitateak lanean diharduten bitartean egindakoak badira.

  3. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetan zerbitzu ematen ez duten pertsona fisiko edo juridikoak ere saritu ahal izango dira, dekretu honen 2.3.a) artikuluan aurreikusitako moduan.

  1. Aurreko artikuluan aipatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako funtzionarioei domina, kondekorazio eta ohorezko sari hauek eman ahal izango zaizkie:

    1. Polizia-merezimenduagatiko bereizgarri gorridun, berdedun edo zuridun domina,

    2. Polizia-zerbitzuagatiko bereizgarri gorridun edo zuridun diploma,

    3. Zorionak,

    4. Domina urdina eta ohorezko plaka.

  2. Polizia-merezimenduagatiko dominak jasotzea merezimendutzat joko da lanpostuak betetzeko deialdietan eta barne-sustapenekoetan, indarrean dagoen araudian eta deialdien oinarrietan ezarritakoaren arabera.

  3. Segurtasun-arloan eskumena duen sailaren titularrak edo kasuan kasuko udaleko alkateak pertsona fisiko edo juridikoak saritu ahal izango ditu, honela:

    1. Domina urdina emanda, kasu hauetan: pertsona fisiko edo juridikoa beste segurtasun-indar edo -kidego bateko kidea bada; edo larrialdietako eta babes zibileko zerbitzu publikoetakoa; edo segurtasun pribatuko zerbitzukoa; edo saria merezi badu segurtasun publikoaren defentsan garrantzi handiko egintzak burutu dituelako edo lankidetza erabakigarria eman duelako Ertzaintzaren edo kasuan kasuko udaltzaingoaren onerako edo prestigiorako.

    2. Arrazoi berberengatik nortasun juridikoa duten erakunde, elkarte edo zerbitzu publiko edo pribatuak saritu nahi badira, ohorezko plaka emango zaie.

  4. Ezingo zaie dekretu honetan ezarritako saririk eta kondekoraziorik eman epai penal irmo bidez kondenatuak izan diren pertsonei, harik eta zehapena espediente pertsonaletik ezereztu arte, ez eta prozedura penal batean sartuta daudenei ere, harik eta erantzukizunetik salbuesten dituen epai irmoa eman arte.

    Pertsona bati falta arin, astun edo oso astunagatik diziplina-espedientea ireki bazaio, ezin izango da hari saririk edo kondekoraziorik emateko prozedurarik hasi, harik eta espedientatutako pertsona erantzukizunetik salbuesten duen ebazpena eman arte.

  5. Dekretu honetan arautzen diren sariak eta kondekorazioak emateko baloratu diren gertakariak ezin izango dira kontuan hartu izaera bereko beste prozedura batean.

  1. Polizia-merezimenduagatiko bereizgarri gorridun domina segurtasun-arloan eskumena duen saileko titularrak ematen du Ertzaintzaren kasuan, eta alkateak Udaltzaingoaren kasuan, eta haren helburua da aldi berean lau elementu objektibo betetzen dituzten polizia-jarduketak aintzatestea. Hona lau elementuok:

    1. ohiz kanpoko jarduketak izatea,

    2. hirugarren baten mesedetan egindakoak,

    3. norberaren bizitza arriskuan jarrita,

    4. eta aparteko zenbait ezaugarri agerian uztea, hala nola fedea, ausardia, espiritu humanitarioa eta gizartearekiko elkartasuna.

  2. Ezintasunagatiko nahitaezko erretiroaren edo heriotzaren kasuetarako dekretu honek 13. eta 14. artikuluetan ezartzen dituen prestazio ekonomikoak aitortzerik ez dagoenean, polizia-merezimenduagatiko bereizgarri gorridun domina eskuratzen duenak dekretu honen 4. artikuluan arautzen den hilean hileko prestazio ekonomikoa jasoko du.

  1. Polizia-merezimenduagatiko bereizgarri gorridun domina ematea eragin duten egitateen ondorioz funtzionarioak ez badu lesio, mutilazio edo deformazio iraunkorrik jasan, edo halakoren bat jasan arren ezintasunagatiko nahitaezko erretirorik hartu ez badu, domina hori jasotzen duenak eskubidea izango du hilean-hilean prestazio ekonomiko bat eskuratzeko. Hau izango da prestazioaren zenbatekoa: domina ematea eragin duten gertakariak jazo ziren unean domina jaso duenak zuen lanbide-kategoriari dagokion hirurteko bat.

  2. Prestazio ekonomiko hori jasotzeko eskubidea eten egingo da baldin eta funtzionarioa zerbitzu aktiboaz edo bigarren jardueraz bestelako administrazio-egoera batera igarotzen bada.

  3. Prestazio ekonomiko hori jasotzeko eskubidea azkendu egingo da baldin eta funtzionarioak funtzionario-izaera galtzen badu.

  4. Prestazio ekonomiko hori ezin izango da handitu funtzionarioak polizia-merezimenduagatiko bereizgarri gorriko beste domina batzuk jasotzearen ondorioz.

Polizia-merezimenduagatiko bereizgarri berdedun domina emango zaie egitate garrantzitsuak edo aparteko polizia-jarduketak egiten dituztenei, baldin eta egitateek eta jarduketek, hain merezimendu handikoak izanik, goi-mailako aintzatespena behar badute. Ertzaintzaren kasuan, Segurtasun Sailburuordetzako titularrak emango du aipatutako domina, eta Udaltzaingoaren kasuan, berriz, alkateak.

Aparteko merezimendutzat jo daitezkeen jokabide eredugarriak saritzeko, polizia-merezimenduagatiko bereizgarri zuridun domina eman ahal izango da. Domina hori Segurtasun Sailburuordetzako titularrak emango du Ertzaintzaren kasuan, eta alkateak Udaltzaingoaren kasuan, eta kasu hauetan emango da:

  1. Zailtasun edo garrantzi handiko polizia-zerbitzu, -operatibo edo -jarduketetan izandako parte-hartze arrakastatsua, berorietan lanbide arloko edo gizalegezko dohainak erakutsi badira.

  2. Norbere lan-ibilbidean maiz eta era nabarian gailentzea polizia-eginkizunak betetzeko lanetan.

  3. Kidegoaren ospea hobetzeko edo zerbitzuan erabilgarriak diren lanbide- edo zientzia-arloko lan edo azterketa bikainak egin izana, betiere ezohikoak badira.

  1. Polizia-merezimenduagatiko domina emateko prozedura ofizioz hasiko da betiere, domina hori aitortzeko eskumena duen organoak egokitzat jotzen duenean, dauden informazioak ikusita, dela norberaren ekimenez, dela goragoko agindu baten bidez, dela balizko onuradunaren nagusi, lankide edo mendekoen mozio arrazoitu baten bidez.

  2. Eskaerak ez du prozedura hastera behartzen organo eskuduna, baina, ez hastea erabakitzen badu, horren arrazoiak komunikatu beharko dizkio eskaera egin dionari. Komunikazio horren aurka ezin da errekurtsorik jarri.

  3. Ertzaintzako funtzionarioei polizia-merezimenduagatiko domina emateko espedientearen instrukzioaren barruan, inguruabarren ebaluazioa egin beharko du Ertzaintzako kideen jokabide profesionala aztertzeko ardura duen Ertzaintzaren unitateak. Espedientearen xedea domina urdina ematea denean, Ertzaintzaren unitate horrek ez du jarduketa ebaluatuko.

    Udaltzaingoko kidego edo zerbitzuetako funtzionarioei edo polizia-laguntzaileei polizia-merezimenduagatiko domina emateko espedientearen instrukzioaren barruan, inguruabarren ebaluazioa egin beharko du toki-erakundeko organo eskudunak.

  4. Ebaluazio hori aintzat hartuta, organo eskudunak egokitzat jotzen duena ebatziko du.

Polizia-merezimenduagatiko bereizgarri gorridun, berdedun, zuridun dominak, domina urdina eta ohorezko plaka jartzeko ekitaldia ahalik eta solemneena izango da, eta, ahal dela, esanahi bereziko egunetan egingo da, salbu eta egokitasun- eta presa-arrazoiengatik beste une batean egitea komeni bada.

  1. Polizia-merezimenduagatiko bereizgarri gorridun, berdedun eta zuridun domina edo domina urdina jaso duenari falta oso astunagatiko diziplina-zehapen irmoa ezartzen bazaio, organo emaileak kontraesaneko espedientea izapidetu eta domina errebokatuko du.

  2. Domina errebokatzen bada, bertan behera geratuko dira haren ondorioak.

  3. Diziplina-espediente bat izapidetzen ari den bitartean, erabaki ahal izango da jasotako kondekorazioak ekitaldi publiko edo instituzionaletan uniformean jarrita eramateko eskubidea aldi baterako etetea, kautelaz.

  1. Unitate Burutzako eginkizunak betetzen dituztenek edo haien nagusi hierarkikoek, izan beren ekimenez, izan unitate bereko lankide edo mendekoen mozio arrazoituaren bidez, beren ardurapekoek egindako jarduketak zoriondu ahal izango dituzte, idatzi formal baten bidez, baldin eta, merezimenduzkoak izan arren, domina emateko modukoak ez badira.

  2. Zorionak eman aurretik, Burutzan diharduen pertsonak zorionak emateko proposamen arrazoitua egin beharko du, eta hierarkian gorago dagoen pertsonaren oniritzia eskatu. Azken horrek Ertzaintzako kideen jarduketa edo jokabide profesionala ebaluatzeko ardura duen Ertzaintzaren unitateari igorriko dio proposamena. Ebaluazioa aldekoa denean bakarrik aintzatetsiko da merezimenduzko jarduketa zorion-idatzi formalaren bidez.

  3. Zorionak idatziz eman beharko dira, eta zorion-idatzia banan-banan bidaliko zaio zoriondutako bakoitzari, eta langilearen espediente pertsonalean jasoko da. Horretarako, zorionak ematen dituen organoak zorion-idatziaren kopia bidaliko dio hura zoriondutako pertsonaren espedientean jasotzeko eskumena duen organoari.

  4. Zoriondua izatea ez da merezimendutzat hartuko lanpostuak betetzeko deialdietan eta barne-sustapenekoetan.

  5. Hala ere, langile bat hirutan baino gehiagotan zoriondu izana aintzat hartuko da polizia-merezimenduagatiko bereizgarri zuridun domina emateko, dekretu honen 6. artikuluaren b) letra aplikatuta; inguruabar horrek langilearen espediente pertsonalean idatzita egon beharko du. Zorionak bereziki hartuko dira kontuan burutza desberdinek emandakoak badira, edo zorionduaren unitateko lankideek edo menpekoek arrazoitutako mozioen ondoriozkoak badira.

  1. Alkatetzan diharduen pertsonak, izan bere ekimenez, izan merezimenduzko jarduketa egin duen pertsonaren lankide edo mendekoen mozio arrazoituaren bidez, formalki zoriondu ahal izango ditu, idatziz, Udaltzaingoko kidego eta zerbitzuetako kideek eta polizia-laguntzaileek egiten dituzten merezimenduzko jarduketak.

  2. Zorionak eman aurretik, Alkatetzan diharduen pertsonak zorionak emateko proposamen arrazoitua egin beharko du, eta jokabide profesionala ebaluatzeko eskumena duen organoari bidaliko dio. Kasu horretan, ebaluazioa aldekoa denean bakarrik aintzatetsiko da merezimenduzko jarduketa edo jokabidea zorion-idatzi formalaren bidez.

  3. Zorionak idatziz eman beharko dira, eta zorion-idatzia banan-banan bidaliko zaio zoriondutako bakoitzari, eta langilearen espediente pertsonalean jasoko da. Horretarako, zorionak ematen dituen organoak zorion-idatziaren kopia bidaliko dio hura zoriondutako pertsonaren espedientean jasotzeko eskumena duen organoari.

  4. Zoriondua izatea ez da merezimendutzat hartuko lanpostuak betetzeko deialdietan eta barne-sustapenekoetan.

  5. Hala ere, langile bat hirutan baino gehiagotan zoriondu izana aintzat hartuko da polizia-merezimenduagatiko bereizgarri zuridun domina emateko, dekretu honen 6. artikuluaren b) letra aplikatuta; inguruabar horrek langilearen espediente pertsonalean idatzita egon beharko du.

  1. Polizia-zerbitzuagatiko diplomaren helburua da dekretu honen aplikazio-eremuko langileei beren lan-ibilbide osoan beren eginkizunak bete izana aintzatestea.

  2. Polizia-zerbitzuagatiko diplomak bi maila ditu:

    1. Bereizgarri gorridun diploma, zeina Ertzaintzan edo kasuan kasuko Udaltzaingoko kidego edo zerbitzuan benetako hogeita hamar zerbitzu-urte betetzean emango baita.

    2. Bereizgarri zuridun diploma, zeina Ertzaintzan edo kasuan kasuko Udaltzaingoko kidego edo zerbitzuan benetako hogei zerbitzu-urte betetzean emango baita.

  3. Polizia-zerbitzuagatiko diploma emateko, diplomaren kategoria edozein dela ere, benetako zerbitzutzat hartuko da administrazio-egoera hauetan emandakoa: zerbitzu aktiboa; bigarren jarduerako egoera, destinoarekin; senideak zaintzeko eszedentzia; genero-indarkeriagatiko eszedentzia; zerbitzu bereziak, baldin eta egoera hori poliziaren eginkizun publikoari lotutako jarduerak egiteko deklaratu bada.

  4. Polizia-zerbitzuagatiko diploma ematea Segurtasun Sailburuordetzako titularrari dagokio Ertzaintzaren kasuan, eta alkateari toki-eremuan.

  5. Polizia-zerbitzuagatiko diploma jasotzea ez da merezimendutzat hartuko lanpostuak betetzeko deialdietan eta barne-sustapenekoetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginak 134.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, polizia-zeregina aintzatesteko neurri gisa, zerbitzuaren ondorioz hilez gero, edo poliziakide izateagatik funtzionarioaren kontrako egintza ez-zilegien ondorioz hilez gero, ezkontide edo bikotekide alargunduak edo, halakorik egon ezean, legezko jaraunsleek eskubidea izango dute kobrantza bakarrean jasotzeko hildakoak hiltzeko unean betetzen zuen lanpostuan jasotzen zituen lansari osoen bi urteko zenbatekoa, edozein izanik ere lanpostua hornitzeko modua.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginak 134.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, polizia-zeregina aintzatesteko neurri gisa, funtzionarioak nahitaezko erretiroa hartu behar izanez gero, zerbitzu-arrazoiengatik edo poliziakide izateagatik haren aurka hirugarrenek egindako egintza ez-zilegien ondorioz, funtzionario horrek eskubidea izango du aldizkako prestazio ekonomiko bat jasotzeko, zeina, pentsioari gehituta, ohikoa zein apartekoa izan, helduko baita eskubide hori eragin duen egitatea gertatu zen unean betetzen zuen lanpostuaren lansari finkoen eta aldizkakoen ehuneko laurogeira.

  2. Prestazio hori ezin da laneko errentekin batera jaso, ezta legez bateragarriak diren beste pentsioekin edo subsidioekin batera ere. Jasotzen dituen prestazio ekonomikoaren, pentsioen eta hartzeko pasiboen batura ezin izango da gizarte-aurreikuspeneko araubide publikoan aurreikusitako gehieneko pentsioa baino handiagoa.

  3. Prestazio ekonomikoa honela eguneratu eta ordainduko da: urteko gehikuntza izango du, aipatutako lansari finko eta aldizkakoei aplikatu behar zaienaren arabera; eta hilero ordainduko da, adinagatiko nahitaezko erretiroa deklaratu behar izan den egunera arte, ez bada lehenago hiltzen.

  4. Prestazioa ordain dakion, interesdunak urteko lehen hilabetean aurkeztu beharko du hura jasotzeko eskubidea aitortzea eragin duten egoerak mantentzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa. Dena den, Administrazioak ofizioz erabaki ahal izango du artikulu honetan ezarritako araubidea aplikatzeko behar diren neurriak ezartzea, baldin eta arestian aipatutako egoerak nolabait aldatu direla jakiten badu.

  1. Polizia-jardunean izandako jarduketa heroikoren bat egin eta, ondorioz, hil edo ezintasunagatik erretiratu diren funtzionarioak igo ahal izango dira, diskrezionaltasunez, une horretan zeukaten kategoriaren hurrengo kategoriara, ohorezko igoera gisa, hori justifikatzen duen inguruabar bereziak izanez gero.

  2. Aintzatespen horrek ez du ondorio ekonomikorik.

  1. Ertzaintzako langileei dekretu honetan araututako polizia-merezimenduagatiko dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak ematen eta errebokatzen zaizkienean, langile-erregistroaren atal batean inskribatu edo ezeztatu beharko dira. Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritza arduratuko da erregistro hori eramateaz. Atal horrek Ertzaintzako langileentzat arautzen diren kondekorazioak eta ohorezko sariak adina atal izango ditu.

  2. Udaltzaingoko kidego edo zerbitzuko funtzionarioei dekretu honetan araututako polizia-merezimenduagatiko dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak ematen zaizkienean, Euskadiko Udaltzaingoen Erregistroan inskribatu, idatzi edo ezeztatu beharko dira.

  3. Funtzionarioaren espediente pertsonalean langile horrek jaso dituen polizia-merezimenduagatiko dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak idatziko dira.

Dekretu honetan xedatutakoa eta uniformeari buruzko araudiak ezarritakoa aplikatuz, Segurtasun Sailburuordetzako titularrak, Ertzaintzaren kasuan, edo alkateak, toki-eremuan, jarraibideak eman ahal izango ditu zehazteko zer modutan eta baldintzatan erabiliko diren uniformean arau honek aurreikusten dituen kondekorazio eta sariak, bai eta beste polizia-kidego batzuek edo beste erakunde batzuek Ertzaintzari edo Udaltzaingoari emandako kondekorazio eta sariak ere.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Aurretik gertatutako kasuak.

  1. Dekretu hau aplikatuko zaie Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko den urriaren 16ko 202/2012 Dekretuaren indarraldian gertatutako jarduketei edo egitatezko kasuei, baldin eta, dekretu hau indarrean jartzen den egunean, domina emateko eskumena duen organoak ebazpenik eman edo komunikaziorik egin ez badu, edo Barne Arazoetarako Zerbitzuak zoriondu litekeen jarduketa ebaluatu ez badu.

  2. Dekretu hau aplikatuko zaie, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoko kidegoei aplika dakiekeen kondekorazio- eta sari-erregimenari buruzko urtarrilaren 26ko 27/2010 Dekretuaren indarraldian gertatutako jarduketei edo egitatezko kasuei, baldin eta, dekretu hau indarrean jartzean, alkateak ebazpenik eman edo komunikaziorik egin ez badu.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Parekatzeak.

  1. Dekretu hau indarrean jarri aurretik emandako polizia-zeregina aintzatesteko bereizgarri gorridun, berdedun edo zuridun dominek jarraian adierazitako dominekin parekatuko dira, helburu bakarra izanik azken horiek ere merezimendutzat har daitezen dekretu hau indarrean jarri ondoren antolatuko diren lanpostuak betetzeko deialdietan eta barne-sustapenekoetan.

    1. Polizia-zeregina aintzatesteko bereizgarri gorridun domina polizia-merezimenduagatiko bereizgarri gorridun dominarekin parekatzen da.

    2. Polizia-zeregina aintzatesteko bereizgarri berdedun domina polizia-merezimenduagatiko bereizgarri berdedun dominarekin parekatzen da.

    3. Polizia-zeregina aintzatesteko bereizgarri zuridun domina polizia-merezimenduagatiko bereizgarri zuridun dominarekin parekatzen da.

  2. Ertzaintzako langileei aplika dakiekeen kondekorazio- eta sari-erregimenari buruzko apirilaren 27ko 71/2004 Dekretuaren babesean Segurtasun Sailburuordetzako titularrak emandako zorionak, baldin eta funtzionarioaren espediente pertsonalean jasota badaude dekretu hau indarrean jarri aurreko gertakariengatik, polizia-merezimenduagatiko bereizgarri berdedun dominarekin parekatuko dira, helburu bakarra izanik lehenengo horiek ere merezimendutzat har daitezen dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera antolatuko diren lanpostuak betetzeko deialdietan eta barne-sustapenekoetan.

  3. 202/2012 Dekretuaren indarraldian idatzitako zorionak dekretu honen 10.5 artikuluaren ondorioetarako aintzat hartu behar dira, baldin eta ez badute dagoeneko eragin 202/2012 Dekretuaren 10.1.b) artikuluko polizia-zeregina aintzatesteko bereizgarri zuridun domina ematea.

Indargabetuta geratzen dira urriaren 16ko 202/2012 Dekretua, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko dena, eta urtarrilaren 26ko 27/2010 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoko kidegoei aplika dakiekeen kondekorazio- eta sari-erregimenari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Kondekorazioen eta sarien deskribapena eta forma.

Segurtasun-arloan eskumena duen sailaren titularrak edo kasuan kasuko udalerriko alkateak, zeinek bere eremuan, dekretu honetan aurreikusten diren kondekorazioen eta sarien deskribapena eta forma arautuko dituzte.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko abenduaren 7an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.