Arautegia

Inprimatu

139/2021 DEKRETUA, maiatzaren 18koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoa sortzen eta haren antolaketa eta funtzionamendua ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 105
  • Hurrenkera-zk.: 3097
  • Xedapen-zk.: 139
  • Xedapen-data: 2021/05/18
  • Argitaratze-data: 2021/05/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia; Sailak

Testu legala

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren bidez (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila sortu zen, besteak beste. Bada, 18/2020 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, honako hauek osatzen dute saila: desagertutako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko organo eta unitateek, Enplegu eta Gazteria Sailburuordetzako organo eta unitateek izan ezik, Gazteria Zuzendaritzaren salbuespenarekin; desagertutako Lan eta Justizia Saileko Justizia Sailburuordetzako organo eta unitateek, eta Lehendakaritzaren aurreko egiturako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiko organo eta unitateek. Halaber, aipatutako sailaren egitura honako dekretu honetan zehaztu da: 12/2021 Dekretua, urtarrilaren 19koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egitura organiko eta funtzional berriak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoa sortzea eskatzen du, bai eta organo horren antolaketa eta funtzionamendua arautzea ere, Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organu Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuko xedapenekin bat etorriz.

Horretarako, dekretu hau artikulatu da, eta, berau indarrean jartzen den unean, indargabetu egingo da 472/2013 Dekretua, abenduaren 30ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren estatistika-organo espezifikoa sortzekoa eta haren antolaketa eta funtzionamendua zehaztekoa, egungo Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eskumenekoak izatera pasatu diren gaiei dagokienez; indargabetu egingo da, halaber, 179/2017 Dekretua, ekainaren 20koa, Lan eta Justizia Sailaren Estatistika Organo Espezifikoa sortzekoa eta haren antolaketa eta funtzionamendua zehaztekoa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren jardun-arloei dagokienez. Eta hori guztia abian dauden estatistika-jarduketen jarraipena bermatuz egingo da.

Sailaren Berariazko Estatistika Organo berriaren arauketa Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean ezarritako esparruaren barruan txertatzen da, lege horren 26. artikuluak xedatzen baitu berariazko estatistika-organoa eratuta daukaten Jaurlaritzako sailek egingo dituztela, besteak beste, autonomia-erkidegoaren estatistika-arloko lanak.

Orobat, lege-aurreikuspen horiek errespetatuz eta ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuan ezarritakoa betez ezartzen dira Berariazko Estatistika Organo berriaren antolaketa eta funtzionamendua. Izan ere, dekretu horretan arautu ziren Jaurlaritzako sailen berariazko estatistika-organoak, zehazki organo horien sorrera, antolaketa eta funtzionamendua, eta ezarri zen berariazko estatistika-organotzat joko direla, bakar-bakarrik, dekretuaren arauen arabera eratu direnak.

Baldintza formalei dagokienez, Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organu Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuak ezartzen du berariazko estatistika-organoak dekretu bidez sortuko direla eta kide bakarreko organo gisa eratuko direla, goi-kargudun baten mende edo dagokion sailean koordinazio-lanak egiten dituen organoaren mende. Kasu honetan, Berariazko Estatistika Organoa Zerbitzuen zuzendariaren mende egongo da, kargudun horrek betetzen baititu aipatutako koordinazio-arloko eskakizunak.

Azkenik, prozedurari dagokionez, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legean zehaztutakoa bete da, eta, gainera, eskuratu da Euskal Estatistika Batzordearen nahitaezko txostena, zeina Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organu Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuan aurreikusten baita.

Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Euskal Estatistika Batzordeari kontsulta egin ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko maiatzaren 18an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

Dekretu honen xedea da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoa sortzea eta organoaren antolaketa eta funtzionamendua ezartzea; betiere, Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organu Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren aginduekin bat etorriz.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoak indibidualizazio organiko propioa du, kide bakarreko organoa da, eta Zerbitzuen zuzendariaren mende dago zuzenean.

  1. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoa, eskumenei dagokienez, I. motakoa da. Hori dela-eta, Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organu Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuak mota horretako berariazko estatistika-organoei esleitzen dizkien eskumenak eta ahalak baliatuko ditu, eta betiere honako hauek:

    1. Sailaren estatistika-jarduera planifikatu, koordinatu eta bultzatzea, eta gauza bera egitea sailari dagozkion estatistika-eginkizunen ondorioz beste organismo batzuekin izan behar dituen harreman instituzionalekin, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29.c) eta 29.d) artikuluetan ezarritakoa betez.

    2. Sailaren Estatistika Plana egitea, Euskal Estatistika Planaren Proiektuaren oinarri izateko, sailaren estatistikei dagokienez.

    3. Euskal Estatistika Erakundearekin lankidetzan aritzea, Euskal Estatistika Plana eta urteko estatistika-programak egiteko.

    4. Euskal Estatistika Planean edo urteko estatistika-programetan dauden estatistikak edo haien fase batzuk egitea, haietan zehazten den eran.

    5. Estatistika propioak egitea, Euskal Estatistika Planean eta urteko estatistika-programetan ez daudenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusitako moduan.

    6. Bere eskumeneko estatistikak egiteko informazioa lortzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 9.etik 16.era bitarteko artikuluetan adierazitakoaren arabera.

    7. Artikulu honen d) apartatuan aipatutako estatistiken emaitzak zabaldu eta argitaratzea, eta beste horrenbeste egitea Euskal Estatistika Planean edo urteko estatistika-programetan zehazten diren estatistikekin, betiere aldez aurretik haien edukia Euskal Estatistika Erakundeari jakinarazita.

    8. Bere eremu sektorialeko fitxategi-direktorio estatistikoak prestatzen eta eguneratzen parte hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29.i) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

    9. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak interesgarritzat jotzen dituen bestelako proiektu estatistikoak egitea, Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organu Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren 7.2 artikuluak ezarritako esparruan.

  2. Aurreko apartatuan adierazitakoari dagokionez, hauek dira Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoaren jardun-arloak:

    1. Berdintasuna.

    2. Gazteria.

    3. Zahartzea eta erronka demografikoa.

    4. Gizarte-zerbitzuak, barnean hartuta gizarte-bazterketa eta pobrezia modu guztien azterketa eta jarraipena, baita Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoena ere.

    5. Familia, haurtzaroa, garapen komunitarioa eta boluntariotza.

    6. Migrazioa.

    7. Giza eskubideak, biktimak eta memoria.

    8. Garapenerako lankidetza.

    9. Justizia.

  3. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoak bere eskumenak erabili ahal izango ditu, sail horren nahiz sail horrek atxikita dituen ente instituzionalen behar estatistikoei dagokienez, kontuan hartu gabe estatistikak datu estatistikoetatik edo datu administratiboetatik abiatuta egin behar diren.

  1. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoak Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-arloan jardungo du, berariazko estatistika-organoen erregistroan inskribatutakoan (erregistro hori Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organu Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusita dago); betiere, estatistikari buruzko legeria eta, batez ere, sekretu estatistikoari buruzkoa bete beharko ditu, bai beste organo eta ente batzuekin dituen harremanetan, bai sail horri atxikita dauden edo sail horretakoak diren organo eta enteekin dituenetan.

  2. Bere jardunean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoak barne-antolaketa zehaztu beharko du, dekretu honen 3. artikuluaren 2. apartatuan adierazitako jardun-arloei modu funtzionalean erantzun ahal izateko.

  3. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoak errespetatu egingo ditu saileko organo eta ente instituzionalek legez eta berariaz esleituta dituzten estatistikaren arloko eskumenak.

  4. Aurreko hori hala izanda ere, organo eta ente instituzional horiek Berariazko Estatistika Organoari emango diote hark bere eskumenak betetzeko eskatzen duen informazioa. Gainera, organo horrekin lankidetzan arituko dira, agintzen zaizkion azterketak, estatistikak, txostenak eta ikerketa-lanak diseinatzen eta egiten, beren eskumenekin zerikusirik badute.

  5. Eskumenak egikaritzean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoak kontuan har ditzake organo horretara atxikita ez dauden langileak, saileko langileak izan, zein sailaren ente instituzionaletakoak izan. Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 15. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, langile horiek estatistika-langiletzat hartuko dira, estatistika-eragiketekin lotuta egiten duten lanaren zatiari dagokionez, eta behartuta daude sailaren Berariazko Estatistika Organoaren jarraibide teknikoak betetzera; batez ere, jardunean eskuratzen duten informazio guztiari buruzko sekretu estatistikoa gorde beharko dute.

  6. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoak, bere jarduera garatzeko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 16. artikuluan xedatutakoa betez jardungo du.

  1. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren eskumena izango da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoak emandako egintzen aurka jartzen diren administrazio-errekurtsoez arduratzea eta haien gaineko ebazpenak ematea.

  2. Errekurtso horiek ebazteko, Euskal Estatistika Erakundearen nahitaezko txostena izan beharko da lehendabizi.

    LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA. Atxiki gabeko langileen parte-hartzearekin egin beharreko estatistikak.

    Dekretu honen 4. artikuluan adierazitako xedapenek saileko eta haren ente instituzionaletako langile guztiei eragingo diete, gai hauekin zerikusia duten estatistikak prestatzen parte hartzen badute:

    1. Euskal gazteria.

    2. Gazteriaren egoera.

      BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Jardueraren jarraitutasuna.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzeak edo haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeak eragina badu Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoaren jardueran, ukitutako sailek, ados jarrita, neurri iragankorrak ezarri ahal izango dituzte, bermatzeko organo horrek estatistika-jarduerarekin jarraitu ahal izango duela, Euskal Estatistika Planaren edo urteko estatistika-programen barruan.

      LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA. Sailaren Estatistika Plana.

      Sailaren berariazko estatistika-plana onartu bitartean, plan horren pareko izango dira unean-unean indarrean dagoen Euskal Estatistika Planean edo urteko estatistika-programetan jasotako estatistika-eragiketak, baldin eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoak haietan parte hartzen badu.

      BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

      1. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko berariazko estatistika-organoen erregistroan inskribatzen denean, hari atxikita geratuko dira, etenik gabe, orain arte Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailean egin izan diren estatistika-lan guztiak.

      2. Horrekin batera, une horretan estatistika horri atxikita egon diren baliabideak eta bitartekoak ere atxikiko zaizkio.

      3. Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organu Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuan xedatutakoaren arabera egingo da atxikipena.

Dekretu hauek indargabetuta geratzen dira:

Abenduaren 30eko 472/2013 Dekretua (Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren estatistika-organo espezifikoa sortzekoa eta haren antolaketa eta funtzionamendua zehaztekoa), Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren jardun-arloei dagokienez soilik.

Ekainaren 20ko 179/2017 Dekretua (Lan eta Justizia Sailaren Estatistika Organo Espezifikoa sortzekoa eta haren antolaketa eta funtzionamendua zehaztekoa), Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren jardun-arloei dagokienez soilik.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Erregelamenduzko garapena.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari ahalmena ematen zaio, dekretu honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko maiatzaren 18an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.