Arautegia

Inprimatu

79/2020 DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, garapenerako lankidetzari buruzko «Ignacio Ellacuria» saria arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 137
  • Hurrenkera-zk.: 2741
  • Xedapen-zk.: 79
  • Xedapen-data: 2020/06/30
  • Argitaratze-data: 2020/07/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Instituzional; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Lankidetzak, 1991tik, Euskal Kooperantearen Saria sortu zenetik alegia, aintzatespena eman die herrialde pobretuekiko elkartasunaren esparruan bereziki nabarmendu diren ibilbide pertsonalei.

Geroago, azaroaren 18ko 189/2008 Dekretuaren bidez, garapenerako lankidetzarako «Ignacio Ellacuría» saria sortu zen. Sari horren helburua, haren araudian ezarritakoaren arabera, Euskaditik edo euren jatorrizko herrialdeetatik herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko ekintza esanguratsuak egiten dituzten erakundeen eta pertsonen zeregina ikusaraztea da.

Sariaren izenak Ignacio Ellacuria, euskal teologo eta filosofoa oroitzen du, 1930eko azaroaren 9an Portugaleten (Bizkaia) jaio zena. Ellacuria, askapenaren teologiaren aitzindarietako bat izan zen, herri salvadortarrak pairatzen zuen egiturazko injustiziaren kontrako borrokan eta herrialdeko gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzeko lanean erreferentea. Ellacuria El Salvador herrialdearekin lotzen da gehienbat; bereziki, «Jose Simeon Cañas» Erdialdeko Amerikako Unibertsitatearekin (UCA) 1967tik aurrera izandako harremanarengatik. Izan ere, 1979an unibertsitate horretako errektore izendatu zuten. Haren jarrera ausart eta konprometituak, baina, herrialdea kontrolatzen zuten botereen eta interesen presioa eta mehatxuak ekarri zizkion, baita heriotza eragin ere: 1989ko azaroaren 16an, armada nazionala Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean sartu zen eta gau horretan bertan zeuden pertsona guztiekin batera hil zuten.

Ignacio Ellacuriaren ibilbidea eredugarria da euskal lankidetzarako, beste herrialde batzuetan justizia ezartzeari eta, bereziki, premia gehien zuten pertsonei entregatu baitzien bizitza euskal herrikide horrek. Ellacuriak, hautu erlijioso batetik abiatuta, amaierara arte bizi eta defendatu zituen justiziaren eta gizarte-eraldaketaren giza balioak; eta, hain zuzen ere, sari honekin konpromiso etiko horri egin nahi zaio aitortza.

Sariak, gaur egun, bere helburu eta egokitasunari eusten dio, baina, batetik Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren eta Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuaren ondorioz izandako arau-aldaketak direla, eta bestetik administrazio elektronikoaren arloan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legek eragindako aldaketa garrantzitsuak direla, haren araudia egokitu egin behar da, nahitaez, lege horien edukietara egokitzeko.

Araudi aldaketek eragindako premia berriztatzaile horri 2008az geroztik metatutako esperientziak agindutakoa gehitu behar zaio, esperientzia honek, hobekuntza-multzo bat identifikatzeko aukera ematen baitu, sariaren helburua eta kudeaketa bera optimizatzeko.

Esandakoaz gain, aurreko Dekretuaren gainean egondako funtsezko aldaketak honako hauek dira: indarrean dagoen araudira egokitzeko, eta, bereziki, Agentziaren egungo egitura eta eskumenetara egokitzeko beharrezkoak; sariaren aldizkakotasuna; izapidetze elektronikoa egiteko betebeharra; sariaren izaera, orain diruzko saria baino ez baita izango; epaimahaiaren osaera, beste erakunde publiko batzuetako eta lankidetzan aritzen diren euskal gizarte-erakundeetako ordezkariak ere gehituko baitira, era horretan, gizartearen eta erakundeen onarpen zabalagoa izango du; eta gainera, saria onartzeko eta sari banaketaren jendaurreko ekitaldira joateko betebeharrak ezartzen dira.

Horren arabera, Lehendakariak hala proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak, 2020ko ekainaren 23an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Garapenerako lankidetzari buruzko «Ignacio Ellacuria» sariaren esleipena erregulatzea da dekretu honen xedea. Egindako ibilbidearekin herrien artean berdintasuna eta justizia sustatzen, pobrezia gainditzen eta ekarpen hori hedatzen laguntzen duten pertsonei, antolakundeei, taldeei, edota ekimenei jendaurreko aitortza egitea da sariaren xedea, bai eta pertsona, antolakunde, talde edo ekimen horiek saritzea ere, jendartea sentsibilizatzen laguntzen baitute.

Honako hautagai hauek jaso ahalko dute dekretu honetan erregulatzen den saria:

Euskal gizartearekin harreman berezia duten eta, beren jarduketarekin, ekimenekin nahiz ibilbidearekin, herrien justiziaren eta garapenaren alde modu nabarmenean laguntzen edo lagundu duten pertsona fisiko edo juridikoak, irabazi-asmorik gabekoak.

  1. Aldian-aldian, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpen bidez, dekretu honetan arautzen den sariaren deialdia egingo da.

  2. Deialdiaren ebazpenak zehaztuko ditu deialdiaren xedea, epaimahaikideak eta eskaerak aurkezteko modua eta epea. Bada, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskadiko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, bai eta, oro har ezagutu dadin, www.elankidetza.euskadi.net webean ere.

  3. Deialdiaren ebazpenak honako hauek zehaztuko ditu: izapidetze elektronikora sartzeko modua eta eskaera egiteko inprimakirako eta eskatzen den dokumentazio osagarrirako sarbide elektronikoa.

Dekretu honetan arautzen den saria 15.500 eurokoa izango da.

Aurreko atalean adierazitako esleipena egin ondoren saria eman gabe geratzen bada, zenbateko hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak aurrekontu-ekitaldirako duen beste laguntza-programa baterako erabili ahal izango da.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio sariaren kudeaketa-lanak egitea.

  1. Egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkorra Euskadin duten garapenerako lankidetzako erakundeek, saria merezi dutela uste duten, hirugarren erakundeen, kolektiboen eta norbanakoen hautagaitzak aurkeztu ahal izango dituzte. Herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren alde, pobrezia gainditzearen alde eta ekarpen hori zabaltzearen alde, gizartea sentsibilizatzen lagunduz, egiten duten ekarpena kontuan hartuta.

    Hautagaitza horiek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora sartzeko, deialdiaren ebazpenean zehazten den helbidea erabiliko dute, betiere egoitza elektronikoan eskuragarri dauden eredu eta inprimakien arabera, eta bertan ezarritako jarraibideei jarraikiz.

  2. Eskabideekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

    1. Sarirako proposatzen den, pertsona fisiko, juridiko edo kasuan ekimenak, saria jasotzeko hautagai izateko, eta, hautagaitza aurkezten duen erakundearen iritziz, hura irabaztea merezi izateko egin duen ekarpena egiaztatzen duen dokumentazioa.

    2. Hala badagokio, proposatzen den hautagaitza formalizatzen dutenek haren alde aurkezten dituzten abalak edo atxikimenduak.

    3. Eskabidean eta aurkeztutako gainerako agirietan emandako datuak egiazkoak eta zehatzak direla bermatzeko erantzukizun-adierazpena. Datuak egiazkoak ez badira, dagokion erantzukizuna hartuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak) 28.7 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  3. Aurkeztutako hautagaitzak baloratzen hasi aurretik, epaimahaiak aho batez erabaki ahalko du azken bost edizioetan behar bezala aurkeztu diren eta saritu ez diren hautagaiak sartzea, baloratu daitezen eta, hala badagokio, saria jasotzeko proposa daitezen.

  4. Eskaeraren ondorengo izapideak Nire karpetaren bidez egingo dira.

Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 6.2 artikuluan adierazitako agiriak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko dio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Zuzendariak erakunde eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, eta horrek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan aurreikusitako ondorioak izango dituela.

  1. Saria merezi duen pertsona edo pertsonak aukeratzeko, epaimahai bat eratuko da. Epaimahai hori osatuko dute Eusko Jaurlaritzako eta beste euskal erakunde batzuetako ordezkariek, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eta garapenerako lankidetzan ospe handia duten pertsonek.

  2. Garapenerako lankidetzaren arloa esleituta duen Legebiltzarreko batzordeburua izango da epaimahaiburua.

  3. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari atxikitako pertsona batek jardungo du epaimahaiaren idazkaritzan, eta hitza izango du, baina botorik ez.

  4. Epaimahaia osatuko duten pertsonak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Zuzendariaren ebazpenaren bidez izendatuko dira.

  5. Epaimahaiaren eraketa sariaren deialdiaren ebazpenean egingo da publiko, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.5 artikuluan ezarritako parekotasun-neurriak bete beharko ditu.

  6. Emandako botoen gehiengo sinplearekin hartuko dira erabakiak, eta presidentetzak ebatziko ditu gerta litezkeen berdinketak. Idazkariak akta batean jasoko ditu jarduera eta erabaki guztiak, baita sariaren epaia oinarritzen duen irizpen arrazoitua ere.

  7. Arau honetan xedatu ez den guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz ezartzen dena aplikatuko da.

  1. Esleipen-proposamena egiteko deliberazioetan, epaimahaiak honako irizpide hauek ezarriko ditu:

    Antolakundeak, ekimenak edo pertsonak komunitate inplikatuen giza garapenean egin duen ekarpenaren garrantzia.

    Antolakundeak, ekimenak edo pertsonak egindako lanaren luzapena eta sendotasuna.

    Antolakundeak, ekimenak edo pertsonak euskal gizartean eta, hala badagokio, nazioartean sentsibilizatzeko duen irismena.

  2. Epaimahaiak Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legearen 3. artikuluan ezartzen diren lankidetza-politikaren printzipio orientatzaileen arabera interpretatuko ditu irizpideak.

  3. Oro har, epaimahaiak aurkeztu den hautagai bakarra proposatuko du saria jasotzeko. Hala ere, salbuespenez, honako hau proposatu ahalko du:

    1. Saria hautagai bati baino gehiagori ex aequo esleitzea, horretarako arrazoi bereziak berariaz arrazoituta. Horrelakoetan, sariaren hornidura ekonomikoa zati berdinetan banatuko da hautagai sarituen artean.

    2. Saria eman gabe uztea, bere ustez merezimendu nahikoak egiaztatzen dituen hautagairik ez badago.

  1. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak emango du saria esleitzeko ebazpena, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hiru hilabeteko gehieneko epean, behar bezala arrazoituta.

  2. Aipatutako epean ebazpenik, emango ez balitz, aurkeztutako eskabideak ezetsi egingo dira, eta saria eman gabe geratuko da.

  3. Epaia, saritua izan den hautagaitza aurkeztu duen erakundeari sarituari jakinaraziko zaio berariaz, Nire karpetaren bidez. Dena dela, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Euskadiko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webean argitaratuko da.

  4. Ebazpen horrek ez dio bukaera emango administrazio-bideari, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakaritzari, jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

  1. Hautagai sarituak esleitu zaion saria onartu beharko du. Xede horietarako, saria onartutzat joko da, esleipenari buruzko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian publikatu eta hamabost eguneko epean berariaz eta idatziz uko egiten ez badio.

  2. Hautagai sarituak sariari uko egiten badio, epaimahaiak beste hautagai bati eman ahalko dio saria, edo hala erabakitzen badu hutsik utzi. Horrelakoetan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak emango du ebazpena, eta, bertan, sarituak sariari uko egin diola eta beste hautagai bati eman zaiola adieraziko du, edo kasuan saria hutsik geratu dela. Ebazpena, erakunde edo pertsona sarituari berariaz jakinaraziko zaio. Dena dela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Euskadiko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webean argitaratuko da, oro har ezagut dadin.

  3. Hautagai sarituak artikulu honen lehenengo atalean xedatutakoarekin bat jardungo du.

  4. Hautagai batek ere saria onartzen ez badu, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak emango du deialdia hutsik geratu dela adierazteko ebazpena. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Euskadiko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webean argitaratuko da. Dena dela, deialdian hautagaitza aurkeztu duten eskatzaile guztiei jakinarazi ahalko zaie.

Garapenerako lankidetzari buruzko «Ignacio Ellacuria» sarian parte hartzen bada, berori erregulatzen duten oinarriak guztiz onartzen dira.

  1. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak xede horretarako deitzen duen ekitaldi publiko batean emango da saria.

  2. Nahitaezkoa da sariduna saria banatzeko ekitaldira joatea, bestela, pertsona bat joan beharko da, saritutako hautagaitzaren ordezkari gisa. Ekitaldira ez joateak, sariaren uko egitea dakar.

  1. Saria ematea eragin zuten egitateak faltsuak direla edo saritutako pertsona fisikoaren edo juridikoaren jokabide ilegala edo giza eskubideen aurkakoa agerian jartzen duten egitate frogatuak daudela egiaztatzen bada, saria baliogabetu eta atzera botako da, eta, hala badagokio, itzuli egin beharko du.

  2. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariak, ebazpen arrazoitu baten bidez, saria baliogabetu ahal izango du, horretarako izendatutako epaimahaiak eztabaidatu ondoren.

  3. Saria baliogabetzeko emandako ebazpenak saria itzultzeko betebeharra ezartzen badu, 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenak) ezarritako moduan egin beharko da.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan (EB), datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoan (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra), eta datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa bete beharko da uneoro.

Indargabetuta gelditzen da azaroaren 18ko 189/2008 Dekretua, garapenerako lankidetzari buruzko «Ignacio Ellacuria» saria sortzen eta arautzen duena, bai eta dekretu honetan ezarritakoaren aurka egiten duen maila bereko edo baxuagoko beste edozein xedapen ere.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko ekainaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.