Arautegia

Inprimatu

189/2008 DEKRETUA, azaroaren 18koa, garapen-lankidetzarako «Ignacio Ellacuría» saria sortu eta arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 229
  • Hurrenkera-zk.: 6624
  • Xedapen-zk.: 189
  • Xedapen-data: 2008/11/18
  • Argitaratze-data: 2008/11/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional

Testu legala

Euskal lankidetzak Sari bat izan du 1991. urtetik, herrialde pobretuekiko elkartasunaren arloan aparteko ibilbide pertsonal nabarmenak aitortzeko helburuarekin. Garapenarekin konpromiso handia duten euskal herritarrei merezi duten omenaldia emateaz gain, sari honek gure gizartea sentsibilizatzeko helburua bete du, hainbat herrialde, erakunde eta sektoretan esperientzia garrantzitsuak zabalduta.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko lankidetza-politika bultzada eta aldaketa esanguratsuko une batean dago, garapen-lankidetzarako otsailaren 22ko 1/2007 Legea onartu zenetik, eta Lege horretan oinarrituta elkartasun-jardunen kalitatea eta inpaktua hobetzeko helburua duten ekimen eta tresna berrien bitartez. Era berean, prozesu honetan beharrezkotzat hartu da Eusko Jaurlaritzak sustatutako sariak arlo honetan sentsibilizatzeko duen potentzialean sakontzea, saria eguneratuta eta euskal lankidetzaren orientazio berriarekiko egokitasuna indartuta.

Ildo honetan, sari berriak Hegoaldeko pertsona eta kolektiboen lantaldeek gauzatutako lankidetzaren ikuspegia indartzeko helburua du, eta, beraz, sariak izan ditzakeen hartzaileen eremua herrialde pobretuetako toki-erakundeetara, euskal erakundeen ekimenetara eta nazioarteko pertsona indibidualetara zabaldu da, euskal jatorriko pertsonak saritzeko aukerari eutsiz, aurreko araudiaren arabera egin den moduan.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren aitorpenaz gain, sariak euskal gizartearen eta erakundeen aitorpen zabala izatea bilatzen da, eta, beraz, Epaimahaian lankidetzaren aldeko lana egiten duten beste erakunde publiko eta euskal gizarte-erakunde batzuen ordezkariak sartzea aurreikusten da, aurretiaz jada egin den moduan.

Sariaren izenak Ignacio Ellacuríaren irudia gogoratzeko helburua du; izan ere, egitura bidegabeen eraldaketaren bitartez, justiziaren kausa eta pertsona pobreen aldeko ezinbesteko konpromiso intelektuala modu nabarmenean bideratu zuen euskal jatorriko gizona izan zen.

Ignacio Ellacuría Portugaleten, Bizkaian, jaio zen 1930eko azaroaren 9an. Oso gaztea zela Jesusen Lagundian sartu zen, eta une horretatik aurrera, prestakuntza eta dedikazioa zirela eta egin zuen ibilbideak hainbat lekutara eraman zuen. Hala ere, Ellacuría jaunaren irudia gehien lotzen dugun herrialdea El Salvador da, batez ere 1967. urtetik aurrera «José Simeón Cañas» Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean (UCA) sartu zenetik; unibertsitate horren errektore izendatu zuten 1979an.

Hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan garai oso gogor eta bortitza bizi zen herrialde horretan, eta Ellacuría eredua izan zen El Salvadorreko herriak pairatzen zuen egiturazko bidegabekeriaren aurkako borrokan eta herrialdeak jasaten zituen gatazkei elkarrizketaren bidezko irtenbidea emateko defentsan. Jarrera adoretsu eta konprometitu horren ondorioz, herrialdea kontrolatzen zuten botere eta interesen presioak eta mehatxuak jasan behar izan zituen, eta bere bizitzarekin ordaindu zuen. 1989ko azaroaren 16an, Armada Nazionala UCAn sartu zen eta Ignacio hil zuten, baita gau horretan etxe hartan zeuden pertsona guztiak ere: Ignacio Martín Baró, Segundo Montes, Armando López, Juan Ramón Moreno, eta Joaquín López y López kide jesuitak, eta, baita Elba Julia Ramos ere, komunitatean lan egiten zuena, eta Celina, azken horren alaba.

Ignacio Ellacuríaren ibilbidea ereduzkoa da gure lankidetzarako, bere bizitza eman baitzuen beste herrialdeen justiziaren alde eta, bereziki, pertsona behartsuenen alde. Erlijio-ikuspegi batean oinarrituta, Ellacuríak muturreraino bizi zituen eta muturreraino defendatu zituen justiziaren giza balioak eta gizarte-eraldaketa, eta konpromiso etiko hori da Sari honen izenak berretsi nahi duena.

Horren ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, dagokion txostenak eman ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko azaroaren 18an eginiko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen helburua honako hau da: garapen-lankidetzarako «Ignacio Ellacuría» saria sortu eta arautzea, Euskadiko eta Euskaditik kanpoko erakundeek, kolektiboek eta pertsona indibidualek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko borrokan eta pobrezia ezabatzeko borrokan egindako ekarpena aitortzeko, euskal gizartea eta nazioarteko gizarte sentsibilizatze aldera.

Dekretu honek arautzen duen saria eskuratu ahal izango dute honako atal hauetariko batean bildutako zirkunstantziak betetzen dituzten erakundeek, ekimenek edo pertsona fisikoek:

Euskal lankidetzarekin harremanen bat duten, eta beren komunitateen garapenaren alde ekarpen esanguratsua eta nabarmena egin duten irabazi-asmorik gabeko herrialde pobretuetako toki-erakundeak.

Irabazi-asmorik gabeko euskal erakundeen ekimenak, ahal bada erakundeen partzuergo batek bultzatutakoak, eta Hegoaldeko herrien garapenean eta/edo justizian oinarritutako nazioarteko harremanetan ekarpen esanguratsu eta nabarmena egin dutenak. Kasu honetan, ekimena sustatu duen erakundeari edo erakundeei emango zaie saria.

Euskal jatorriko pertsona fisikoak, pobretutako herrien garapenaren alde egindako elkartasun-lanarengatik nabarmendu direnak.

Herrien justiziaren eta garapenaren alde ekarpen esanguratsu eta nabarmena egin duten eta horregatik euskal lankidetzarako eredu gisa hartzen diren pertsona fisikoak, nazioarteko eremukoak.

Saria urtero deituko da garapenerako lankidetzako sailburu eskudunaren agindu bidez, eta aginduan edizio bakoitzaren aldi baterako oinarri espezifikoak zehaztuko dira.

Dekretu honek araututako sari gisa oroigarrizko arte-lan bat eta diru-kopuru bat emango da, eta sariaren zenbatekoa sariaren edizio bakoitza deitzen duen Aginduan zehaztuko da.

Lankidetzarako Euskal Agentziak kudeatuko du saria.

  1. Garapen-lankidetzarako euskal erakundeek aurkeztuko dituzte hautagai-zerrendak.

  2. Ofiziozko epaimahaiak aurreko edizioetan baliozko moduan aurkeztu diren eta saria jaso ez duten, baina saria jasotzeko baloratuak eta, hala badagokio, proposatuak izan daitezkeen hautagaiak hartuko ditu barnean.

  1. Epaimahaiak aurkezten diren hautagai-zerrendak aztertu eta saria emateko proposamen bat egingo du, eta honako hauek osatuko dute: Eusko Jaurlaritzaren eta beste euskal erakunde batzuen ordezkariak, Euskadiko GKEen koordinakundea, eta euskal lankidetzan aitortutako ospea duten pertsonak. Epaimahaiaren osaerak kontuan hartu beharko du emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.5 artikulua, eta Sariaren deialdirako Aginduan finkatuko da.

  2. Epaimahaiak gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak, eta berdinketa gertatzen bada, presidenteak kalitatezko botoa baliatuko du.

  3. Arau honetan xedatzen ez denari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako araudiari jarraituko zaio.

  1. Esleipen-proposamena emateko hausnarketetan, epaimahaiak honako irizpide hauek aplikatuko ditu:

    Erakundeak, ekimenak edo pertsonak inplikaturiko komunitateen giza garapenean egindako ekarpenaren garrantzia.

    Erakundeak, ekimenak edo pertsonak egindako lanaren luzapena eta sendotzea.

    Erakundearen, ekimenaren edo pertsonaren sentsibilizazio-irismena euskal gizartean eta, hala badagokio, nazioarteko gizartean.

  2. Epaimahaiak irizpideak interpretatuko ditu, garapen-lankidetzarako otsailaren 22ko 1/2007 Legearen 3. artikuluan ezarritako lankidetza-politikaren orientazio-printzipioen arabera.

  3. Oro har, Epaimahaiak saria aurkeztutako hautagai bakar baten alde esleitzea proposatuko du. Hala ere, salbuespen gisa, Epaimahaiak honako hau proposatu ahal izango du:

    Saria ex aequo hautagai bati baino gehiagori esleitzea; Epaimahaiak hori egiteko arrazoi bereziak azaldu beharko ditu. Kasu honetan, sariaren zuzkidura ekonomikoa saritutako hautagaien artean banatuko da erdibana.

    Saria esleitzeke uztea, epaimahaiaren ustez behar adina meritu ziurtatzen dituzten hautagaiak aurkeztu ez direlako.

  1. Sariaren esleipen-erabakia garapenerako lankidetzaren sailburu eskudunak emango du hiru hileko gehieneko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik zenbatzen hasita, eta erabakia arrazoitu egin beharko da.

  2. Erabakiak administrazio-bidea agortzen du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da garapenerako lankidetzaren sailburu eskudunaren Agindu bidez, saritutako erakundeari edo pertsonari jakinarazpen indibidualizatua ematea alde batera utzi gabe.

Garapenerako lankidetzako sail eskudunak horretarako deitutako ekitaldi publiko batean emango da saria.

Garapen Lankidetzarako «Ignacio Ellacuría» Sarian parte hartzeak saria arautzen duten oinarri guztiak onartzen direla esan nahi du.

Betebeharrak bete gabe geratu direla ulertuko da ondorengo kasuetan:

  1. Deialdian parte hartzen duten pertsonek edo entitateek aurkeztutako dokumentazioan iruzur egiten bada.

  2. Dekretu honetan, dagokion deialdiaren Aginduan, edo beste edozein xedapenek oro har ezartzen duelako nahitaez bete behar den beste edozein agindutan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

Garapen-lankidetzarako Euskal Agentziaren jarduerak martxan jartzen ez diren bitartean, eta ekainaren 19ko 5/2008 Legearen lehen xedapen gehigarrian horretarako ezarritako epeari jarraiki, dekretu honen 5. artikuluan adierazitako Sariaren kudeaketa-lanak Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak egingo dituela ulertuko da.

Dekretu honen aurkako xedapen guztiak indargabetzen dira eta, bereziki, Euskal Lankidearen Saria ezartzen duen azaroaren 19ko 627/1991 Dekretua.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko azaroaren 18an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.