Tolosako Babarrunaren Festa 2025

Tolosa 2025(e)ko Azaroak 22
  • Tolosako Babarrunaren Festa 2025

Tolosako 2025eko Babarrunaren Festa azaroaren 22an, larunbatean, ospatuko da. 

Azoka, dastaketa eta bi lehiaketa

Trianguloa plaza izango da jaiaren erdigune, han egingo baita Babarrunaren Festako azoka berezia, 09:00etatik 14:00etara. Hestebeteak, gaztak, barazkiak, gozoak eta, nola ez, babarrunak erosteko aukera izango da ekoizleek jarriko dituzten 23 postutan. 

Goizean goiz hasiko dira lanean sukaldariak Tolosako Babarrunaren Ekoizleen XXXI. Lehiaketako parte-hartzaileen babarrunak prestatzen. 06:30ean jarriko dira bor-borrean. Aurten 24 ekoizlek hartuko dute parte. 08:30ean, berriz, Gure Kaiola elkartearen XXXVII. Lehiaketa Gastronomikoari hasiera emango zaio San Frantzisko pasealekuan, Artxiboaren aurrean. Aurten ere 24 bikote arituko dira lehian. 

Azken lehia horrek irauten duen bitartean, Gure Kaiola elkarteak postu solidarioa ere izango du San Frantzisko pasealekuan bertan. Gaztain erreak salduko dituzte, baita edaria ere, eta irabaziak Senegaleko Kellesensa elkartera bideratuko dituzte. Lehiaketa gastronomikoan kozinatzen diren babarrunak beti aurreko urteko ekoizleen lehiaketako irabazlearenak izaten dira; aurten, Sebas Gartziarena berastegiarrarenak. Hain zuzen ere, bera da Kellesensa GKEaren sortzailea.

Ekoizleen lehiaketako epaimahaikideak –Kontxi Dorronsoro, Andoni Riaño, Lidia Olaizola eta Eli Belaunzaran– 11:00etan hasiko dira dastaketarekin. Lehiaketa gastronomikoko epaimahaia, berriz, Gure Kaiola elkarteko bazkide beterano eta lehenengo irabazle José Luis Peciñak, eta Enrique Fleischmann, Izaskun Olariaga, Sonia Tapia eta Jokin Zabala sukaldariek osatuko dute. Horiek 12:30ean ekingo diote lanari, eta sari banaketak 12:45ean eta 13:30ean egingo dira, hurrenez hurren, Trianguloa plazan eta San Frantzisko pasealekuan.

Tartean, 12:00etan, Babarrunaren Kofradiako kideek uzta berriko babarrun-platerak banatuko dituzte Trianguloa plazan. Ohiturak agintzen duen moduan, bazkalorduan ere elkarte eta tabernetan babarruna izango da protagonista, babarrun jateak egingo baitira.

Dantza-erromeria ibiltaria, festa giroa emateko

Eguerdian dantza-erromeria ibiltaria egingo da lehenengoz: trikitilariak, dultzaineroak, Udal Txistulari Banda eta Udaberri Dantza Taldeko dantzariek egingo dute. Trianguloa plazatik abiatuko dira, eta Lopez-Mendizabal pasealekuan, Plaza Zaharrean eta Plaza Berrian barrena ibiliko dira festa-giroa herriko kaleetara zabaltzeko asmoz. 11:30etik aurrera, Gure Kaiola elkartetik abiatuta, Zintza txaranga ere ibiliko da kalez kale.

Ez da festa kutsuko ekitaldi bakarra izango, erraldoiak eta buruhandiak ere kalez kale ibiliko baitira. Arratsaldean, berriz, musikak hartuko ditu kaleak: 20:00etan eta 00:30ean ibiliko da Jainekin txaranga eta 23:00etan Gozategi taldeak kontzertua eskainiko du Plaza Berrian. 


Laburrean

  • Mota Jaiak
  • Data 2025(e)ko Azaroak 22
  • LekuaTolosa
  • Ikusi agenda Tolosa

Non