"Hitza eta irudia" IDAZKETA ETA ILUSTRAZIO TAILERRAK
Iruñeko Udalak eta Euskal Idazleen Elkarteak hiru literatur tailer monografiko antolatu dituzte “Hitza eta irudia” lelopean. Zikloa irailaren 20tik urriaren 18ra egingo da. Hitzen Mintegiaren xede nagusia da egile berriek euskarazko literatura sor dezaten sustatzeko baliabideak eskaintzea. Baita idazleek elkar ezagutu eta prozesu eta dinamiken jabe egitea ere.
Izena aurrez aldetik eman behar dute interesdunek 010 telefonoan (948420100, Iruñetik kanpo edo mugikorretik deituz gero), irailaren 4tik irailaren 19ko 14:00ak arte. Izen-ematea hiru saioetarako izango da. 15 laguneko taldeak. Doan.
TAILERRAK
1/ Irailak 20: ALBUM ILUSTRATUAK: Hitzen eta irudien arteko dantza
Zein da hitzaren eta irudiaren pisua album ilustratuan? Nola elikatzen dira? Zer kontatzen da bakoitzaren bidez?
Adituen arabera, osotasuna da album ilustratuen ezaugarri behinena. Hau da, bi kodeen –testuaren eta irudiaren– uztarketa. Hortaz, oinarri teoriko batzuk landuko ditugu tailerraren lehen zatian, betiere adibide konkretuetan oinarrituta, albumak irakurtzen trebatu asmoz. Bigarren zatia praktikoagoa izango da eta hainbat ariketa egingo ditugu. Ilustrazioetatik abiatuta testuak sortzen saiatuko gara; alderantziz ere bai, hitzei zer irudi erantsi pentsatzen eta, azkenik, bi kodeak aldi berean garatzen, aurrez aipatutako osotasun horren baitan.
Ane Labaka Mayoz (Lasarte-Oria, 1992) bertsolaria eta idazlea da. Euskal Ikasketak egin zituen Gasteizen, eta Gizarte Antropologiako Masterra eta Ikasketa Feministak eta Generokoak Donostian eta Leioan, hurrenez hurren. 2019an Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen (UEU) liburua koordinatu zuen Miren Artetxerekin batera, eta, 2021ean, Algara mutilatuak (Susa) saiakera argitaratu zuen, umorea ikergaitzat hartuta. Ezpainetakoa (2018, Erein, Peru Abarka saria) eta Murmur (2024, Erein Peru Abarka saria) helduentzako album ilustratuak eta Totototo (2021, Elkar) haurrentzakoa ditu argitaratuta. Baita Erradikalak (2022, Susa-EHAZE) antzerki liburua, aurrez Beatriz Egizabal klownarekin egindako ikuskizunetan oinarritzen dena, eta Barraskiloek baino bat gehiago (2023, Erein) gazteentzako eleberria ere. 2025ean bere lehen poema liburua argitaratu du: Hezur berriak (Susa).
2/ Urriak 4: ELEBERRI GRAFIKOAK
Nola garatu istorioaren erritmoa irudia eta hitza erabilita? Nola sortu isiltasuna eleberri grafiko batean?
Tailer honek ariketa praktikoak ditu oinarri. Irudiaren eta hitzaren arteko menpekotasunari zukua ateratzen saiatuko gara! Ikusiko dugu zertan datzan nobela grafikoa, bere ezaugarriak eta aniztasuna. Ariketak egingo ditugu ahots propioaren bila: alde batetik ideia egituratzeko bideak (istorioaren garapena lantzeko moduak) eta bestetik erritmoa (irudiaren eta hitzaren arteko menpekotasuna zukutu istorio bat kontatzeko).
Yurre Ugarte, idazlea eta gidoilaria, Tolosan jaioa, Londresen bizi eta EHUn Kazetaritzan lizentziatu eta gero buruz behera egin zuen jauzi fikziora. Ordutik, idatzi ditu narrazio bildumak (Gasolindegian, Lilurabera), marrazki bizidunetako filmak, antzezlanak eta haur-gazteentzako liburuak. Halaber, hamaika telesailen sortzaile, gidoilari edota editore izan da telebista kate ezberdinetarako. Film laburrak ere zuzendu eta idatzitakoa da.
Komikigintza: bi nobela grafiko hauen ideiaren eta gidoiaren egilea da: Joana Maiz (Ed. Harriet, 2019) Joseba Larratxe/Joxevisky marrazkilariarekin elkarlanean; euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesezko edizioak, eta Iris XXII (Txalaparta, 2023), Julen Ribasen marrazkiekin; euskaraz eta gaztelaniaz. Gainera, Katu Hegoduna (Sauré, 2013) komikia Joseba Larratxeren marrazkiekin eta Xabiroi aldizkarirako istorio laburrak ere idatzi ditu, Alex Orbe, Joseba Larratxe eta Mai Egurza marrazkilariekin.
3/ Urriak 18: POESIA ETA IRUDIA
Zein harremana du poemak eta irudiak? Nola jasotzen du irakurleak?
Askotan esaten da poesia ez dela ulertzen, argitasuna falta zaiola. Baina badira ulertu beharrean ikusi egiten diren poemak, beste mundu batera igarotzeko ateak zabaltzen dituztenak. Tailer honetan poesia eta irudiaren arteko harremana landuko dugu: hitzek marrazten dituzten irudiak, poema baten abiapuntu bihurtzen direnak edo irakurlearen irudimenean sor daitezkeen errealitate anitzak. Teoria eta praktika uztartuz, sormena eta irudimena elkarlanean landuko ditugu.
Iosune de Goñi García idazlea, argazkilaria eta itzultzailea da. Euskaraz argitaratu dituen lanen artean, Gorputz baten aztarnak elurretan (Pasaia Hiria Poesia Saria, Bermingham, 2022) eta Ahizpa beltza (Balea zuria, 2024) poema-liburuak nabarmentzen dira, eta duela gutxi en el mar IV. Poesia Saria irabazi zuen, azaroan argitara emanen den digo cascada y el viento arde liburuarekin. Horrez gain, literatura eta argazkilaritza bateratzen dituzten hainbat proiektu gauzatu ditu, fanzine, argazki-liburu, errezitaldi eta erakusketa hibridoak eginez.
Laburrean
- Mota Formakuntza
- Data 2025(e)ko irailaren 1(e)tik 2025(e)ko urriaren 18(e)ra
- LekuaKondestable Civivox-a
Nagusia, 2
Pamplona/Iruña
Web - ZenbatekoaIzen-ematea
- HizkuntzaEuskara
- Ikusi agenda Kondestable Civivox-a, Pamplona/Iruña


