Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2026ko uztailaren 7koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Arama eta Ordizia udal-mugarteetan Zaldibia ibaiaren ibaiertzaren ingurumen hobekuntzarako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena, Aramako Udalak (Gipuzkoa) sustatuta.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 149
- Hurrenkera-zk.: 3517
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/07/07
- Argitaratze-data: 2026/08/07
Gaikako eremua
- Gaia: ---
- Azpigaia: ---
Deskribapenak
Testu legala
2025eko abuztuaren 7an Aramako Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan osatu zuen eskaria Arama eta Ordizia udal-mugarteetan Zaldibia ibaiaren ibaiertzaren ingurumen hobekuntzarako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko. Proiektu hori Aramako Udalak (Gipuzkoa) sustatu du. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuz, 2026ko apirilaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak izapidea hasi zuen kontsultak egiteko eragindako administrazio publikoei eta interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatu ondoren, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, 2026ko apirilaren 10ean organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentazioa eskuragarri egon zen Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Txosten tekniko honen xedea da espedientean dagoen dokumentazioa eta txostenak aztertzea eta edukien proposamen bat egitea ebazpenaren oinarritzat erabili ahal izateko, ebazpen horren bidez emango baita ingurumen-inpaktuaren txostena eta zehaztuko da proiektuak ingurumen-inpaktu arruntaren ebaluazioa behar duen ala ez, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egin behar zaio, aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Lege horren II. eranskineko 8. taldeko c) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako: «Ubideratze-obrak, ibilguak eta ibaiertzak babesteko proiektuak, eta I. eranskinean sartuta ez dauden ibai-dragatzeak, baldin eta ur-masaren ezaugarri fisikoak aldatzeak ur-masaren edo ibaian beherako beste batzuen egoera edo potentzial ekologikoa honda badezake, edo 1. edo 2. irizpide orokorrak betetzen badituzte», eta aplikatzekoa da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko B apartatuko 1. Irizpidea, Natura 2000 Sareko gune babestu batean garatzen delako.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion; hala ez den kasuetan, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Honako hauek hartu dira kontuan: abenduaren 9ko 10/2021 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; abenduaren 3ko 410/2024 Dekretua, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Arama eta Ordizia udal-mugarteetan Zaldibia ibaiaren ibaiertzaren ingurumen hobekuntzarako proiektuarentzat (Aramako Udalak sustatutako proiektua da) termino hauetan:
Proiektuaren xedea da Zaldibia ibaiaren zeregin hidraulikoa eta husteko gaitasuna eta ingurumen-hobekuntza hobetzea Arama eta Ordiziako udal-mugarteetan.
Ebazpen honen bidez, Arama eta Ordiziako udal-mugarteetan Zaldibia ibaiaren ingurumen-hobekuntzarako proiektuaren (aurrerantzean, Proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena egiten da, eta proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:
Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuak Zaldibia ibaiaren tarte batean du eragina Alkarte (Arama) eta Txindoki (Ordizia) industrialdeen artekoan. Ibaiaren tarte hori bat dator Oria Garaia (ES2120005) Kontserbazio Bereziko Eremuarekin (aurrerantzean, KEB) eta Natura 2000 Sarean dago.
Proiektuaren jarduketak hauek dira: egungo zubiaren ordez gaitasun hidrauliko handiagoa duen beste bat eraikitzea, presa txiki bat kentzea eta ibaiaren eskuineko ertzean dagoen presa atzera eramatea, Zaldibia ibaiaren paraleloan baitoa 260 metro eta atzerago dagoen batekin ordezkatuko da.
Presa berria harri-lubeta biguna izango da 1H:1V maldarekin, ezpondaren oinarrian, eta horren gainean egingo da Krainer motako irtenbidea, 2H:1V inklinazioarekin, babesa osatzeko eta landare espezieak errazago sustraitzeko. Horren bidez ibaiertzeko eremu bat sortzen da ubidearen eta presa berriaren artean 6.600 m2-ko azalerarekin.
Ubidearen eskuineko ertzetik gertuen dagoen zonan sahats-hesolen pilak jarriko dira eta jutezko estalkia, eta sahats aldaxkekin osatuko da. Ibaiaren ertzean landare hidrofiloak jarriko dira.
Proiektuaren arabera presan haltzadi kantauriarreko espezieak landatuko dira, sortuko den uholde-ordekan eta ibaiaren ezkerraldean, ubideratzeko hormarik ez dagoen tokian.
Proposatutako jarduketa horiek hobetu egingo dute Zaldibia ibaiaren zeregin hidraulikoa eta husteko gaitasuna, baita ibaiaren ingurumen-arloko lehengoratzea ere, 300 metro inguruko luzera duen tartean.
Proiektuaren kokapena.
Zaldibia ibaiak Oriara urak isurtzen dituen tokitik gertu da proiektua, Ordizia eta Arama udal-mugarteen mugan, ondorioz, ibaiaren eskuinaldea Aramakoa da eta ezkerraldea Ordiziakoa.
Proiektuak eragin zuzena du Zaldibia ibaiaren tarte batean, Oria Garaiko (ES2120005) Kontserbazio Bereziko Eremuan (KEB) eta haren babes-eremu periferikoan.
KEB honen elementu giltzarrietako bat altzadi kantauriarra da (91E0*) eta jarduketak erasandako ibaiaren tartean dago, tamaina zenbaitetako orbanak daude, gehienak narriatuta, eta ibaiaren bi ertzetan egitura gogor batzuekin batera daude.
Faunari dagokionez, Oria Garaia KEBeko elementu giltzarrien artean daude bisoi europarra (Mustela lutreola), loina (Parachondrostoma miegii), ur-zozoa (Cinclus cinclus) eta martin arrantzalea (Alcedo atthis).
Era berean, proiektuaren tartean Zaldibia ibaia txertatuta dago Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako (LAG) azpiegitura berdeko azpiegitura berde eta urdinen sarean «Oria Garaia» biodibertsitateko erreserba gisa eta Zaldibia ibaiaren elementu lineal (bilbe urdina) gisa.
Beasain-Ordizia Uholde Arrisku Handiko Eremuan (UHAE) dago esparrua, ES017-GIP-14-01 kodearekin, eta I. taldekoa da. Bigarren zikloko (2022-2027) uholde-arriskuen kudeaketa-planak Amundarain (edo Zaldibia) ibaiaren proiektuaren xedeko tarterako jarduketak aurreikusita ditu, eta proiektuak proposatutako jarduketekin bat datoz.
Eremuan, lurzoruen inbentarioaren arabera ez dago partzelarik lurzorua kutsa dezaketen jarduerarik edo instalaziorik duenik edo izan duenik.
Izan daitekeen inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan izanda, eragin esanguratsuak izango dira obrak gauzatzeko fasean, egungo zubia eta presa-txikia botako baitira eta lezoia atzera eramateko lurrak mugitu beharko baitira. Horrek inpaktu potentzialak ditu ibai-morfologian, landaredian, faunan, lurzoruetan, kalitate atmosferikoan, paisaian eta ibai-uren kalitatean, bai solido esekiak gehitzeagatik, bai erabilitako makinek istripuz isuriak egiteagatik.
Ingurumen-agiriaren arabera, proiektuak eragina du Batasunaren Intereseko Habitataren (91EO*) 612 m2-ko azaleran, haltzen eta lizarren baso alubialean. Narriatutako haltzadia da, guztira 10 haltz (Alnus glutinosa) zenbatu dira, lizar batzuk (Fraxinus excelsior) eta espezia aloktono batzuk, hala nola platano arrunta (Platanus hispánica) eta haritz amerikarra (Quercus rubra). Aitzitik, habitat horren azalera askoz handiagoa berreskuratuko da (4.750 m2 soilik eskuinaldeko ertzean).
Zubia botatzearen eraginak murrizteko, obrak hasi aurretik eta gainerako jarduketa eremuan bezala, obren eremua mugatu egingo da eta hesia jarriko da perimetro osoan. Ubidearen kanpotik egingo dira lanak, ez da sarbiderik beharko eta ibaiaren barruan plataformarik ere ez.
Jarduketak hasteko, gaur egun dagoen zubia eraitsiko da, taulak eta arkua kenduko dira ertzetatik, Zaldibia ibaiaren ubidean okupaziorik egon ez dakin eta babesak jarriko dira zatiak uretara ez erortzeko.
Lan-eremu zehatzetik kanpo dauden zuhaitzak babesteko muga fisikoak jarriko dira (hesiak edo sareak perimetroan), makinek kaltetu ez ditzaten eta, beste irtenbide teknikorik ez dagoenean baino ez dira botako edo inausiko erasandako zuhaitzak. Gaur egungo zubia eraitsi ondoren, estribu berriak egingo dira, ertz bakoitzetik egingo dira lanak sarbiderik eta ubidearen barruko plataformarik gabe eta ohol berria jarriko da, beti ertzetatik jardunda.
Ingurumen-dokumentuan Natura 2000 Sarean izan daitezkeen ondorioak aztertu dira. Obren fasean aurreikusitako jarduketek eragina dute egungo habitatean, eta eragin horiek minimizatzeko prebentzio-neurri batzuk diseinatu dira. Ingurumen-dokumentuak ingurumena berreskuratzeko eta integratzeko jarduerak definitzen ditu, hauek barne: tratamenduen deskribapena, erabili beharreko espezieen osaera (landaketetan zein ereite hidraulikoan), kartografia eta aurrekontu banakatua.
Obrak egin ondoren proiektuak ondorio positiboak ditu, Oria Garaiko KEB honetako (ES2120005) tarte honetan identifikatutako ekosistemak eta elementu giltzarriak hobetzen laguntzen baitute.
Bigarrena. Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Arama eta Ordiziako udal-mugarteetan Zaldibia ibiaren ertzeko ingurumena lehengoratzeko eta hobekuntza hidraulikoa egiteko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta kontrolak txertatzen badira.
Proiektua garatzeko baldintzak, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak ere, bat etorriko dira indarrean dagoen araudiarekin eta hurrengo apartatuetan adierazitakoarekin, eta, esandakoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak, organo substantiboaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin.
Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.
Horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute.
Honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:
Baldintza orokorrak.
Uraren Euskal Agentziak baimendu beharko du proiektua.
Aurretiazko kontsulten fasean Uraren Euskal Agentziak 2026ko ekainaren 15ean egindako txostenak aurretiazko aurkako txosten bat aipatzen du, Agentziak horrek berak 2019ko urtarrilean egina (CO-G-2018-0005); txosten hori uholde arriskua hobetzeko mailaren azterketari eta arlo horretako araudiarekin duen bateragarritasunari buruzkoa da. 2019ko txostena aipatzen du orain aurkeztu den proiektua funtsean 2018ko urtarrilean aurkeztutako bera delako, eta aipatutako aurkako txostena izan zuen.
Era berean, aurkako txostenari erantzunez, sustatzaileak 2019ko ekainean aurkeztu zion eraldatutako proiektu bat Uraren Euskal Agentziari, non aurrez planteatutako jarduketa batzuez gain, plataforma bat sortzen zen 100 urteko errepikatze-aldian urpean geratuko ez zen plataforma batekin, baina bai 500 urteko errepikatze-aldian. Eraldatutako proiektu hori aurkeztu zen proiektatutako jarduketen ondorioen Azterlan Hidrauliko batekin batera 2020ko urtarrilean. Aurkeztutako dokumentazioak Uraren Euskal Agentziaren aldeko txostena lortu zuen 2022ko otsailean (CO-G-2019-0087).
Beraz, aurkeztutako proiektua eguneratu egin beharko da 2019ko ekainean aurkeztutako dokumentazioan sartutako aldaketak kontuan izanda, dokumentazio horrek lortu baitzuen Uraren Euskal Agentziaren aldeko txostena.
Era berean, eta Uraren Euskal Agentziak txostenean esaten duen bezala, eguneratutako proiektuaren baimena lortze aldera, proiektuarekin batera azterketarako erabilitako eredu hidraulikoak aurkeztu beharko dira planteatutako jarduketen emaitza berria eta ondorioak baloratu ahal izateko eta baloratzeko, halaber, gaur egun egiten ari diren UAKPren ziklo honetan kontuan izan daitezkeen neurri berrietara egokitzen den.
Dena dela, eguneratutako proiektua Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetara igorri beharko da espedientean txertatzeko.
Martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuaren (ingurune hidrikoari lotuta dauden kontserbazio bereziko eremuetarako KBE eta hegaztien babes bereziko eremuetarako BBE arau orokorrak onartzen dituena) aginduak bete beharko ditu proiektuak, azpiegitura berrien baimenaren gaineko jarraibideak eta arauak finkatzen baititu.
Natura-ondarea babesteko neurriak.
Aplikazio-araudian xedatutakoa gorabehera, prebentzio- eta zuzenketa-neurri hauek erantsiko zaizkio proiektuari, ondare naturala babeste aldera:
Ezinbesteko eremu txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da eraginik izan, sarbideak egiteagatik, materialak biltzeagatik, instalazioak kokatzeagatik edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.
Orokorrean, zuzeneko okupaziorik aurreikusita ez dagoen eremuetan ekidin egingo da tokiko landaredia moztea, eta, bereziki, behar diren neurriak ezarriko dira nahitaez moztu behar ez diren zuhaitzei kalterik ez sortzeko. Natura-interes handiko eremuetan, hau da, Batasunaren lehentasunezko intereseko 91E0* habitatean («Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior dituzten baso alubialak») kontu handiz ibiliko da, proiektua gauzatzeko ezinbesteko eremuan bakarrik izateko eragina.
Horretarako, lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatuko dira, eta in situ balizatuko, lanak egiteko nahitaez moztu behar ez diren bertako zuhaitz eta zuhaitz-unadak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitz-aleak behar bezala babestuko dira, kolpeak saihesteko eta sustrai-sistemari kalterik ez izateko.
Zuhaitzak inausi eta bota aurretik, faunako teknikari adituek azterketa bat egingo dute une horretan mehatxatutako edo intereseko espezieen habiarik edo gordelekurik baden ikusteko. Egonez gero, KEBaren Organo Kudeatzaileari jakinaraziko zaio eta hark zehaztuko du zer jarduketa egin.
Proiektuaren eta ingurumen-agirien arabera obrak ibilgutik kanpo egingo diren arren, ibilguan esku hartu behar izanez gero eta ur-hesien bidez ibaia desbideratu, arrantza elektrikoaren bidez aterako dira aurrez putzuetan gelditutako arrainak. Arrain horiek beste toki batera eramango dira, dagokionean, KEBaren Organo Kudeatzailearen irizpideen arabera.
Proiektuko jarduketen kronograma egokitu egin beharko da eta ubidean eragina duten jarduketek errespetatu egin beharko dituzte amuarrainaren (azaroa-urtarrila) eta loinaren (martxoa-maiatza) arrabaroak.
Obrak hasi aurretik proiektuaren jarduketa-eremuaren prospekzioa egingo dute teknikari espezialistek flora aloktono inbaditzailerik baden ikusteko (Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Buddleja davidii, Cortaderia selloana eta besterik) eta teknikari horiek definituko dute horiek errotik kentzeko proposamena eta administrazio hidraulikoak eta GFAk kontrastatu beharko dute, KEBren organo kudeatzailea denez gero.
Landare-espezie exotiko inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan kokatu litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke. Obrek dirauten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, ahal den guztietan, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.
Ezin izango da espezie aloktono inbaditzaileak hauteman diren eremuetako landare-lurrik berrerabili obran, eta behar bezala eta modu bereizian kudeatu beharko da.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
Ibilguaren okupazioa eta okupazio horrek sortutako uhertasuna ahalik eta gehien murrizteko moduan egingo dira obrak.
Ibilguaren barruko obrak, presa txikia kentzeko, ibilguaren okupazioa eta okupazio horrek sortutako uhertasuna ahalik eta gehien murrizteko moduan egingo dira, ingurumen-dokumentuan eta proiektuan aurreikusitakoarekin bat.
Zubia eraisterakoan babesteko egitura bat ezarriko da oholaren azpian, ubidera eror daitezkeen puskei eusteko.
Egungo presa kentzeko lanak egiteko, ibilgutik urrunen dagoen eremutik hondeatuko da ibaiertz alderantz, hondeaketa gehienak defentsa bat edo ibilgua babesteko hesi bat izan dezan. Horrek erraztu egiten du lehorrean lan egitea eta jariatze-urak kontrolatuta eta tratatuta hustea. Ibaiertz aldea jarduketaren amaieran hondeatuko da, betiere ibilguaren kanpoaldetik.
Eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.
Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira lehenengo fasean, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela bermatzeko, bai eta, isurketaren bat gertatuz gero, gune jakin batean isurtzen direla bermatzeko ere, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuta.
Tratamendu-sistemak aldian-aldian ikuskatuko dira, une oro edukiera erabilgarria nahikoa izateko eta, hartara, tratamendu-sistemaren errendimendua ahalik eta onena izateko. Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lekuetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urik lurrazaleko ur-ibilguetara irits ez dadin.
Ibaian uhertasuna hautematen bada, ezarritako dekantazio- eta iragazketa-sistemak eraginkorrak diren aztertuko da, eta haiek indartu edo sistema eraginkorragoekin ordeztu behar diren aztertuko da.
Obrako makinak gordetzeko eremua eta makina horien mantentze-lanak egiteko eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
Obretan, hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura (biribilki modukoa, material pikortatua eta abar), istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko guneak, bai eta garbigunea ere, ibilguetatik urrun eta uholde-arriskuko eremuetatik kanpo kokatuko dira.
Hormigoi-ontzietako kanaletak garbitzeko, edukiontzi iragazgaiztu bat jarriko da, kanaleten garbiketa-urak jaso ahal izateko. Hormigoi-upelak obra-eremutik kanpo garbituko dira. Ez da inola ere onartuko hormigoiaren ikuzketaren hondarrak ibaiaren ibilgura isurtzea. Edukiontzi horretan metatutako hormigoi-hondarrak kudeatzaile baimenduak kudeatu beharko ditu.
Obrek lurrazaleko ur-ibilguen gainean izan ditzaketen ondorioak zehazteko, lanak egin aurretik, kalitate fisiko-kimikoari buruzko egoera zehaztu beharko da obra-eremutik ibaian gora eta ibaian behera. Parametro hauek aztertuko dira gutxienez: pH-a, eroankortasuna, material esekiak, olio eta koipeen kontzentrazioa eta hidrokarburoen kontzentrazioa.
Obrak egin bitartean, hamabostean behin, uraren kalitate fisiko-kimikoaren kontrolak egingo dira, eta lanak egin aurreko egoeran ezarritako parametroak zehaztuko dira. Kontrol horietan lortutako emaitzen arabera, uren kalitateari eragiten diola hautemanez gero, horren arrazoia identifikatu eta neurri zuzentzaile egokiak ezarriko dira (dekantazio-sistemen dimentsionamendua berraztertzea, ur-hesiaren egoera aztertzea eta abar).
Kutsatutako lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.
Kontuan izan beharko da, obrak egin bitartean, proiektuaren beste eremu batzuetan lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaiela, berehala, Aramako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
Hauts-emisioak murrizteko neurriak.
Obrak dirauen bitartean, garbiketa-lanen kontrol zehatza egin beharko da ibilgailuak igaro ondoren, bai proiektuaren zuzeneko jarduera-eremuan eta ukitutako ingurunean, bai iristeko bideetan eta, bereziki, inguruko etxebizitzen inguruetan. Bideak, ahal dela, eskuz edo erratz-makinen bidez garbituko dira. Ahal den neurrian, ez da urik erabiliko, ibaira isurtzen diren solido-karga handiko jariatze-urak sortzea saihesteko.
Obra-guneen irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, ahal dela zirkuitu itxikoak, solido esekien karga handia duten urak ibaira ez isurtzeko. Gailu horiek egoera onean mantenduko dira obra-fase osoan zehar.
Obrako dekantazio-sistema guztietan dekantatutako jalkinak aldizka bildu eta behar bezala kudeatuko dira, haien ezaugarrien arabera. Bestalde, dekantazio-sistemetako efluenteen jarraipen analitikoa egingo da.
Mikropiloteak egiteko makinek partikula esekien emisioak murrizteko sistemak izango dituzte.
Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak murrizteko neurriak.
Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze orokorrean, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarretan ere.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa.
Obrek irauten duten bitartean urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako muga-balioak eta kalitate akustikoko helburuak gainditzen badira, neurri zuzentzaile egokiak ezarriko dira, eta neurriak ezarri arren gainditzen jarraitzen badira, administrazio eskudunak berariazko baimen bidez aldi baterako eten egingo ditu ezarri daitezkeen mugak, obrak egiten diren bitartean.
Sei hilabete baino gehiago irautekoak diren lanetan, inpaktu akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko da, zer zuzenketa-neurri behar diren zehazteko, 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluan adierazten den bezala.
Egunez bakarrik egingo da lan.
Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak.
Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela.
Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Aipatutako edukiontziak edo ontziak argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
Aplikatu beharreko araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Aurkeztu den dokumentazio teknikoaren arabera, lur- eta arroka-soberakinak izango direla aurreikusten da. Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Eraginpeko eremua morfologikoki lehengoratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetan erabiliz: material horien premia duten gertuko eraikuntza-obretan, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanetan; horrela, betelan-instalazioetan ezabatzea ekidingo da. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.
Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa beteko da.
Sustatzaileak hondakinen kudeaketaren azterlan bat txertatu behar du proiektuetan, gutxienez 112/2012 Dekretuko I. eranskineko gutxieneko edukiarekin.
Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.
Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Kontuan hartuko da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obran aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Paisaia babesteko eta obren eraginpeko lekuak lehengoratzeko neurriak.
Lehengoratze-lanak egiteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egiteko aurkeztutako dokumentazioan jasotako proposamenari jarraituko zaio.
Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, higadura-prozesuak eta ibilgura solido-arrasteak ekiditeko, eta espezie autoktonoak erabiliz; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredi naturalarekin lotzeko.
Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak; aurkeztutako lehengoratze-proiektuan agertu ez arren, obrak bukatutakoan kalteak izan dituztenetan ere egin behar dira lan horiek.
Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe geratu diren eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Horrez gain, landare-estalkia leheneratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, espezie inbaditzaileak izan litzakeen lurrik ez erabiltzeko.
Landaketen berme-aldia 3 urtera luzatu beharko da, landareak behin betiko sustraitu daitezen bermatzeko.
Obra kontratatzeko baldintzen agirian eta aurrekontuetan, proposatutako landareztatze-jarduketak behar bezala beteko direla bermatzeko behar diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jasoko dira.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, besteak beste helburu hauek ahalik eta hobekien bermatzeko:
Obraren okupazio-mugak eta makinen zirkulazioa kontrolatzea: egiaztatu egin beharko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako baino eremu handiagoa.
Interes handiko landaretza-eremuen (haltzadia) gaineko eragina kontrolatzea.
Hondakinen isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatearen ondorioz lurzorua eta ura ez kutsatzea.
Obretan sortutako hondakinak modu egokian kudeatzea.
Proiektuaren eragin-esparruan zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak ekiditea.
Garbiketa eta obra bukatzea.
Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginpean egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honetan xedatzen dena aplikatuko da.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du.
Ingurumen-aholkulariek, gainera, obra egiteko jardunbide egokiak baliatzen diren begiratuko dute. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina aztertuko dute, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, isurtzeak, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena. Zehaztu behar da ez dela uste izatekoa proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere adierazitakoen aurkakoak ez badira. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Arama eta Ordiziako udal-mugarteetan Zaldibia ibiaren ertzeko ingurumena lehengoratzeko eta hobekuntza hidraulikoa egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharra dagoenik, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta kontrolak txertatzen badira.
Laugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Aramako Udalari.
Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Seigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 7a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.