Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko urtarrilaren 14koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen da «Bilboko metroko Kabiezes azpiestazioa birmoldatzeko proiektuaren idazketa. Hargune elektrikoak».
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Mugikortasun Jasangarriaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 51
- Hurrenkera-zk.: 1207
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/01/14
- Argitaratze-data: 2025/03/14
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Industria
Testu legala
Santurtzi-Kabiezes zatiko trenbidearen ustiapena 2014ko ekainaren 28an hasi zen.
Azken hedapen geografiko hori egin zenean, Bilboko metroari behin-behineko trakzio-azpiestazioa jarri zitzaion. Hasieran, urte batzuetan martxan egotea zegoen aurreikusita, behin betiko azpiestazioa eraiki bitartean, baina egun oraindik martxan jarraitzen du behin-behinekoa izan arren.
Behin-behineko azpiestazio horrek ez ditu betetzen (hala ezarri zelako) Metro Bilbao-ren instalazio guztietan eskatzen den % 100eko bermearekin eta fidagarritasunarekin ustiatu ahal izateko baldintzak, baina hala ere, erabateko errendimenduan egon da trakzio-azpiestazio hori eta ez du gaur arte arazorik edo matxurarik izan.
2023ko irailean, TYPSAri esleitu zioten Bilboko metroko Kabiezes azpiestazioa birmoldatzeko proiektua idazteko kontratua.
Kontratuaren barruan 3 proiektu idatzi behar dira, hauek:
proiektua: hargune elektrikoa Iberdrolaren Ortuellako azpiestaziotik, 30kV-koa, Kabiezeseko trakzio-azpiestaziora.
proiektua: Metro Bilbao-ren Kabiezes behin-behineko azpiestazioko eraikina handitzea eta egokitzea eta beharrezko lursailak egokitzea.
proiektua: Metro Bilbao-ren Kabiezeseko azpiestazio elektrikoaren ekipamendua birmoldatzea (ekipamendu elektrikoa), ekipoak handitzea eta egun daudenekin integratzea, behin betiko azpiestazioa izan dadin.
Ebazpen honekin onartzen den eraikuntza-proiektua (1. proiektua) Bizkaiko Garraio Partzuergoak eskatuta idatzi zen eta helburua da Iberdrolako azpiestaziotik Kabiezeseko trakzio-azpiestaziora arte 30 kV-ko hargunearen lurrazpiko linea elektrikoak definitzea, kalkulatzea eta baloratzea.
Egun, Kabiezeseko azpiestazioa korronte alterno bidez elikatzen da, Ortuellako Iberdrolaren azpiestaziotik ateratzen ditu 30 kV-ko bi zirkuitu dituen aireko hargune baten bidez (batek soilik hartzen du tentsioa, bestea erreserban dago eta eskuz edo automatikoki transferitu daiteke linea batetik bestera).
Proiektuaren fasean espediente bat ireki da eremuko hornitzaile elektrikoarekin (Iberdrola), Kabiezeseko azpiestazioarentzako potentzia handitzea eskatzeko. Horretarako, 9.900 kW eskatu dira 30 kV-ko tentsioan, «9043655551» erreferentzia-zenbakia duen aipatutako espedientean jasotzen den moduan.
Enpresaren erantzunik jaso ez denez, 2017an ireki zen eta egun iraungita dagoen espediente zaharraren abiapuntu-datuak hartuko dira. «9034917258» erreferentzia-zenbakia du espediente horrek (ikusi espediente hori eranskin honetan: CTB-L2-AX-01-04 Eragindako Zerbitzuak).
Iberdrola arduratuko da hargune berriaren konexioaz (kudeatutako espedientean zehaztutako interfaze-puntuan behar adina kokarekin utziko da) Ortuellako azpiestazioaren barrualdean dauden aireko euskarrietan kokatutako ebakigailuetan.
Hargunearen trazaduraren luzera 500 metrokoa da gutxi gorabehera. Azpiestazioen arteko linearen distantzia laburra denez, ez da beharrezkoa Kabiezes azpiestazioan ebakigailuen gela bat instalatzea.
Proiektuaren exekuzio materialaren aurrekontua bostehun eta hirurogeita zazpi mila bederatziehun eta berrogeita hamazazpi euro eta berrogeita bat zentimokoa da (567.957,41 euro), hau da, zortziehun eta hamazazpi mila zortziehun eta bat euro eta laurogeita zazpi zentimoko (817.801,87 euro) lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, eta Administrazioa ezagutzeko aurrekontua, seiehun eta hirurogeita hamabost mila zortziehun eta hirurogeita bederatzi euro eta hogeita hamaika zentimokoa (675.869,31 euro).
Obrak egiteko lau (4) hilabeteko epea aurreikusten da.
Bizkaiko Garraio Partzuergoko Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, beharrezko dokumentuak eta edukiari, sinadurei eta alderdi formalei buruz indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.
Bizkaiko Garraio Partzuergoa sortzeari buruzko 1975eko abenduaren 30eko 44/1975 Legearen 4.3 artikuluan eta hura garatzeko xedapenetan xedatutakoaren arabera, Mugikortasun Jasangarriaren Sailari dagokio Bizkaiko Garraio Partzuergoak egin beharreko gainegitura-lanak gauzatzeko proiektuak onartzea.
Organo honek eskumena du Bilboko metropoli-trenbide sareko obren proiektuak onartzeko, hala xedatzen baitu azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuak, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, 11.2.b) artikuluan.
Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau
LEHENENGOA. «Bilboko metroko Kabiezes azpiestazioa birmoldatzeko proiektuaren idazketa. Hargune elektrikoak» izeneko proiektua onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, zortziehun eta hamazazpi mila zortziehun eta bat euro eta laurogeita zazpi zentimokoa (817.801,87 euro) da, eta obrak egiteko epea lau (4) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.
BIGARRENA. Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko urtarrilaren 14an.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.