Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 29koa, Ingurumeneko sailburuordearena, konpostaje-instalaziorako (Konpostaraba) ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egin eta ingurumeneko baimen bateratua emateko dena, Arabako Foru Aldundiak sustatua, Vitoria-Gasteizeko (Araba) Jundiz industrialdeko M26, M27, M28, M29 eta M30 partzeletan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 170
  • Hurrenkera-zk.: 3779
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2025/05/29
  • Argitaratze-data: 2025/09/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2023ko ekainaren 27an, Arabako Foru Aldundiak ingurumeneko baimen bateratua eskatu zion ingurumen-organo honi, Jundiz industrialdeko M26, M27, M28, M29 eta M30 partzeletan (01015 Vitoria-Gasteiz, Araba) konpostatu-planta bat jartzeko proiekturako, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera. Hona hemen emandako agiriak:

Administrazio-datuak.

Planoak.

Proiektu teknikoa.

Ingurumen-dokumentua.

Hasierako proiektuko azterketa olfatometrikoa.

Laburpen ez-teknikoa.

Hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena, Vitoria-Gasteizko Udalak emana 2023ko maiatzaren 9an.

Isilpeko datuak.

2024ko martxoaren 8an eta 2024ko maiatzaren 22an, ingurumen-organo honek dokumentazioa zuzen jartzeko eskatu zion Arabako Foru Aldundiari. 2024ko maiatzaren 6an eta 2024ko ekainaren 17an erantzun zioten eskariari, hurrenez hurren.

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, erabaki zen, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko uztailaren 3ko iragarkiaren bidez, Arabako Foru Aldundiak sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea, epe horren barruan egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratu zen, 2024ko uztailaren 19an.

Jendaurrean jartzeko epea amaitu ostean, alegazio bat aurkeztu dela egiaztatu da; ebazpen honen eranskinean doa erantzuna.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen testu bateginaren 37., 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako garai hartako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, 2024ko abuztuaren 22an, txostenak eskatu zizkien Vitoria-Gasteizko Udalari, Amvisari, Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari. 2024ko urriaren 1ean, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari ere txostena eskatu zitzaion.

2024ko irailaren 24an, Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren txostena jaso zen, 2024ko irailaren 26an Vitoria-Gasteizko Udalarena eta 2024ko urriaren 30ean Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarena.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan, 2024ko urriaren 14an eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zen, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuz. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

2024ko abenduaren 17ko eta 2025eko otsailaren 10eko errekerimenduen bidez, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsultetan eta jendaurrean jartzeko izapidean jasotako alegazioen ondoren, ingurumen-organo honek usainen beste modelizazio bat eskatu zion Arabako Foru Aldundiari, eta, azkenean, 2025eko martxoaren 5ean erantzun zitzaion.

2025eko apirilaren 25ean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 40. artikuluan xedatutakoa betez, Arabako Foru Aldundiaren esku utzi zen espedientea (bertan dago jasota horren emaitza).

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, legearen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko arau-esparrua xedatzea.

Legeak ingurumenean eragina duten jardueren antolamendua arautzen du, ingurumena babesteko araudi sektorialean aurreikusitako prozedura administratiboak sinplifikatzeko eta bateratzeko premisapean. Hala, bertan xedatzen diren baldintzak eta eskakizunak jasotzen ditu, eta jarduerak garatzeko egon daitezkeen oztopo juridikoak eta administratiboak deuseztatzen ditu.

Era berean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan. Baimen honen barruan, nolanahi, jasota datoz aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egon arren, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen emisioen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, Vitoria-Gasteizko konpostaje-plantaren proiektua (Arabako Foru Aldundiak sustatua) I. eranskinean jasota daudenetako bat da; beraz, ingurumen-baimen bateratua behar du, jardunean hasiko bada.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikulua aplikatuz, ingurumen-ebaluazio sinplifikatua egin behar zaie II. eranskinean zerrendatutako proiektuei. Proiektu horien artean daude, besteak beste, II. eranskineko 9. taldeko b) epigrafean (Beste proiektu batzuk), «Hondakinak deuseztatzeko edo balioztatzeko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak, ekoizpenaren lekuan dauden hondakin arriskugabeen deuseztapena eta balioztapena salbu».

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 11. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua da lege hau aplikatu behar duten instalazioei lege honen xedea betearazteko beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, baimena ematerakoan esku hartu behar duten administrazio publiko guztien koordinazioa ziurtatzen duen prozedura baten bitartez, izapideak bizkortzeko eta partikularren zama administratiboak arintzeko, eta administrazioaren esku-hartze bakar batean batzea indarrean dagoen legerian jasotako ingurumen-baimen guztiak.

Arabako Foru Aldundiaren kasuan, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, hondakinak sortu eta kudeatzeari, kolektorera egindako isurketei eta atmosferara eginiko emisioei dagozkion baimenak behar ditu. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela egiaztatu behar da, aginduzko txostenak igorriz.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatuaren arabera, ingurumen-baimen bateratua emateko prozedurak lehentasuna izango du administrazio eskudunek jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egiten dituzten herritarren jardueran esku hartzeko ezar dezaketen beste edozein bideren gainetik. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen bateratua toki-agintarientzat loteslea izango da, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko bada edota zuzenketa-neurriak ezartzeko, baita 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko guztian ere.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 37. artikuluak ezartzen du ingurumen-baimen bateratuaren prozedurak, izapide guztietan, jarduera sailkatuaren lizentziaren prozedura ordeztuko duela.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 23. artikulua aplikatuz, ingurumen-baimen integratuaren araubidearen eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozeduraren mende dagoen jardueran ingurumen-baimen integratuaren zati izango da ingurumen-inpaktuaren txostenaren edukia, eta bi erabaki horiek administrazio-egintza berean emango dira.

Ebazpen honek bere edukian txertatzen du aipatutako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozesuaren emaitza, ingurumen-inpaktuaren txostenaren lehenengo eta bigarren ataletan. Bertan zehazten denez, ez da aurreikusten proiektua gauzatzeak ingurumenean eragin negatibo nabarmenik izango duenik. Hori dela eta, ez da beharrezko jotzen Vitoria-Gasteizko konpostaje-plantaren proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 31. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, baimen hori, nolanahi ere, instalazioak eraiki, muntatu edo lekualdatu baino lehen eskuratu beharko da, eta instalazioetan egingo diren aldaketetara egokitu beharko da.

Azkenik, instalaziotik isur daitezkeen substantzia kutsagarrien emisioen muga-balioak zehazteko, bai eta instalazioaren beste ustiapen-baldintza batzuk ere, betiere ingurumena bere osoan ahalik eta gehien babesteko, ebazpen hau egitean kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Bereziki kontuan izan da Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko (EB) 2018/1147 Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitziren hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

Orain arte azaldutakoari jarraikiz, eta espedientean ageri den informazioa aztertuta, ebazpen-proposamena sinatu zen, eta Arabako Foru Aldundiak sustatutako jarduerari aplikagarri zaizkion baldintzak sartu ziren; hala ere, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 15.8 artikuluan ezarritako entzunaldi-izapidetik ondorioztatzen dena bete beharko da.

Arestian adierazitako izapideak amaitu ondoren (azaldu dugunaren arabera), entzunaldi-izapidea bete da, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 40. artikuluan jasotzen denari jarraikiz.

Ingurumen Sailburuordetzak ebazpen hau emateko eskumena du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Honako hauek ikusi dira: ebazpen-proposamena; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz,

Lehenengoa. Arabako Foru Aldundiak Vitoria-Gasteizen sustatutako konpostaje-instalazioaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak aintzat hartuta.

Bigarrena. Zehaztea ez dela aurreikusten proiektua exekutatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Arabako Foru Aldundiak sustatutako eta Vitoria-Gasteizen kokatutako konpostaje-instalazioari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideak kontuan hartuta.

Hirugarrena. Arabako Foru Aldundiari (helbide soziala: Probintzia Plaza z/g, 01001 Vitoria-Gasteiz, Araba eta IFK: P-0100000I) ingurumen-baimen integratua ematea Jundiz industrialdeko M26, M27, M28; M29 eta M30 partzeletan (01015 Vitoria-Gasteiz, Araba) konpostaje-planta (Konpostaraba) instalatzeko, ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak betetzekotan.

Laugarrena. Arabako Foru Aldundiak Vitoria-Gasteizen (Araba) sustatutako konpostaje-jarduera muntatu, ustiatu eta bertan behera uzteko ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak eta eskakizunak ezartzea.

Bosgarrena. Arabako Foru Aldundiak ustiatutako instalazioari AAI00457 erregistro-kodea eta 0100036324 NIMA esleitzea Jundiz industrialdeko M26, M27, M28; M29 eta M30 partzeletan (01015 Vitoria-Gasteiz, Araba). Kokapena: UTM (ETRS89) 30N, X: 519880, Y: 4.743.000.

Seigarrena. Ingurumen-baimen bateratu honi lotutako baimen- eta inskripzio-kodeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoan agertzen direnak izango dira. Besteak beste, Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketa Erregistroko baimen- eta inskripzio-kodeak erabili beharko dira hondakinak lekualdatzeko dokumentuak betetzeko.

Zazpigarrena. Baimen hau indarrean jartzea eta baimendutako hondakin-kudeaketaren hasiera baldintzatuko ditu aurretiazko egiaztapenak. Ikuskatze-bisita egingo dute ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek, instalazioak aurkeztutako proiektuaren eta ebazpen honetan xedatutakoaren arabera eta Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.7 artikuluan xedatutakoari jarraikiz eraiki eta hornitu direla egiaztatzeko.

Instalazioa ezingo da abiarazi ingurumen-baimen bateratuaren onespena izan arte. Probaldian abiarazteko aldi bat baimenduko da, gehienez ere bost hilabetekoa. Epe horretan, besteak beste, zuzenketa-neurrien eraginkortasuna egiaztatuko da. Epe horretan, ebazpen honetako baldintza partikularren atalean ezarritako neurketak egingo dira, eta horien emaitzak organo honi igorriko zaizkio, lehen aipatutako ikuskatze-bisita horren aurretik.

Zortzigarrena. Ingurumen-baimen bateratua jaso duen jarduera bost urteren barruan hasi beharko da.

Edonola ere, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozedura.

Instalazioaren titularrak jarduera gauzatu ahal izango du, legez eska daitezkeen gainerako baimenak lortzea edo legez eska daitezkeen erantzukizunpeko adierazpenak edo jakinarazpen sektorialak bidaltzea ezertan eragotzi gabe.

Bederatzigarrena. Arabako Foru Aldundiari eskatzea erantzun bat eman diezaiela honako kontu hauei, jarraian zehaztutako epeetan:

Instalazioaren eraikuntza amaituta, instalazioak martxan jartzeko gaituta daudenean, lizentziak, baimenak, jakinarazpenak edo inskripzioak eginda dagozkion erregistro sektorialetan, eta jarduera hasi aurretik:

Organo honi eta udalari teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria aurkeztea, baimenaren helburu den jarduketa motaren arabera, egiaztatzeko instalazioak onetsitako proiektura egokitzen direla eta bete direla ingurumen-baimen bateratuan ezarritako baldintzak.

As built proiektua; emisio atmosferikoen fokuen datuak (altuera, diametroa eta koordenatuak) eta uretara isurtzeko puntuen koordenatuak sartu beharko dira.

Espero diren immisioen modelizazio akustikoa (indize akustiko hauen ebaluazioa: Lk,d, Lk,e eta Lk,n), zarata-fokuen emisio-datu errealetatik abiatuta, eta plantaren ebaluazio akustikoaren txostena, ezarritako gehieneko emisioen muga-balioak betetzen direla egiaztatzen duena.

Obra-amaierako txostena, atal honetan eskatutakoaren arabera: Obrak-Baldintza orokorrak-Jarduera ezartzeko egokitzapen-obretarako baldintzak eta betekizunak.

Erantzukizun zibileko asegurua, atal honetan ezartzen denaren arabera: hondakinen kudeaketa-baldintza partikularrak.

Lurzoruen txosten bakarra:

Lurzoruaren egoerari buruzko txostena, as built proiektuan oinarrituta.

Oinarrizko txosten eguneratua.

Lurzoruen eta lurpeko uren kontrola eta jarraipena.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak bere txostenean eskatutako eskakizunak aurkeztu izanaren justifikazioa.

Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Jarduera hasi eta 6 hilabeteko epean:

Tratamendu-kontratuak, sortzen diren hondakin arriskugabeen eta arriskutsuen kudeatzaile baimendu batek emandakoak.

Emisio atmosferikoen fokuei buruzko ILEaren txostena.

Azterketa olfatometrikoa.

Usainen kudeaketa-plana.

Zarataren kudeaketa-plana.

Energia-efizientziako plana.

Hondakin-uren fluxuen eta gasen inbentarioa.

Instalazioan sortutako konposta saldu edo erabili aurretik:

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren Ongarrien Erregistroko inskripzioaren justifikazioa.

Eskatutako dokumentazio hori guztia Nire Karpetatik aurkeztuko da, AI00457_SOL_2023_001 espedientearen barruan. Espediente hori itxita badago, dokumentazioa aurkezteko espediente bat irekiko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako aplikazio informatikoaren bidez, eta adieraziko da aipatutako hasierako eskaera-espedienteari lotutako dokumentazioa dela.

Jakinarazpenak jasotako edo harekin batera aurkeztutako datuak, adierazpenak edo dokumentuak zehatzak ez badira, faltsututa badaude edo funtsezko zerbait agertzen ez bada, edo aurkezten ez bada, ezin izango da jarduera egiten jarraitu gertakari horien berri izaten den unetik, kasu horretan egon litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak oztopatu gabe.

Hamargarrena. Babes- eta zuzenketa-neurriak sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan adierazi bezala beteko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta jarraian jasotako eranskinetan ezarritakoari jarraituz. Gainera, babes- eta zuzenketa-neurri horiek eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, hala komeni bada araudi berriak indarrean jartzen direlako edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharragatik. Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

Hamaikagarrena. Instalazioetan edozer aldaketa egiteko, eskaera egin beharko da, edo horren berri eman beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-informazioko sisteman, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 30. eta 45. artikuluen ondoreetarako (funtsezko aldaketak), artikulu horietan kasuan-kasuan eskatzen den informazioa adierazita.

Sustatzaileak aldaketa bat funtsezkoa ez dela justifikatzeko agirien kasuan, ingurumen-organoak eskatutako aldaketa aztertu eta kalifikatuko du, funtsezkoa den edo ez ebazteko.

Egin beharreko aldaketen eskaerarekin edo jakinarazpenarekin batera, kasu bakoitzerako eskatutako informazioarekin batera, webgunean eskuragarri dagoen formulario hau sartu behar da:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_20194158899329/procedures/proc_20194 158 89 9905/accreditations/acc_202566125317569/es_def/adjuntos/Formulario_MNS.docx

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta bertan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, okupatu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen adierazpena eduki beharko da aldaketa gauzatu aurretik, Lurzorua Kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Hamabigarrena. Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunari buruz ingurumen-organo honi eman zaizkion datuetan aldaketarik balego, Arabako Foru Aldundiak aldaketa horien berri emango du.

Hamahirugarrena. Ingurumen-baimen bateratuaren indarraldia mugagabea da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak aldian-aldian berrikusiko du, ingurumen-baimenen aurrerapen-klausulari jarraikiz.

Ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

  1. Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, komeni bada mugako emisio-balioak berrikustea, edo beste batzuk ezartzea.

  2. Isurtzeak nabarmen murriztu badaitezke, teknika erabilgarri onenetan egindako aldaketa handien ondorioz gehiegizko kosturik izan gabe.

  3. Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

  4. Instalazioari aplikatu behar zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

  5. Teknika erabilgarri onenak erabiliz lor litezkeenak baino baldintza osagarri zorrotzagoak aplikatzea beharrezkoa bada, ingurumen-kalitateko arauak beteko badira.

  6. Aplikatu beharreko araudi berria jartzen bada indarrean.

  7. Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

  8. Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzekoak akastunak direla egiaztatzen bada.

  9. Aldaketa beharrezkoa bada, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz egindako azterketaren arabera.

    Ingurumen-baimen bateratua berrikusteak ez du kalte-ordainerako eskubiderik ekarriko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 44.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

    Hamalaugarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 28.1 artikuluaren arabera, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi egin beharko du ebazpen honen xede den konpostaje-instalazioan titulartasun-aldaketarik eginez gero, ingurumen-organoak onar dezan.

    Hamabosgarrena. Baimen honek balioa galduko du honelakoren bat gertatuz gero:

    Ez bada garaiz eta epe barruan egiaztatzen ebazpen honen bederatzigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

    Bost urteko epean ez bada abiarazten ebazpen honen bederatzigarren apartatuan arabera baimentzen den jarduera, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

    Hamaseigarrena. Ingurumen-baimen bateratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste gisa tipifikatuta dago (oso astuna, astuna edo arina), ingurumenean edo biztanleen osasunean duen eraginaren arabera, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 106. artikuluari jarraituz, eta lege horren 108. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

    Hamazazpigarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Arabako Foru Aldundiari, Vitoria-Gasteizko Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

    Hamazortzigarrena. Ingurumen-inpaktuaren txosten hau eta ingurumen-baimen integratua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratzeko agintzea.

    ERREKURTSOAK

    Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 29a.

    Ingurumeneko sailburuordea,

    JOSU BILBAO BEGOÑA.

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik