Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2025eko maiatzaren 28koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Artxandako tiro-eremuko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena, Bilbon (Bizkaia).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 134
- Hurrenkera-zk.: 3128
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/05/28
- Argitaratze-data: 2025/07/16
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
2025eko otsailaren 20an, Bilboko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Artxandako tiro-eremuko plan bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiten hasteko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia baitzuen.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2025eko martxoaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Plana Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskinaren 1. apartatuan jasotako kasuetarik bat da (udal-mailan eremu txikien erabilera ezartzen duten II.A eranskineko [ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta bete behar duten planei buruzkoa] planak eta programak).
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
Lehenengoa. Artxandako tiro-eremuko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Eduki hau jasotzen du:
Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Artxandako tiro-eremuko Plan Berezia, Azpiegiturak SAU Bitarteko Propioak sustatutakoa, Bilbo (Bizkaia) udalerriaren mugen barruan dago. Artxandako tiro-eremua dagoen lurzatiaren esparruaren antolamendu xehatua ezartzea du helburu. Lurzati hori udal-plangintzan lurzoru urbanizaezin gisa agertzen da, eta BFAko Katastroaren Erregistroan «020 0005 00290» zenbakiarekin identifikatuta dago. Plan Bereziaren jarduketa-eremuak 12.169,53 m2-ko azalera du.
Berez, kirol-instalazioak 1985ekoak dira eta honako tiro-eremu hauek osatzen zituzten:
25 eta 50 m-ra tiro egiteko eremua, 1.940 m2-ko azalerakoa.
Siluetei 25 m-ra tiro egiteko eremua, 585 m2-ko azalerakoa.
Bi tiro-eremuek 175 m2 inguruko korridore-sare bana dute sestra azpian, dianetara lurpetik iristeko.
Artxandako tiro-eremuaren egungo instalazioen eraikinak bi solairu dauzka eraikita, bai eta galeria bat ere, sestra azpian (210,47 m2). Beheko solairua zati batean estalita dago (846,97 m2), eta zati batean estali gabe (1.665,39 m2). Gainera, eraikinak lehen solairu bat ere badauka (388,17 m2).
Jarduketaren helburu nagusia da Artxandako tiro-eremua handitzea, Armen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 29ko 137/1993 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzeko.
Aurreikusitako tiro-eremuaren handitze hori bi fasetan egingo da. Batetik, egungo 50 metroko galerietako tiro-kale edo -pistetako 15 handitu egin nahi dira, eta tiro-distantzia 50 metroan handitu. Horrela, Armen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 29ko 137/1993 Errege Dekretuan adierazitako 100 metrora iritsiko da. Lehenengo fase horretan, gainera, aparkalekuak har ditzakeen espazio bat jarriko da alboan, 25 metroko tiro-galeria berria eraikitzen den bitartean, zeina 16 pista berrik osatuko baitute.
Azken proposamenari esker, 15 tiro-pista 100 metroraino luzatuko dira, eta 25 metroko 16 tiro-pista berri egingo dira, baita aparkalekuak, behar diren sarbideak eta berdegune bat ere.
Plan Bereziak zonifikazio xehatua bi azpieremutan banatzen du: bata titulartasun publikoko kirol-ekipamendua da (c.1), kirol-ekipamenduak erabiltzeko lurzatiak, eta, bestea, bide sarea (e.1), bide-komunikazioko azpiegiturek osatutako azpieremua.
Halaber, tiro-eremua handitzearen bolumenak ere zehazten dira, bai oinplanoan, bai altxaeran. Bolumen horiek mugatu egiten dira, eta handitzea bera kokatzeko gehieneko lerrokadura proposatzen da.
Gainera, behin-behineko aparkaleku bat proposatzen da obrak egin bitartean; 20 plaza inguru izango ditu. Espazio hori eraikinari erantsita egongo da aldi baterako, tiro-eremuaren erabiltzaileei aparkaleku antolatuak eskaini ahal izateko. Aurrerago, aparkaleku bat proposatuko da, ekipamendua handitzearen premiei erantzuteko; hala ere, oraindik ez da zehaztu proiektua. Aparkalekurako proposatutako azalera, guztira, 1.064,81 m2-koa izango da.
Tiro-eremua handitzeari esker, 1.880 m2-ko azalera berria eraikiko da. Guztira, 4.392,36 m2-ko okupazioa izango da, estali gabeko eremuek 2.910,39 m2 hartuko dituzte, eta estaliek, berriz, 1.481,97 m2.
Aurreikusitako sestra gaineko eta azpiko eraikigarritasuna 2.160,14 m2-koa (925 m2, eraikigarritasun berrikoak) eta 365,47 m2-koa (155 m2, eraikigarritasun berrikoak) izango da, hurrenez hurren.
Planaren aurreikusitako garapenari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, Plana onartu ondoren, instalazio berrietarako eraikigarritasun-proiektuak idatziko dira, eta herri-lan arruntaren bidez gauzatuko da jarduketa.
Kontuan hartutako alternatibak:
aukera (egungo egoera) eta 1. aukera (Plan Bereziak garatutako proposamena) aurkezten dira bakarrik alternatiba bideragarri gisa.
aukerak («Esku ez hartzea» edo egungo egoerari eta antolamenduari eustea), tiro-eremuaren aukerak eta bertan gauzatzen diren jarduerak mugatzea eta baldintzatzea ekarriko luke, bereziki kontuan hartuta, Armen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 29ko 137/1993 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzeko, ezingo litzatekeela 100 m-ko kalerik edo tiro-pistarik izan.
Plan Bereziak garatutako proposamenari dagokion 1. aukerak urtarrilaren 29ko 137/1993 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzen duten 15 tiro-kale edo -lerro edukitzea ahalbidetuko luke, egungo 50 metroko distantzia izatetik 100 metrokoa izatera igaroko bailirateke. Era berean, 25 m-ko tiro-eremu edo -instalazio berri bat jarriz gero egungoaren albo-alboan, beste 16 tiro-postu edukiko lirateke modalitate eta distantzia horretarako.
Planak ez du beste aukerarik garatu; izan ere, Planaren eremua erabat mugatuta dago egungo tiro-eremua dagoen lurzatira. Gainera, helburua egungo instalazioak handitzea da, eta, beraz, handitze hori albo-alboko lurretara mugatu behar da, bereziki tiro-pista batzuk 50 m-tik 100 m-ra luzatzeari dagokionez.
Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri behar den ala ez zehazteko.
Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.
Planak zein neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuak daudenak barne: planak Artxandako (Bilbao) tiro-eremuko egungo instalazioak handitzeko aukera ematen du. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.
Plana egokia ote den ingurumen-arloan kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: iritzi zaio Plana egokia dela garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke Planean.
Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere Planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.
Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren eremua Bilbao (Bizkaia) udalerriaren mugen barruan dago. Zehatz-mehatz, lurzatia Banderas mendiaren gailurretik 350 m-ra dago ekialderantz, nagusiki hego-ekialderantz begira dagoen hegal handi batean, Sondika udalerritik hurbil. Artxandako gailurreriaren erlaitzean dago, eta Bilboren gaineko ikuspegiak ditu. Lurzatia Berriz eta Artetxe gune sakabanatuetatik hurbil dago. Kokagunearen iparraldean, BI-3741 dago, Enekuri-Artxanda tokiko foru-errepidea. 12.169,53 m2-ko azalera du eta lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dago.
Eremua «Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan (UH)» dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Zehazki, jarduketa-eremua Asua-A gainazaleko ur-masaren isurtze-arroan dago, hego-ekialdeko muturreko zona txiki bat izan ezik, Nerbioi barneko trantsizioko drainatzearen masaren arroan dago eta. Eremuan ez da ur-ibilgurik identifikatu.
Eremua «Hegoaldeko antiklinorioa» izeneko lurpeko ur-masaren gainean dago, zeinak egoera global ona duen. Eremuan ez dago hidrogeologia-intereseko lekurik, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua txikia da.
Litologia tuparri-kareharrien, kareharrizko tuparrien eta kalkareniten alternantzia da, eta pitzadura bidezko iragazkortasun txikia du. Lurzoruek ez dute balio agrologikorik. Era berean, EAEko Nekazaritza eta Basozaintzaren LPSak «nekazaritza eta abeltzaintza: trantsizioko landa-paisaia» kategorietan sailkatzen ditu eremuko lurzoruak.
EUNIS habitaten kartografiaren (geoEuskadi) arabera, gaur egun eraikitako eremu horren erdia «Dentsitate txikiko eraikuntzak» kategorian sailkatuta dago, eta mendebaldeko eremua, berriz, «Larre bazkatuak eta manipulatu gabeak» kategorian. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, okupatu gabeko eremu hori sasitza bat da gaur egun, eta Robinia pseudoacacia espezieko zuhaitz batzuk ditu. Eremuaren barnean ez da identifikatu Batasunaren intereseko habitatik edo mehatxatutako flora-espezierik.
Eremuan dagoen fauna hiri-periferiako eremuetan izan ohi dena da. Intereseko espezieak egoteari dagokionez, adierazi behar da ez dela aurkitu babestutako espezieen erreferentziarik edo banaketa-eremurik Planaren eremuarekin bat datorren eremuan.
Paisaiari dagokionez, eremua Bilboko eta Sondikako ikuseremuen artean dago, zeinak paisaia-kalitate oso txikiko gisa identifikatuta baitaude; beraz, ez daude sartuta EAEko paisaia berezien eta apartekoen katalogoan. Bilbao Metropolitanoko eremu funtzionaleko Paisaiaren Katalogoen eta Zehaztapenen arabera (aurkeztutako paisaia-integrazioaren azterlanean xehatua), aztertutako eremu osoa «18. Artxanda-Ganguren» paisaia-unitatean dago. Unitate hori hego-ekialdetik ipar-mendebaldera orientatutako mendi-gailurreria bat da, eta Bilboko hirigunea eta Ibaizabalen arroa eta Txorierriko korridorea banantzen ditu, lehenengoak hegoaldean utzita, eta bigarrena, iparraldean. Kasu honetan, tiro-eremua, batez ere, paisaiaren ikusmen-kalitate ertaineko eremuetan kokatzen da, eta, mendebaldean, kalitate altuko eremuan, zati batean. Hauskortasunari dagokionez, ikusgaitasun handiko eremu baten gainean dago, eta, beraz, hauskortasun-balio oso handiak ditu. Gainera, tiro-eremuaren kokagunea eta aurreikusitako handitzea «03. Artxandako hegalak» paisaia-interes bereziko eremuaren mugen barnean daude.
Bestalde, eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Eremuan ez da identifikatu Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik. Halaber, ez dauka inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan jasotako geologia-intereseko lekurik, ez eta EAEko azpiegitura berdeko elementurik ere. Planaren xede den lurzatian ez dago kalifikatutako edo inbentarioan sartutako kultura-ondareko elementurik.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da uholde-arriskuen, higaduraren, sismikotasunaren edo baso-suteen ondoriozko arriskurik antzeman. Eremua SEVESO III Zuzentarauaren mendeko enpresen eragin-eremutik kanpo geratzen da.
Salgai arriskutsuen garraioaren ondoriozko arriskuari dagokionez, eremua BI-604 errepidearen 600 m-ko afekzio-banden barruan dago, baina arrisku oso txikia dauka.
Azaroaren 2ko PRA/1080/2017 Aginduaren arabera (urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren I. eranskina aldatzen duena; errege-dekretu horren bidez, lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako estandarrak eta irizpideak ezarri ziren), munizioa erabiltzen duten tiro-eremuak lurzorua kutsa dezaketen jardueratzat hartzen dira (93.12 Kirol-kluben jarduerak. Tiro-klubak soilik, munizioa erabiltzen denean).
Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, Planak inpaktu akustikoaren azterlan bat barne hartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskinaren A taulako eta E taulako balioak betetzen diren aztertzen duena. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, instalazioetatik hurbilen dauden bizitegi-eremuen kanpoaldean ez dira gainditzen zarata-balioen gehieneko mugak, ezta kalitate akustikoaren helburuak ere Ld adierazle akustikorako, egun argitako aldirako, non tiro-eremuaren jarduera kontzentratzen baita.
Hori guztia ikusita, inpaktu handienak obren fasean sortuko dira, lur-mugimenduen, egungo instalazioak handitzeko obren, aparkalekua egitearen eta inguruko espazioa berriz landareztatzearen ondorioz. Aurreikusitako jarduketek ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, makinen joan-etorriak izatea, obra-hondakinak sortzea, hondeaketa-soberakinak sortzea, istripuzko isurketen ondorioz urei eta lurzoruei kalte egiteko arriskua egotea, emisio atmosferikoengatiko eta zaratengatiko kutsadura, eta abar. Hori guztia zati batean garatuta dagoen eremuan izango da.
Ustiapen-faseari dagokionez, ur- eta energia-kontsumoaren handitzearen ondoriozko inpaktuak espero dira, eta emisioak ugaritzea ere bai (isurketak eta hondakinak), proposatutako antolamenduaren ondorioz jardueraren edukiera handituko da eta.
Planaren eremuan garatutako jarduera azaroaren 2ko PRA/1080/2017 Aginduaren barruan dago. Agindu horren bidez aldatzen da Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako estandarrak eta irizpideak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren I. eranskina (93.12 Kirol-kluben jarduerak. Tiro-klubak soilik, munizioa erabiltzen denean). Inguruabar horrekin lotuta, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.
Bestalde, egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterlanak ondorioztatzen du hurbilen dauden etxebizitza-eremuen kanpoaldean ez direla gainditzen zarata-balioen gehieneko mugak, ezta Ld adierazle akustikorako kalitate-helburuak ere, eta, gainera, proiektuak sortutako zaratak metatze-efektu ezdeusa izango du giroko zaratan.
Proposatzen diren jarduketak eta haien ondorioak mugatuak direnez, uste da eraginak txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere lurrei, zaratari, urei, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.
Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Artxandako tiro-eremuaren Plan Bereziari dagokionez ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.
Beraz, planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu, besteak beste:
Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.
Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 2.5 artikuluaren arabera, ez dira jarduera berritzat joko dekretu hori indarrean jartzean abian direnak, nahiz eta zarata-foku berriak eratzen dituzten aldaketak gauzatu. Nolanahi ere, dekretu horren 51. artikuluan (I. eranskina, II. zatia, E eta F taulak) xedatutakoa betez, jarduerei aplika dakizkiekeen mugak bete beharko dituzte zarata-foku berri guztiek.
Ondorioz, Plana garatzeko aurreikusitako etorkizuneko eraikuntza-proiektuak alderdi hori bermatuko du, eta, hala badagokio, zarata-foku berriei aplika dakizkiekeen zuzenketa-neurriak zehaztuko ditu, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 54. artikuluaren zehaztapenekin bat etorrita. Ebaluatutako instalazioek behe-maiztasuneko eta bulkadazko tonu-osagaiak badituzte, eta, ondorioz, amaierako emaitzak zuzendu egin behar badira (kt, kf eta ki penalizazioak), ezin direlako modelizazio akustiko ezeinen bidez lortu, saiakuntzak in situ egin beharko dira, ebaluatu beharreko fokuak funtzionatzen hasi ondoren. Ebaluazio hori ENACek akreditatutako laborategi batek egingo du.
Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen gaineko neurriak.
Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren aurrean lurzoruaren egoerari buruzko txostena aurkeztu beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 8. artikuluan ezarritakoa. 209/2019 Dekretuaren (abenduaren 26koa, zeinaren bidez garatzen baita Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea) 19. artikuluak adierazten duen moduan, lurzorua kutsa dezaketen jarduera ezarri berriek eskudun den administrazio organoaren aurrean aurkeztu behar duten dokumentazioaren sailkapenaren arabera erantsi beharko dute dagokien lurzoruaren egoera-txostena, hark baimen edo lizentzia eman dezan edo erantzukizunpeko adierazpena edo jakinarazpena jaso dezan.
Lurzoruaren egoera-txostena Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren aurrean aurkeztutzat joko da, organo horri dagokionean ingurumen-baimen bateratua ematea edo zuzenketa-neurriak ezartzeko txostena egitea eta aipatutako txostena aipatutako izapideok betetzeko bidalitako dokumentazioaren artean dagoenean. Gainontzeko kasu guztietan, lurzoruaren egoera-txostena Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoan aurkezteko, pertsona fisiko edo juridiko sustatzaileak horretarako gaitutako kanal eta prozedura elektronikoak erabiliko ditu.
Jarduerak gaur egun okupatzen duen lurzatian jarduketak gauzatzen badira, eta ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. eta 25. artikuluak kontuan hartuta, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoa bete beharko da; hortaz, sustatzaileak sustatutako jarduketaren ezaugarrien berri eman beharko dio ingurumen-organoari, eta informazio hori artikulu horretako 1. apartatuan xehatzen den moduan aurkeztu beharko du.
Azkenik, obrak egin bitartean, lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Bilboko Udalari eta Ingurumeneko Sailburuordetzari, azken horrek zehaztu dezan zer neurri hartu behar diren eta zer pertsona fisikok edo juridikok exekutatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
Ingurumen-integrazioari buruzko neurriak.
Planak berariaz jasoko du etorkizuneko eraikuntza eta obra osagarrien proiektuak «Leheneratze-proiektua» izan behar duela, zeinak proiektua gauzatzearen ondorioz ukitutako eremu guztiak bilduko dituen, eta non leheneratze-lanak xehetasun-maila nahikoarekin xehatuko diren, behar bezala gauzatu ahal izateko (erabiliko diren espezieak, ereiteko dosiak edo hidroereiteak, landaketa-dentsitateak, landareak agertzeko modua, eta abar), planoa eta aurrekontua barne direla.
Espazio libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua izeneko dokumentuan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Eremuko landaredi potentzialeko berezko espezieak erabiltzea lehenetsiko da, eta landareztatze-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana eta abar.
Beste prebentzio-neurri eta zuzenketa-neurri batzuk.
Aurreko neurriak ezertan eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara egindako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.
Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak jarri beharko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak eta abar). Motaren arabera bereizi beharko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, nahasketok saihesteko.
Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utzi beharko dira, behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Istripuz isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.
Soberakinen kudeaketa: planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko da. Hori ezinezkoa bada, lehentasuna emango zaio lur-maileguak behar dituen hurbileko obra batean lurren eta arroken soberakinak balorizatzeari. Balorazioa ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa lege-xedapen hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
Kultura-ondarearen babesa: hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Obra-faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Obrek sei hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan.
Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, saihestu egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Artxandako tiro-eremuaren plan bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena. Bilboko Udalari jakinaraziko zaio ebazpen honen edukia.
Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Artxandako tiro-eremuaren plan berezia onesten lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoak beste indarraldi bat izatea xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 28a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.