Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2024ko irailaren 18koa, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarena, gripearen aurkako txertoa jartzeko 2024-2025 kanpaina hastea ezartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Osasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 195
- Hurrenkera-zk.: 4609
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/09/18
- Argitaratze-data: 2024/10/07
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: ---
Testu legala
Gripearen aurkako txertoa jarri behar da gripeari lotutako hilkortasuna eta morbilitatea eta gaixotasun horrek komunitatean duen eragina murrizteko.
COVID-19aren pandemiaren ondorioz zenbait aldaketa egin dira gripearen aurkako txertoa jartzeko aurreko kanpainekin alderatuta.
2024-2025 denboraldiko txertaketa-kanpainan, EAEko pertsona eta arrisku-talde batzuei gomendatuko zaie gripearen aurkako txertoa jartzeko, Euskadiko Txertaketen Batzorde Aholkulariak 2024ko uztailaren 15eko bileran hartutako erabakiekin eta Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren gomendioekin (Osasun Publikoaren Batzordeak onartutakoak) bat etorriz.
Hauek dira aipatu pertsona eta arrisku-talde horiek:
6 eta 59 hilabete arteko haurrak.
5 eta 59 urte arteko pertsonak, baldin eta gripearen ondoriozko konplikazioen arrisku handia badute:
Diabetes mellitusa eta Cushing-en sindromea dutenak.
Obesitate morbidoa dutenak (helduak: gorputz-masaren indizea >=40 denean; nerabeak: >=35 denean; edo haurrak: >=3 DS).
Gaixotasun kroniko kardiobaskularrak, neurologikoak edo arnasketakoak, bronkioetako eta biriketako displasia, fibrosi kistikoa eta asma barne.
Giltzurrunetako gaixotasun kronikoa eta sindrome nefrotikoa.
Hemoglobinopatiak eta anemiak edo hemofilia, koagulazioaren beste nahasmendu batzuk eta hemorragia-nahasmendu kronikoak, bai eta hemoderibatuen eta transfusio anizkoitzen hartzaileak ere.
Asplenia edo barealdeko disfuntzio larria.
Gibeleko gaixotasun kronikoa, alkoholismo kronikoa barne.
Gaixotasun neuromuskular larriak.
Immunosupresioa (immunoeskasia primarioak eta GIBaren edo farmakoen infekzioak eragindakoa barne, baita transplanteen hartzaileetan eta osagarriaren defizitean ere).
Minbizia eta hemopatia gaiztoak.
Likido zefalorrakideoaren fistula eta kokleako inplantea edo horren zain dagoena.
Gaixotasun inflamatorio kronikoa.
Disfuntzio kognitiboa dakarten nahasmenduak eta gaixotasunak: Down sindromea, dementziak eta beste batzuk.
Azido azetilsalizilikoarekin tratamendu luzea jaso zuten 5-18 urteko pertsonak, gripearen ondoren Reye sindromea garatzeko aukeragatik.
Erretzen duten pertsonak.
Zeliakia duten pertsonak.
Desgaitasun-zentroetan, adinekoen egoitzetan eta erakunde itxietan bizi diren 5 urteko edo gehiagoko haurrak.
Zentro sanitarioetan eta soziosanitarioetan praktiketan dauden ikasleak.
Haurtzaindegietako eta haur-hezkuntzako zentroetako langileak (5 urtetik beherakoak).
Hegaztien, txerrien, bisoien edo fauna basatien (hegaztiak, basurdeak edo mustelidoak) baserri edo ustiategietan animaliekiko edo haien jariakinekiko lan-esposizio zuzena duten pertsonak, hala nola abeltzainak, albaitariak, baserrietako langileak, ehiztariak, ornitologoak, ingurumen-agenteak, zoologikoetako langileak, etab. Helburua da giza birusaren eta hegazti- edo txerri-birusaren infekzio konkomitantea gertatzeko aukera gutxiago izatea, bi birusen artean birkonbinazio edo truke genetikoa izateko aukera murriztuz.
Horrelakoetan, Osasun Sistema Nazionalak adierazitako pertsonei emango dizkien txerto tribalenteak eta tetrabalenteak erabiliko dira. Txertoak dagokion fitxa teknikoko jarraibideen arabera erabiliko dira.
2024-2025 denboraldirako txertoaren osaera bat dator Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluaren Osasun Publikoaren Batzordearen gomendioekin.
Azaldutakoa dela bide, Euskal Autonomia Erkidegoko txertaketa-egutegi ofiziala onartzen duen Osasuneko sailburuaren 2017ko urriaren 18ko Aginduaren 8. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuak 9.1.d) artikuluan ezarritakoa betez, horren bidez Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari esleitzen baitzaio «Gaixotasunak prebenitzea eta osasunaren sustatzea, dela programa bertikalak diseinatuz edo gauzatuz, dela helburu horietara zuzenduriko asistentzia-zerbitzuetan hainbat jarduera sartuz», hau
Lehenengoa. 2024ko urriaren 7a ezartzea gripearen aurkako 2024-2025eko txertaketa-kanpaina hasteko egun gisa. Aldez aurretik, irailaren 30ean, txertaketa hasiko da instituzionalizatutako pertsonen artean.
Bigarrena. Kanpaina hori 2024ko abenduaren 31n amaituko da, baina, epidemiologia-arrazoiak direla-eta, aldatu ahal izango da.
Hirugarrena. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 18a.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria,
GUILLERMO IGNACIO HERRERO ALAÑA.