Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 3koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez, Barrundia, Donemiliaga eta Aguraingo udal-mugarteetan (Araba), Elgea azpiestaziotik (3204) Arrikruz transformazio-zentro berrira (901354600) 30 kV-ko (DC) linearen aireko eta lurpeko lotura berria egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 94
  • Hurrenkera-zk.: 2375
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/05/03
  • Argitaratze-data: 2023/05/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2023ko otsailaren 13an, Industriako Arabako Lurralde Ordezkaritzak eskaera egin zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari, Barrundia, Donemiliaga eta Aguraingo udal-mugarteetan (Araba) Elgea azpiestaziotik (3204) Arrikruz transformazio-zentro berriraino (901354600) 30 kV-ko (DC) linearen aireko eta lurpeko lotura berriaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena eman zedin, haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago araututa).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko otsailaren 22an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erakunderen txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web-orrian, interesdun orok izan zezan ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egiteko aukera.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko E4 taldeko 4.b epigrafean xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira «15 kV-ko edo tentsio handiagoa eta 1 km-ko edo gehiagoko luzera duten energia elektrikoaren transmisiorako lineak eraikitzea, oso-osorik lurzoru urbanizatuaren zorupetik igarotzen direnean izan ezik, bai eta haiekin loturiko azpiestazioak ere».

Aireko linea berriak 30 kV-ko tentsioa izango du, eta zirkuitu bikoitzeko 2,5 km inguruko luzera.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea, Barrundia, Donemiliaga eta Aguraingo udal-mugarteetan (Araba) Elgea azpiestaziotik (3204) Arrikruz transformazio-zentro berrira (901354600) 30 kV-ko (DC) linearen aireko eta lurpeko lotura berria egiteko proiekturako, honela:

  1. Proiektuaren xedea da 30 kV-ko (DC) aireko eta lurpeko lotura berri bat gauzatzea Elgea (3204) transformazio-azpiestaziotik (TA) «Arrikruz» (901354600) banaketa- eta maniobra-zentro (BMZ) berriraino, eta «Arrikruz» transformazio-zentro (TZ) berriaren sarrerako/irteerako linea berriak egitea. Jarduera horiek Barrundia, Donemiliaga eta Aguraingo udalerrietan elektrizitate-horniduraren jarraitutasuna eta kalitatea hobetzea bermatuko dute.

  2. Ebazpen honetan, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena ematen baita Barrundiako, Donemiliagako eta Aguraingo udal-mugarteetan (Araba) Elgea (3204) azpiestaziotik Arrikruz (901354600) transformazio-zentro berrira doan 30 kV-ko (DC) linearen aireko eta lurpeko lotura berriaren proiekturako, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean xedatutako irizpideekin bat:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Aireko linea berriaren jatorria Elgea TAren irteeran dagoen 1 zenbakidun euskarria izango da, lehendik zegoena, gaur egun «Elgea-Galzar 1 eta 2» 30 kV-ko (DC) lineak hartzen dituena. 20 zenbakidun euskarriraino, linea horrek zerbitzutik kanpo dauden eroaleak ditu, eta proiektatutako linea elektriko berrirako kontserbatuko dira.

      Ildo horretan, aireko tarte berriari dagozkion jarduketen bidez, Elgea-Galzar 1 eta 2 linea hego-ekialderantz luzatu nahi da, 20 zenbakidun euskarritik Aguraingo hondakin-uren araztegiaren (HUA) ingururaino. Horretarako, saretazko hamalau euskarri berri (T1-T14) jarriko dira, gutxi gorabehera 15 metroko altuerakoak. LA-280 motako beste eroale bat ezarriko da 20 zenbakidun eta T14 euskarrien arteko baoetan, eta, guztira, 2.502 m luze izango da zirkuitu bikoitzean.

      Proiektatutako euskarri berriek 104,9 m2-ko azalera hartuko dute, eta lurzoru gaineko zortasun berria 23.477 m2-koa izango da.

      Horrez gain, maniobra banatzeko zentro berri bat eraikiko da, Arrikruz BMZ izenekoa, T14 euskarriaren ondoan. Instalazio hori eraikin prefabrikatu bat izango da, eta hark hartuko ditu zortzi linea-gelaxka, babes-gelaxka bat eta lotura-gelaxka bat, telekomando bidezkoak, eta SF6 isolamendu- eta mozte-sistemarekin (2L+EB+1P+6L). Gutxi gorabehera, 59,3 m2-ko azalera du.

      Arrikruz BMZ zentroa T14 euskarri berrira konektatuko da lurpeko linea berri baten bidez. Ezarri beharreko eroapena 39 m-koa izango da, zirkuitu bikoitzean. Bestalde, Arrikruz BMZ zentroa Gamarra-Altsasu I eta II 30 kV-ko (DC) lineetako 128 zenbakidun euskarriarekin (lehendik zegoen) ere konektatuko da, zirkuitu bakoitzeko 85 m-ko luzera duten lurpeko sei linea berriren bidez, kanalizazio beretik igaroko direnak.

      Azkenik, Elgea TAren eta 1 zenbakidun euskarriaren (lehendik zegoen) arteko lurpeko lineak ere egingo dira, zirkuitu bakoitzeko 116 m-ko luzera izango dutenak. Linea horiek lehendik zegoen kanalizazio batetik igaroko dira.

      Jarraian, linea eraikitzeko eta ustiatzeko proiektatutako jarduketak laburbiltzen dira:

      Baimenak lortzea.

      Sarbideak egitea.

      Lurpeko lineen euskarrien eta zangen zimenduak induskatzea eta hormigoitzea.

      Obra zibileko lurrak eta materialak erretiratzea.

      Euskarrien materiala metatzea.

      Euskarriak muntatzea eta altxatzea.

      Isolagailuen kateak eta eroaleak metatzea.

      Eroaleak ezartzea.

      Tentsioa erregulatzea, grapatzea.

      Materialak ezabatzea eta kalteak birgaitzea.

      Euskarrien seinaleak jartzea.

      Eskalatze-kontrakoa jartzea (hala badagokio).

      Eragindako gainazalen eta sarbide irekien ingurumen-lehengoratzea.

      Linea martxan jartzea.

      Linea mantentzeko operazioak.

      Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, sarbide berrien irekiera neurri txikikoan egingo da, badirelako inguruan bideak lehendik, eta egiten direnak, betiere, aldi baterakoak eta berreskuragarriak izango dira. Bestalde, ez da instalazio osagarrien eremurik aurreikusten proiektuaren esparruan, eta ez da makina-parkerik behar. Zimenduetarako eta zangetarako indusketa-obrek, bai eta euskarriak muntatu eta altxatzeko obrek ere, aldi baterako okupazio-eremu bat beharko dute, modu iraunkorrean okupatuko den gainazaletik kanpo.

      Obra-fasean, lan-zelaiek eta/edo sarbideek aldi baterako 895 m2-ko azalera hartzea aurreikusten da.

      Proiektatutako jarduketei erreparatuta, sortutako hondakinak, funtsean, Arrikruz BMZ zentro berriaren ondoko zangetatik (133,08 m3) eta euskarrien zapatetatik (97,91 m3) datozen hondeaketa-soberakinak izango dira.

      Bi aukera aztertu dira: 0 aukera, egungo egoerari eustea; eta 1. aukera, proiektuak garatutakoa.

      Baztertu egin da 0 aukera, ez duelako bermatzen erabiltzaileei zerbitzu elektrikoaren kalitatea eta jarraitutasuna eskaintzea.

    1. aukera onartzea justifikatzen da; izan ere, linea berrirako, erabiltzen ez den trazadura bat aprobetxatzen du, eta tarte luzea ingurumen-hauskortasun handirik gabeko eremuetatik igarotzen da, eta, hori dela eta, ez da beharrezkoa zuhaitzak moztea edo inaustea.

    2. Proiektuaren kokalekua.

      Proiektua Arabako Lautadan kokatzen da, Barrundia, Agurain eta Donemiliaga udal-mugarteetan. Eremu etena da, eta honako hauek hartzen ditu: batetik, Elgea TAren eta 1 zenbakidun euskarriaren artean proiektatutako lurpeko zatia, eta, bestetik, 20 zenbakidun euskarriaren eta T14 euskarriaren artean proiektatutako aireko trazadura berria, 2,5 km luze dena, bai eta Arrikruz BMZ zentro berriaren inguruan aurreikusitako jarduketak ere. Lanak batez ere nekazaritzakoak diren lurretan egingo dira.

      Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

      Proiektuaren eremua Zadorraren Unitate Hidrologikoan kokatuta dago, Ebroko Mugape Hidrografikoan. Zehazki, Elgea TA Barrundia ibaiaren isurialdeko arroan sartzen da, Uribarriko urtegiraino, eta gainerako jarduketak Zadorra ibaiaren arroan kokatzen dira, Uribarriko urtegiraino. Kontuan hartu da proiektua ur-ibilguekin gurutzatzen den: Elgea TA eta 1 zenbakidun euskarria garrantzi txikiko erreka baten ondoan daude; T1 eta T2 euskarrien arteko baoa Hilera errekaren gainetik igarotzen da, eta T4 eta T5 euskarrien arteko baoa, berriz, Zadorra ibaiaren gainetik.

      EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Plan Sektorialak 2. mailakotzat identifikatzen du Zadorra ibaia proiektuaren eremuan (50 eta 100 km2 bitarteko isuri-arroa), eta haren ertzak lehengoratu beharreko zonatzat jotzen ditu.

      Proiektatutako jarduketak kareharriak eta kalkarenitak dituzten material litologikoen gainean kokatzen dira, Elgea TAren inguruan; eta aurreikusitako trazadura berria tuparri-kareharrien eta kalkareniten pitzadura bidezko iragazkortasun txikiarekin alternantzia duten material litologikoen gainean kokatzen da. Era berean, Zadorra ibaiaren inguruan metakin alubialak daude, porositate bidezko iragazkortasun ertainarekin.

      Nekazaritza eta Basogintza Antolatzeko Lurraldearen Plan Sektorialaren arabera, proiektatutako euskarri berri asko «Nekazaritza eta Abeltzaintza - Balio Estrategiko Handia» kategorian sartutako lurzoruetan daude, Zadorra ibaiaren inguruan.

      Lurpeko urei dagokienez, eremua Kuartango-Agurain masari dagokio. Aldaia lurpeko ur-masaren sektorearen gainean dago Elgea TA, eta Zadorra ibaiaren inguruko lurrak bat datoz Kuartango-Agurain Kuaternario sektorearekin (Hegoaldeko Antiklinorioko jabari hidrogeologikoa). Zadorra ibaiaren iparraldean dauden lurrak Interes Hidrogeologikoko Eremu gisa identifikatu dira.

      Eremuan dagoen landaredia monolaborerako nekazaritza-lursailak dira nagusiki. Aipatu behar da, Elgea TAren ondoko errekan, erkamezti subatlantikoko masa bat identifikatu dela 9240 Batasunaren Intereseko Habitat (BIH) gisa identifikatua eta Zadorra ibaian zehar ibaiertzeko sahasti bat garatzen dela. Arrikruz BMZ zentroa eta proiektatutako euskarri berriak ez datoz bat mehatxatutako ezein BIH eta flora-espezierekin.

      Zadorra ibaia bisoi europarraren (Mustela lutreola) interes bereziko eremutzat dago identifikatua; izan ere, galtzeko arriskuan dagoen espezie gisa katalogatuta dago eta Arabako Lurralde Historikoan Kudeaketa Plan bat du kontserbatzeko (322/2003 Foru Agindua, azaroaren 7koa, Arabako Lurralde Historikoan Mustela Lutreola bisoi europarraren Kudeaketa Plana onartzen duena). Elgea TA eta 1 zenbakidun euskarria Aldaiako Mendietako Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) babes-eremu periferikoan daude (ES2110016). Era berean, eremu horretan igarotzen den errekak eta haren ertzek hartzen duten eremua korridore ekologiko gisa identifikatu da, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) Azpiegitura Berdearekin bat. Era bertsuan, Zadorra ibaia EAEko azpiegitura berdearen bilbe urdinean dago.

      Ebroko Demarkazio Hidrografikoko Gune Babestuen Erregistroaren arabera, mantenugai-ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuen bilketa-gune batean («Uribarriko urtegia», ESRI59 kodea) dago aztergai dugun eremua.

      Azterketa-eremuan eta haren gertuko inguruan ez da detektatu beste naturagune babesturik edo fauna- eta flora-espezie mehatxaturik. Era berean, ez da identifikatu interes geologikoko tokirik, eta ez dago jasota Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen natura-intereseko eremuen zerrendan.

      1 zenbakidun euskarria 344 zenbakidun Onura Publikoko Mendian sartzen da.

      Eremua Etxabarriko eta Aguraingo ikusmen-arroan dago, eta «oso arrunta» eta paisaia-kalitate «oso txikikoa» da; ez dago sartuta EAEko paisaia bikainen katalogoan.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du uholde-arriskurik, akuiferoek kutsadurarekiko kalteberatasun baxua edo hutsala dute, eremuak baso-sutearen arrisku txikia du, eta ez da identifikatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten kokalekuen inbentarioko lurzatirik.

      Eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, proiektuaren eremuan, Hilera errekaren ondoan, ustezko arkeologia-eremua identifikatu da (1997-07-09ko EHAA, 130. zk.).

    3. Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.

      Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak obra-fasean sortuko dira. Proiektua aurrera eramatearen ondoriozko jarduketak egiteko, sarbideak eta lan-plataformak beharko dira euskarri bakoitzaren inguruan, non lurzorua trinkotu egingo baita makinen eta materialen joan-etorrien ondorioz. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, sarbide berrien beharra oso txikia da, badirelako bideak handik hurbil, eta euskarri berriek behin betiko okupatzen duten lurzorua ere txikia da, 104,9 m2 inguruko azalerakoa.

      Inpaktu horiek, funtsean, euskarri berriak gauzatzera mugatzen dira; izan ere, Elgea TAren eta 1 zenbakidun euskarriaren artean aurreikusitako lurpeko tartea lehendik zegoen kanalizazio batetik igaroko da, eta ez da beharrezkoa landaredia moztea edo sastrakak kentzea, ukitutako laboreetatik harago. Bestalde, Arrikruz BMZ berria, ziurrenik, Aguraingo HUAko lursail artifizializatuan kokatuko da. Nolanahi ere, obrek irauten duten bitartean aldi baterako ukitutako lurrak lehengoratuko dira, jatorrizko egoerara itzularazteko.

      Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakinetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahal izango dira lurra mugitzean sortutako istripuzko isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, eta hondakinak sortu ahal izango dira, nagusiki hondeaketa-soberakinen ondorioz (231 m3 inguru).

      Elgea TAren inguruko jarduketak Aldaiako Mendiak KBEren babes-eremu periferikoan egingo dira, eta T5 euskarria Zadorra ibaitik gertu kokatuko da. Aipatu bezala, nahiz eta ez den aurreikusten inpaktu berezirik eremu horietan, neurri zorrotzak hartuko dira kalterik ez egiteko ingurune hidrikoari, ibaiertzeko landarediari, hostozabalen beste masa batzuei eta bisoi europarraren intereseko habitatari.

      Funtzionamendu-fasean, inpaktu nagusiak abifaunarengan izango dira, talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuagatik, baita paisaian ere. Era berean, linearen mantentze-lanek eta haren ondorengo desmuntatzeak ere inpaktu txikia eragingo dute. Dena den, positiboki baloratzen da linea elektrikoaren tarte berria goi-tentsioko linea elektrikoetan abifauna talkatik eta elektrokuziotik babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak xedatzen dituen erabakietara egokitzea.

      Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta, Barrundia, Donemiliaga eta Aguraingo udal-mugarteetan (Araba), Elgea azpiestaziotik (3204) Arrikruz transformazio-zentro berrira (901354600) 30 kV-ko (DC) linearen aireko eta lurpeko lotura berria egiteko proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

      Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-dokumentuan eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

      Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

      Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

      Natura-ondarea babesteko neurriak.

      Proiektuak kontuan izan beharko ditu «Aldaiako Mendiak» (ES2110016) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duen azaroaren 3ko 205/2015 Dekretuan jasotako zehaztapenak.

      Obrak, bai eta lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Hala badagokio, beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari, intereseko landarediari eta balio estrategiko handiko lurzoruari eragitea saihestuko da.

      Eremu osagarri horiek ezin izango dira inola ere jarri «Aldaiako Mendiak» KBEko lurretan edo haren babes-eremu periferikoan, instalazioaren eraginpean ez dauden landare-egitura kalteberen eremuetan (Batasunaren Intereseko Habitatak), ez eta identifikatutako ibilguetako ur-bazterreko landaredian eta espezie babestuen formazio begetaletan ere.

      Debekatuta dago makina astunek ibilguen barruan zirkulatzea, eta jabari publiko hidraulikoaren 5 metroko zortasun-eremuan, eta balizatu egingo da espazio hori libre mantentzeko.

      Hori ziurtatzeko, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian.

      Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko hango landaretza autoktonoa. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.

      Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez da aurreikusten inolako erasanik intereseko landaredi autoktonoan. Nolanahi ere, Quercus faginea eta Quercus canariensis espezieez osatutako harizti iberiarrak Batasunaren Intereseko Habitatean (9240), Zadorra ibaiaren ertzean eta KBEren espazioan eta haren babes-eremu periferikoan, inausi egingo da, posible bada betiere, eta zuhaitzak behar-beharrezkoa denean moztuko dira soilik, eta bakar-bakarrik kolokan jartzen badute linea elektrikoaren segurtasuna haien gehieneko garapenera iristen direnean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da.

      Obrak egin aurretik, jarduketa-eremua zehatz-mehatz aztertuko da, Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasotako flora-espezieak egon daitezkeen identifikatzeko, hala nola Allieum roseum, Leuzea conifera, Brachipodium retusum, Pallunis spinosa eta Convolvulus cantabrica. Hala badagokio, zona horiek balizatu eta babestu egingo dira, eta horietan ez da jarduketarik egingo.

      Bertakoak ez diren zuhaitzak osorik moztu daitezke, betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko espezieak edo hazkuntza motelekoak (esaterako, sahatsak, hurritzak eta haritzak).

      Arabako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean (Mendi Zerbitzua) adostuko dira zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko irizpideak.

      Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko. Inausketa ahalik eta gutxien egingo da, proiektatutako jarduketen luzera osoan zehar zuhaitz-zerrenda mantentzeko.

      Azaleko urak dituzten ibilguak zeharkatzean, ibaiertzeko espezieak dauden tokietan (haltzak, haritzak, sahatsak, etab.), lineari eragin diezaioketen goiko adarrak bakarrik inausiko dira. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago inausiko, eta eremuko zaintzaileak gainbegiratuta egingo da hori eta geldialdi begetatiboan/neguan.

      Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian. Trazadura berriko sarbideak eta lehendik dauden sarbideak egokitzeko lanak, hala dagokionean, lur-mugimendua murriztuz eta lehen aipatutako eremu kalteberen gaineko eragina saihestuz egingo dira.

      Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, zehaztutako elektrokuzioaren eta talkaren aurkako neurriak hartu eta gauzatuko dira aireko linea elektrikoaren trazadura berri osoan (20 zk. T14 euskarriak) eta lehendik zegoenean (1 zk. 20.zk euskarriak), hegaztiek elektrokutatzeko edo talka egiteko dituzten arriskuak minimizatzeko.

      Azaroaren 7ko 322/2003 Foru Aginduarekin bat (Arabako Lurralde Historikoan Mustela lutreola bisoi europarra Kudeatzeko Plana onartzen du), interes bereziko eremuetan espezie horrek ugaltzeko erabiltzen duen habitataren ezaugarriak aldatzea dakarren edozein jarduketa egiteko, Arabako Foru Aldundiko organo eskudunaren aurretiazko baimena beharko da. Gainera, organo horrek mugak ezarri ahal izango dizkio lanak gauzatzeko moduari eta lanak egiteko uneari.

      Zadorra ibaiaren ondoan aurreikusitako jarduketei dagokienez, debekatuta dago bisoi europarra ugaltzeko aldi kritikoan lanak egitea, martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartean, kudeaketa-planean ezarrita baitago.

      Sustatzaileak espezieen habitatak lehengoratzeko lanak egin beharko ditu, baldin eta Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuak kalte egin zaiela adierazten badu.

      Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

      Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

      Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

      Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

      Paisaia babesteko eta kaltetutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

      Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratuko dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak saihesteko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

      Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

      Landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko kontrol-neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

      Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

      Era berean, ahal den guztietan, errotik kenduko dira jarduketa-eremuetan aurkitutako espezie inbaditzaileak.

      Bai baldintza-agiriak eta bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

      Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

      Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

      Egunez bakarrik egingo da lan.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

      Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

      Sortutako olio erabilia industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

      Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

      Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

      Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

      Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

      Batasunaren intereseko habitaten (9240 BIH, ibaiertzeko sahastia) erasana kontrolatzea eta Natura 2000 Sareko «Aldaiako Mendiak» KBE (ES2110016).

      Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.

      Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

      Garbiketa eta obra-akabera.

      Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak erasandako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

      Ingurumen-aholkularitza.

      Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

      Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta natura-ondarea babestea.

      Hirugarrena. Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten proiektua exekutatzeak ondorio negatibo nabarmenik izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatzen duen proiektu honi: Barrundia, Donemiliaga eta Aguraingo udal-mugarteetan (Araba), Elgea azpiestaziotik (3204) Arrikruz transformazio-zentro berrira (901354600) 30 kV-ko (DC) linearen aireko eta lurpeko lotura berria egitea.

      Laugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Industriako Arabako Lurralde Ordezkaritzari.

      Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Seigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 3a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.