Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 3koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena. Honen bidez, 2023ko udako euskara-ikastaroetarako deia egiten zaie IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten ente publikoetako langileei.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HAEE; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 90
  • Hurrenkera-zk.: 2247
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/05/03
  • Argitaratze-data: 2023/05/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Euskararen erabilera arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak xedatzen du agintaritza publikoek neurriak hartuko dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoari atxikitako langileak arian-arian euskalduntzeko, herritarrei aitortzen zaien eskubidea gauzatzeko helburuarekin, Administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz izan ditzaten.

Legeak xedatutakoa garatzeko, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua onartu zen, zeinaren bidez arautu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua.

Ondoren, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren bidez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) Euskal Autonomia Erkidegoko ente publikoei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua.

Agindu honetan dago xedatuta zein diren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta instituzionalekoak ez diren ente publikoen artean, IVAPek eskaintzen dituen hizkuntza-prestakuntzako ikastaroetara joateko aukera dutenak, betiere Hizkuntza Normalkuntza Plana onartuta badute eta, aldi berean, IVAPekin horretarako lankidetza-hitzarmena izenpetu baldin badute.

Hori guztia kontuan izanik, hau

Lehenengoa. Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko ente publikoetako langileen hizkuntza gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.

Bigarrena. Parte-hartzaileak.

  1. Erakunde hauetako enplegatu publikoek parte hartu ahal izango dute hizkuntza prestakuntzako zerbitzuaren deialdi honetan, baldin eta hurrengo paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen badituzte:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko udal- eta foru-administrazioak eta haien erakunde autonomoak.

    2. Eusko Legebiltzarra eta lurralde historikoetako Batzar Nagusiak.

    3. Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Arartekoa eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.

    4. Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileak.

    5. Lan Harremanen Kontseilua eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea.

  2. Ebazpen honetan araututako hizkuntza prestakuntza zerbitzuetarako aukera izateko, aurreko paragrafoan adierazitako ente publikoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza prestakuntzako zerbitzua arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan adierazitakoak:

  1. Hizkuntza Normalkuntza Plana izan beharko du onetsia, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

  2. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin aldez aurretik lankidetza-hitzarmen bat sinatu eta berritu izana, aipatutako aginduaren II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

  3. Edonola ere, IVAPek bere aurrekontu-baliabideen barruan eskainiko du hizkuntza prestakuntza.

    Hirugarrena. Udako ikastaroen berezitasunak.

    Udako ikastaroak 2023ko uztailean, abuztuan eta irailean egingo dira. Aurrez aurreko Ikastaroak lanorduetan eta lanorduz kanpoko ordutegian egingo dira, eta autoikaskuntzako ikastaroak, berriz, lanorduz kanpoko ordutegian.

    Ikastaro horiek matrikula-orriaren bidez finantzatuko dira, deialdi honetan eskatzen diren baldintzak orokorrak betetzen direla egiaztatu ondoren, eta ikastaroek honako ezaugarri hauek betetzen badituzte:

    HABEk araututako moduluak izan behar dute.

    Euskaltegi edo autoikaskuntzako zentro publiko edo pribatu homologatuek eman beharko dituzte.

    Aurrez aurreko ikastaroek gutxienez 80 orduko iraupena izan beharko dute.

    Autoikaskuntzako ikastaroek gutxienez 70 orduko iraupena izan beharko dute.

    Laugarrena. Interesdunen betekizunak.

    Udako euskara-ikastaro bat lanorduetan zein lanorduz kanpo hasi ahal izateko:

    Interesdunak ikastaroren bat eginda izan behar du IVAPen aldez aurreko edozein deialditan, eta, beraz, ikaste-prozesua hasita.

    Interesduna 2022-2023 ikasturteko urrian edo otsailean hasi ez bazen, ordu-kreditu positiboa izan beharko du udako ikastaroaren hasieran, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile publikoak euskalduntzeko, ordu-kredituak aplikatzea ezartzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Aginduaren bosgarren artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (2004-05-07ko EHAA, 85. zk.).

    Interesdunak aldi baterako lan-kontratua edo bitarteko izendapena badu, kontratatuta edo izendatuta egon beharko du 2023ko abenduaren 31ra arte gutxienez.

    Bosgarrena. Eskabideak aurkeztea eta kudeatzea. Erakundeak eskakizunak betetzen dituela egiaztatzea.

    Deialdi honetan IVAPek gehienez hiru eskabide onartuko ditu pertsona bakoitzeko.

  1. Lanorduetako eta lanorduz kanpoko eskabideak aurkezteko epea:

    2023ko maiatzaren 16tik ekainaren 7ra, biak barne.

  2. Eskabideak kudeatzea eta erakundeak baldintzak betetzen dituela egiaztatzea.

    Interesdunak euskara ikastaroetan parte hartzeko eskabidea aurkeztuko du bere zerbitzuak ematen dituen erakundean.

    Erakunde bakoitzak deialdi honetako laugarren oinarrian aurreikusitako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du (ordu-kredituari buruzko baldintza betetzen dela izan ezik, hori geroago egiaztatuko baitu IVAPek).

    Lanorduz kanpoko autoikaskuntzako ikastaroen kasuan, erakunde bakoitzak emandako baimenen kopurua ezingo da izan lanorduz kanpo hizkuntza prestakuntzarako baimentzen dituen eskaera guztien % 20 baino handiagoa.

    Erakunde bakoitzak solaskide bat izango du euskara-ikastaroak kudeatzeko.

    Erakunde bakoitzeko solaskideak, IVAPeko Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez, baimendutako eskabideak bakarrik grabatuko ditu. Ondorioz, IVAPek ulertuko du erakunde bakoitzak onartutako eskabide guztiek betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintzak.

    Seigarrena. IVAPek ordu-kredituaren betekizuna egiaztatzea.

    IVAPek egiaztatuko du erakunde bakoitzak baimendutako pertsona guztiek ordu-kreditu positiboaren saldoa betetzen dutela, deialdi honen bederatzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera. Horrez gain, euskalduntze prozesuan aurretik IVAPekin hasiak direla ere ziurtatuko du.

    IVAPek ukatu egingo ditu aurreko bi baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak, eta erakunde bakoitzeko solaskideei jakinaraziko die.

    Zazpigarrena. Ikastaroak kudeatzea.

    IVAPek matrikula-orri bat emango dio interesdunari, baimendu zaion ikastaro bakoitzeko, berak aukeratutako euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan edo autoikaskuntza zentroan, soilik baimendutako moduluan, matrikula dadin.

    Matrikula egiteko, ezinbestekoa izango da matrikula-orria euskaltegian aurkeztea.

    Ikaslea ez bada inongo euskaltegitan matrikulatzen, bere erakundeak matrikula-orria itzuli beharko dio IVAPi.

    IVAP arduratuko da matrikula-orria ordaintzeaz, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

  1. Interesdunak matrikula-orrian zehaztutako moduluan matrikulatuta egon beharko du.

  2. Interesdunak matrikula-orria aukeratutako euskaltegian ikastaroa hasi baino lehen aurkeztu beharko du.

  3. Interesduna matrikulatzen den ikastaroak deialdi honetako hirugarren oinarrian aurreikusitako baldintzak bete beharko ditu.

    Baldintza horiek guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek matrikula-orria onartuko du eta horren kostua bere gain hartuko du. Barnetegi-erregimeneko ikastaroen kasuan, ostatuaren eta mantenuaren kostua ere bere gain hartuko du. Aitzitik, IVAPek ez du bere gain hartuko ikastaroen ondoriozko beste gasturik (joan-etorriak, materialak, etab.).

    Ikasleak egindako matrikulazioak lehen aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainketarik egingo eta bere erabakia erakunde horretako solaskideari jakinaraziko dio, ikasleari horren berri eman diezaion.

    Zortzigarrena. Ikastaroen hasiera eta bertaratzea.

  1. Ikastaroen hasiera.

    Ikasleak ikasturteko lehen egunean hasi beharko dira klasean.

  2. Egunero bertaratzea.

    Erakundeetako solaskideek asistentziaren jarraipen espezifikoa egin ahal izan dezaten, IVAPek informazio hori emango du Solaskidegune aplikazioaren bidez, eta ikasleen ez-bertaratze egunak zehaztuko ditu.

  3. Lanorduetan ikastaroetara joateko arau espezifikoak.

    Ondorio guztietarako, ikastaroa ematen den euskaltegia lantokitzat hartuko da. Horrenbestez, bertaratze- eta puntualtasun-hutsegiteak administrazioaren aurrean justifikatu beharko dira, laneko ez-betetze guztiekin egiten den bezala.

    Ikastaroetara joateko baimena ematea erakunde publiko bakoitzaren eskumena denez, erakunde horri dagokio, halaber, baimendutako aldian langileak etenik gabe eskolatuko direla bermatzea.

    Bederatzigarrena. Ordu-kreditua.

    Ikastaroetan, lanorduetan zein lanorduz kanpo, ordu-kredituen sistema ezartzen duen Agindua aplikatuko da (Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile publikoak euskalduntzeko, ordu-kredituen aplikazioa ezartzen duena; 2004-05-07ko EHAA, 85 zk.).

    Agindu horren bosgarren artikuluan ezarritakoaren arabera, euskara-ikastaro bat hasi ahal izateko, beharrezkoa izango da ikastaroaren hasieran ordu-kreditu positiboa izatea.

    IVAPek honela aplikatuko du ordu-kredituaren gaineko kontrola:

    Ikasturtea 2023ko udan hasten dutenei ikastaroa hasi aurretik ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie. Saldo positiboa agortuta dutenek ezingo dute ikastaroa hasi.

    2022-2023 ikasturteko urrian hasi zirenei ikasturte horretako ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie. Beraz, urrian ordu-saldo positiboa bazuten, udako ikastaro bat egiteko aukera izango dute, nahiz eta udako prestakuntza-ekintzaren hasieran ordu-kreditua agortuta izan.

    2022-2023 ikasturteko otsailean hasi zirenei ikasturte horretako ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie. Beraz, otsailean ordu-saldo positiboa bazuten, udako ikastaro bat egiteko aukera izango dute, nahiz eta udako prestakuntza-ekintzaren hasieran ordu-kreditua agortuta izan.

    Hamargarrena. Ikastaroak bertan behera uztea eta ondorioak.

    Ikastaroa hasi ondoren norbaitek behin betiko uztea erabakitzen badu, berehala jakinarazi beharko dio IVAPi, bai bere erakundeko solaskideak aplikazioan erregistratuz, edo interesdunak https://ivap.euskadi.eus/izapideak aplikazioan jasoz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan onartuta dagoen identifikazio- eta sinadura elektronikoko edozein bitartekoren bidez identifikatu ondoren eta helbide honetan kontsulta daitezkeenak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

    Eskola-uzte eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan araututako edozein bitartekoren bidez ere aurkeztu ahal izango dira.

    Ordu-kredituaren zenbaketa ikastaroa utzi izanaren jakinarazpena aurkezten den egunetik aurrera geldituko da.

    Hala ere, autoikaskuntzako ikastaroen kasuan, ikastaroa uzteak ez ditu aipatutako zenbaketak geldiaraziko (70 ordu). Ondorioz, ikastaroaren ordu-kopuru osoa deskontatuko da ordu-kreditutik, interesdunak prestakuntza-ekintza amaitu aurretik utzi badu ere.

    Hamaikagarrena. Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.

    Jakinarazten da izaera pertsonaleko datuak «EAEko administrazio publikoetako langileen euskalduntzea» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla, hauek betez: Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako araudia.

    Tratamendu horren arduraduna IVAPeko Zuzendaritza izango da, eta haren aurrean edo EAEko Administrazio Publikoaren Datuak Babesteko ordezkariaren aurrean erabili ahal izango dira datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko, eramateko, datuen tratamendua mugatzeko, datuen tratamenduaren aurka egiteko eta errebokatzeko eskubideak, bai eta araudi aplikagarriak aurreikusitako beste edozein eskubide ere.

    Tratamendu horren helburua izango da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza gaikuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea gestionatzea, bai eta hizkuntza gaikuntzagatik esleitutako ordu kreditua kudeatzea ere.

    Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako eginkizun bat betetzeko behar den tratamendua (16/1983 Legea, uztailaren 27koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzkoa).

    Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datuak EAEko langileen arloan eskumena duten erakundeei jakinaraziko zaizkie (bertaratzeari eta ebaluazioari buruzko informazioa); Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalizazio planaren betetze mailari buruzko ebaluazio txostena egiteko (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua); eta HABEri Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez). Datuak ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legeak kontrakoa agintzen ez badu.

    Datuak babesteari buruzko informazio gehigarri eta zehatza hemen kontsultatu dezakezu:

    https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021500-capa2-eu.shtml

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik