Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko apirilaren 18koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena eta Ortuellako udal-mugarteetan (Bizkaia) sustatutako Ballonti-Las Carreras hodia bitan banatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 92
  • Hurrenkera-zk.: 2322
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/04/18
  • Argitaratze-data: 2023/05/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Industria; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2023ko otsailaren 15ean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egin zezan Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena eta Ortuellako udal-mugarteetan (Bizkaia) Ballonti-Las Carreras hodia bitan banatzeko sustatutako proiektuari buruz, bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearekin, eta betiere ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan, zeina Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan baitago arautua.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko otsailaren 6an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat organismoren aldetik, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web-orrian, interesdun orok izan zezan ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egiteko aukera.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumen-babes maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie lege horren II.E eranskinean biltzen diren proiektu publiko zein pribatuei. Ebazpen honek xede duen proiektua aipatutako II.E eranskinean dago jasota, zehazki 8.f epigrafean (Hornikuntzako lehen mailako hodi-sareen instalazioak, 800 mm-ko edo gehiagoko diametroa eta 3 km-ko edo gehiagoko luzera dutenak eta erabat edo zati batean urbanizatu gabeko lurzorutik igarotzen direnak).

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena eta Ortuellako udal-mugarteetan (Bizkaia) Ballonti-Las Carreras hodia bitan banatzeko sustatutako proiektuari buruz:

  1. Proiektu honen xedea da ur-hornikuntzako Ballonti-Las Carreras hodia bitan banatzeko eraikuntza-lanak zehaztea, egungo lehen mailako sarearen eroate-gaitasuna areagotzeko.

  2. Ur-hornikuntzako Ballonti-Las Carreras hodia bitan banatzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Proiektu honetan, ur-hornikuntzako Ballonti-Las Carreras hodia bitan banatzeko eraikuntza-lanak zehazten dira, zeinen helburua baita egungo lehen mailako sarearen eroate-gaitasuna areagotzea.

      Egungo hodiak (600 mm-ko diametroa dauka) ez du nahikoa gaitasun aurreikusitako eskariari erantzuteko, eta beste hornidura-biderik ez dagoenez, ur-hornidura arriskuan jarriko luke matxuraren bat gertatuz gero. Arazo hori konpontzeko, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Ballonti-Las Carreras hodia bitan banatzea proposatu du; horretarako, 800 mm-ko diametroko hoditeria berria jarriko litzateke, egungoaren ia-ia paraleloan.

      Jarduketa horri esker, egungo azpiegitura hidraulikoarekin batera Enkarterrietako udalerriak lotu ahal izango dira Zadorrako sistemara (gaur-gaurkoz beren baliabideekin hornitzen dira), eta, «Las Carreras-Sollano» etorkizuneko hodi itzulgarriarekin batera, Las Carrerasera Sollanoko EUAren soberakina eroan ahal izango da. Horri esker, Ordunteko eta Zadorrako sistemak lotuko dira, eta honako hauek ahalbidetuko ditu:

    1. Egoera normalean, Zadorra sistematik ura hornitzea Enkarterri eskualdera eta Petronorrera, balizko eskari-igoera bat barne.

    2. Larrialdi-egoeretan (lehortea, Zadorratik Arratiara ura eramatearen funtzionamendu okerra, Beteluriko EUAren matxura edo mantentze-lanak...), hodiak alderantzizko noranzkoan funtzionatzeko aukera izatea, Ordunteko sistemaren emariak Portugaletera eta Eskuinaldera eramanez.

      Hodi berria Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Las Carreraseko (0+000 KP) deposituko bideratze-kutxatilatik ateratzen da eta Ortuellako Ballontiko (4+807 KP) balbula-etxolan amaitzen da; horrela, Ugarteko deposituak Portugaleteko La Floridako deposituarekin lotzen dituen hoditeriarekin lotzen da. Hodi bitan banatua Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako eta Ortuellako udal-mugarteetatik igarotzen da.

      Gainera, lan horiek egingo direla aprobetxatuz, beste hoditeria bat jarriko da, Galindoko HUAko hirugarren tratamenduaren ondorengo hondakin-ur tratatua Petronorreko findegira eramateko (Muskiz).

      Ur-hodiaren luzera guztira 4.807 m-koa da eta lurpetik doa, batez ere zangan, 800 mm-ko burdinurtu nodularreko hoditeria baten bitartez. Tinkatutako zenbait zati egitea proiektatu da, guztira 1.162 m luze, egun dauden garraio-azpiegiturak (errepideak eta trenbideak) eta Gallartako herrigunea libratzeko. Bestalde, birsortutako uraren hodiak 300 mm-ko diametroa du eta edateko uraren hoditeriaren zanga berean dago, bi hodietarako bereizita egingo diren tinkatze laburreko zatietan izan ezik. Gainera, hiru hodiko kable bat jarriko da, dagozkion kutxatilekin, etorkizunean urrutiko agintea eta urrutiko kontrola ezar daitezen.

      Hodiak 37 bentosa behar ditu bulkadarako, 18 hustubide hodien beheko puntuetan, tarteka hustu ahal izateko eta gune horietan gera daitezkeen sedimentuak ezabatzeko, 2 desbideratze egun dauden deposituetara eta 9 etengune uraren igarobidea moztu ahal izateko. Oro har, etenguneak bat datoz tinkatzeen bultzada-kutxatilekin. Horrez gainera, Ballontiko gelaren ondoan kutxatila bat egitea aurreikusi da, emari-neurgailu bat jartzeko.

      Zangak 2,05 m zabal eta 1,95 m sakon dira. Hodiaren goiko muturraren eta gainazalaren arteko gutxieneko distantzia 1 metrokoa da. Zangek eskora-oholtzak dituzte bi aldeetan, eta kareharrizko hareazko geruza bat oinarrian; geruza horren gainean finkatzen dira hodiak. Zangak hondeaketako materialarekin betetzen dira. Errekak azpitik zeharkatzen dituzten zangak hormigoiz beteko dira, harri-lubetazko geruza batekin gainazalean, 0,80 m-tik gorako sakonerarekin. Errepideak zeharkatzekoetan, betelana zabor artifizialez egingo da osorik, eta hormigoizko geruza bat eta nahasketa bituminosoa ere jarriko da gainazalean.

      Obra-fasean, aldi baterako okupazio-zerrenda 15 m-koa izango da (7,5 m hoditeriaren ardatzaren alde bakoitzean), eta zortasun iraunkorra 2,5 m-koa izango da ardatzaren alde bakoitzean. Tuneletan edo tinkatzeetako hodien kasuan, harkaitz-lerroaz beheragoko lehenengo 5 metrotan hedatuko da tunel-zortasuna.

    1. Proiektuaren kokalekua.

      Proiektuaren eremua Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako eta Ortuellako udal-mugarteetan (Bizkaia) dago. Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

      Proiektuaren eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Ibaizabalgo eta Barbadun unitate hidrologikoen artean dago. Zehatz-mehatz, ekialdeko erdia Ibaizabal drainatze-trantsizioko ur-masaren arroko isurialdean dago (ES111O000012), eta mendebaldeko erdia Barbadun-B (ES111R074020) ur-masaren arroan. Hodiak erreka txiki batzuk gurutzatuko ditu, hala nola Bochinche, Triano eta La Bárcena. Ibilgu horiek bisoi europarraren (Mustela lutreola) Bizkaiko Kudeaketa Planaren zehaztapenetan daude (Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuak babesten du. Dekretuaren bidez, Bisoi Europarraren Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onartu zen Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea izanik babes-neurri espezifikoak behar baititu) (2006-07-06ko BAO). Zehazki, eremuaren inguruan, Barbadun arroaren ibilguak «espeziearen hedapen-eremu potentzialtzat» jotzen dira, eta Ibaizabalen sare hidrografikoa, aldiz, hobetu beharreko tarteen artean.

      Eremua hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017.006). 1+650 KPren inguruan, hodiak interes hidrogeologikoko eremu bat ukitzen du.

      Hodiaren oinarrian dauden material litologikoak dira: margokareharriak, kalkarenitak, lutitak eta hareharriak, pitzadura bidezko iragazkortasun txikia dutenak, eta, puntualki, metakinantropogenoak, porositate bidezko iragazkortasun ertaina dutenak.

      Proiektatutako trazadura lurzoru urbanizaezinetatik igarotzen da gehienbat, eta horietan Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean jasotako balio estrategiko handiko lurzoruak daude hor-hemen.

      Hodiak batez ere larre eta labore atlantikoak eta heskai eta zuhaixka txikiak dauden lurrak zeharkatzen ditu funtsean, bai eta landaredi erruderala duten eremu urbanizatu eta artifizializatuak ere. GeoEuskadin eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, ez du Batasunaren intereseko ezein habitat ukitzen, eta inguruan ere ez da mehatxatutako flora-espezierik identifikatu. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, jarduketaren eremuan espezie inbaditzaile hauek identifikatu dira: Cortaderia selloana, Buddleja davidii eta Robinia pseudoacacia.

      Eremuaren ezaugarriei esker, hiri-periferiako inguruneekin lotutako fauna-espezieak daude.

      Eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez du katalogotan jasotako ezein gune ukitzen (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta LAGetako natura-intereseko guneen zerrenda), ezta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroko elementurik ere.

      Proiektatutako hodiaren trazadurak Kostaldeko Donejakue Bidea zeharkatzen du, Nocedal auzoaren parean (2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultura Ondasun Sailkatu izendatzekoa). Ingurumen-dokumentuak II. eranskinean jasotzen du «Kultur Ondarearen Erasanari buruzko Azterketa: Prospekzio arkeologikoa». Lan horren emaitzek adierazten dute ez dela ondare-intereseko beste elementurik identifikatu hodiaren trazaduran edo lanen eragin-eremuan, Donejakue Bidea salbuetsita.

      Ingurumen-arriskuekin lotuta, hodiak tinkatuta gurutzatuko du Renferen trenbidea, 10 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua izan dezaketen eremutzat kartografiatutako lurretan, Galindo UAHEn jasotakoak (kodea: ES017-BIZ-IBA-02).

      Hodiaren zati handi batek kutsadurarekiko kalteberatasun hautemangarririk gabeko eremuak zeharkatzen ditu. Hala ere, Abra industrialdearen inguruan eta hodiaren azken 450 metroetan, mendebaldeko muturrean, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun ertaina, handia eta oso handia duten eremuak identifikatu dira.

      Hodiak ipar-mendebaldeko muturrean zeharkatzen duen lurzati bat jasota dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan (kodea: 48002-00090). Halaber, aurreikusten da alde baterako okupatzea 48002-00114 kodea duen lurzatiaren zati bat, aurrekoaren mugakidea dena. Ingurumen-dokumentuak I. eranskinean 48002-00090 lurzatiaren «Indusketa Plana» jasotzen du.

    2. Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.

      Proiektuaren inpaktu nagusiak obra-fasean gertatuko dira, eta, zehatzago esanda, ur-hoditeriak egiteko eta tinkatzeak egiteko aurreikusitako aldi baterako okupazio-eremuetan jarriko diren zangak egitean sortuko dira.

      Proiektuak ez die eragiten eremu babestuei, indarrean dauden kudeaketa-planetan definitutako mehatxatutako flora- edo fauna-espezieak kontserbatzeko interes bereziko eremuei, ezta Kaltebera edo Galzorikoa kategorietan sartuta dauden mehatxatutako floraren taxonen ale edo populazio ezagunei ere. Era berean, proiektuak ez du eraginik lehentasunezko Europar Batasunaren intereseko habitatetan.

      Larre eta labore atlantikoak dira obrek gehien kaltetzen dituzten landareak, formazio horien 60.294 m2 okupatu baitira aldi baterako. Kaltetutako gainerako landaredia honako hau da: landaredi erruderal nitrofiloa (19.895 m2), baratzeak eta fruta-arbolak (3.301 m2), sasiak (481 m2) eta beste landaredi mota batzuk (76 m2). Ustiapen-fasean, 1.603 m2 larre okupatuko dira behin betiko, zerbitzu-bide iraunkorretatik.

      Lanek eragindako lurzoruen zati bat EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean araututa dago; zehazki, lanek balio estrategiko handiko azpikategoriako 15.242 m2 okupatzen dituzte, eta trantsizioko landa-paisaiaren azpikategoriako 51.620 m2.

      Ustiapen-fasean, bi kategoria horietan, zerbitzu-bide iraunkorrei bakarrik erasango zaie. Ingurumen-dokumentuak balio estrategiko handiko 53 m2-tan eta trantsizioko landa-paisaiako 2.309 m2-tan soilik kuantifikatzen du erasan iraunkor hori, eta, bere iritzian, lanak gauzatu ondoren, gaur egun nekazaritzako eta abeltzaintzako landazabal gisa erabiltzen diren ukitutako azalerek erabilera hori berreskuratuko dute, nahiz eta zortasun-zerrendan muga gisa ezartzen den jarri beharreko landarediak 1 m baino gutxiagoko sustraitzea izan behar duen. Zortasun-zerrenda horren azalera 26.942 m2-koa da, eta, ingurumen-dokumentuaren arabera, gaur egun ez dago ukitutako zuhaitz-masarik. Horrenbestez, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien bideragarritasun ekonomikoaren gaineko erasana oso txikia edo ezdeusa izango da.

      Hodia bitan banatzean, 3 ur-ibilgu gurutzatuko dira (La Bárcena, Triano eta Bochinche), eta horiek hobetu beharreko tarteak dira bisoi europarrarentzat, Bizkaiko Lurralde Historikoan espezie horrentzat onartutako Kudeaketa Planaren arabera. Triano ibaia tunel-tinkatzearen bidez gurutzatuko da, eta, beraz, ez da aurreikusten zuzenean eragingo zaionik. Beste bi ur-ibilguak, bai eta isurketa txiki batzuk ere, zangan zeharkatuko dira. Ibilgu txikiak dira, eta ordeztu egingo dira, nahiz eta horien ohea aldatu egingo den, harri-lubeta jarriko delako, azpiegitura indusketaren aurka babesteko.

      Ur-hodiaren trazadura 450 m ingurukoa da (Ballonti eta Capetillo ibaiekiko paraleloan doa), eta gutxienez 15 metroko distantzia gordetzen du ur-ibilgu horietatik. Obra-fasean, distantzia hori murriztu egingo da (8 metrora geratuko da). Esekiekin kargatutako uren isurketek eraginik ez izateko, ingurumen-dokumentuak sedimentuen hesi iragazleak jartzea proposatzen du.

      Gallartako muinoaren eta A-8 autobidearen azpian tunel-tinkatzeak egiten diren bitartean, solido esekiekin kargatutako urak sortuko dira, eta dekantazio-putzuetan tratatuko dira. Gallartako tunel-tinkatzetik datozenak hurbil dagoen hondakin-uren biltodira isuriko dira, eta A-8 autobidea zeharkatzetik datozenak, berriz, Ballonti ibaira. Errepideak eta trenbidea gurutzatzeko egin beharreko gainerako tinkatzeak zulatze horizontalak dira, altzairuzko hoditeria tinkatuta, eta ez dute hondakin-urik sortzen.

      Indusketa-lanek eta lurpeko azpiegituraren iraunkortasunak hurbilen dauden iturburu eta putzu batzuk hornitzen dituzten ur-fluxuak etetea edo desbideratzea eragin dezakete, hala nola Urioste auzoko putzuarena eta Abajo iturburuarena. Obra-fasean, Urioste auzoko putzuaren eta Abajo iturburuaren emaria hiru hilean behin kontrolatuko da (urtaro-aldaketekin bat eginez), kontrolatzeko ea zer eragin duen azpiegiturak hurbil dauden iturburuak hornitzen dituzten lurpeko ur-fluxuetan.

      Hodiaren trazadurak Donejakue Bidea zeharkatzen du; hortaz, obra-fasean une oro zainduko da bidearen jarraitutasuna. Jarduketa amaitzen denean, lanaren afekzio-eremua jatorrizko egoerara itzuliko da.

      Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez dago inpaktu esanguratsurik higadurari, uholde-arriskuari eta akuiferoen kutsadura-arriskuari dagokienez. Zaratari dagokionez ere, kontuan hartu behar da soinu-maila handiko eremua dela eta, beraz, ingurumen-dokumentuaren arabera soinu-areagotzea ez da esanguratsua izango. Ortuellako Abra industrialdearen inguruan, hodiak muturreko higadura-prozesuak dituzten eremuak dauden lurrak zeharkatzen ditu. Proiektuak azterlan geologiko eta geotekniko bat jasotzen du eranskin gisa. Eranskin horretan, arrisku edo ezaugarri bereziak dituzten eremuak identifikatzen dira, ezegonkortasunak, istiltzeak edo zulatzeko zaila den gainazaleko geruza harritsua dituztenak. Horregatik, hainbat neurri ezarri dira arrisku geoteknikoa minimizatzeko, eta zangen eta tinkatzeen egonkortasuna bermatzeko.

      Proiektu teknikoan sartutako hondakinen kudeaketaren azterlanaren arabera, aurreikusitako hondeaketa-bolumena 32.884,88 m3-koa da, eta horien zati bat zangak betetzeko berrerabiliko dira. Hondeaketa-materialen soberakina 11.284,54 m3-koa izango dela kalkulatu da, eta baimendutako soberakinen biltegira eramango dira.

      Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatian egindako indusketetako materiala baimendutako zabortegian kudeatuko da, aurretik karakterizazio analitikoa egin ondoren. Kalkuluen arabera, 3.2003-ko indusketa-bolumena sortuko da; horietatik 2.800 m3 kutsatuta egon daitezkeen lurzoruetakoak dira, eta gainerakoa, 400 m3, zoru-geruzetakoa.

      Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Bizkaia Ur Partzuergoak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena eta Ortuellako udal-mugarteetan (Bizkaia) Bilbao sustatutako Ballonti-Las Carreras hodia bitan banatzeko proiektuan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

      Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

      Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

      Honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

    1. Leheneratutako uraren garraioarekin lotutako neurriak.

      Galindoko HUAko hirugarren mailako tratamenduaren ondorengo hondakin-ur tratatua Petronor findegira eramateko hodiak Ur araztuak berrerabiltzeko araubide juridikoa ezartzen duen abenduaren 7ko 1620/2007 Errege Dekretuaren xedapenak bete beharko ditu.

      Aurrekoa gorabehera, proiektuak babes-neurriak jaso beharko ditu, modu horretan saihesteko edateko ura kutsatzeko arriskua, leheneratutako ura daraman hodiak ihesak edo iragazketak izan baititzake, kontuan hartuta bi hodiak paraleloan eta kota berean igarotzen direla, bat etorriz Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak egindako txostenarekin.

    2. Natura-ondarea babesteko neurriak.

      Obrak eta lurzorua okupatzea dakarten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan egingo dira. Aipatutako mugetatik kanpo, obrako makinak eta ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiliko dira. Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko afekziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

      Obrarako sarbideak eta kontratistak erabiliko dituen instalazio-guneak irekitzea, makinak gordetzeko guneak eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak barne, ingurumenean ahalik eta afekzio gutxien sortzeko irizpideak kontuan izanda proiektatuko dira. Bereziki saihestuko dira kokaleku hauek guztiak: zuzenean edo zeharka landarediari, nekazaritzako balio handiko eremuei eta gainazaleko ur-ibilguei eragin diezaieketenak.

      Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da (hala nola Cortaderia selloana, Arundo donax edo beste batzuk).

      Eraikuntza-fasean fauna txikia hodietan eta zangetan harrapatuta gera ez dadin, hodiak eta zangak egunero begiratuko dira, eta hoditeriaren mutur libreak hermetikoki itxiko dira, tapoiekin, lanaldi bakoitzaren amaieran.

    3. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Jabari publiko hidraulikoan eta horiekin lotutako babes-eremuetan egiten den jarduera orok Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko baimena beharko du, zeinak, hala badagokio, dagozkion baldintzak ezarriko baititu. Horri kalterik egin gabe, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:

      Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Ibilguetara materialak eramatea edo isurketa barreiatuak egitea aurreikusten den eremuetan, ingurumen-dokumentuan aurreikusitako jalkinei eusteko hesiak jarriko dira, bereziki hodia Ballonti eta Capetillo ibaien paraleloan dagoen tarteetan.

      Irizpide orokor gisa, ibilguaren 5 metroko zortasun-zerrendak egoera naturalean eta libre utziko dira, eta balizatuko egingo dira, eremu horretan ibilgailurik ez sartzeko, materialik eta betegarririk ez pilatzeko, eta etxola, ontzi, itxitura, kutxatila eta bestelakorik ez jartzeko (behin-behinekoak zein behin betikoak).

      Kasu jakin batzuetan makinak ibilguan sartzea beharrezkoa izango dela aurreikusten denez, obrak planifikatu beharko dira halako moldez, non ahalik eta azalera txikiena ukituko baita ibilguan eta ertzetan.

      Zeharkatzeak egiteko ibilguetara iristeko, ur-bazterreko landarediari afektatzea saihestuko da, ahal den neurrian. Nolanahi ere, makinak sartzeak eta igarotzeak afektatutako ibaiertzen zatiak, baita, hala badagokio, zuhaitzak kendu behar diren eremuak ere, lehengoratu eta landareztatu egin beharko dira lanak amaitu ondoren. Makinak ezingo dira ibilgutik igaro, betiere ez bada ibilgura sartzeko, harri-lubetak egiteko eta ibilguaren ohea erregularizatzeko behar-beharrezkoak diren puntuetan. Puntu horiek behar bezala seinaleztatu eta balizatu beharko dira, ibaiertz eta ibaiertzeko landarediari ez afektatzeko.

      Hoditeria lehorrean gurutzatuko ditu ur-ibilguak; horretarako, ur-hesi edo antzeko egitura bat jarriko da, urak kutsa ditzaketen solido esekiak ez arrastatzeko eta emari-fluxua une oro bermatzeko.

      Zangak irekitzean ibilgutik ateratako materialak afektatutako eremua estaltzeko erabili beharko dira; leheneratzean, jatorrizko ohearen aniztasun granulometrikoari eutsi beharko zaio.

      Tunel-tinkatzeak egitean sortzen diren urak dekantazio-putzuetara bideratuko dira. Gailu horiek dimentsionatzeko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, botatzen badira, gune jakin batean botatzen direla bermatzeko, betiere ziurtatuta uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla.

      Dekantazio-putzuen mantentze-eta aldizkako garbiketa-lanak egin beharko dira, eta metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.

      Hormigoi-kanaletak berariaz horretarako egokitutako guneetan garbituko dira. Ezingo da inola ere hormigoi-esnea ibilgura isuri.

      Dekantazio-putzuak garbitzetik datozen lohiak eta hormigoizko kanaleten garbiketa-eremuetako hormigoi-hondarrak ebazpen honen 6. puntuan ezarritako baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

      Ibilguen barruan erabiltzen diren makinek eta elementu osagarriek (langileen jantzi eta oinetakoak barne), espezie inbaditzaileen sakabanaketaren aurkako prebentzio-neurriak bete beharko dituzte. Espezie inbaditzaileen landare-hondakinik ez dagoela bermatuko duen azterketa bisuala egingo da, eta Ura Uraren Euskal Agentziak zebra-muskuiluari buruz (Dreissena polymorpha) ezarritako desinfekzio-protokoloei jarraituko zaie.

      Berariaz debekatuta egongo da makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea zeregin horretarako berariaz ezarritako eremuetatik kanpora. Obrak egiten ari diren inguruan ez badago azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko eremu bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.

      Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da, istripuz isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

    4. Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

      Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Bestalde, proiektua garatzean, obraren afektazio-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoa.

    5. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

      Hodiaren trazadurak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen den lurzati bat ukitzen du (kodea: 48002-00090). Halaber, 48002-00114 kodea duen lurzatiaren zati bat aldi baterako okupatzea aurreikusten da, zehazki aurrekoarekiko mugakidea dena, nahiz eta kasu honetan ez dagoen aurreikusita indusketak egiterik.

      Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 5. apartatuan ezarritakoa aplikatuz, induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa bada, nahitaezkoa izango da indusketa selektiboko plan bat aurkeztea, lurzoruak ikertu eta berreskuratzeko baimena duen entitate batek egina. Plana, zeinak Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean deskribatutako edukia jaso beharko baitu, ingurumen-organoak onartu beharko du exekutatu baino lehen.

      Hala ere, aurrekoa ezertan eragotzi gabe, lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada obrek dirauten bitartean, edo lurzorua kutsatzen duten substantzien zantzu argirik agertzen bada, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta lege hori garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan kasu horietarako ezarritakoa beteko da.

    6. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Proiektuaren exekuzioan eta funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean (Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Legea) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

      Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

      Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

      Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, lanetan sortutako lur-mugimenduen balantzeak 11.284,54 m3-ko soberakina ematen du, eta hori lanetatik kanpo kudeatu beharko da. Kopuru horretan ez dira sartzen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatiko indusketa-soberakinak (48002-00090 kodea dutenak). Azken horiek ebazpen honen 5. puntuan aipatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Indusketako soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Hondeatutako material kutsagabe naturaletarako, ukitutako lursaila morfologikoki leheneratzeko erabiltzea baztertu ondoren betelanetara bota beharrean, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa xedatutakoa izango da aplikatzekoa.

      Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

      Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

      Apirilaren 8ko 7/2022 legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

      Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzean ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz.

    7. Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.

      Lanek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

      Obra-guneko irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentazioan adierazi bezala. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

      Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

      Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko zonak bizitoki diren eraikinetatik urruti kokatuko dira, hala badagokio.

    8. Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Ingurumen-dokumentuari erantsitako azterlan arkeologikoan aurreikusitakoaren arabera, eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren txostenean ezarritako baldintzekin bat, Donejakue Bidearen trazadura oztopatzen duten lanak egiten diren bitartean, ibilbide alternatibo bat prestatu beharko da. Ibilbide horrek jarraipena emango dio Bideari eta Barakaldo-La Arena bidegorriari (azken horrekin bat dator).

      Bidea eta bidegorria ahalik eta denbora gutxien egongo dira etenda, eta, Donejakue Bidearen tarte horri eragiten dioten lanak egin aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak nahitaezko baimena emango duela ziurtatu beharko da.

      Jarduketa amaitzen denean, lanaren afekzio-eremua jatorrizko egoerara itzuliko da. Obrek iraun bitartean, Bidearen seinaleak mantendu egingo dira, erromesen pasabidea ez da etengo eta ondo seinaleztatutako pasabide alternatiboa jarriko da.

      Lur-mugimenduak eragiten dituzten proiektuko ekintzen jarraipena eta kontrol arkeologikoa egingo da (zangak irekitzea eta obra egiteko behar diren indusketak egitea). Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

    9. Paisaia babesteko eta afekzio-eremuak leheneratzeko neurriak.

      Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea).

      Lanak egin ondoren larre gisa erabiltzeko lehengoratuko ez diren eremuetan, eta mantentze-lanak egiteko libre geratu behar duen zortasun-eremuan izan ezik, zuhaixka-formako espezie autoktonoak landatuko dira, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak egindako txostenarekin bat.

      Indusketetan landare-lurrari dagozkion horizonteak modu selektiboan kenduko dira, eta komenigarria litzateke berehala birbanatzea edo, posible ez bada, pilatuta biltegiratzea. Landare-lur hori berrerabili egingo da landaredia leheneratzeko lanetan edo landatutako laborantza-guneetan.

      Leheneratze-lanak egin bitartean, landare inbaditzaileen hedapena galarazteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

      Bochinche eta La Bárcena ibilguen gurutzaketetan harri-lubetak egingo dira. Harri-lubeta horiek, ingurumen-dokumentuan aurreikusitakoaren arabera, sahatsen (Salix sp) adar-aldaxka biziak landatuz integratuko dira paisaian. Gainera, gurutzaketek ukitutako ibilgu-zatietan eta lanak Triano eta Ballonti ibaien paraleloan egiten diren tarteetan, baldin eta lanak gauzatzeak eragiten badie, ur-bazterreko landaredia birjarriko da.

      Bizkaiko Foru Aldundiko Ehiza Fauna eta Arrantza Kudeatzeko Zerbitzuak egindako txostenaren arabera, Barbadun ibaiaren arroko 60 metroko tarte batean harri-lubetazko buletak ipintzea aztertuko da, 0,6 eta 0,8 metro bitarteko diametrokoak hiruzuloka eta 15 metroka; azken alderdi hori Ehiza Fauna eta Arrantza Kudeatzeko Zerbitzuak zehaztu beharko du.

    10. Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

      Langileek jardunbide onen sistema bat erabili beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

      Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

      Ibilguen afekzio-eremuaren kontrola.

      Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.

      Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

    11. Garbiketa eta obren akabera.

      Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

      Hirugarrena. Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumenaren jarraipena egiteko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

      Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

    1. Gorabeheren erregistroa.

      Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak, zuzentzaileak eta konpentsaziokoak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Proiektua exekutatzean aldaketak egin badira, xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen jarraipenari buruzko txostena jasoko da, eta hondakin horien kontrolerako, jarraipenerako eta egokitzapenerako agiriak erantsiko dituzte gainera, indarrean dagoen legeriari jarraituz.

    2. Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

      Egiaztatuko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela, aurreikusitako azalera baino eremu handiagoa hartu gabe.

    3. Leheneratzea ongi egin den kontrolatzea.

      Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo da, ikusteko zenbateraino lortu den proiektuak eragindako eremuak leheneratzea.

      Landare-espezie inbaditzaileei dagokienez, Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarea Zaintzeko Zerbitzuak egindako txostenaren arabera, proiektuan lurrak mugitu ondoren jar daitezkeen espezie inbaditzaileen kontrola jaso behar da (sarbide eta aldi baterako biltegietakoak barne), bereziki Cortaderia selloana, Budlejja davidii eta Fallopia japonica. Kontrol hori erregulartasunez egingo da, hodiaren trazaduraren azalera osoan eta hodiaren balio-bizitza osoan zehar.

    4. Instalazioen mantentzea.

      Behar diren kontrol-neurriak hartuko dira ur-hodiak egoera onean daudela ziurtatzeko, modu horretan saihesteko edateko ura kutsatzea, Galindoko HUAn hirugarren tratamendua egin ondoren leheneratutako ura Petronorreraino eramateko hodiak ihesak edo iragazketak izan baititzake.

      Laugarrena. Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez izanez gero, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Abanto y Ciérvana-Abanto-Zierbena eta Ortuellako udal-mugarteetan (Bizkaia) sustatutako Ballonti-Las Carreras hodia bitan banatzeko sustatutako proiektuari.

      Bosgarrena. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Seigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Zazpigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurum en-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 18a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik