Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 29koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Pasaiako (Gipuzkoa) CIFP Blas de Lezo LHIIren lurzatiaren hiri-antolamenduko planaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 173
  • Hurrenkera-zk.: 3945
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/29
  • Argitaratze-data: 2022/09/09

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Pasaiako Udalak, 2022ko maiatzaren 27an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: CIFP Blas de Lezo LHIIren lurzatiaren hiri-antolamenduko plan berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2022ko ekainaren 13an, ukituriko administrazio publikoekin eta interesdunekin, eta espedientean daude jasota izaniko emaitzak. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Pasaiako Udalari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHIIren lurzatiaren hiri-antolamenduko plan berezirako (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

    CIFP Blas de Lezo LHIIren lurzatia Pasaiako hiri-bilbean dago, zehazki San Pedro-Trintxerpen, eta ikastetxe publiko horretako eskola-instalazioek okupatzen dute.

    Planaren helburua da CIFP Blas de Lezo LHIIren ikastetxearen egungo eta etorkizuneko eskaerei erantzutea. Ikastetxe horren egungo instalazioak ez dira ez egokiak, ez nahikoak, egokitu eta handitu behar den ikastetxearen irakaskuntza-beharretarako. Horretarako, Planak lurzatia mugatzen du eta hirigintza-aurreikuspenak zehazten ditu: sestra gaineko eta azpiko eraikigarritasun fisikoa eta eraikuntza-parametroak handitzea (eraikuntza-handitzeei eta -berregokitzeei dagozkien eraikinen lerrokadurak, baita altuera eta sestra gaineko eta azpiko solairu-kopurua ere).

    Helburu horiei erantzunez, lehendik dauden eskola-instalazioak finkatu egin dira (9.934 m2 inguru), eta lurzatiaren ipar-ekialdean instalazioak eta eraikuntza handitzea erabaki da, aurreikusitako eraikigarritasun berria edo gehikuntza 6.900 m2 (t) izanik, sestra gainean zein azpian.

    Planteatutako proposamen berriek irakaskuntzako zuzkidura-partzelaren barruan baino ez dute eragiten, eta hura garatzeko eta egikaritzeko ez da inguruan dagoen espazio publikoa (bideak) urbanizatzeko obrarik egin behar.

    Alternatibei dagokienez, 0 alternatibaz edo ez esku hartzeaz gain, bi alternatiba aztertu dira. 1. alternatibaren arabera, partzelaren ipar-ekialdeko muturra handituko litzateke, eta eraikigarritasun-gehikuntza 6.900 m2 (t) izango da. 2. alternatibaren arabera, bestalde, ipar-ekialdeko eta ipar-mendebaldeko muturrak handituko lirateke, eta eraikigarritasun-gehikuntza 8.500 m2 (t) izango da.

    1. alternatiba hartzea justifikatzen da, aurreikusitako eraikigarritasun-gehikuntza nahikoa delako egungo eta etorkizuneko eskaerei erantzuteko, egungo eta etorkizuneko eskola-instalazioen funtzionamenduari eragin gabe, 2. alternatibaren aurrean, partzelaren ipar-mendebaldeko muturra handitzeak funtzionamendu hori nabarmen alda dezake eta.

      Planaren garapena eraikingintza-proiektu baten bidez gauzatuko da.

  2. Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren antolamendu-eremua bat dator irakaskuntza-erabilerako lurzati batekin. Planak egungo irakaskuntza-instalazioak finkatzen ditu, eta aurreikusitako eraikuntza-gehikuntzaren hirigintza-parametroak finkatzen ditu. Planteatutako jarduketek irakaskuntzako zuzkidura-partzelaren barruan eragiten dute erabat, eta hura garatzeko eta egikaritzeko ez da inguruan dagoen espazio publikoa urbanizatzeko obrarik egin behar. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.

      3. Planaren egokitasuna ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez; bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Plana egokitzat jo da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko. Aldez aurretik hiri-lurzoru gisa kalifikatuta dagoen lurzoru artifizializatua okupatzea dakar, eta ondoriozko eraikuntzak energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak gehi ditzakete.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, jabari publiko hidraulikoaren eta lurrazaleko uren kalitatearen babesari, hondakinen eta lurzoru kutsatuen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu dezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Lehen adierazi bezala, Planaren eremua Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHIIren lurzatia da, eta ikastetxe publiko horren eskola-instalazioek okupatzen dute. Lurzati hori Pasaiako udalerriko hiri-bilbean dago, Trintxerpe inguruan, eta Esnabide etorbidearekin egiten du muga hegoaldean, Pasaiako badiaren mendebaldean.

      Eremua urbanizatuta eta eraikita dago. Dagoen landaredi bakarra lorategi txiki batean eta eremuaren ekialdeko muturrean dagoen eremu erruderal batean dago, eta eremu horretan egingo da handitzea.

      Ez dago interes geologikoko tokirik, ez dago naturagune babestuekin kointzidentziarik, Batasunaren intereseko habitatik, espezie mehatxaturik, natura-intereseko beste espaziorik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik. Hezegunerik ere ez dago.

      Azterketa-eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Oiartzungo Unitate Hidrologikoan dago. Ez da ibilgurik identifikatu Planaren eremuan. Oiartzungo itsasadarra, Oiartzungo trantsizioko ur-masa gisa identifikatua, eremutik 40 metro hegoaldera dago.

      Eremua Zumaia-Iruneko lurpeko ur-masaren gainean dago. Ez dago interes hidrogeologikoko eremu baten barruan.

      Eremua Pasaiako ikuspen-arroan dago; «oso ohiko» paisaiatzat hartuta dago, eta haren paisaia-unitatea «jabari antropogenikoko hiri-paisaia» da.

      Bestalde, eremuan ez da kultura-ondasun izendatutako kultura-ondarearen elementurik identifikatu.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du uholde-arriskurik, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua txikia da. Eremuan ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko lurzatirik bat ere.

      Egoera akustikoari dagokionez, gaur egun, zarata-iturri nagusia jarduketa-eremutik gertu dauden kaleetako ibilgailuen zirkulazioa da. 2015ean egindako Pasaiako Zarataren Maparen arabera, azterlanaren eremua irakaskuntzako eremu akustiko batean sartzen da. IDEak azterketa akustiko bat jasotzen du, eta bertan justifikatzen da kalitate akustikoaren helburuak (KAH) betetzen direla handitzeko proposatutako kokalekuan.

      Plana garatzeak izan ditzakeen ondorioak lotuta daude irakaskuntza-instalazioak handitzeko eraikuntza-obrak gauzatzearekin. Obra horiek lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lur-mugimenduak eta soberakinak sortzea, makinen joan-etorriak, emisio atmosferikoek eta akustikoek eragindako eragozpenak eta abar eragingo dituzte.

      Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, gehienbat zaratari, hondakinei eta isurketei eta paisaiari buruzkoa, ondorioztatu da eraginak txikiak izango direla.

      Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHIIren hiri-antolamenduko plan bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Hautemandako ingurumen-efektuei lotutako neurriak:

      Ustiaketako zarata: Planaren ondoriozko eraikuntzak eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko Dekretuaren (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

      Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektua gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

      Obrak, bai eta lurzorua erabili beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

      Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

      Pasaiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

      Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta eraikuntza berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

      Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira, hariztiaren eta baso mistoaren ezaugarriak lehenetsita.

      Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barnealdearen kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHIIren lurzatiaren hiri-antolamenduko plan bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Pasaiako Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHIIren lurzatiaren hiri-antolamenduko plan berezia onartzen lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 29a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik